Etxealdian hizkuntza ohiturak aldatu
Egoera berezi-berezia bizi dugu eta egoera honetan etxekoen arteko harremanak derrigorrez eta ezinbestean biderkatzen ari dira. Baina egoera bitxia denez, berria denez, gauza batzuk aldatzeko parada ere ekar dezake horrek. Horien artean, hizkuntza ohiturak. Nik pista txiki batzuk baino ez ditut emango, ea funtzionatzen duen.
Bat: berba egin gaiari buruz. Orain astia dugu gauzak beste patxadaz, beste erritmoz hartzeko. Atera gaia eta egizue berba gaiari buruz. Zer ohitura duzuen aipatu eta zein izan nahiko zenuketen komentatu.
Bi: ni ez naiz futbolzale, baina badakit zer den jokoz kanpo bat, badakit jokalari batzuen izenak, badakit Espainiako liga gutxi gorabehera zelan doan eta abar. Zergatik? Ba, etengabe ari direlako horren inguruan berbetan gure inguruko komunikabideak. Honen inguruan ez dute berbarik egingo, ez horixe. Baina gure esku dago honen inguruan han eta hemen argitaratu dena ezagutzea: esate baterako, Irten hizkuntzaren armairutik liburua edo horren inguruan Amets Menikak egindako ikerketa-lana, Goza daiteke gehiago liburua edo Aldahitzen inguruan egindako ikerketak (batez ere, Eusleri buruzkoak) edo nik neuk soziolinguistika domestikoari buruz egindako artikuluak.
Hiru: gaiari buruz egin duzu berba etxekoekin eta gaiari buruz irakurri duzu gainetik. Ohiturak aldatzen hasi aurretik, begiratu dezakezu ea Emunek martxan jarri duen kontsultorioan zure kezka islatzen duen galderarik dagoen (eta ez badago, galdera ere egin zenezake, jakina).
Lau: adosteko garaia da, adosteko sasoia da. Zer eta zelan aldatuko duzuen adosteko unea heldu da, momentua heldu da. Ahalegindu izaten errealista, ahalegindu posiblea dena adosten. Ez jo oso goitik, baina ezta behetik ere. Neurritsu jokatu.
Bost: berba egin eta adostu ostean, praktikan jartzeko momentua da. Lasai, seguruenik gorabeherak izango dira, atze-aurreak, bai, baina erabakia hartu duzue eta esperimentatu behar duzue. Esaten dute, antza, egoerarik kritikoena 5-6. egunean etor daitekeela. Adi, beraz, eta adostu neurriak elkarren artean zaintzeko: bakoitzak zer nahi/behar/espero duen adosteko sasoia ere izan daiteke.
Sei: eutsi, eutsi eta eutsi. Gure ohiturak, errutinak eta abar aldatzea ez da erraza. Egia da okasio ederra dugula begien aurrean, egia da egoera berria dela denontzako, baina, hala ere, inork ez du esan erraza denik. Errotutakoa aldatzea ez da samurra izaten, baina posible da, askok egin dugu bide hori. Irribarreak laguntzen du honetan ere. Eta ez desesperatu, eutsi.
Zazpi: ez utzi gaia albo batera. Joan egunero-egunero aurrerabideak, oztopoak eta abarrak elkarrekin aditzen, elkarrekin partekatzen. Eta lorpenak ospatu etxealdian.
Zortzi: inoiz amaituko da etxealdia eta gauzak bere onera etorriko dira (edo). Hori gertatu aurretik, baina, harreman trinko eta estua izango dugunez egun hauetan, seguruenik errotu samar egongo dira ohitura berriak. Baina ez erlaxatu. Normaltasuna itzulitakoan jarraitu eusten ohitura berriei, ez zarete damutuko.
Eta bederatzi: etxealdian ikasitakoa/lortutakoa zabaldu etxetik kanpora antzeko bidea proposatuz inguruko lagun, ezagun eta lankideei.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks