Gazteak eszenatokian
Soziolinguistika Klusterrak egin du Gazteak euskararen eszenatokian izeneko txostena Jone Miren Hernandezen zuzendaritzapean. Txostena irakurri ostean, sei ohar eta kezka bat ekarri nahi ditut blogera.
Oharrak:
- Hizkuntza ideologiari dagokionez, gazteak hustuta ei daude eta euskalgintza urrun ikusten dute. Eta, hortaz, aurreiritziak dituzte helduleku hizkuntza egoerak kudeatzeko. Egoerak “irakurtzen” trebeak dira eta talkak edo gatazkak ekiditeko estrategiak aplikatzen dituzte. Beste era batera esanda, gatazka aurreikusten dutenean gaztelaniara jotzen dute.
- Ikertzaileek aipatzen dituzte behar direla babes guneak egon, hizkuntzaren inguruan, hizkuntzari buruz eta hizkuntzaren gainean aritzeko. Horretarako, Miren Guillóren aipu bat dakarte: “Feminismoan bereziki, espazio seguru izendatzeak talde horretan egoteko modua inplikatzen du: gainontzekoen iritziak ez epaitzea; errespetuz entzutea; elkar ahalduntzeko espazioak sortzea; funtsean, lasaitasunez, askatasunez eta arduraz jokatzea litzateke”.
- Hizkuntza arauak nahiko finkatuta dituzte gazteek eta, oro har, aldaketa gutxi gertatzen da. Familia eta eskolak zutabe dira, baina erabilera sostengatzeko ahalmen mugatua dute.
- Gazteek euskara erabil dezaten oinarrizko elementuak hauek dira: berezko esparru bat, gazteen arteko konfiantzazko harremanak, hizkuntza(k) kudeatzeko baliabideak eta gaitasuna.
- Gazteek aldez edo moldez aipatzen dute naturalizazioa. Eurentzako “naturala” da euskaraz aritzea, baldin eta familian euskara ikasi badute, baldin eta herri edo testuinguru oso euskaldunean bizi badira, baldin eta markarik ez badu hizkuntza horretan aritzea.
- Naturalizazioa, baina, ez da naturala, eraikia da, kulturala da. Hainbat testuingurutan euskara orban bat izan badaiteke ere, orban hori eraikia da eta, beraz, deseraiki daiteke.
Eta kezka bat:
Ikerketaren unibertsoa kontuan hartuta (lau herri, Zornotza, Gernika, Zumaia eta Pasai Donibane, eta guztira aztertutako 55 gazte), nire ustez, ondorio orokorrik ateratzeko behar besteko materialik ez dago. Baina hurbilpen modura balio du eta balio dezake beste ikerketa handiago batzuk egin ahal izateko.
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- Gazteak eszenatokian - […] Txerra Rodriguezek Argiako Garaigoikoa blogean. […]
Unibertsoa eskasa da. Horrez gain, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko gazteak faltan daude. Soziolinguistika jardunaldientan txostenaren aurkezpena egin zuten. Egia esateko, gazteengana hurbiltzeko metodoren bat bilatu behar da (uste dut Coca Colaren formularen parekoa izan behar duela).
Babes guneak beharrezkoak dira, baina ez dizkiegu eskeintzen, ez diegu hizkuntza erakargarri egiten, hizkuntza ikasketetarako baliabide bat da, ez diegu akats bat onartzen… Gauza ugari birplanteatu behar dira. Eta batez ere, inkesta eta ikerketa horiek egiten dituztenak, gazteekin mugitu behar dira. Azterketa horiek egiten dituztenak, gazteentzat arrotzak dira.