Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Mudak Euskarabenturan

2020-04-06  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Mudak Euskarabenturan

Birritan egin da Euskarabentura eta birritan hartu dut parte soziolinguistikari buruzko azalpenak ematen, Jone Goirigolzarrirekin batera. Eta birritan hauteman dut han batutakoen indarra, kemena eta eraldatzeko grina. Baina hori hauteman arren, horrek gerora zer ekarri duen jakitea falta zen.

Eta orain hori ere badugu. Izaro Arrutik egin du ikerketa horri buruz. Hizkuntza mudei buruzko ikerketa kualitatiboa egin du (ikerketa osoa hemen eta laburpena hemen). Ez dut ikerketa osoa aipatuko (luzeegi joko lukeelako), baina bai ekarri gura ditut ondorio batzuk:

Abiapuntu gisa, Arrutiren lanak EuskarAbentura elkarteak egindako lanketaren ondorioak baieztatzen ditu:

  • Parte-hartzaileek euskara gehiago hitz egiten dute espedizioaren ondoren
  • Euskal hiztunen sare zabalagoa dute
  • Euskal Herriaren eta euskal kulturaren inguruko ezagutza altuagoa dute
  • EuskarAbenturak transmititu nahi dituen baloreak landu eta bereganatu dituzte: genero berdintasuna, zaborraren kudeaketa, bizimodu osasuntsua, autonomia, bizikidetza edota turismo jasangarria, besteak beste.

Horrez gain, bestelako ondorio hauek ere aurkezten ditu:

  • Euskararen ezagutza maila baxuagoa duten eta gune erdaldunagoetatik datozen EuskarAbenturako partaideek, zailtasunak dituztela onartzen dute, espedizioan zehar bereganatu dituzten ohitura linguistikoak (euskara egunerokotasunean erabiltzea) espedizioaren ondoren, beraien herrietan eta ingurukoekin, mantentzeko. Halere, bereziki baikorrak dira beraien testigantzak. Halaber, EuskarAbenturari esker landutako euskararekiko lotura emozionalak, zein hizkuntzaren egoeraren inguruko ezagutzak, euskararen aldeko hizkuntza-mudak ​ gauzatzera animatu dituzte ​ ekintza sinpleen bidez. Bereganatu dituzten ohitura linguistiko berriak, txikiak badira ere, esanguratsuak eta ahalduntzaileak direla esan daiteke: txakurrari euskaraz egitea, Instagrameko profilean euskaraz idaztea edo mugikorreko hizkuntza euskaraz ipintzea esaterako. Partaide askorentzat, EuskarAbentura hilabete oso batean euskaraz “bizitzeko” izan duten lehen aukera izan da, horrela, dagoeneko euskaldun aktiboak diren gazteekin espazio berbera partekatuz. Hots, EuskarAbentura konfiantzazko espazio linguistiko segurutzat dute. Hasierako aurreiritziak eta gorabeherak alde batera uzteko, espedizioa 11 partaideko talde txikietan (estrategikoki, linguistikoki talde heterogeneoak sortzeko ideiarekin) banatzearekin batera, euskaraz aritzeko ohitura gutxiago zutenak errazago animatu dira euskaraz hitz egitera. Elkarrizketatutako partaideek diotenez, beraiek eta ingurukoek EuskarAbenturako partaide bezala identifikatze hutsak, zer esanik ez EuskarAbenturako kamiseta soinean eramateak, euskararen erabilerarekiko erantzukizuna eta harrotasuna transmititzen diete. Baita euskaldun hizlari legitimoago izatearen sentsazioa ere. Behin partaideen eta euskararen arteko lotura hori jendarteratzen denean (EuskarAbenturako kamiseta jantziaz edo beraien parte hartzearen berri emanaz sare sozialetan, adibidez) ingurukoak ez dira harritzen jzioquitarrek (EuskarAbenturako partaideak) lehen hitza euskaraz egitean. Era berean, ingurukoek ere errazago zuzenduko diete lehen hitza euskaraz. Espedizioaren ondoren, EuskarAbenturako gazte hauek erraztasun handiagoarekin ikusten dute beraien burua euskaldun hizlari legitimo modura. Gehiengoek euskara maila hobetu dute, euskalki berriak zein eskolatik kanpo euskara erabiltzeko erregistro informalagoak ezagutu dituzte, euskara batuaren inguruko aurreiritziak apurtu dituzte, eta beraz, hizkuntzaren baitako aniztasun linguistikoaren aldeko ikuspegi zabalagoa bereganatu dute.
  • EuskarAbenturako gazte askok, espedizioari esker ezagutu dituzte euskara eta euskal kultura bultzatzeko antolatzen diren zenbait ekimen: Durangoko azoka, Euskaraldia, Mintzalagun programa, pastoralak… Hori posible izan da, batetik, dagoeneko ekimen hauek ezagutzen zituzten gazteekin egindako hartu-emanen bitartez; eta bestetik ekimen hauen atzean dauden antolatzaile edo partaideen bitartez, EuskarAbenturak antolatutako solasaldietan. Gainera, euskaraz hitz egiteko ohitura gutxiago zuten partaideen elkarrizketetan, nabarmena da espedizioak sortu dien gogoa eta erantzunkizun sentimendua Euskaraldian parte hartzeko, adibidez, edota euskal musika taldeak entzuteko.
  • Espedizioaren alderdi abenturazale eta nomadak EuskarAbenturako partaideen artean harreman sendoak sortu ditu. Halaber, harreman horiek espediziotik at denbora luzez iraun lezakeen gazte euskaldunen sarea posible egiten dute. Izan ere, harreman hauetan euskararen erabilera zerbait “normala” eta “naturala” bezala ulertzen da. Elkarrizketatuen testigantzetan askok aipatzen dute “betirako” lagunak egin dituztela EuskarAbenturan. Diotenez, espedizioan egunero 15-25 km oinez egiteak eta bizimodu sedentariotik aldentzeak harremanak egiteko modu “errealago” bat eskaini die. Gainera, espedizioaren ondoren EuskarAbenturak modu ofizialean, zein partaideek beraien artean “inprobisaturik” antolatutako topaketek (mendi txangoak, euskal selekzioaren partidua edota Durangoko azokara bisita) espedizioan sortutako harreman euskaldunak mantentzea laguntzen dietela aipatzen dute. EuskarAbenturako parte-hartzaileak gai dira espedizioan zehar,nahiz espedizioaren ondoren, beraien herrietan ingurukoen hizkuntza ohiturak zein ohitura sozialak definitu, mantendu eta aldatzeko. Elkarrizketatuen artean, bada kuadrillako edo ikastetxeko irakasleen hizkuntza ohituretan eragin duela uste duenik. Baita etxean birziklatzeko edo aisialdia lagunekin mendira joatea bezalako ohitura osasuntsuak bereganatu dituenik ere.
  • Amaitzeko, EuskarAbentura espedizioko partaideak, espedizioak berak landu eta defendatu dituen baloreekin bat datozen nazio mailako, zein maila internazionaleko mugimendu sozialekin bat egitera animatzen dira. Adibidez, EuskarAbenturan zaborraren kudeaketa egokia egiteko kontzientziazioak partaide batzuengan eragina izan du. Esaterako, hainbat elkarrizketatuk klima aldaketaren inguruko kontzientziazioa adierazi dute; ​Fridayforfuture mugimenduaren ekintza ezberdinetan parte hartu dute espedizioaren ondoren. Horrez gain, beste partaide batzuk, hurrengo udaran genero berdintasunaren inguruko proiektuak lantzen dituen auzolandegian boluntariotza egitea erabaki dute.

«Egoera honek hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera ireki dezake»

2020-04-02  //  Etxealdia  //  Iruzkinik ez

«Egoera honek hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera ireki dezake»

Garan egin dit elkarrizketa Iker Bizkarrek. Hona hemen elkarrizketaren lotura eta elkarrizketa jarraian.

Soziolinguistikan aditua da Txerra Rodriguez (Bilbo, 1977), eta «Argia»-n duen blogean hizkuntzaz, gizarteaz eta bien arteko harremanaz aritzen da. Txoko horretatik bota du, hain zuzen, egun hauetarako proposamena: hizkuntza ohiturak aldatzea.

Ez dira egun errazak aurrean ditugunak. Iragandakoak ere ez dira izan, baina derrigorrezko berrogeialdi honek bere martxa jarraitu ahala zailago egingo zaigu egoera hau eramatea. Horrek ez du esan nahi, edonola ere, egun –edo aste– hauek eramanezinak izango direnik, ezta gutxiagorik ere. Orrialde hauetan hamaika proposamen argitaratzen ari gara une hauetako tentsioari, estresari, nekeari edo, kasu batzuetan, asperdurari aurre egiteko. Eta bada bere buruari erronkaren bat jarri dionik ere. Bide honetan, sareetan bolo-bolo dabil Txerra Rodriguez hizkuntza aholkulariak egindako proposamena; “etxealdia” euskaraldia bilakatzea; hots, hizkuntza ohiturak aldatzea eta etxe barruko harremanak euskaraz izatea.

Argia aldizkarian daukazun blogean proposamena egin berri duzu: etxeko harremanak estutu zaizkigun garai berezi honetan hizkuntza ohiturak aldatzea, eta “etxealdia” euskaraldia bihurtzea. Derrigorrezko egoera honek esparru honetan aukera bat ireki duela uste al duzu?

Nire ustez, bai. Egoera hau berezia da, aldaketa dakar, egunerokoa irauli du erabat eta, halakoetan, nire ustez, aukera egokiak zabaltzen dira egunero egiten ditugun gauzetatik aldentzeko. Hortaz, aukera bat egon daiteke ohitura batzuk aldatzeko eta nik proposatzen dudan ildotik etxeko hizkuntza ohitura batzuk aldatu eta esperimentatzeko.

Lehenik eta behin, gaiari buruz hitz egitea aholkatzen duzu; zehazki, zer egin nahi dugun zehaztea. Ezinbesteko abiapuntua al da hori gaizki-ulertuak ekiditeko?

Ohiturak ez dira aldatzen normalean gogoetatu barik. Pentsatu behar dugu zer gura dugun eta esplizitatu. Zorionez, hizkuntza ohiturak ez dira indibidualak, gutxienez bi pertsonaren artekoak dira. Beraz, nire ustez, berba egin behar da gaiari buruz, aipatuz zer ohitura dugun eta zer ohitura eduki nahiko genukeen.

Helburuak adostu eta errealista izateko beharra ere mahai gainean jartzen duzu. Zergatik?

Ohituren inguruan joera dugu jokaera maximalistekin aritzeko: hemendik aurrera dena egingo dugu euskaraz. Eta horren kontra ni ez naiz jarriko, baina, batzuetan, komeni da helburu txikiagoak jartzea eta progresiboak izatea. Helburu errealistagoak jartzea, alegia. Horiek izan daitezke abiapuntu, baina ahaztu barik azken helburua iraultza sakonxeagoa egitea izan daitekeela.

Gai honi buruz argitaratutako lanak irakurtzea ere proposatzen duzu. Zeintzuk gomendatuko zenituzke?

Askotan alderatzen da euskarara lerratzea tabakoa uztearekin. Tabakoa utzi nahi dutenek hainbat liburu irakurtzen dituzte, interneten aritzen dira blog eta bideoetan, lagunei eskatzen diete gomendiorik. Euskarara lerratu gura badugu, komeni da gaiaren inguruan idatzi dena ezagutzea. Zentzu horretan, nik batez ere liburu bi –“Irten hizkuntzaren armairutik” eta “Goza daiteke gehiago”, biak interneten eskuragarri daudenak– eta Soziolinguistika Klusterrak egin dituen ikerketak –batez ere, Eusle metodologia– gomendatuko nituzke, baita Emunek gai honen inguruan sarean duen kontsultorioa ere.

Etxeko harremanak estutu zaizkigu, baina egoera ez da erraza eta egun luze hauetan tentsio uneak sortzea normala izango da. Ez da egoera samurra. Honek ariketa hau zailtzea ekar lezake?

Egoera ez da samurra, ez, eta horrek zaildu lezake kontua, jakina. Baina, hala ere, denon hobe beharrez, ahalegindu behar gara etxeetan harreman osasuntsuagoak eraikitzen. Patxada eta lasaitasun hau aprobetxatu behar dugu gure artean bestelako harreman bide batzuk sortzeko eta, bide horretan, erabaki egokia izan daiteke geure buruari honen tankerako erronkak proposatzea. Hala ere, ez gara inozoak izan behar eta tentsio uneetan nik hizkuntza ohiturena baztertuko nuke, baina geroxeago berriro hartzeko.

Oraindik ez dakigu noiz, baina noizbait “etxealdia” bukatuko da. Bukatutakoan, ohitura berriei eustea eta etxean egindako lana lagunei eta gertukoei zabaltzea proposatzen duzu. Etxean egindakoa gero kanpora ateratzea zailagoa izango al da?

Nire ustez, ez; errazagoa izango da, batez ere, bi arrazoigatik. Batetik, ordurako esperimentatuta izango dugu ohitura aldaketa eta, logikoa denez, zenbat eta esperientzia handiagoa izan, orduan eta errazagoa da dena, hizkuntza ohituren aldaketan, kirolean edo bizitzako ia edozein esparrutan. Bestetik, hizkuntza ohiturak aldatzeari buruz han eta hemen egin diren ikerketetan frogatu da aldatzen zailenak diren ohiturak direla emozionalitate handia duten harremanetakoak. Hau da, zenbat eta lotura handiagoa izan, orduan eta zailagoa da ohitura aldatzea. Hortaz, etxekoekin ditugun harremanetan aldaketak egin baditugu, kanpoan errazagoa izango da ohitura horiek aldatzen joatea.

Esposizio denbora

2020-04-02  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Esposizio denbora

Jurgen Meiseli elkarrizketa zoragarria egin dio Miel Anjel Elustondok Argian. Oso interesgarriak dira haurren hizkuntzen jabekuntzari buruz esaten dituenak. Oso. Eta aipatzen du kontzeptu bat, nire ustez oso iradokitzailea: esposizio denbora. Hau da, hizkuntza batean zenbateko esposizioa duen pertsona batek.

Eta horrek ekarri dit gogora egunerokoan behin baino gehiagotan erantzun behar izan dudan galdera bat: zenbat denbora behar du heldu batek euskara ikasteko? Hori galdetu eta erantzuna hasten da beti berba honekin: segun. Orain, nik uste dut erantzun zorrotzagoa eman ahal izango dudala: esposizio denboraren arabera. Zenbat eta esposizio denbora gehiago (eta trinkoago), orduan eta arinago, eta, jakina, alderantziz.

Sarritan ahaztu egiten zaigu hizkuntza bat ezin dela ikasi fisika edo kimika bezala, ezin dela ikasi natur zientziak edo geometria bezala. Ez. Hizkuntza bat, batez ere, praktika bidez ikasten da, egiten ikasten da, irakurtzen, entzuten, idazten eta berba egiten. Hizkuntza ikasteak, azken finean, zerikusi gehiago du ikasketa praktikoekin eta praktikatzen (eta hizkuntza horri zure bizitzan espazio bat edo batzuk aurkitzen) ikasten da. Eta horretan garrantzia du esposizio denborak (eta, ahal dela, kalitatezko esposizio denborak, ezta?). Eta ez hori bakarrik: esposizio horren trinkotasunak ere eragina du (ez da gauza bera euskara ikasten astean ordubete ematea 10 urtetan edo ordu horiek urte bakarrean pilatzea).

Beraz, esposizio denbora hori handitzera jo behar dugu, han eta hemen, eta etxealdia bada aukera ona, ezta?

Hemengoa, euskaraz, berritzailea

2020-03-31  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Hemengoa, euskaraz, berritzailea

Konfinamendu egun hauetan, Hik Hasi aldizkariak Joxe Mari Auzmendiri buruz egin duen aldizkari ia monografikoa irentsi dut. Omenaldi zeharo interesgarria egin dutela iruditzen zait eta hori irakurtzera animatzen zaituztet (bi ogerleko gomendioa, beste behin).

Erreportaje horretan bada azpititulu bat azpimarratu nuela irakurri orduko: Hemengoa, euskaraz eta berritzailea. Iruditzen zait hiru berba horiek ondo baino hobeto islatzen dutela gure hiztun komunitatearen oraina eta geroa: Hemengoa, euskaraz eta berritzailea.

Iruditzen zait, gainera, etxealdi hau aprobetxatu behar dugula sormenerako (sormena ulertu adiera zabalean, ez nabil bakarrik kulturgintzaz, handik harago doa sormena, nire ustez). Eta geure buruak antolatzen jarraitu behar dugula, modu autonomoan. Izan ere, autonomia esperantza antolatzeko artea da (ez dakit non irakurri nuen, baina esaldia iltzatuta geratu zait). Autonomia baita prefiguraziorako tresna, etorkizuna aurresateko tresna. Autonomiaren indar utopikoa ez datza utopiaren formulazio berri batean, ezpada orainaldian duen sustraitzean, oraindik ez dena, baina dagoeneko hemen dagoelako.

Hortaz, iruditzen zait hiru berba horietatik abiatuta, zolatu behar ditugula harreman horizontal, autogestionatu eta prefiguratiboagoak. Baina, ahaztu barik, hemengoa, euskaraz eta berritzailea. Horiek baitira prefigurazio horren oinarriak. Eta ez dugu ahaztu behar benetako aldaketa soziala eguneroko praktika eta ariketetatik abiatzen dela. Praktika hori baita parametro, adierazle, helmuga eta proiektu.

Oharra: prefiguratibo erabili dut, baina gure hiztegietan gehiago erabiltzen da performatu aditza eta hari lotutako aditzondo eta abarrak.

Pareen artean #etxealdia

2020-03-30  //  Etxealdia  //  Iruzkinik ez

Pareen artean #etxealdia

Komunitatea egiten ari gara azken egunotan, komunitatea pareen artean. Eta ez, ez nabil han eta hemen sortu diren elkartasun sareei buruz, ez, baina horiek ere baditut gogoan (biba zuek!). Ez, euskarazko edukien sorkuntzari buruz ari naiz.

Badirudi, gainera, Gorka Juliok dioen bezala, jabetza intelektualari arrakala indartsu batzuk sortzen ari zaizkiola han eta hemen: askatu dituzte (egun hauetarako bada ere) bideo, kanta eta abarrak, liburu, ikerketa eta enparauak, …

Baina, nik batez ere nabarmenduko nuke zenbat material interesgarri ari den sortzen: .eus enpresa txikiei emandako doako aholkularitza, kultur sortzaileek emandakoak (Berriako sormen aretokoak, esate baterako), bertsoa online ikasteko baliabideak, Elhuyarrek haurrekin esperimentuak egiteko sortu dituztenak, zumba, yoga (hau edo beste hau) eta abarren klaseak (euskal dantzak ere), baserriko plaza webgunea, AEKk egin duen youtuberren zerrenda, bideo-joko iruzkinduak Game Erauntsiaren bidez, ikus-entzunezkoen sormenerako online formazioa, etxean sasoian mantentzeko baliabideak Uemaren eskutik, …

Nik nabarmenduko nuke, batez ere, hezkuntzan egiten ari diren lana: Jakindun (matematika, fisika eta kimika), ETBk ematen ari den programa (Bitartean, etxetik ikasten), gorputz heziketa etxean egiteko baliabideak, Kokoriko hezkuntza faktoria egiten ari den lana, Arrasateko Olgeta denda egiten ari den esfortzua, UEUk askatu duen IKTak eta konpetentzia digitalak liburua, mintzalasai egiten ari den esfortzua, … (aipagarria da ere Galizia aldean martxan jarri duten aulas galegas plataforma).

Ebaluatzen

2020-03-23  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Ebaluatzen

Azken aldion, tesian murgil eta murgil ibili ostean, artikulu gutxik eragin didate zer pentsatua. Txillardegi sarietan irabazle izan den Miguel Galiciaren “Ebaluazioa: euskararen aldeko ekimenen labirintoan orientatzeko gakoa” irakurri dudan arte. Buruko hariak eta buruan txertatutako iltzeak ere mugitu dizkit, zeharo iradokitzailea iruditu zait eta zeharo baliagarria nire eguneroko lanean hobetzeko.

Izan ere, artikuluan Miguelek orain arte euskara planetan erabilitako ebaluazio irizpideak hankaz gora jartzen ditu. Bere berbetan esanda,

Engainagarria da, beraz, baieztatzea halako ekintzak halako emaitza ekarri duela zuzenean. Gehienez ere zera esan ahalko genuke: dena delako ekinbideak, ustez, eragin positiboa izan bide duela dena delako xedea erdiesteko saioan.

Berak, hain zuzen ere, kalitatezko irizpideak aldarrikatzen ditu (eta mahaigaineratzen ditu). Ze, kalitatea aintzat hartu barik, ez dago bereizterik zer den anekdotiko, hutsal, behin behineko edo funtsezko.

Kalitate hori zelanbait neurtzeko, fitxa bat proposatu egiten du egileak. Eta, horren arabera, irakurketa kualitatiboagoa eta kalitatezkoagoa egitea gure planen ebaluazioan:

Jarraitutasuna
  • Ohikoa.
  • Noizean behingoa.
  • Behingoa.
Beharrezko zerbitzuak. Auzo-lana. Zerbitzu-emaile.
  • Erabat
  • Neurri batean
  • Praktikotasunik ez
Doktrinatze funtziorik ez
  • Batere ez.
  • Partez.
  • Proselitista.
Transferigarria. Hedagarria beste esparru batzuetara.
  • Nabarmen
  • Nahiko
  • Isolatua
Bide batezko jarduera
  • Erabat.
  • Hein batekoa.
  • Berariazkoa.
Informala
  • Erabat
  • Hein batean
  • Formala
Behetik gorakoa
  • Osorik.
  • Erdi instituzionalizatuta.
  • Goitik beherakoa.
Protagonismoa bertokook
  • Bete-betean
  • Erdizka
  • Ez
Parte hartzearen nolakoa
  • Aktiboa
  • Hein batean
  • Ikusle hutsak
Jarduera arrunta (“tronkala”)
  • Erabat
  • Erdizka
  • Marjinala
Talka onargarria
  • Bai
  • Bare-bare
  • Gatazka iturri
Helduen parte hartzea
  • Aktiboa
  • Zirkunstantziala
  • Bazterrekoa

 

Etxealdian euskarazko edukiak gehitu

2020-03-19  //  Etxealdia  //  Iruzkinik ez

Etxealdian euskarazko edukiak gehitu

Egun aproposak dira hauek, antza, kontsumitzeko ez ezik, sortzeko ere. Hortaz, hemen gomendio sorta bat euskarazko edukiak gehitzeko egun hauetan. Gehiago baldin badituzu, esan eta gehituko ditut. Eskerrik asko!

1. Wikipedia: artikulu asko sortu daitezke wikipedian. Horretarako, baina, komeni da wikipediak berak emandako gomendioei jarraitzeko. Adibidez, hauek hezkuntzari lotuak. Horri lotuta, orain badago astia gure argazki zaharrak berrikusi eta horiek lizentzia librearekin igotzeko wikimediara: monumentuak, kaleak, etxeak eta abar.

2. Commonvoice: aukera ona izan daiteke proiektu honi bultzada potente bat emateko. Horretarako, esaldi laburrak grabatu behar dituzu edo, bestela, daudenak balioztatu.

3. Euskarazko edukiak sortzen ari dira hainbat eta hainbat irakasle: izan haur, lehen edo bigarren hezkuntzakoak, izan unibertsitatekoak edo euskaltegikoak. Horiek guztiak modu batera edo bestera eskegi beharko genituzke sarean, denon onurarako. Ez dugu ahaztu behar krisi honetatik ateratzeko bide emankor bat izan behar dela inteligentzia kolektiboa. Antolatu itzazue zuen buruak irakasleok eta askatu sortzen ari zareten materiala, euskararen komunitateak eskertuko dizue eta.

4. Ikus-entzunezko edukiak ere behar ditugu. Bideoak, youtuberrak edo dena delakoak. Ekimen politak egiten ari dira han eta hor, baina nire ustez, bada garaia aprobetxatzeko edukiak sortzeko: adibidez, euskarazko errezetak, edo euskarazko entrenamenduak egiteko klaseak (biba Aiaraldekoen zumba saioak!), edo euskarazko ipuinak, edo umorezko monologoak edo … (erabili garuna, laguna!).

5. Idatziz ere egin ditzakegu gauzak. Adibidez, Eneko Barberenak konfinamenduari lehioa ireki dio literatura blog baten bidez. Blogak sortu ditzakegu, edozeri buruzkoak eta abar. Horiek, gerora ere, iraungo dute.

6. Itzultzea ere bada denborapasa txukuna. Itzuli ahal ditugu wikipediako edukiak, edo ikus-entzunezkoen edukiak gero azpititulatzeko, edo software libreko programak edo … Hemen ere imajinazioa libre eta, gainera, taldean egiten bada Bermeon bezala, hobe.

7. Badakit Ttun ttun brigadakoak ari direla kantu berriak-edo sortzen (biba guek!). Sormen pausaturako parada ona da. Musika munduan gaur egun etxetik ia edozer sortu daiteke, zer esanik ez literaturan edo saiakeran edo …  Sormena eta inteligentzia kolektiboak behar ditugu, orain seguruenik inoiz baino gehiago.

8. Askatu itzazue materialak: seguru hor nonbait dituzuela egindako ikus-entzunezkoak, edo antzerki obrak, edo musika, edo jolasak, edo dena delakoak. Askatzeko momentua da hauxe: libre jarri eta denon eskura (lizentzia libreekin eta plataforma libreetan, hobe!). Adibidez, Fermin Muguruza ari da youtubera igotzen bere diskografia eta bideografia osoa edo Farmazia Beltzakoak Hondamuinean komikia edo Tartean teatrokoek edo …

Etxealdian hizkuntza ohiturak aldatu

2020-03-18  //  Etxealdia  //  Iruzkinik ez

Etxealdian hizkuntza ohiturak aldatu

Egoera berezi-berezia bizi dugu eta egoera honetan etxekoen arteko harremanak derrigorrez eta ezinbestean biderkatzen ari dira. Baina egoera bitxia denez, berria denez, gauza batzuk aldatzeko parada ere ekar dezake horrek. Horien artean, hizkuntza ohiturak. Nik pista txiki batzuk baino ez ditut emango, ea funtzionatzen duen.

Bat: berba egin gaiari buruz. Orain astia dugu gauzak beste patxadaz, beste erritmoz hartzeko. Atera gaia eta egizue berba gaiari buruz. Zer ohitura duzuen aipatu eta zein izan nahiko zenuketen komentatu.

Bi: ni ez naiz futbolzale, baina badakit zer den jokoz kanpo bat, badakit jokalari batzuen izenak, badakit Espainiako liga gutxi gorabehera zelan doan eta abar. Zergatik? Ba, etengabe ari direlako horren inguruan berbetan gure inguruko komunikabideak. Honen inguruan ez dute berbarik egingo, ez horixe. Baina gure esku dago honen inguruan han eta hemen argitaratu dena ezagutzea: esate baterako, Irten hizkuntzaren armairutik liburua edo horren inguruan Amets Menikak egindako ikerketa-lana, Goza daiteke gehiago liburua edo Aldahitzen inguruan egindako ikerketak (batez ere, Eusleri buruzkoak) edo nik neuk soziolinguistika domestikoari buruz egindako artikuluak.

Hiru: gaiari buruz egin duzu berba etxekoekin eta gaiari buruz irakurri duzu gainetik. Ohiturak aldatzen hasi aurretik, begiratu dezakezu ea Emunek martxan jarri duen kontsultorioan zure kezka islatzen duen galderarik dagoen (eta ez badago, galdera ere egin zenezake, jakina).

Lau: adosteko garaia da, adosteko sasoia da. Zer eta zelan aldatuko duzuen adosteko unea heldu da, momentua heldu da. Ahalegindu izaten errealista, ahalegindu posiblea dena adosten. Ez jo oso goitik, baina ezta behetik ere. Neurritsu jokatu.

Bost: berba egin eta adostu ostean, praktikan jartzeko momentua da. Lasai, seguruenik gorabeherak izango dira, atze-aurreak, bai, baina erabakia hartu duzue eta esperimentatu behar duzue. Esaten dute, antza, egoerarik kritikoena 5-6. egunean etor daitekeela. Adi, beraz, eta adostu neurriak elkarren artean zaintzeko: bakoitzak zer nahi/behar/espero duen adosteko sasoia ere izan daiteke.

Sei: eutsi, eutsi eta eutsi. Gure ohiturak, errutinak eta abar aldatzea ez da erraza. Egia da okasio ederra dugula begien aurrean, egia da egoera berria dela denontzako, baina, hala ere, inork ez du esan erraza denik. Errotutakoa aldatzea ez da samurra izaten, baina posible da, askok egin dugu bide hori. Irribarreak laguntzen du honetan ere. Eta ez desesperatu, eutsi.

Zazpi: ez utzi gaia albo batera. Joan egunero-egunero aurrerabideak, oztopoak eta abarrak elkarrekin aditzen, elkarrekin partekatzen. Eta lorpenak ospatu etxealdian.

Zortzi: inoiz amaituko da etxealdia eta gauzak bere onera etorriko dira (edo). Hori gertatu aurretik, baina, harreman trinko eta estua izango dugunez egun hauetan, seguruenik errotu samar egongo dira ohitura berriak. Baina ez erlaxatu. Normaltasuna itzulitakoan jarraitu eusten ohitura berriei, ez zarete damutuko.

Eta bederatzi: etxealdian ikasitakoa/lortutakoa zabaldu etxetik kanpora antzeko bidea proposatuz inguruko lagun, ezagun eta lankideei.

Etxealdian soziolinguistika

2020-03-17  //  Etxealdia  //  Iruzkinik ez

Etxealdian soziolinguistika

Atzo euskaraz kontsumitzeko hainbat eta hainbat aukera eraman nituen blogera. Gaur, baina, blogaren gaira apur bat hurbilduz, soziolinguistikaren inguruan dauden on line aukera batzuk jarri nahi ditut denen eskura. Ea ba!

Bat aldizkaria

Online daude Bat aldizkari ia guztiak (azken lau aleak kenduta). Ikerketak, iritziak eta abar. Soziolinguistikan sakontzeko ezinbestekoa.

Horri lotuta, Soziolinguistika Klusterrak ere hainbat ikerketa egin ditu eta horiek online daude.

Hizneteko ikerketak

Hiznet gradu-ondokoan hainbat eta hainbat ikerketa egin dituzte bertatik pasatutako ikasleek. Gainera, oraintsu Habe liburutegiak horiekin egin du bilgune bat.

Habe liburutegia

Eta Habe liburutegia aipatu dudala, ba liburutegi hau nahiz eta fisikoki itxita egon, baditu hainbat zerbitzu martxan: eskatu daitezke aldizkarietako artikuluak, alerta sistema martxan dago eta abar.

Bestelako kontu batzuk ere badira han eta hemen. Adibidez, Allartean bloga, zuzeu-ko podcast hauek, Garabidekoen materiala, Sutondoko kontuak liburua (autobonbo lotsagarria izan arren) … besterik bururatzen zaio inori?

Etxealdian euskaraz kontsumitu

2020-03-16  //  Etxealdia  //  Iruzkinik ez

Etxealdian euskaraz kontsumitu

Etxealdia dugu Hego Euskal Herrian. Etxean denbora mordoa pasatu beharko dugu eta, bitarte horretan, euskaraz kontsumitzeko hari bat egin nuen aurrekoan. Itzelezko arrakasta izan zuen eta, hori dela eta, gaur, osatua eta ordenatua ekarri nahi izan dut blogera.

Ikusi

Mintzalasaiko lagunek nik baino hobeto jaso dituzte ikus-entzunezko edukiak, hala ere. Segi haiengana, fite!

Argiaren dokumentalen kanalean Netflix eta  multinazionaletatik urrun, hainbat aukera daude. Lander Arbelaitzek 30 dokumentalen aukeraketa egin du hari honetan.

Euskal Encondings-en, berriz, filmak, telesailak, marrazki bizidunak eta abar daude igota.

Euskal Telebistak badu nahieran zerbitzua eta hor ikus daitezke gura duzun moduan eta momentuan emandako saioak (saio batzuk: Euskalonski, Ur handitan, Herri txiki infernu handi, Itxi liburuak, …)

Hamaika telebistak (saio batzuk: Kolpez kolpe, Musika zuzenean, Hezurren memoria, Hiribaratzea, Lotsagabe) eta Kanaldudek (Harrisalda adibidez) ere badituzte antzeko zerbitzuak.

Eliburutegian ere badira hainbat film ikusgai.

Irakurri

Booktegi euskarazko liburu elektronikoen bilgunea da.

Susa argitaletxeak bere katalogoko hainbat libururen ebook-a ere badu sarean. Gainera, deskargatuz gero, doan egin zenezake edo, osterantzean, ordaindu.

Euskarazko prentsa oso interesgarria da. Argia eta Berria jarraipen bereziak egiten ari dira, baita tokiko hedabideak ere. Eta ez ahaztu aldizkari espezializatuak: Elhuyar zientzia aldizkaria, Gaztezulo, Ttap aldizkaria eta abar.

Eliburutegian ere badira euskarazko liburuak irakurtzeko aukerak.

UEUk Buruxkak zerbitzuan euskarazko hainbat liburu ere baditu online, baita EHUk ere.

Entzun

Irrati gehientsuenak entzun daitezke online: Euskadi irratia, Naiz irratia, Gaztea, Bilbo Hiria irratia, Euskalerria irratia, Xiberoko Boza, Irulegi Irratia, Gure irratia, …

Sarean ere han eta hemen podcast-ak daude: zuzeu-renak izan daitezke txukunenetakoak.

Arrosa sarea osatzen duten irratiek ere podcast-ak eskegiten dituzte (nik asko maite dut, adibidez, Zebrabidea edo Berbaz).

Literatura ere entzun daiteke, adibidez, Xerezaderen artxiboan.

Badok zerbitzuan ere entzun daitezke euskarazko kantuak.

Jokatu

Euskarazko hainbat bideo-joko daude Game Erauntsia webgunean.

Atopiakoek lehen euskarazko rol jokoa jarri dute online.

Hizkuntzarekin jolasean webgunean ere badira hainbat eta hainbat aukera olgatzeko.

Etxean olgetan zerbitzua jarri du martxan Arrasateko Olgeta dendak.

Ez da jokoa, baina, tira, Aiaraldekoek egingo dituzte zunba saioak zuzenean.

24 / 140«Aurrekoa102023242526304050Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA