Garaigoikoa
Hasiera » Sailkatu gabea » Transmisiotik sozializaziora
Mai29 1

Transmisiotik sozializaziora

Atalak: Sailkatu gabea

Gurean hizkuntza transmisioa aztertu denean, salbuespenak salbuespen, familia transmisioa hartu da kontuan (baita transmisioaren ibilbide kulturala, Txepetxen adieran). Transmisioa, oro har, goitik beherako prozesutzat hartu da: gurasoengandik seme-alabengana (baten batek amama eta aititeak ere hartu izan ditu kontuan).

Paula Kasaresek (ez dago sarean oraindik Hausnartu saria irabazteko idatzi duen testua), ordea, hizkuntza sozializazio kontzeptuari heldu dio. Sozializazio prozesu hau dinamikoa da, elkarreragilea (gurasoengandik seme-alabengana eta alderantziz), bizitza osoan barnakoa eta inguruneari lotuta. Bere hitzetan,

Hizkuntza sozializazioaren izaera elkarreragileak transfer edo transmissio ideia, hau da ohiko kontzeptu horien baitan dagoen goitik behetiko eta norabide bakarreko prozesua izatearen adiera gainditzen du.

Nire ustez, ohiko transmisio kontzeptua baino sakonagoa da. Eta zentzu batean interbenitzeko moduak errazten ditu (inguruneari lotuta dagoen heinean). Gainera, Fishman-en eskala ospetsuaren seigarren puntuari lotzen zaio indartsu (gogoratu eskala horretan seigarren puntua funtsezkoena dela): belaunaldi arteko ahozkotasun informala, kontzentrazio demografikoa eta sustapen instituzionala lortzea.

Iruzkin bat

  1. txerra | 2013-01-16 at 14:09

    Miel Anjel Elustondoren artikulu bikaina Argian honen gainean:

    Galdua zirudiena nola berreskuratu duten Iruritan

    Iruritako egoera aztertu du Paula Kasares soziolinguistak, euskarak
    Baztango herrian egin duen bidea, karrikan galtzera joatetik
    biziberritzera. Horretarako, gurean ezohiko ikuspegia baliatu du,
    hizkuntz sozializazioa.


    Txepetxek 1970ean zioen euskararen atzerapenak ez zuela itzulerarik izango Iruritan

    Txepetxek 1970ean zioen euskararen atzerapenak ez zuela itzulerarik izango Iruritan (Zaldi Ero)

    Iruritako (Baztan, Nafarroa) kasua aztertzera datorren artikulua ondu
    zuen 2011n Paula Kasares ikertzaileak Euskararen belaunez belauneko
    jarraipena hizkuntza sozializazioaren paradigmatik izenburupean.
    Idazlanak Euskal Soziolinguistika Saria jaso zuen eta han eta hemen
    hizpide izan dira Kasaresek lan hartan jaulki zituenak.

    Hizkuntza ordezkatzeko prozesuak itzulerarik gabea zela ematen zuen
    Iruritan, baina joan den 40 urtean bertako neskatiko-mutikoak euskaldun
    hazi dira. Ikertzaileak, beraz, haur horiek euskaldun haz daitezen
    gertatu den aldaketa aztertu du, gurean ezohiko den ikuspegi teorikoa
    baliatuz, erran nahi baita, hizkuntzaren sozializazioa, orain arteko
    transmisio eredua –hots, familia bidezkoa–, gainditzen duena. Kasaresek
    esango duenez, “hizkuntza sozializazioa prozesu holistikoa da, familiara
    mugatzen ez dena; dinamikoa eta baldintza soziohistorikoei lotua, ez
    mekanikoa; elkarreragilea, ez norabide bakarrekoa; malgua eta denboran
    aldakorra, ez monolitikoa”.

    Dakigunez, egun, hainbat hiztun komunitatek arazo larria du belaunez
    belauneko hizkuntza jarraipena ziurtatzea eta, inondik ere, euskarak ere
    horixe du erronka. Eta, orduan, zer gertatu da Iruritan, duela 40 urte
    beste ikertzaile batek, Sánchez Carrión Txepetxek aurreikusi zuena
    gauzatu ez dadin? Eta zioen Txepetxek: “30 urtetik gorako bizilagunek
    oraindik badakite euskaraz, baina gehiago erabiltzen dute gaztelania.

    Gazteagoetan, baten batek ulertuko du, baina ez dira euskaraz mintzo.
    Etxean haurrei ez diete erakusten. Badira euskaldun huts direnak, oso
    adin handikoak…”. Eta ondoko iruritarren artean atzerapenak ez zuela
    itzulerarik izango zioen. Kasaresen ikerketak bestelako errealitate bat
    erakutsi du: “40 urteren buruan, aldiz, euskararen bilakaera ez da joan
    Txepetxek iragarri zuen galbidetik… Txepetxek Iruritako familiek
    haurrei euskaraz egiten ez zietela ikusi eta euskararen desagerpena
    iragarri zuen. Hark atzemandako hizkuntza egoerak mintzaira ordezkapena
    gertatzen ari zela pentsatzeko bide ematen zuten alderdi anitz zeuden:
    hizkuntza erabilera sozialean gaztelaniak ordura artio euskarak zuen
    lekua hartu izana –karrikan ez ezik, baita etxeetan ere–, gazteen artean
    euskara ez erabiltzea, gaztelaniak egoera formaletako eta
    prestigiodunetako komunikazio funtzioak hartuak izatea eta euskaraz
    egiten zuten hiztunak gutxiestea ohikoa izatea…“Eta, batik bat, guraso
    elebidunek seme-alabei euskaraz ez egitea”. Horrexek esanarazi bide
    zion Txepetxi Iruritako euskara ordezkapen prozesuaren azken urratsetan
    zegoela. Alabaina, eta hemen da errealitatea, lau hamarkada igaro
    direnean, euskara bizirik da Iruritan, Kasaresek erakutsi duenez:
    “Euskaraz, gutxi-asko, aditzen da herrian, euskaraz egiten ohi diete
    gurasoek haurrei eta euskaraz aritzen dira neska-mutikoak beren artean
    jostetan”. Joan den 40 urtean euskararen egoera moldatu duten aldaketa
    handiak gertatu direla aitortuagatik ere –horra hizkuntzaren estatusa,
    horra euskarazko irakaskuntza–, baina horiekin batera, eta Kasaresi
    interesgarrien zaiona, “iruritarren belaunaldi bat izan da deliberatu
    duena bere seme-alabak euskaraz haztea, nahiz eta mintzaira hori guraso
    horien gehienen lehen hizkuntza ez izan”.

    Belaunez belauneko jarraipena, oinarri

    Orain artean nagusitu diren teoria eta usteen arabera, eta euskararen
    historia soziolinguistikoan askotan nabarmendu den ideia hona aldatuz,
    hizkuntz komunitateak hautatzen eta erabakitzen duelako hizkuntzaren
    belaunez belauneko jarraipena. Hiztunen hautua da, beraz. Hizkuntza
    atxikitzea edo galtzea, ikuspegi soziologikotik eta antropologikotik
    aztertu izan da, gehienbat. Oro har, familia bidezko transmisio
    informala, eta irakaskuntza bidezko formala aztertu izan dira.
    Berrikiago, dena den, euskararen transmisioa eta jarraipena aztertzeko
    paradigma berria hasi da garatzen gurean, emozioen garrantzia
    nabarmenduz, adibidez, “giza taldeetako kideen arteko harreman gozoen
    eremuan sortu zen hizkuntza, eta horri atxikirik darraio egun, milioika
    urte geroago”.

    Baztango 15 herrietako bat da Irurita, Elizondorekin batera XX. mendean
    euskararen gizarte galerarik handiena izan duena, Kasaresen esanetan.
    Ikertzaileak familia hartu du azterketa unitatetzat, eta bi irizpide
    jarraitu. Batetik, 12 urte bitarteko seme-alabaren bat duten gurasoak
    hartu ditu, eta bestetik, familiako kideen hizkuntza gaitasuna hartu du
    kontuan. Hamar familiako lagina baliatu du: bi familia euskaldun bete
    (belaunaldi guztietan kide euskaldunez osatuak) eta zortzi familia
    euskaldun ez oso (belaunaldi ezberdinetan kide euskaldunez eta
    erdaldunez osatuak).

    Irurita, karrika eta borda

    Hizkuntza elkarbizitza zinez heterogeneoa du Kasaresek Iruritakoa.
    Familia euskaldun beteak, urri karrikan, nagusi dira bordan, belaunez
    belauneko jarraipenak etenik izan ez duelarik. Familia euskaldun ez
    osoak, gehienak karrikan, haurretan euskara ikastera heldu ez ziren
    gurasodunak dira. Familia euskaldun berriturik bat ere Iruritan denik ez
    du ezagutu Kasaresek.

    Espainiako Gerra zibilaren osteko giroak euskararen gibeleratze handia
    ekarri zuen Euskal Herrira. Isekak eta burlak ere ez ziren eskas. Beste
    hainbat lekutan bezala, Iruritako herrian euskara baserriari lotu
    zitzaion, euskaraz mintzo zena bordari zen Baztanen. Eta, hain zuzen,
    bordari haiei esker eutsi zion euskarak Iruritan. “Baserrietako
    iruritarrek, horietako anitz euskaldun hutsak zirenek, euskara eramaten
    zuten karrikara eta horrela herriaren erabateko erdalduntzea galarazi
    zuten, tarteka herrikoei euskaraz eginarazten baitzieten”. Alabaina,
    euskara bereizketa seinale eta gutxiespen bide bihurtu zen.
    “Euskaragatik izandako bizipen mingarri horiek beren ondorioak izan
    dituzte subjektuen ondoko hizkuntza hautuetan. Erdara ez ongi
    jakiteagatik mespretxua jasan zutenek kosta ahala kosta seme-alabek
    erdara ikastea ziurtatu nahi zuten eta horretarako erdara hutsezko
    eskola hautatu zuten, beren umeak gutxiespenetik babestearren”. Herriko
    iruritarren eta bordakoen arteko bereizketa egun guraso diren
    belaunaldiraino iritsi da, nahiz eta bereizketa gainditua den orain.
    “Oraingo iruritar gazteendako euskara/erdara ez da herritarren
    elkarbizitza bereizten duen dikotomia”.

    Etena

    Kasaresek osatutako glotohistoriek erakutsi dutenez, 1945 inguruan
    karrikan hazitako haurretan, hamarretik lauk euskaraz ikasi zuen etxean.
    Aldiz, 1970 aldera sortutakoetan, hamarretik batek edo bik baino ez.
    “Oraingo aitatxi-amatxik beren seme-alabekin (oraingo haurren
    gurasoekin) nola jokatu zuten aztertuta ikusi dut herrigunean bizi
    zirenek ez ohi zietela beren umeei euskara egin, nahiz eta aita-amak
    euskaldunak izan. Guraso bakarra euskalduna zen kasuetan, batean ere ez
    zuten seme-alabek euskara etxean ikasi”. Hau da, Txepetxek 1970eko
    hamarkadan esan zuena: “Umeei ez zaie erakusten etxean”.

    Oraingo haurren gurasoak Iruritako karrikan hazi ziren 70eko eta 80ko
    hamarkadetan, erabat giro erdaldunean. Berriemaileek ikertzaileari esana
    da: “Ez zen euskaraz solasten, ez etxean, ez kanpoan, ez eskoletan, ez
    inon”.

    Karrikako haur gehienek ez zuten euskararik jaso etxean. Ume euskaldun
    apurrek eskolan eta plazan ikasi zuten gaztelania. Gaztelania hutsezko
    eskolak berealdiko eragina izan zuen ikasgelatik kanpo ere. “Haur
    euskaldunak erdaraz egitera ohitu eta ikaskideen artean bezala,
    anai-arrebekin ere mintzaira horretan hasi ziren. Ikasgelatik eta
    jostaldietatik eraman zuten azkenean haurrek hizkuntza etxera eta guraso
    batzuk, ordura artio euskaraz egiten zutenak, erdaraz egiten hasi
    zitzaizkien seme-alabei. Familia batzuetan, seme-alabak eskolan erdaraz
    hasi eta ondoan aldatu ziren haurrekiko hizkuntza portaerak, euskaraz
    egitetik erdaraz egitera. Hala bada, haurrek etxe barneko hizkuntza
    aldaketari eragin zioten”. Ohi denez, gurasoek jarrera ezberdinak hartu
    zituzten. Zenbaitek ez zuen onean eraman beren umeek eskolaz kanpo
    gaztelaniaz egitea. “Txikitako euskara atxiki duten oraingo aita-ama
    batzuek oroitzen dute mintzairari eusteko nolabaiteko giroa izan zutela
    familian. Gurasoek etxeko euskara erdarara ez aldatzeko eragin zieten
    seme-alabei, batzuetan erdararen erabilera garbi gaitzetsiz”. Batak
    belarrimotz esango zion haurrari, bestea haserretuko zen…

    Kasaresek dioenez, “eskolako hizkuntza, harreman eszentrikoak
    (adinkideen artekoak),eta familiakoak (belaunaldien artekoak) ez dira
    hizkuntza jarduera erabat bereiziak. Haurtzaroko hizkuntza
    sozializazioaren prozesu zabalagoan txertatzen dira eta elkarri eragiten
    diote. Familiaren mintzairari dagokionez, gurasoen jarrerak funtsezkoa
    dirudi etxe barneko harremanetan euskara atxikitzeko”.

    Euskara eskolara…

    1970ekoa da Elizondoko Baztan ikastola. Eskola publikoan berriz, –hala
    Elizondon berean nola gainerako herrietan–, beranduago sartu zen
    euskara. Kasaresek dioenez, “1980ko hamarkadaren erdialdean eskola
    publikoetan jarduten zuten maisu-maistra euskaldunak izan ziren, hein
    handi batean, irakaskuntza publikoan euskara sartze prozesuaren
    sustatzaile eta aitzindariak”. Guraso euskaldunen errezelo eta
    mesfidantzei aurre egin behar izan zieten, gurasoen kontrako jarrerak
    gainditu behar izan zituzten, baina, ageri denez, Baztango herrietako
    eskoletako irakasleak konbentziturik zeuden gaztelania hutsezko eskolak
    euskara abiada bizian galtzera zeramala. Eta ez ziren oker, euskara
    eskolan sartzeak berebiziko ondorioak izan baititu hizkuntzaren
    erabilera ohituretan, eskolan ez ezik, handik kanpo, bai familian eta
    bai karrikan bertan.

    Gaur egun guraso berri direnek ez zuten aukerarik izan euskaraz
    eskolatzeko, euskara karrikatik kanpo ikusi ere zuten, eta euskara
    eskolara sartzeak karrika horrexetara ekarri duen iraultzaren lekuko
    dira. Euskarazko eskolatzerik gabe ez dute uste etxean haurrak
    gaztelaniaz hazteko ohitura aldatuko zenik. “Beraz, eskolak etxeko
    hizkuntza erabilerari eragin dio eta eragin bideetako bat haurrak
    beraiek izan dira”.

    …eta eskolatik karrikara

    Eskolara sartzeaz batera, euskarak gizarte ikusgarritasuna irabazi zuen
    eta orduko gazte batzuek –gaur egun guraso berri ditugunak– hizkuntza
    ikasteko hautua egin zuten, hizkuntzaren aldeko giro beroa baliatuz.
    70eko hamarkadaren bukaera aldera gau-eskola sortu zen Iruritan. Gero,
    AEK Elizondon. 80ko hamarkadaren amaieran, gazteak euskalduntzen hasi
    ziren, unibertsitate ikastaroak eginez eta beste. Kontzientzia, diote
    batzuek. Maitasuna, nahia, gogoa, beste batzuek. “Euskararekin eratu
    zuten harreman berrian, euskaraz aritzen hasi zirelarik, anai-arrebak,
    lagunak, kirol taldekideak, bikotekidea… izan zituzten bultzatzaile”.
    Eta euskaraz mintzatzeko erraztasuna lortzeko garaian, horra umeak,
    ilobak eta gainerakoak. Zenbait kasutan, anaia-arreben arteko edo
    belaunaldi ezberdinetako kideen arteko erabileraren bidez sartu zen
    euskara etxean. Kasaresek bildu duen lekukotasun batek diosku: “Gaztetan
    euskara AEKn ikasi, eta orduan, aita euskaraz hasi zen nirekin, eta
    nire amatxi ere bai”.

    Familia bitarte

    70eko eta 80ko belaunaldi hura guraso egin delarik, seme-alabekin
    mintzatzeko bere lehen hizkuntza –gaztelania– ez baina bigarrena hautatu
    du, euskara. “Neurri batean edo bertzean, euskara hautatu dute
    seme-alabekiko harremanetarako. Seme-alabak euskaraz hazi nahi izan
    dituzte hizkuntza hori adinkideekiko harremanetarako usu erabiltzen ez
    badute ere. Beren seme-alabekin zein hizkuntzatan eginen duten hautatzen
    dutelarik erabaki hori ezin azal daiteke transmisioaren ideia mekaniko
    batetik. Egun ez zaigu baliagarria [Xabier] Erizek emandako azalpena,
    habitus kontzeptu soziologikoari lotua, ez eta Sánchez Carriónek
    proposatu zuen eredu dikotomiko eta sexoglosikoa ere. Nire irudikoz,
    erabaki horretan subjektuek hizkuntzarekin eratu dituzten harremanek eta
    bereganatutako identitateak jokatzen dute. Lehen umea sortzeak
    seme-alaben hizkuntza sozializazioaren aitzinean jartzen ditu gurasoak
    eta horrek dakarzkie hautu eta erabakiak. Alde horretatik, familia
    eratzea (haurrak izatea) hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipenari
    eragiten dioten baldintza soziohistorikoen nolabaiteko katalizatzaile
    gisa agertzen zaigu”.

    Egun, iruritarren belaunaldi berriek etxe eta familia giroan ikasten
    dute euskara, oro har, eta eskolan hasi orduko gure hizkuntzan
    mintzatzeko gauza ohi dira. “Bertzalde, gurasoen hautuek ondorioak izan
    dituzte familiaren bertze kideengan. Haurrei euskaraz egitea egokientzat
    eta naturalentzat ikusten delarik, haurra euskaraz eskolatu(ko) bada,
    aitatxi-amatxi euskaldunek ere euskaraz egiten dute, nahiz eta duela
    hiru hamarkada beren seme-alabei egin ez”.

    Hizkuntzaren aldeko giroak, eskolaren lanak eta egun guraso berri
    direnen erabakiek eragin diote, Kasaresen esanetan, aitatxi-amatxien
    hizkuntza portaera berriari. “Izan ere, beren seme-alabek umeekin
    euskaraz egiten ez duten kasuan, aitatxi-amatxi euskaldunek ere ez dute
    bilobekiko hizkuntza portaera aldatu”, eta seme-alabak gaztelaniaz hazi
    zituztenez ber, gaztelaniaz mintzo dira bilobekin ere. “Nire ustez,
    haurren hizkuntza sozializazioarekiko aitatxi-amatxiek izan duten
    portaera aldaketa hori, batez ere, haurren eta helduen arteko
    elkarreraginaren ondorioa da. Izan ere, ez helduek bakarrik, haurrek ere
    aktiboki jokatzen dute beren hizkuntza elkarreraginetan. Hala bada,
    belaunaldien arteko hizkuntza eraginaren norabidea nolabait adierazteko,
    goitik beheiti ez ezik behetik goiti ere doala ikusi behar dugu.
    Hainbat belaunalditako subjektuek elkarri eragiten diote, haurrak ez
    dira helduengandik datozkien hizkuntza eraginen jasotzaile pasibo
    hutsak. Ez da egokia transferentzia eta transmisioaren kontzeptuek beren
    baitan dakarten adiera bertikala eta norabide bakarrekoa, goitik
    beheitikoa”.

    Kasaresen ikerketak dioenez, Iruritako hizkuntzaren gizarte erabileran
    bada arau bat, aski nabarmena: haurrei euskaraz egiten zaie. Haiei
    gaztelaniaz egitea arraro da, eta bitxi, eta nahiz eta euskaraz ongi
    jakin ez, haurrei euskaraz egitea da iruritarrek normaltzat jotzen
    dutena. Are gehiago, haurrak etxean gaztelaniaz hastea gaitzetsi ohi
    dute gurasoek. “Haurren familia barneko hizkuntza sozializazioaren
    baldintzen atzean gurasoen mintzaira balioak daude. Baina hizkuntzaren
    transmisioa ez du gurasoen nahi izate soilak ahalbidetzen. Hizkuntza
    sozializazioa gizarte jarduerak bermatzen du, ez gurasoen nahikari
    hutsak. Beraz, haurrekiko portaera hori hagitz esanguratsua da. Gurasoek
    beren nahikaria jarduera bilakatu dute, hizkuntzarekiko motibazioa
    aribide bihurtu”. Eta haurrak ere jardunbidean jarri. Gurasoek haurrak,
    haurrek gurasoak.

    Txepetx 1970, Kasares 2011

    Nahi izatea. Gizarte jarduera. Haurrekiko portaera. Gurasoekikoa. Edo
    esan dezagun Kasaresen hondar solasetan: “Iruritan euskararen belaunez
    belauneko jarraipenaren sendotzearen atzean herriaren beraren osaketa
    ikusi dut. Aztertu dudana euskararen bidez gizarte haustura gainditu
    duen komunitatea da. Iruritan baserriak eta herrigunea ditugu,
    jarraipena eta etena, baina euskararen jarraipenak dikotomia horiek
    berdindu ditu. Azken lau hamarkadetan Iruritan euskararen jarraipena
    sendotu da mintzairak espazioan hausturak josi eta denboran etendurak
    lotu ahal izan dituelako. Bertzenaz, Txepetxek 1970ean iragarri bezala,
    berak entzundako haurrak hondarreko iruritar euskaldunak izanen
    ziratekeen”.

    Reply

Iruzkina idatzi Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula
  • Aipugintza
  • “Hiztun” osoak

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA