Arnasa (Atik Zra)
Arnasguneak batetik, arnas dezagun herri ekimena bestetik eta Arnasa gara kanpaina hirugarrenik (eta, seguruenik, handik edo hemendik ahaztu zaidan beste alerik ere egongo da). Metaforagintzan trebeak gara: arnasa hartu, arnasa bota, kutsatutako airean bizi, ito ala aire librean bizi. Metaforak: arnasguneak, itoguneak, eztulguneak, katarroak, afoniaguneak, …
Beste hainbat kontutan gertatzen den bezala, baina, metaforak oso arriskutsuak izan daitezke. Arnasguneetan bizi ez garenok itoguneetan edo afoniaguneetan bizi ei garelako, “sakabanatzen” diren haurrek arnasteko zailtasunak dituzte (edo asma dute, edo kutsatutako airean bizi dira, edo eztulka ari dira). Metaforak dira hauek guztiak (batzuk, nahi bada, apur bat behartuak, onartzen dut). Eta badakit intentzioak onak direla, gai honen inguruan dauden problematikak zabaltzeko eta hedatzeko asmoarekin eginak daudela metafora guztiak. Baina ez dakit arazo horiek adierazteko erabiltzen ditugun irudi metaforikoek laguntzen gaituzten (agian bai, irudi indartsuak eragiten dituztelako, baina batzuetan buelta eman ezin bazaio, ez dakit balio digun).
Agian, berbei beste buelta bat eman ahal diegu. Agian, gune babestuen bidetik (edo antzekoetatik) ebatzi genezakeen auzi hau. Edo ez, baina, arnasaren metafora kontuz erabili behar dugula iruditzen zait (baita arnas luzeko edo arnas laburreko bezalakoak ere). Eta, jakina, gune babestu, gune seguru edo antzeko horiek indartzen, biziarazten eta sustatzen jarraitu beharko dugu, horren babestu edo seguru ez diren gune horiek indartzen, biziarazten eta sustatzen jarraitu behar dugun hein berean. Denaren beharra dugulako.
Eta gune seguruetan bizi ez garenok, non bizi gara ba? Gune arriskutsuetan?
Eta gune babestuetan bizi ez garenok? Gune babesgabeetan? Etxegabetuak gara?
Txikikeriatan endredatzen ibili baino, ez litzateke hobe elkarri arnasa eta babesa ematea?
Txikikeriatan endredatzen abila nok neu …. eta zaharregia aldatzeko!
Baina uste joat tentuz aukeratu behar ditugula berbok … edo ez, ba!