40 argudio gazteen (eta ez hain gazteen) artean euskara (edo katalana) gehiago erabiltzeko
Marina Massaguer Comes egon zen apirilean Iruñean, Gero eta aldeko gehiago jardunaldian (oso interesgarria da hizkuntzei buruzko mitoen eta sinesmenen inguruko bere bideo hau). Bertan, besteak beste, gazte katalanen artean katalana gehiago erabiltzeko argudio sorta erakutsi zigun. Argudio sorta hori, berak eta Xavier Vila-k eta Avel·lí Flors-Mas-ek egin zuten honako liburu honetan: Les dinàmiques del català entre els joves: reptes, principis i arguments per a l’acció. Nik argudio sorta euskaratu dut, guretzat ere baliogarria delakoan edo, behintzat, hemen argudioetako batzuek guretzat ere balio dutelako:
Integrazioa, errotzea eta kohesio soziala:
- Euskara bizi zaren lekuaren hizkuntza delako.
- Parte hartze soziala errazten duelako, bai erakundeen inguruan zein tokiko harremanen sareetan.
- Euskaraz hitz egiteak lotura handiagoak sortzen dituelako hitz egiten duen jendearekin: lagunak, ezagunak, senideak, bezeroak, … Errazagoa da norbaitekin oheratzea, bere hizkuntza ezagutzen baduzu.
- Sarbide zuzena irekitzen dizulako agian galtzen ari zaren eskaintza kultural batera: musika, telesailak, antzerkia, liburuak, jaiak, …
- Euskara ikastea eta erabiltzea gurean integratzeko borondatea agertzen duelako.
- Jende guztiarekin euskaraz ari bazara, ez duzulako jendearen arteko ezberdintasunik egiten.
- Hizkuntzak abiapuntuak baino, helmugak direlako eta, hortaz, euskaraz berba egin zenezake milaka azenturekin.
Ikasteko erraztasuna:
- Gurean jende askok dakielako euskaraz eta jende gehiagok ulertzen duelako.
- Beste hizkuntza batzuk ezagutzeak laguntzen dizulako euskara ikasten.
- Hizkuntza bat ikasteko bide normalena praktikatzea delako.
- Ikasteko baliabide asko dituzulako: euskaltegiak, hizkuntza eskolak, online ikastaroak, barnetegiak, …
- Praktikatzeko espazioak ere badirelako: berbalagunak, elkarteak, taberna eta jatetxeak, denda eta ostatuak, …
Interes instrumentala:
Euskara baliabide baliotsua delako gurea bezalako gizarte lehiakorrean: ikasteko (D eredua ikastetxe, institutu eta unibertsitatean), lan egiteko (administrazio publikoetan zein kanpo euskara jakitea eskatzen dute) eta gizartean parte hartzeko (erakundeak, elkartegintza ehuna edo komunikabideetan).
Aniztasun global eta justizia linguistikoarekin konpromiso etikoa:
- Aniztasun globala mantentzeko modu bakarra tokian tokiko hizkuntzak mantentzea delako.
- Euskarak bizi izan duelako eta bizi duelako errepresio eta gutxiagotze prozesuak eta justua delako euren hiztunentzat ondorio horiei aurre egitea.
- Datuek frogatzen dutelako euskara eta gaztelaniaren artean posiziorik ahulena euskara duelako.
- Euskara bere lurraldean bizirik irauteko beharrezkoa delako bere erabilera sustatzea eta horrek dakar funtzio eta espazio propioak izan beharra.
- Euskara sustatzeak ez duelako esan nahi beste hizkuntza batzuei uko egitea, euskara sustatzeak multilinguismoaren kudeaketa jasangarria esan nahi duelako.
- Euskal Herrian, euskara sustatzen ez bada, ezin delako hitz egin elebitasun edo eleaniztasun justuaz.
Norbanakoaren erantzukizuna:
- Gure praktika linguistikoek eragin zuzen eta ikusgarriak dituztelako euskararen egoera globalean.
- Guztiok, gure lehen hizkuntza edozein dela, hizkuntza minorizatuak babestearen erantzuleak garelako.
- Globalizazioaren testuinguruan tokiko hizkuntza bat hitz egitea homogeneizazio kulturalaren kontrako erresistentzia ekintza delako.
- Epe luzean euskara bizirauteko beharrezkoa delako egunerokoan jende gehiagok erabiltzea.
- Ulertzen duen jende guztiarekin erabiltzeak laguntzen dielako oraindik erabiltzen ez dutenei.
- Denok garelako portaera linguistikoaren adibide gure inguruko jendearentzat.
Ahalduntzea eta norberarekiko asebetetasuna:
- Hizkuntza bat hitz egiteak abantaila asko dakarrelako eta desabantailarik ez.
- Euskarak balio duelako Euskal Herrian bizimodua egiteko, osotasnik eta mugarik gabe.
- Bizi zaren lekuko estimatzen baduzu eta aniztasunean sinisten baduzu, ondo sentituko zarelako euskara mantentzen baduzu.
- Kontzienteki eta jakitun aukeratzen duzulako.
- Bizitzeko aukeratu duzun lurraldeko hizkuntza hitz egitea egokitze eta kosmopolitismo seinalea delako.
- Seguruenik, ez duzulako nahiko euskara ikasteko kapaza ez izatearekin identifikatua izatea.
- Zenbat eta hizkuntza gehiago erabili, orduan eta errazagoa delako hizkuntza berriak ikastea.
- Hizkuntza bat hitz egiteak ez dakarrelako beste hizkuntza batzuei uko egitea, hizkuntza bat hitz egiteak dakarrelako beste hizkuntza batera txertatzea.
- Hizkuntza bat ikasteak eta hitz egiteak ez dakarrelako zu zarenari uko egitea, hizkuntza bat hitz egiteak dakarrelako aukerak zabaltzea.
- Egoera bakoitzean erabili nahi duzun hizkuntza aukeratzeko eskubidea duzulako eta hori bakarrik egin dezakezu bat baino gehiago erabiltzen badakizu.
- Zure konfort linguistikoko egoeratik ateratzeak esperientzia berrietara eta erronka berrietara irekitzea dakarrelako.
- Euskara ondo egiten ez baduzu baina praktikatzen baduzu, gero eta hobeto egiten duzula ikusiko duzulako eta, azkenean, erronka bat gainditu izanaren sentsazioa izango duzulako.
- Euskara egiten baduzu baina oraindik ez baduzu nahikoa segurtasun, baliabideak eta gaitasunak dituzulako zure potentzial linguistikoa garatzeko.
- Euskaraz erosoago sentitzen bazara, euskara egiteko libre zarelako.
- Euskaraz dauden produktu eta zerbitzuekin gozatzeko eskubidea duzulako eta zure kontsumitzaile eskubideak egikaritzeko eskubidea duzulako.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks