Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Gure kultura soziolinguistikoa (2)

2018-06-25  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Gure kultura soziolinguistikoa (2)

Gure kultura soziolinguistikoa (1)

Eta zelan astindu uste soziolinguistiko horiek? Zelan astindu uste horiek gorpuzten dituzten portaerak? Zaila da erantzutea, baina Pello Jauregiren berba eta idatzietan oinarrituko naiz horri erantzuntxo batzuk emateko.

Batetik, ulertu behar dugu zelan eraikitzen diren hizkuntza-arauak eta, hortaz, hizkuntza-ohiturak. Pello Jauregiren berbetan,

Harreman zirkular batean, subjektuek eraikitzen dute hizkuntza-araua, eta, atzera, hizkuntza-arauak erregulatzen ditu subjektuen beraien hizkuntza-jokaerak.

Hizkuntza-ohitura da subjektu batzuek komunean duten hizkuntza-arau baten araberako jokaera automatikoa. Eta hizkuntza-ohituraren aldaketa da subjektu batzuek hizkuntza-araua moldatzeko edo iraultzeko komunean egiten duten saiakera.

Bestetik, kultura edo uste soziolinguistiko horiek gehien bat aurreiritziak dira. Baina aurreiritziei ez zaie aurre egiten berbekin, praktikarekin baizik. Aurreiritziak praktikaren bidez gainditzen dira, praktika soziolinguistiko berriekin gainditu ditzakegu gure aurreiritziak. Pello Jauregik dioenez, Lasarteko Irten armairutik ekimenean ahobiziek gehien erabiltzen zuten berba euren testigantzetan “konturatu” zen.

Hirugarrenik, praktika berriak berak sortzen du motibazioa. Pello Jauregik hobeto azaltzen du:

Erabiltzen denak funtzioa du, balioa du, praktikotasuna du, zentzua du. Erabilera handitu ahala neurri berean handitzen da haren balioa erabiltzailearentzat. Zentzu horretan esan daiteke erabilerak berak baldintza egokiak sortzen dituela are gehiago erabilia izateko.

Hortaz, kultura soziolinguistiko berria sortzeko bide bakarra praktika berriak sustatzea da. Ahaztu barik, orain arteko praktika batzuk mantendu beharko ditugula. Izan ere, honakoa ez dugu ahaztu behar: “euskara Mendebalde zuriko parte honetan XXI. mendera iritsi bada milaka lagunek noizbait haren aldeko hautua egin dutelako izan da” (Idurre Eskisabel).

Gure kultura soziolinguistikoa (1)

2018-06-18  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Gure kultura soziolinguistikoa (1)

Gure kultura soziolinguistikoan, hau da, gure jendartean errotuta dauden uste soziolinguistiko maioritarioetan, zer dago errotua? Oraingo honetan, batez ere, hizkuntza ohituren inguruan arituko naiz (bestelako uste soziolinguistiko asko daude hortik zehar).

Horretarako, Pello Jauregik Irten armairutik liburutik atera duen taula bati egin nahiko nioke jaramon. Horrek, nire ustez, gutxi asko (hartu behar da aintzat aitortutako datuak direla eta, seguruenik, desbiazio bat izango dute datuek) gure kultura soziolinguistikoan errotuta dauden uste asko uzten du agerian:

Erabilera aitortua
OOO 81,9
NOO 76,3
OON 49,6
ONN 35,9
ON(N) 24,5
O(N)(N) 13,3

 

Azalpen batzuk behar ditu taula honek:

  • Bikoteko harremanei buruzko datuak dira honako hauek. Lasarten parte hartu zuten ahobiziek honako erabilera hauek aitortu zituzten ahobizi izaten hasi aurretik.
  • Lehen taulak honako hau adierazten du. Lehen letrak (Ondo edo Nahiko) ahobiziaren gaitasunari egiten dio erreferentzia. Bigarren eta hirugarren letrek, ostera, ahobizi bakoitzak aukeratutako 20 solaskideen gaitasunei egiten die erreferentzia: bigarrenak ulermenari egiten dio kasu eta hirugarrenak mintzamenari. Parentesi artean egonez gero, gaitasun oso mugatua duela  adierazten du.

Horra hor azalpenak. Orain horren gainean neuk egindako irakurketak:

  • Argi ikusten da solaskideen gaitasunak eskastu ahala erabilera ere jaitsi egiten dela, nabarmen jaitsi ere. Hortaz, euskaldunok ez gaude ohituta gaitasun eskasa duen jendearekin euskarari eusteko. Gaitasuna behar bestekoa ez dela ikusi orduko, gehienok erdaretara salto egiten dugu.
  • Gaitasuna altua den kasuetan, euskaldunak oro har leial jokatzen dute euskararekiko (behin eta berriro agertu da datu hau kale erabileren neurketetan, batez ere Txillardegiren eredu matematikoari jarraituta): 10etik 8tan euskaraz egiten dutela esaten baitute.
  • Hala ere, Lasarteko ahobiziek (ez da ahaztu behar, jokaerarik euskaltzaleena duten pertsonez ari garela) aitortzen dute 10etik 1ean euskaraz egiten dutela oso gaitasun eskasa duten pertsonekin. Kopurua, agian, gehiegizkoa da, eta errealitatean txikiagoa da, baina badirudi oinarritxoa badagoela kultura soziolinguistiko hori aldatzeko.

Aste honetan, gure kultura soziolinguistikoaren zati baten berri. Hurrengo astean, hori aldatzeko bideez edo intuizioez.

Deitado frente ao mar, Celso Emilio Ferreiro

2018-06-11  //  Poema soziolinguistikoak  //  Iruzkinik ez

Deitado frente ao mar, Celso Emilio Ferreiro

Ekaineko poema soziolinguistikoa Galiziatik dator. Celso Emilio Ferreirok idatzi zuen “Deitado frente ao mar” poema. Hona hemen Dios ke te crew taldeak egindako bertsioa:

Joseba Sarrionandiak ekarri zuen euskarara poema hau:

ITSASOAREN AURREAN ETZUNIK...

 Ene herriko hizkuntza proletarioan
 Berez mintzo naiz, gustatzen zaidalako,
 Erizten diodalako, nahi eta gogoa dudalako;
 Barrutik sortzen zaidalako, gorbata jantzita
 Beren arbasoekiko amodioa eusten,
 Hilik dauden beren aitaiten hizkuntza,
 Ama hizkuntza mintzatzen
 Eta aurpegia altzaturik
 Lengoaiako marinelak, laborariak,
 Arraun eta area, edo branka
 Eta goldea izaten ez dakiten
 Sustrairik gabeko xalapartari tipiak,
 Hainbeste ergel deserrotu ikustean
 Hondatzen nauen tristura mingotsaren
 Sakonetik
 Sortzen zaidalako.

 Berez mintzo naiz, gustatzen zaidalako
 Eta gureekin egon nahi dudalako, gure jendearekin,
 Beste hizkuntzan kondaturiko historia bat
 Luzaroan sufritzen duten gizon onen alboan.

 Ez naiz mintzo handikientzat,
 Ez naiz mintzo doilor eta boteretsuentzat,
 Ez naiz mintzo harroentzat,
 Ez naiz mintzo ergelentzat,
 Ez naiz mintzo hutsentzat;
 Etengabeko gezurrak eta zuzengabeak
 Sendoro jasatzen dituztenentzat mintzo naiz;
 Begi biluzien mitxeleta, su
 Eta haizezko eguneroko negarra
 Izerdiz eta malkoz darienentzat.
 Ezin ditut ene hitzak munduan
 Sufritzen ari diren guziengandik aldendu.

 Eta zu munduan bizi zara, lur gurea,
 Gure leinuaren seaska,
 Galizia, Espainetako min gozoa,
 Itsasoaren aurrean etzunik, bidean...

Aipamenak aipatuz

2018-06-06  //  Aipuak  //  Iruzkinik ez

Aipamenak aipatuz

“Komunitatea berba autoantolaketarako gaitasunaren sinonimo da”

Raul Zelik

“Noizean behin, konplexurik gabe jokatzeko baimena eman behar diogu geure buruari, eta fikzioa, behintzat, euskararen territorio libre bihurtu”

Gorka Lazkano

“(Jende) kategoriak neurtu eta ebaluatu beharrean, (hizkuntza) praktikak neurtu eta ebaluatu behar dira. Bestela esan, gure iritziz errealitate soziolinguistikoa eraldatzen lagunduko diguten ikerlanek hizkuntza praktiketara jo behar dute eta praktiketan eragiteko politikak ebaluatu behar dituzte”

Eduardo Apodaka eta Jordi Morales

“Hizkuntza nazionalak dira mitologia nazionalistak dioenaren justu kontrakoa: ez dira nazioen oinarririk sendoenak, nazioa eratzearen prozesuko produktu gutxi gorabehera artifizialak baizik”

Tom Nauerby

“Euskal soziolinguistika maila teorikoan maila aplikatuaren gibeletik joan da eta euskara-teknikariek, hizkuntza-dinamizatzaileek nahiz haurren euskararen erabileraren sustapenean diharduen eragile orok bi hamarkada luze daramatzate hizkuntza-transmisioaren alorrean lanean teoria soziolinguistiko egoki baten itzalik gabe”

Paula Kasares

“Nola aukera daiteke euskara ez badago hautagai? Euskara aukera librea ez delako, euskara hautatzera kondenatuta gaude”

Lorea Agirre

Euskara elkarteek zer lortu dute?

2018-06-04  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Euskara elkarteek zer lortu dute?

Gaurkoan izenburuak tranpa dakar. Ez diot inola ere erantzungo izenburu horri post honekin. Izan ere, post hau autobonboa da, autobonbo hutsa ia-ia.

Izenburuko galdera horri erantzuteko doktoretza-tesia egiten ari naiz orain dela ia bi urtetik. Orain arte, batez ere alderdi teorikoa “armatu” dut, eraiki dut, liburu eta artikuluak irakurriz eta haiei entresakak eginez.

Gutxi asko (beti itzuli beharko da berriro alderdi teorikora) amaituta dago eta orain hasi naiz alderdi praktikoari haginka egiten. Alderdi praktikoan hiru ariketa egin nahi ditut: edukien azterketa, sakoneko elkarrizketak eta, beharrezkoa balitz, kontrasterako galdetegi bat.

Eta gozatzen ari naiz, batez ere sakoneko elkarrizketekin. Orain arte dozena erdi elkarrizketa egin ditut eta aprobetxatu gurako nuke hemendik horiei guztiei eskerrak emateko. Sekulakoa izaten ari da ikasten ari naizena, biba zuek!

Aurrerantzean tesiari kuku batzuk egingo dizkiot blogean, baina, tira, hau ez da izango Julen Iturberen bloga, jakina, baina tira, aipatuko ditut, tarteka bada ere, tesiari buruzko kontu batzuk.

Komunitatea ostera ere

2018-05-28  //  Sailkatu gabea  //  3 iruzkin

Komunitatea ostera ere

Dei nazazue inozoa, agian arrazoia izango duzue, baina ezin badut mundua aldatu, metro koadro bat behintzat aldatuko dut.

Dei nazazue idealista, agian arrazoia izango duzue, baina ezin badut bide osoa egin, urrats bat behintzat emango dut.

Oier Guillan

Zorionez, hizkuntza egitate komunitarioa da guztiz. Baina horrek ez du esan gura norbanakook eragiterik ezin dugun. Azken finean, komunitatea pertsonok osatzen dugu, ezta?

Beraz, aldaketa sozialean hainbat faktorek eragiten du, baina, azken finean, mentalitate aldaketarekin hasi egin behar da, norbanako zein kolektiboen mentalitate aldaketarekin. Pentsatu eta sentitzen dugun formak jarduten dugun forma baldintzatzen du. Eta portaera indibidual zein kolektiboen aldaketek eragin eta aldatzen dute gradualki praktika sozialak egituratzen dituzten arau eta instituzioak. Izan ere, kontuan hartu behar dugu guk nahi duguna (euskaltzaleok nahi duguna) ez dela kabitzen legeetan (ezta balizko gure estatuaren legeetan ere).

Muskulatura gehitu behar dugu, entrenatu behar dugu, aldaketak sakonago eta errotuago egiteko. Baina kontuan hartu behar dugu jende nukleo batek maila nahikoa badu kontzientzian, gaitasunetan zein praktiketan (edo portaeretan), eta batzeko erabakia hartzen badu, sorrarazten duen dinamika areagotu egiten dela. Eta, hortik, imitatu beharreko ereduak sortzen dira. Eta horrekin, gainera, egunero eraikitzen ditugu burujabetza txikiak, egunero autodeterminatzen gara (apur bat bada ere).

Baina, kontuz, komunitatea ere imajinarioa da, sortu eta birsortu egiten da egunik egun. Adibidez, Bernice Reagon historialari afroamerikarrak honako hau dio: “lurraldeak baino, kantek batzen dute gure komunitatea”. Gure komunitatea, gure lurraldea, gure identitatea sortu eta birsortzen ere lana egin beharko dugu, inoiz.

Hizkuntza praktikak vs. hiztunak

2018-05-21  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Hizkuntza praktikak vs. hiztunak

Bat aldizkariaren 104. zenbakian Eduardo Apodakak eta Jordi Moralesek oso artikulu mamitsua idatzi dute: “Hiztun kategorietatik hizkuntza praktiken erregistroetara: erabilera sustatzeko neurriaren bila”. Egin nezakeen artikuluaren laburpena, egin nezakeen kritika edo alabantza. Baina, ez bata ez bestea: amua jarri baino ez dut gura, eta artikuluko entresakarik deigarrienak izan daitezkeenak baino ez ditut batu. Horra hor:

Baina, hizkuntza orotako kideek badute testuinguru linguistikoaren berri, badituzte errealitate sozio eta demolinguistikoaren zenbait datu eta badute horien gaineko iritzirik eta baloraziorik. Halabeharrez bertan jardun behar dutelako. Datu edo ezagutza horiek, bistan da, ez dira soilik adituen ikerketen metodoen bidez lortu, bestela, bizibeharrez, lortu behar dituzte eta. Izan, lan hura lan soziala da: eguneroko berriketan eta solasaldietan sortu eta landu egiten den “egoerako definizio-diagnostiko-ebaluazioa”.

Helburuak ez luke izan behar euskara dakien jendea, subjektiboki hartarako motibatua, baizik eta euskaraz egiten diren jarduerak eta horretarako aukera objektiboak.

Ikerketen eta interbentzieon helburua erabilera sustatzea bada, ikerketa-gaia euskaraz egiten diren jarduerak eta horretarako aukera objektiboek beharko lukete.

Neurriek honakoak izan beharko lukete: praktikak sustatu, erraztu, ikusgarri egin, hedatu, normaldu, eta neurtu, zenbatu, ebaluatu. Testuinguru horretan nabarmendu dugu jakintza adituak biziki eragiten diola jakintza arruntari.

Kategoria praktikatik (euskaraz egitetik) askatuta, etiketa sozial huts bihur daiteke eta, ondorioz, auto-aurkezpenerako eskuragai diren beste ikur, zeinu edota jokamoldeen bitartez aiseago eskuratuta.

Ikerketa soziolinguistikoek eragin zuzena dute jendeak egoera soziolinguistikoaz pentsatzen (eta sentitzen eta egiten) duten guztian. Eta, beste aldetik ere, arrunt zabaldu diren ideiek, edo mugimendu ideologiko aktiboek defendatzen dituzten burubideek, eragin handia dute ikerketa teknikoetan.

Aldaketa, esan bezala, praktika eta metapraktika berriak zabalduz egin behar da, arian-arian zirkulua hautsiz, eta horrela dispositibo berriak altxatzen hasita.

Praktikarekin batera metapraktika aurkituko dugu beti; alegia, jardutearekin batera, jarduteko jakintza eta sena.

Tosepan 7

2018-05-14  //  Tosepan  //  Iruzkinik ez

Tosepan 7

Badira hiru aste Cuetzalanetik itzuli naizela. Eta bada garaia Tosepaneko serieari amaiera emateko. Behin-behineko amaiera gutxienez. Dagoeneko martxan dira diseinatu genituen lau planak, dagoeneko martxan da Tosepanen biziberritzea gidatuko duen talde motorra, dagoeneko Lizbeth Sanchez Ortiz hango hizkuntza aholkulari da.

Ordutik hona, euskal herrietako zurrunbilora ohitzen ari naiz (ohitzeko beta handirik ez nuen izan, heldu eta berehala lanean, baina tira). Eta bada sasoia askok egin didaten galderari erantzuna emateko (edo erantzun bat zirriborratzeko behinik behin). ZER IKASI DUZU MEXIKON, TXERRA?

Mila gauza ikasi ditut, mila, baina hori erantzunda inork ez dit bakean uzten. Gauza batzuk esan behar ditut, beraz.

Lehenik eta behin, Tosepan proiektu eredugarria ezagutzea izan da ikaspen handienetako bat. Burujabetzak berreskuratzen ari dira Tosepanekoak, autonomia ardatz eta autoeraketa bide. Burujabetzak bai, elikadura, energia, segurtasuna, ekonomia, kultura, lurraldea eta … , jakina, hizkuntza burujabetza. Komunitatea antolatu horiek guztiak (berr)eskuratzeko, hori da Tosepan bi berbatan.

Bigarrenik, han bizitakoak nire lan jarduna aztertzeko balio izan dit. Zer egiten dudan, zer egiten dugun, zelan egin behar dugun, … Eta edozein hizkuntza planak behar dituen hiru arrakastarako faktoreak aztertu: pertsonen konpromisoa, entitatearen konpromisoa eta, zelan ez, konpromiso teknikoa. Behin eta berriro aztertu, behin eta berriro aintzat hartu.

Hirugarrenik eta azkenik, eta Txepetxengana itzuliz ostera ere, sormenaren garrantziaz ohartu naiz Cuetzalanen. Hizkuntza baten biziberritzearen muina sormenak duela gero eta argiago daukat. Baina ez normalean aipatzen den sormenaren definizio mugatu hura: sormena literaturan bai, sormena zineman bai, sormena musikan bai, baina baita zientzian, egunerokoan, fiosofian, lanean eta abarretan ere. Euskaraz sortzea, alegia, euskaratik eta euskaraz gurago bada.

Horiek ikaspenak. Eta buruan dabilzkidan beste kontu batzuk ere bai. Esate baterako, identitatea eta kosmobisioaren garrantzia. Zer da identitatea? Zelan landu norgintza? Zelan edukiz bete identitatea?

Edo beste hau: nondik elikatu gure ametsak? Iraganetik? Etorkizunetik? Orainetik? Zer pauso eman behar ditugu bizitza hobe baten bila? Zer garrantzia du hor hizkuntzak?

Edo beste hau: zelan deskolonizatu burmuina? Zelan atera gure poroetatik neoliberalismoa eta gurasokeria?

Edo azken hau: zelan artikulatu norbanakoa eta komunitatea, batak bestea ito ez dezan? Zelan?

Hori izan da guztia Cuetzalandik, hori izan da dena momentuz. Itzuliko naiz bihar edo etzi. Eta, orduan, beste iruzkin batzuk ekarriko ditut blogera (edo ez). Aurreko kronikak irakurri nahi baduzue, hemen dituzue denak:

Tosepan 1

Tosepan 2

Tosepan 3

Tosepan 4

Tosepan 5

Tosepan 6

Artisau

2018-05-10  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Artisau

Bakearen artisauak agertu zitzaizkigun iaz indartsu. Horren harira, nik twitterren euskalgintzaren artisauak #kontzeptugisa txio laburra igo nuen. Horri lotuta, bati baino gehiagori aditu diot euskalgintzetako lanak artisaugintzaren tankerakoak direla. Tira, ez dakit horrenbeste den …are gutxiago irakurrita wikipediak ematen duen definizioa:

Eskulangintza edo artisautza industriatik kanpo eginiko produktuen ekoizpena da, manufaktura ez dena. Eskulangile edo artisauak ekoizpenaren maila guztiak betetzen ditu eta, sarri, salmenta bera.

Baina …egia da gurea patxada eskatzen duen aktibismoa (edo lana) dela, egia da gureak konpromisoa dakarrela, egia da gurea ezberdina dela … eta egia da ere artisautza berba modan dagoela (artisau produktuak modan daudela esatera lartxo da, ezta?).

Patenteak

2018-05-07  //  Sailkatu gabea  //  3 iruzkin

Patenteak

Patenteak dira aurkikuntza egin duen pertsonei Estatuek ematen dizkioten eskubideak. Eskubide horien bidez, pertsonak aurkikuntza hori propio ustia dezake, hau da, beste inork erabilita hari ordaindu behar dio.

Hori da patenteen definizio aseptikoa, esan dezagun. Baina benetan gaur egun ia edozer patentatu daiteke gure bizitza honetan. Baita artefaktu kolektiboenak ere. Esate baterako, hizkuntzak. Patentatu gura duten “antropologo” linguistiko askotxo dabil munduan barrena, Linda Tuhiwai maoriak bere liburu gogoangarrian aipatzen duen bezala.

Horietako batzuk, patentegile batzuk, linguistika deskriptiboaren mozorroan ostendu egiten dira (ez dakit noren aipua den hau, gaztelaniazkoa “La lingüística descriptiva es lingüística destructiva”). Azken finean, euren helburua da hizkuntza bat jasotzea, hizkuntza baten aldaerak jasotzea. Helburu maitagarria izan daiteke, baina gaur eta hemen, gaur eta hor, gaur eta han, horiek ez badute balio hizkuntza horri etorkizuneko bideetan barneratzeko, zer zentzu du horrek? Zertarako demontre balio du horrek?

Linda Tuhiwaik aipatzen duenaren harira, maoriak dira munduan ikertuenak izan direnak. Baina ikerketa horiek guztiek (edo gehienek, behinik behin) zertan lagundu dioten maorien herriari? Zertan?

Hizkuntza lankidetza bidaia baten ostean sortutako burutazio batzuk … (izenburua neoliberalismoa hizkuntzen plazan izan zitekeen ere)

34 / 140«Aurrekoa10203033343536405060Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA