Hamar apunte trinkotzeari buruz
Tesian aipatu nuen euskara elkarteek ez dutela definitu euren azken helburua, hau da, euskaldunon komunitatearen trinkotzea. Artikulu honekin ez dut inondik ere kontzeptua zedarritu gura, mugatu gura. 10 apunte baino ez dira, gehiago garatu beharrekoak guztiak. Esker bereziak eman nahi dizkiot Imanol Larrañagari, bere bulkadaz sortuak baitira apunte hauek.
Baga:
Oinarrietara jo behar da lehenik, Txepetxengana. Ea berak zer zioen gai honi buruz: “Hizkuntza minorizatu baten hiztunek alde batera utzi behar duten lehen superstizioa da Gobernuaren ekimenak (izan Estatua, autonomia-erkidegoa, kantoia edo dena delakoa) berak bakarrik edo kanpotik ekarritako aditu kualifikatuaren laguntzaz konponduko dituela gaitz guztiak eta hartuko dituela neurri egokiak mehatxatutako hizkuntzari dagokion erabilera lehengoratzeko». Superstizioa baztertu eta hiztunek eurek hartu behar dute bere gain eta bere bizkar erabilera bizkortzeko eta suspertzeko ardura, euren komunitatea biziberritzearen ardura, alegia. «Atzerabidean den minoria bat ez da salbatuko minoriako kide ez direnen intentzio oneko ekintzen bidez. Bakarrik salba daiteke bere kabuz: eta, orduan, bere kideek hartzen badute atzerapen hori gelditzeko borondatea, erakundeak eta beharrezkoak diren baliabideak lortzen badituzte, hartu ahal izango dituzte beharrezkoak diren neurriak».
Biga:
Txepetxek borondatea edo kontzientzia jartzen du abiapuntutzat, oinarritzat. Nik ere berdin pentsatzen dut. Hala ere, nik eguneratu gura dut berbategia eta honela deitu: autoestimua da abiapuntua. Autoestimu hori kolektiboa izan behar da, baina ez da ahaztu behar autoestimu kolektiboa lortzeko beharrezkoa dela banakoen autoestimua. Hortaz, trinkotzeak eskatzen du aurretiaz baldintza hau: autoestimu banako zein kolektiboa (ahalduntze banako zein kolektiboa ere deitu dakioke, baina tira!).
Higa:
Autoestimutik abiatuta, ahalduntzetik abiatuta, duintasunetik abiatuta, trinkotzeak beste kontu batzuk ere eskatzen ditu. Talde pertenentzia landu beharra du trinkotu gura duenak, talde harrotasuna gurago bada. Eta proiekzioa. Hau da, etorkizunera begirako “ametsa” ekoitzi behar du.
Laga:
Baina hori baten batek sustatu behar du, baten batek bulkatu behar du: talde edo gune eragilea edo bulkatzailea. Eta hor niri galdera bat datorkit burura: zer distantzia dago gune eragilearen eta komunitatearen artean? Egin al da hori laburtzeko beharrezkoa den guzti-guztia?
Boga:
Baina …. kontuz. Txepetxek aipatu du ez delegatzea. Eta, hortaz, gune eragile hori ere komunitatea da. Inork trinkotu behar al du ezer? Ala gune eragile horrek “egin” behar du komunitatea? Ez al da pasatu behar gune eragile hori delegaziotik politika prefiguratiboa egitera? Gaurtik gura duguna gaurtik egitera? Zalantzak ditut …
Sega:
Autoeratzea, performatibitatea eta diskurtso propioa. Horiek dira gutxieneko elementuak. Eta horietako bakoitzean sakondu beharko genuke. Autoeratzean, adibidez, euskaldunentzako zerbitzuak eraikiz; perfomatibitatean, esate baterako, euskarazko kontsumoa nabarmen areagotzeko dinamikak abiatuz; eta diskurtso propioan, kasurako, hizkuntza ekologiaren oinarrietan sakonduz eta, batez ere, oinarri horiek jendarteratuz, modu kontziente eta masiboan.
Zai:
Komunitatearen kideen artean lika-lanak egiteko liturgiak behar dira, errituak, bat egiteko eta batera ekiteko une eta guneak. Zentzu horretan, niri oso interesgarria egiten zait Brasilgo MSTkoek aipatzen duten mistika kontzeptua (gureganatu beharko genuke eta gurera ekarri, gure moduetara eta egitekoetara ekarri, jakina).
Zoi:
Emozioak. Horiek mugitzen dute gure gorputza. Gainera, horiek ere erakartzen dute (edo ez). Uste dut lilura berreskuratzeko ahalmena garatu behar dugula (zelan? Ba ez dakit, baina egin beharko dugu, kulturgintzaren bidez-edo). Lilura erakartzeko, lilura gu gusturago egoteko, lilura komunitateko kideen arteko lika-lanak egiteko. Eta lilura sortze horretan (eta “ametsa” ekoizteko ere balio dezake), euskaratik eta euskaraz mundu berri eta justuagoa egin daitekeela aipatu beharko genuke. Hori izan daiteke indar-ideia: euskaratik eta euskaraz mundu hobea egin genezake: ekologikoa, justuagoa, berdinzaleagoa.
Bele:
Baina gatozen lurrera. Gorago lan-ildo batzuk zirriborratu ditut (autoeratzea eta abar). Baina nik uste dut kontzientzia, borondatea edo autoestimua deitutako horri ere egin beharko geniokeela kasu. Eta, horretarako, agian bide bat izan daiteke ahalduntze eskolena. Feminismoak garatu ditu bere alorrean horietakoak, eta euskara elkarteen mugimenduan ere egon dira ahalegintxo batzuk horretara hurbiltzeko: Gasteizeko Oihaneder da garatuena, Lau Haizetarako kideak ere ari dira horri bueltaka, Elgoibarko Izarrak antolatzen duen Euskara ala Ezkara eta abar, baina nik gauza sendoago eta iraunkorrago bat dut buruan.
Arma:
Ikusten duzuenez, zalantzak dira nagusi, galderak dira nagusi. Nik ikuspuntu hau dut, nirea dena, baina bere horretan hutsaren hurrengoa balio duena. Izan ere, hau edo gogoeta kolektiboa da edo ez da. Aletxo bat da hau, apala, xumea eta barrenetik egindakoa (eta oso era eskematikoan). Eta abar.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks