Hizkuntzen Askapenerako Nazioarteko Eguna
Pasa den astean argitaratu nuen Ama hizkuntzaren egunaren kontra (eta alde) artikulua nire blogean. Urgentziazko artikulua izan zen eta holakoetan oso ohikoa denez, erraz asko hobetu daitekeena. Eta hala izan da. Iaztik Imanol Minerrekin e-postaz trukatutako mezuetako bariazioa da honako hau, biba zu Imanol!
Antza denez, nazioarteko egun hau sustatu zutenen abiapuntuko motibazioa hizkuntza mugimenduei gorazarre egitea zen, baina UNESCOn eta NBetan bere horretan estatuek onartuko ez zutenez, izena aldatu zioten eta Ama-Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna jarri, singularrean, abiapuntuko asmoa erabat desitxuratuz. Wikipediako sarreran, ingelesezko bertsioan begiratuz gero, sarbidea ematen du Bengalan ospatzen duten Language Movement Day ospakizunaren sarrerara eta ospakizun honen sorburuetara. Bengalan, otsailaren 21a jai nazionala da, 1952ko gertakariak gogoratzen dituzte eta Bengaleraren Aldeko Hizkuntza Mugimenduaren Eguna ospatzen dute eta ez ama-hizkuntzarena Estatuek kudeatutako nazioarteko erakundeek sinestarazi nahi diguten bezala. Horra beraz amarruaren nondik norakoak.
Izan ere, gauza jakina da eleaniztasunaren eta kultura aniztasunaren izenean, Britania Handia / AEB, Espainia edota Frantzia bezalako estatuek estatu-hizkuntzatzat dituzten ingelesa, gaztelania eta frantsesa sustatzen jarraitzen dutela euren iraganeko eta egungo kolonietan, nola garapen bidean dauden herrialdeetan (ingelesa nonahi edota espainiera bera Latinoamerikan Educación Multicultural Bilingüe delakoan), hala gurea bezalako hizkuntza gutxituen lurraldeetan ere (ingelesa, Nafarroan esate baterako). Haur Hezkuntzan eta Lehen hezkuntzan irakasleak norbere jatorrizko hizkuntzan irakasteak, ez du zertan hizkuntza horren biziberritzea eta hiztun osoak lortzea helburu izan, aitzitik, kolonizatzailearen hizkuntzan eskolatzea izaten da helburua normalean, eta emaitzei begiratu bestela. Norabide horretan, herrialde aberatsenek jatorrizko hizkuntzen biziberritzeari ematen dioten garrantziaren erakusgarri da, hain zuzen ere, Nazio Batuen 2030erako Garapen Iraunkorrerako 17 helburu nagusietan hizkuntzei lekurik egin ez izana.
Horiek horrela izanagatik, kontua da Ama-Hizkuntzen Nazioarteko Egunak aukera paregabea eskaintzen digula gaia agendan kokatuta mahai-gaineratzeko, eta ondorioz, bateko eta besteko hizkuntza gutxituetako aktibistei trantsizio moduan egitea dagokiguna da:
– Eguna promozionatzen jarraitu, urtero nazioarteko agendan lekua egin arte.
– Izena beti pluralean erabili: Ama-Hizkuntzen Nazioarteko Eguna, eta ez singularrean, atzean ezkutatzen den aniztasuna, parekidetasuna eta elkartasuna azaleratzeko.
– Amarrua azaleratzen jarraitu = mozorroa kendu:
o Garaigoikoan ari zaren bidetik, genero konponentea agerian utziz eta terminologia eguneratzeko proposatuz.
o Egunaren muineko motibazioa berreskuratuz.
o Egunari dagokion izaera izen berri baten laguntzaz aitortuz.
Partekatzen dugun kezkak eta Maialen Sobrinoren proposamenak erakusten digute egungo izenak -UNESCO eta NBen onespena duenak- ez duela funtzionatzen eta, beraz, hizkuntzen biziberritze helburuetarako ez dela eraginkorra, eta ados nago; hortik aurrerako aukerak:
- a) Hizkuntza Gutxituen Aldeko Nazioarteko Eguna: Maialen Sobrinoren proposamena.
- b) Hizkuntza Biziberritze Mugimenduen Nazioarteko Eguna: Zurea alegia, ‘biziberritze’ eta ‘mugimendu’ kontzeptuak biltzen dituena.
- c) Hizkuntza Mugimenduen Nazioarteko Eguna: 2015. urtetik Kutxabankeko Intraneteko albistegian erabiltzen duguna.
- d) Hizkuntzen Askapenerako Nazioarteko Eguna: hobesten dudana eta gizarte mugimenduek geure egin behar genukeela uste dudana.
Lanean azken urteotan dabilkigun izena (c aukera) deskartatzen dut, izan ere, izen honek hizkuntza gutxituetako hiztunoi munduan abiadura bizian ematen ari diren hizkuntza-ordezkatze prozesuei buelta eman eta biziberritze ahaleginetan diharduten hizkuntza mugimenduak gogoratzen dizkigun arren, ingelesa, mandarinera, espainiera eta frantsesaren defentsan diharduten taldeek ere bere burua ikus dezakete bertan, hizkuntzen eta bere hiztun komunitateen arteko botere-harremanaren berri ematen ez digunez. Horra izen onen aurkia eta ifrentzua.
Maialenek proposatzen duen izena (a aukera), ongi dago, esplizitua da baina orokorregia ote den zalantza geratzen zait; protagonismoa hizkuntzaren eremuan uzten du, azaleko geruzan geratzen da, politikoki zuzena izatera mugatuz… Agentzia falta zaiola, aldaketarako gaitasuna ez duela azaleratzen iruditzen zait. Nazioarteko erakundeek egunaren izena aldatzekotan, hauxe hobetsiko luketela iruditzen zait.
Hizkuntza Biziberritze Mugimenduen Nazioarteko Eguna izenak (b aukera) aipatu bi arriskuak gaindituko lituzke, eta txarra ez Txerra, nazioarteko lankidetzara gonbidatzearekin batera, ‘biziberritze’ kontzeptuak arreta hizkuntza gutxituetara zuzentzen digunez batetik, eta bestetik, ‘mugimendu’ kontzeptuak, aktibisten / militanteen taldeei erreferentzia eta aitortza egiteaz gain, talde hauetan egiten den lankidetzari ere erreparatzen dienez. Bada zerbait. Gainera Ama-Hizkuntzaren izenarekin eraikitako amarrua eraitsiko luke. Nazioarteko erakundeek egunaren izena aldatzekotan hau aukeratuko balute, konformatuko nintzateke, panorama ikusita.
Azken aukerari (d) dagokionean, eta 2013an AHIZEko Mikel Urdangarin adiskidearekin paratutako ‘elezale’ hitza baliatuz, munduko elezaleontzat otsailaren 21ak behar luke, feministentzat martxoaren 8a dena, eta LGTBI aktibistentzat ekainak 28a dena, alegia, askapen eta harrotasun egun bat, gutxitutako hizkuntza-hiztun guztien aitortza egiten duena, erakunde publiko-pribatu-sozial guztiengandik aitortua, eta, gainera, nazioartean partekatua. Konbentzituta nago hori dela bidea eta horregatik Hizkuntzen Askapenerako Nazioarteko Egunaren aldeko hautua, nahiz gaur gaurkoz erakundeek onartuko ez luketen, boladako postmodernek ere irensteko zailtasunak izango lituzketen eta inguruko panorama ikusita, nola esan… Pentsa, horretarako, abenduaren 3a, Euskaldunon / Euskararen Askapen Egun bezala begiratzen eta ospatzen hasi behar genuke 😉 Denborari denbora beraz.
Hizkuntza gutxitu eta gutxiietsitakoen eguna