Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Hautua, Jose Luis Otamendi

2018-03-15  //  Poema soziolinguistikoak  //  Iruzkinik ez

Hautua, Jose Luis Otamendi

Jose Luis Otamendi, Kapital publikoa liburuan Hautua izeneko poema hau argitaratu zuen. Martxoko poema soziolinguistikoa.

Hautua

aterpe herbala du jendeak munduan bere hitzak gabe

zelan adierazi behar du minen duena

zelan hostogabetuko egutegiak

eta zelan azaldu beste fase batera

egin nahi lukeela jauzi

joko arriskuz bete honetan…

eta inork badio geu izateko

geure hitzez beste egitea dela bidea

esango diot neuk nahi dudala

hautatu neure galbidea

ez naizela inoiz izango

maite ez dudan ortzi baten txori kantaria

eta behartuta ez bada

ez naizela biluztuko

neure gogoaren kontra inoren aurrean

 

euskaraz bizi nahi izaten dut batzuetan

ehuneko handi samar batean

badakit ni ez naizena ez hizkuntza bat

ez bandera bat ez herri bat:

ni bakarrean ezer gutxi den euskalduna naiz

bakarrean ezer gutxi naizen euskalduna da ni

ez guardasol bat adina

ez errezeta bat besteko

ez abesti baten erdia

ehuneko handi samar batean

euskaraz bizi naizen euskalduna naiz

eta batzuetan zeharo harritzen nau

euskaraz bizi nahi izateko aukera izateak

 

ez dut euskararik behar bizitzeko

bizitzeko airea behar dut

arnasa hartu hainbat bider minutuko

bihotzak gorputzeko zokorik urrunenera

odol neurri bat punpa diezadan behar dut

eta gero beste hainbat osagarri:

lagunartea elkartasuna sexua asti pixka bat…

baina euskara ez dut den mendrenik ere behar

bizi ahal izateko

gosea eta egarria asetzea bai

estalpea giro ez denean

demaseko hotzari eta beroari aurre egitea…

gero bestelako alderdiak ere badira

nola diren jendetasun neurri doia

eta gauza ederren itxaropena

baina euskara ez dut behar bizitzeko

 

mintzo naizen euskara

idazten dudan euskara

ametsak eragin eta inoiz loa galarazten didan hori

hautu libre bat da niretzat

bizitzea ez bezala…

bizi ahal izateko

maitasuna gorrotoa eta lana

agian beharko ditut noizbait

baina euskararik ez dut inoiz beharko bizitzeko

eta hain juxtu

ehuneko hainbesteko batean

bizi nahi dut euskaraz

derrigorrik ez dudalako

 

bizi naiteke beste hizkuntza batean

eta hala bizi naiz ehuneko esanguratsuan

baina nik euskaraz bizi nahi dut

portzentaje handiagoan hala nahi badut

edo portzentaje txikiagoan gogoak ematen badit

ez hobea izango naizelako hala

ez inoren on-gaitzak osatuko direlako horrekin

baizik eta nazio puska txiki bat naizelako

eta ni naizen nazio zatitxoa izateko

ehuneko hainbesteko batean

euskaraz bizi nahi dudala deliberatu dudalako

horren derrigorrik ez dudalako naiz euskalduna ni

 

bakarrean ezer gutxi den euskalduna naiz

bakarrean ezer gutxi naizen pertsona da ni

eta hitzek beti naramate norbaitengana

Hedabideak arnasgune?

2018-03-12  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Hedabideak arnasgune?

“Euskararen bizberritzea: marko, diskurtso eta praktika berriak birpentsatzen” liburu mardul bezain interesgarria da. Eta niri bereziki interesgarriak egin zaizkit Alberto Barandiaran eta Gorka Salcesen artikulu biak.

Alberto Barandiaranek honela hasi du berea: “Izan daitezke hedabideak, edo sare sozialetako interakzio multzoa osoatzen duen joan-etorri aske iheskor eta antzemangaitza, euskararentzako arnasguneak?”. Eta jarraian arnasgunea bera zer den definitzen du:

Hizkuntza ez hegemonikoek toki edo eremu ahaldunduak behar dituzte arnasa hartu eta garatzeko, itota bizi baitira bestela. Hizkuntza, arnasguneetan, bizi ez ezik, biziberritu egiten dira.

Hizkuntzaren bizi-seinaleak, arnasguneetan, existentzia hutsaren adierazle diren taupadak izatetik, grina, indarra eta bulkada berritzailearen arnas kolpe biziak izatera igaro daitezke.

Gorka Salcesen artikuluak ere mila gai eta burutazio piztu du neure buruan. Adibidez,

Euskarazko kazetaren zirkulazioa (1.000 biztanleko ale kopurua) ez dago hiztun-dentsitatearen mende, eta zabalkunde-tasarik altuenak dentsitate oso baxuko herrietan ematen dira.

Euskararen tamainako komunitate batek ba ote du kapitalik esparru guztietan eduki mediatikoak ekoizteko?

Euren identitatearen parte den eta galdu nahi ez duten euskarari ainguratzeko bidea dira hedabideak, eta hiztun komunitatearekiko lokarria eskaintzen diete, hots, arnasgune ez fisiko bat.

Gazteari buruz ere jardun du Gorka Salcesek:

Hainbat hiztun potentzialek euskararekin egunero duten kontaktu bakarra irrati kate horrekiko esposizioa da.

Publiko aldetik arrakasta nabarmena duen Gaztearen moduko mila Vietnam piztea litzateke helburua, erdara nagusi den testuinguruetan euskararen arnasgune izango direnak.

Euskarazko ETBko kateak ere izan ditu mintzagai Gorka Salcesek:

Erabakimen propiorik gabe besteek egiten duten kopiatzea egozten diote ETBri. Batzuen zein besteen hausnarketek agerian uzten dute eduki-aukeraketa autorreferentzialaren aldeko apustua egin beharra dagoela, alegia, euskaratik eta euskaraz sortutako produktu propioak ekoiztearen aldeko apustua.

Eragin linguistikoaren ebaluazioaz

2018-03-05  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Eragin linguistikoaren ebaluazioaz

Eragin linguistikoaren ebaluazioaren gaineko formazio saio izan genuen orain ez asko Emunen. Tresna ezagutu genuen eta haren gainean jardun genuen berbaz. Eta gauza batzuk geratu zitzaizkidan buruan.

Batetik, Eneko Gorrik Argia aldizkarian esan zuen esaldi bat etorri zitzaidan burura: “Hizkuntza politikak baino, bestela politikak eraginkorragoak dira hizkuntza biziberritzeko zein mintzaldatzeko”.  Hortaz, ELEk dakarren berritasun nagusia da hizkuntza politikak ikuspegi holistikotik hartzen dituela, zeharlerrotasuna bultzatzen duela, hain zuzen ere.

Bestetik, proiektu batek eragin linguistiko positiboa ere izan dezake. Eta, nire ustez, horiek ere neurtu eta identifikatu beharko lirateke. Izan ere, tresna horrek ez ditu horiek kontuan hartzen. Horrelako ereduak, nire ustez, zabaldu eta besteei ere erakutsi beharko genieke.

Hirugarrenik, terminologia ere zaindu beharko genuke. Tresnaren barruan bada indize bat, hauskortasun indizea deituriko. Indize horrek, gutxi gorabehera, neurtzen du herri batek zer gaitasun duen aldaketa sozialen aurrean hizkuntzari eusteko. Eta hori zer eta hauskortasunaren bidez adierazi! Nire ustez, indize berari indar indizea deitu dakioke, edo euskararen babes indizea edo …

Hausnarketa eta gogoeta xume batzuk baino ez dira hauek. Gaian sakondu nahi izatera, badago sarean materiala (adibidez, oso interesgarria da Aldiri aldizkariaren 32. zenbakia)

Arau linguistikoa

2018-03-01  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Arau linguistikoa

Ane Larrinagak oso artikulu mamitsua argitara eman du: “Euskararen aldeko mugimenduaren bilakaera. Interpretaziorako proposamen bat” izena du eta Anuario de Eusko Folkloren ikusi du argia. Artikulua zeharo mamitsua bada ere, nik arau linguistikoari buruz esandakoa azpimarratu eta hona ekarri dut. Iruditzen zait, benetan, oso ondo azaltzen duela arau linguistikoa (edo beste hainbatetan arau soziala deitutakoa) zertan den.

Arau linguistikoa, beste arau sozial gehienak bezala, ez dago inon idatzita, baina horrek ez dio eraginkortasunik kentzen. Truke linguistikoa non, han agertzen da indar handiz hiztunen arteko eguneroko interakzioa arautzen, hizkuntzen arteko ukipena dagoen egoera sozial orotan. Arauak barnean hartzen ditu bai hizkuntzaren kategorizazio hierarkikoa, bai kategoria horiei dagozkien emozioak ere, lotsa eta konfiantza eza, sarri, hizkuntza gutxituaren kasuan. Denbora luzean jarraitua izan den sozializazio ez-formal, lauso eta egunerokoaren bitartez euskal hiztunek barneratu dituzten prestasun inkontzienteetan hezurmamituta agertzen denez araua, euskaren aldeko mugimenduaren eginkizunetako bat izan da euskal hiztunei erakustea arau horren izaera arbitrarioa, eta haren aurkako praktikak bultzatzea. Euskal hiztuna eguneroko egintza eraldatzailean inplikatzeak, jakina, arau nagusiak ezarritako ezagutzazko eta emoziozko osagaien subertsioa eskatzen du, besteak beste, hizkuntza subordinatuaren erabilerari buruzko emozio positiboak sorraraztea.

Mudak, mudantzak eta aldaketak

2018-02-26  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Mudak, mudantzak eta aldaketak

Bagabiltza orain dela urte batzuetatik hizkuntza ohituren gaineko ikerketak egiten han eta hemen. Gero eta gehiago dakigu fenomeno horri buruz (nahiz eta oraindik asko den falta zaiguna jakiteko). Bat aldizkariaren 104. zenbakian muda eta mudantza linguistikoen gaineko oso artikulu interesgarriak datoz.

Pujolar eta enparauek honela definitzen dute muda:

“Muda” kontzeptua izaki bizidunek euren itxuran edo ezaugarrietan, normalean bizi-ziklo zehatzetan, izan ohi dituzten aldaketekin lotzen da. Egon daitezke aldaketa oso esanguratsuak eta luzerakoak hizkuntzari eta identifikazioari dagokionez, baina, badaude une eta testuinguru zehatzei lotutako aldaketak ere. Hizkuntza aldatzea identitate sozialaren eguneroko kudeaketaren zati da.

Eta horri lotuta,

Muda linguistikoa deitzen diogu, funtsean, azken aldaketa mota horri: pertsona bat gizartean ordura arte erabiltzen ez zuen hizkuntza hitz egiten hasteari, edo jende ezagunarekin edo testuinguru jakinetan hizkuntza aldatzeari, edo ordura arte egoera jakinetan hizkuntza erabiltzeko aukeran eragiten zuten arauak aldatzeari.

Estibaliz Amorrortuk, Ane Ortegak eta Jone Goirigolzarrik, ostera, euren artikuluan mudantza egin duten eta egin ez duten hainbat hiztun mota identifikatzen dituzte. Batetik, baldintza mesedegarrietan muda egonkorra egin duten hiztunak leudeke:

Partaide horiek testuinguru mesedegarrian (euskaldunak %60 baino gehiago diren testuinguruan) bizi dira eta sare asko eta esanguratsuak dituzte, familia, lagunak, lankide/ikaskideak eta askotan bikotea eta seme-alabak barne.

Euskararekiko kontzientzia handia, konpromisoa eta jarrera proaktiboa erakutsi dute hartu dituzten erabakietan.

Bada ere baldintza oztopatzaileetan muda egonkorra egin duen hiztunik:

Baldintza mesedegarrietan euskararekiko atxikimendua eta jarrera proaktiboa beharrezko ikusi baditugu, testuinguru oztopatzailean bizi direnen artean ezinbestekoa da. Gure partaideek erakutsi digute bakarrik euskara-bidezko sare esanguratsuak eta jarrera proaktiboa, konpromisoa eta aparteko ahalegina eginda lortu daitekeela euskaldunekin topo egitea ohikoa ez den testuinguruetan muda egitea.

Testuinguru oztopatzailean (euskaldunak %30 baino gutxiago diren testuinguruan) umetan edo nerabea zela muda egin duen gazterik ez dugu aurkitu. Ostera, aurkitu dugu tarteko testuinguruan (euskaldunak %30-60 dira) muda egonkorra egin duenik eta testuinguru oztopatzailean bizi izanda muda erabatekoa ez baina lehen urratsak eman dituenik.

Kanpoko presioaren eraginez, muda egin duenik ere bada bazterrotan:

Orain arte aurkeztutako kasuetan garbi lotu da zeinen garrantzitsuak diren, muda egonkorra egon dadin, jarrera proaktiboa, kontzientzia eta barneko motibazioa. Hala ere, gure partaideen artean badago, baita, neurri baten, funtzio edo egoera batzuetan, euskara asko erabiltzen duenik, nahiz eta kontzientzia epela izan eta jarrera erreaktibo handia erakutsi. Kasu horretan kanpoko presioak eraginda eman dutela pausua ikusi dugu, edo testuinguru euskaldunari erantzuten diotelako, edo lana dela-eta behartuta, edo eraginda, sentitzen direlako. Zalantza dago partaide horiek behin betiko benetako muda egin duten eta beldur gara kanpoko presiorik gabe alderantzizko muda egingo ote luketen eta funtzio eta egoera horietan erdararako joera hartu berriro.

Muda egin nahiko lukeen hiztunik ere bada, nahiz eta horiek muda egitea lortu ez:

Ez dute lortu muda-prozesuan pausu argiren bat ematea ere, jarrera proaktiboa erakutsi arren.

Gutxiengoko euskararen erabilera bermatzen saiatu direla erakusten dute erabili dituzten estrategia batzuek. Baina momentu horiek oso puntualak dira, ez dute lortu sare esanguratsu baten ere euskarak lehentasuna izatea, eta, ondorioz, egunerokoan oso gutxi erabiltzen dute.

Argi daukate zeintzuk diren oztopoak: testuingurua eta gaztelaniaren presioa, erosotasunarekin lotzen dute gaztelaniaren erabilera. Beste alde batetik, haien euskara-gaitasunari ere leporatzen diote oztopoa izatea.

Hauek guztiak nik egindako azpimarrak baino ez dira, jakina. Hortaz, betiko legez, artikuluak osorik irakurtzeko gomendioa baino ez da post hau.

 

Ama-hizkuntzaren ideologia

2018-02-21  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Ama-hizkuntzaren ideologia

Azken aldi honetan berriro ama-hizkuntza (edo lehen hizkuntza) izan dut berbagai. Eta, gainera, bi testutan irakurri ditut horren gainekoak. Lehenengoa Estibaliz Amorrortu, Ane Ortega eta Jonen Goirigolzarrik Bat aldizkariaren 104. Zenbakian dator:

Ideologia horren arabera, familian ikasitako hizkuntzak erabat eta bizitza guztirako baldintzatzen du pertsona eta hizkuntza hori da onen menperatuko duena; era berean, pertsonaren lehen (“ama”) hizkuntza ez dena ezin da hain ondo ikasi, hain zuzen ama-hizkuntza ez delako.

Bigarrena, oraindik, biziagoa da eta Paula Kasaresek dakar, Euskararen biziberritzea liburu gomendagarrian:

Ama-hizkuntza, metafora biologizista eta esentziazalea, konstruktu ideologikotzat hartzen dut, hizkuntzaren eta hiztunaren artean harreman zehatzak (naturalak) aurreikusi eta lehenesten baititu.

Ama-hizkuntza edo lehen hizkuntza izateak ez dakar per se mintzaira hori hiztunaren bizitzan nagusia izatea, ez ohikoena edo usuena, ez eta maiteena edo nahiena ere edo hiztunak seme-alabekin solastatzeko hautatu lukeena izatea. Ama-hizkunta ez da kontzeptu zehatza, ez eta eragingarria ere hiztunen bilakabidea aztertzeko.

Herri Gaztedi

2018-02-19  //  Sailkatu gabea  //  2 iruzkin

Herri Gaztedi

Zer izan ote zen Herri Gaztedi? Hainbat artikulu eta liburutan irakurri ditut horien gaineko aipamenak. Ez hori bakarrik: Txorierrin ere behin baino gehiagotan entzun dut Herri Gaztediri buruz berbarik. Baina oraindik ez daukat erabat garbi Herri Gaztedi zer izan zen. Gainera, adibidez, wikipedian horren gaineko aipamenik ez dago, eta ez dago era labur eta sinple batean interneten Herri Gaztedi zer izan zen adieraziko duen aipamenik (edo, behintzat, nik ez dut topatu). Twitterren ere galdetu egin dut ea haren gaineko monografiarik ezagutzen zuen baten batek eta erantzunik ez.

Zantzu batzuk baditut, hala ere: frankismoan sortu zen Herri Gaztedi, elizaren mugimendu gisa. Elizari lotutako mugimendua izan zen Herri Gaztedi, beraz. Apaiz taldeak eta gazte idealistak izango dira mugimendu horretako osagaiak. Bizkaian sortu zen Herri Gaztedi, baina laster Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrira hedatu zen.

Gainera, Herri Gaztedik euskara eta euskal kultura jarri zuen zentroan. Batzarrak euskaraz izaten ziren (garai hartan Euskaltzaindiak, adibidez, gaztelaniaz jarduten zuen), gazteak alfabetatzen hasi ziren, eta kultur talde, mendi talde, ikastola eta gau-eskolen sorreraren atzean Herri Gaztediko militanteak zeuden (besteak beste).

Merezi du seguruenik Herri Gaztediren kideekin lan historiko eta monografikoa egitea. Ea baton bat animatzen den!

Galizieraz hitz egiten ez ikastea

2018-02-12  //  Poema soziolinguistikoak  //  Iruzkinik ez

Galizieraz hitz egiten ez ikastea

Oraingo honetan poema bat baino, ipuina. Amaia Astobizari esker (@AmaiAsto). Sechu Sendek bere “A república das palavras” liburutik hartua eta nik itzulia.

———————————————————————————————–

Badago galizieraz hitz egiten ikasten duen jendea eta badago galizieraz ez hitz egiten ikasten duena.

Nik, adibidez, umetan galizieraz ez hitz egiten ikasi nuen. Edo, hobeto esanda, galizieraz ez hitz egiten irakatsi zidaten. Agian nire lehen oroitzapena hauxe da: gure maisuak galizieraz hitz egiten zuen klaseko beste lagun bati esan zion: “No sé dice onte, se dice ayer” (Ez da onte esaten, esaten da ayer). Ez dut oroitzen maisu hori berori izan ote zen ni eskuin eskuarekin idatzi behar nuela tematu zena, baina pedagogia oso antzekoa litzateke. Ezkerren eta galizieradun atsekabetuen sasoiak ziren. Gaur egun, ume ezkerrek dagoeneko ez dute arazo hori.

Izan ere, eskolatik kanpora ere umeei galizieraz ez hitz egiten irakasteko prest daude hainbat maisu. Nork ez du ezagutzen, ahoan irribarrea dutela, umeei galizieraz ez hitz egiten irakasten tematzen den maisua, ia-ia jaioberri direnetik?

Lehen galiziera ikastea oso erraza zen. Jende askok ikasten zuen nahi barik. Bazegoen jendea, nahiz eta gura ez, galizieraz hitz egiten amaitzen zuena. Asko hitz egiten zen eta joaten zinen lekura joanda, han zegoen. Giroko hizkuntza zen, kalekoa, tabernetakoa, hizkuntza maioritarioa. Irakaskuntzan galiziera sartzearen kontrakoek argudio hori erabiltzen zuten: Zertarako ikasiko dugu galiziera eskolan? Galiziera kalean ikasten da.

Baina, gaur egun, galiziera, batez ere hirietan, kalean ez da hizkuntza nagusia eta eskoletan gero eta gutxiago erabiltzen da -hainbat eskolatan ingelesa baino dezente gutxiago-. Horregatik, gezurra dirudi oraindik jende batek umeei galizieraz ez hitz egiten irakasten aritzea. Jende askok galizieraz ez hitz egiten ikasi zuen azken urteotan eta, jakina, orain ez dute hitz egiten. Galizieraz ez hitz egiten ikastea … a zer tristea!

Bereizi behar dira, hala ere, galiziera ikasi ez dutenak eta galizieraz ez hitz egiten ikasi dutenak. Badirudi metafisikoa dela, baina badira ikasketa prozesu bi horiek bereizten duen zerbait. Galiziera ikasi ez duen horrek oraindik ikasteko aukera eta beta du. Baina galiziera ez hitz egiten ikasi duenak ez hitz egiten ikasi du eta hori desagerrarazteko, Avería sorginak esango lukeen moduan, bide bakarra desikastea da.

Galizieraz ez hitz egiten ikasi nuenean, ni sinistuta nengoen galizieraz ez nuela egiten hala nahi nuelako. Ez dut hitz egiten, ez hitz egiteko libre naizelako. Nik hitz egiten dut nahi dudanean. Hau da, ia inoiz ez. Izan ere, benetan ikasi nuen galizieraz hitz egitea ez nuela nahi. Nire esperientzia pertsonalaz ari naiz, jakina, bakarra eta besterenezina … Edo ez?

Niretzat galizieraz ez hitz egitea gauza normala zen … Normala niretzako, jakina. Eta galizieraz ez hitz egitea normala zela irakatsi zidan jende guztiarentzako. Ni galizieraz ez hitz egiteko libre nintzen, antza. Eta, horrela, ondo sentitzen nintzen. Nik pentsatzen nuen erabili ahal izango nuela nahi izango banu, baina ez nuenez nahi … Ba, ez nuen hitz egiten. Zoritxarrez, gaur egun, gure hezkuntza sistemak eta beste hainbat jendek jarraitzen du umeei eta gazteei galizieraz ez hitz egiten irakasten.

Ezagutzen dut animalien munduko komunikazio formarik bitxienetan espezializatu den jendea: galiziera hitz egiten ikasi duen jendea galizierazko klaseen 50 minututan baina gero galiziera ez hitz egiten ikasi duena kafetegian edo kalean; umeekin bakarrik ez hitz egiten ikasi duen jendea; galizieradun batekin hitz egin arren, haiekin ez hitz egiten ikasi duen jendea … Badago hainbat egoeratan galizieraz ez hitz egiten ikasi duen jendea eta badago, kasurik larrienetan, galizieraz inoiz ez hitz egiten ikasi duen jendea.

Eta ez barre egin, ipuina tristea baita.

Aiputegian barrena

2018-02-08  //  Aipuak  //  Iruzkinik ez

Aiputegian barrena

“Geroz eta konbentzituago nago ekintzek irekitzen dizkiotela bide berriak irudimenari eta ez alderantziz; geroz eta zailagoa iruditzen zait norbaitek teoria brillante bat formulaltzea eta, ideiaren distiak argituta, herritarrak ekintzara pasatzea”

Gorka Bereziartua

“Gure herriaren biziraupena uste dut gure testuinguruaren, gure ingurunearen ezagutzagatik gertatu dela. Bizirauteko jakin behar izan genuen, jakiteko bide berriak deskubritu, aurreikusi, ikasi eta hausnartu, babestu eta zaindu, defendatu eta eraso egin, mugitu eta gauza horiek guztiak egiteko sistema sozial egokiak izan. Gaur ere jarraitu behar dugu hori berori egiten”

Linda Tuhiwai

“Hizkuntzaren sarritasunaren eremuetatik ateratzen garelarik, euskaldun guztiok gara frikiak, egoera diglosikoak friki egiten gaituelako. Friki izatea da bizitzeko modu bakarra, ongi dakit, gay izan baino lehen marikoia izan bainaiz urte askoan”

Juanjo Olasagarre

“Mugimenduetako praktika berritzaileak eguneroko bizitzako esperientzietan txertatzen dira. Hala, mugimendu sozialek bultzatu dituzten eraldaketa sozialerako proiektuek ez dute eredu sozialaren aldaketa botere politikoa hartzearekin edo gobernu politikak garatzearekin lotzen, edo ez prozesu horiek soil-soilik. Alderantziz, pertsonak eguneroko bizitzan subordinatzen dituzten praktika pertsonal nahiz kolektiboetan zentratzen da gero eta gehago emantzipazio lana”

Ane Larrinaga

“Euskara batua, batez ere, euskal kultura moderno bat eraikitzeko tresna bat da. Hori gabe, alegia, euskal kultura moderno bat eraikitzeko delibero irmoa tartean ez badago, euskara batuak ez du inolako zentzurik, alfer-alferrikakoa da”

Pruden Gartzia

“Jendarteak ez du aurrera egiten gutxi batzuen ideia politei esker; jendarteak aurrera egiten du  askoren praktika kolektiboei esker”

Raul Zelik

Gramatika eta subjektua

2018-02-05  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Gramatika eta subjektua

Hilabete bi pasa dira Derion egin genuen euskaldunak aktibatzeko programatik. Gustu ikaragarri ona utzi zigun antolatzaileoi (nahiz eta hobetzekoak izan). Baina tira … hau ez da horren gaineko balorazio egiteko unea, ez lekua.

Hala ere, iruditzen zait euskalgintzetan ari garela asmatzen. Izan ere, nire ustez, gure gramatiketan subjektua berreskuratzen ari garela. Subjektua ari garela erdigunean jartzen, zelanbait. Eta hori guztiori arte-performance batetik abiatuta! Lutxo Egiarena euskararen aldeko mugimendu sozialen historiara pasatu da dagoeneko eta, etorkizunean, horren gaineko tesi doktoralak egingo dira. Euskaltzaleon burmuinean luiziak eragin zituen Lutxok, eta hori da arte-ekimen bati eska dakiokeen gutxienekoa (edo gehienekoa).

Gainera, zerbait desberdina performatu duten praktikak jarri ditugu martxan. Eslogan gehienei praktika falta zaie, baina kasu honetan eslogan horiek edukiz betetzen ari garela iruditzen zait. Euskaraz bizi nahi dut gradetatik oihukatzea ondo dago, baina praktikaren bidez egunero probatu behar dugu (nahiago nuke ezetz, baina hauxe da dagoen errealitatea).

Bizipenekin magia egiten ibili gara lau egunetan Derion. Etorkizuna eraikitzen ibili gara (barka itzazue eragozpenak). Gogoratu, gainera, unibertsaltasuna lokalki deklinatzen dela. Etorriko dira hesteak estutzeko sasoiak, bai, baina momentuz lana, lana eta lana da egin behar duguna. Glaukoma revisited, “euskaldun bezala hautsi nahi dut gure kaiola”.

36 / 140«Aurrekoa10203035363738506070Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras
  • Fora da aula

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA