Batzuetan balio du
Batzuetan protestatzeak balio du, batzuetan zeure eskubideen berri izateak eta horiek egikaritzen ahalegintzeak balio du. Kontatuko dizkizuet azken hilabeteko istoriotxo bi.
Orain dela gutxi joan gara Deriora bizitzera. Horrek itzelezko tramiteak egitea dakar, dela erroldatzea, dela ura, gasa eta abarrak aldatzea. Horien artean, mediku berria izatea.
Joan ginen Derioko osasun-etxera, mediku berria eskatu eta gure sorpresarako mediku erdalduna ezarri ziguten. Aspalditik etxeko biek eskatu genuen Osakidetzarekin harremana euskaraz izatea eta orain arte mediku euskalduna izan dugu. Ba, tira, mediku erdalduna esleitu ziguten. Behatokira eta Elebidera jo genuen mediku euskalduna eskatzeko egin beharrekoa jakiteko. Esan eta egin. Pasa den astean, etxera gutuna heldu zaigu esanez baietz, mediku euskalduna izango dugula hemendik aurrera. Bada zerbait!
Hona bizitzera etorri ginenetik arratsaldero Derion eta Zamudion dagoen Bilboko kanposantuko megafonia entzuten dugu etxetik. Eta hara, hango megafonia zer eta gaztelania hutsez egunero entzun beharraz nazkatu eta, kasu honetan ere, Behatokira eta Elebidera jo genuen. Pasa den astean jaso genuen jakinarazpena zerbitzu bietatik esanez megafonia dagoeneko bi hizkuntzatan egiten duela Bilboko udalak. Baina, zer nahi duzue esatea, entzun arte ez nuen sinesten. Eta bai, hala da, atzo gaueko mezuak bi hizkuntzatan eman zituzten, lehenengo euskaraz eta gero gaztelaniaz.
Batzuetan kexatzeak balio du, bistan denez.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks