5 galdera (arraro) kale erabileraren neurketari jarriak
2021eko kale erabileraren datuak plazaratu dituzte orain dela ez asko. Horren inguruko jardunaldia ere egon zen Bilbon eta, goizean behintzat, han izan nintzen. Han entzundakoetatik (eta irakurrikotik edo nik zer dakit nondik), bost galdera arraro (ez dira denak nireak, eh?, kopiatzea zilegi da mundu honetan):
Baga: zergatik da adin berekoen artean erabilera baxuagoa? Adinkidetasunak zerikusia al du hizkuntza ohituretan?
Biga: orain dela urte batzuk erabilera esanguratsua izateko atalasea ezagutzaren %30aren bueltan zegoen. Gaur egun, ostera, %40aren bueltan. Hortik behera, erabilera zeharo txikia da. Zergatik igo da atalasea? Eta, igotzen segituz gero, non jarriko da atalasea? Ezagutzaren unibertsalizaziorantz doazen guneetan zer gertatuko da?
Higa: emakumezkoak dira adin-tarte eta lurralde guztietan erabilera altuagoa dutenak (adinekoetan izan ezik). Zergatik lotu dira emakumezkoak euskarara? Edo, beste era batera esanda, zergatik lotu dira emakumezkoak euskarara gizonezkoak baino gehiago?
Laga: bi herriren arteko alderaketa aurkeztu zitzaigun jardunaldian. Biak eskualde berekoak, ezagutza tasa oso antzekoa eta erabilera diferentea. Alde hori esplikatzeko faktoreen artean, herriaren bizitasuna aipatu zen. Bizitasunak eragina al du hizkuntza ohituretan? Nortasun markatuko herrietan erabilera altuagoa al da?
Boga: kale erabileran asko begiratu zaio orain arte erabilerari eta gutxi kaleari. Badirudi begirada aldatzen hasi dugula. Kaleak, oro har eta salbuespenak salbuespen, bizi duen gainbehera kontuan hartuta, konparatzeko modukoak dira orain dela urte batzuetako neurketak eta oraingoak?
Bost galdera arraro eta erantzunik ez. Erantzunak zirriborratzeko ikerketa mikro eta makroei ekin behar diegu, goiz ala berandu.
Kaixo, Txerra!
Oso interesgarriak eta zentzuzkoak planteatzen dituzun galderak. Klusterretik edo erantzun esanguratsurik jasoko bazenu, eskertuko nizuke hemen gurekin partekatzea.
Animo eta eutsi goiari!
Jasoz gero, partekatuko dut, jakina.
Mila esker eta animoak bueltan!
Iruzkin *Erantzun pare bat emango dizkizut Txerra:
Laga: Bai bizitasunak eta zuzenean historia eragin zuzena dauka erabileran. Ondarroa arrantzalea zen eta gaur egun ez hainbeste baina bada eta ondarrutarra oso indartsu mantentzen da.
Bermeo itxasgizonen herria zen, beraiek ematen zioten bereziki prestigioa euskarari. Beraiek desagertzean jadanik ospe eskasa zuen bermiotarra gainbeheran joan zen oso urte gutxitan. Aspaldiko partez bermiotar gehienak Lekeitioko edo inguru horreko euskara zuten eredugarritzat eta Bermeoko euskaraz ez zuten harrotasuna. Behin itxas kultura desagertu zenean, indarra ematen zion alderdirik eraginkorrena desagertu eta gero, euskara beheak jo du.
Higa: Kasu askoz errazagoa azaltzen eta ulertzen da. Mundu guztian, izan erlijio ezberdina, kultura ezberdina, arraza ezberdina, klima ezberdina… emakumeak orokorrean legea betetzearen aldekoa(goa)k izan dira beti, datuak idatziak ditugunetik behintzat.
Biluzik egotea ez dagola ondo ikusia? ba neskak jantsita. Biraoak esatea ez dagoela ondo ikusia? Ba neskak, publikoki behintzat biraorik ez dituzte esaten edo gutxiago esaten dituzte. Euskara baserritarren hizkuntza edo hizkuntza ilegala dela? Ba neskak erderaz.
Eta egoera aldatzen denean nesken (emakumeen) jarrera aldatzen da. Jakina, eta betikoa orokorrean, gehienbat, gizonekin alderatuz eta abar ahaztu gabe.
Zergatik ote? Misterioa baina horrela da.
Eskerrik asko, Aitor. Uste dut bizitasunaren gaia funtsezkoa dela eta ez dut uste zuk aipatzen duzun bezain sinple denik. Baina, hein batean, arrazoia duzula. Uste dut gaia oraindik oso berde dagoela eta gehiago sakondu behar dela, mikro ikerketen bidez eta bestelakoen bidez (Bermeo eta Ondarroako gazteen artean egin zen bat, orain dela urte batzuk eta oso interesgarria da).
Eta emakumeena … ba bai, arrazoi duzu, baina nik galdera beste alderdi batetik egin nuen: zelan lotu gizonezkoak euskarara? Galderak eta galderak eta galderak eta erantzunak kolektiboki bilatu beharko ditugu.