Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Pribilegioak

2024-05-27  //  Sailkatu gabea  //  2 iruzkin

Pribilegioak

Antza denez, hizkuntzen gaineko begirada neoliberala nagusi da hizkuntza hegemonikoetan bizi direnen artean. Haren arabera, hizkuntzak komunikazio tresnak baino ez dira, merkatu “librean” lehiatzen diren artefaktuak. Ikustea besterik ez dago azken urteotan berrindartu diren diskurtso dikotomiko bezain faltsuak: zer gura duzu mediku ona ala mediku euskalduna?

Begirada neoliberal horretan, jakina, askatasun neoliberala da nagusi: hau da, nik askatasuna dut, baina ez dut inolako ardurarik. Hau da, joan naiteke egunero ogia erostera nire autoan, nire askatasuna erabiliz, baina gero niri ez eskatu ezelako ardurarik ekintza horrek dakarren ondorioari buruz.

Gurera ere heldu da diskurtso hori. Batetik, Euskaraldiak berak indartu du hein batean diskurtso hori. Norberak ardura hartzeko ariketa dugu Euskaraldia eta, hein handi batean, ariketa horrek erantzuten dio norbanakoon gaitasunak aktibatzeari. Baina sektore batzuetan Euskaraldia basque-washing ariketa bihurtu da eta, gainera, batzuei norbanakoen gainean erantzukizun osoa trasladatzeko bidea eman die. Jakina, basque-washing-a ez da bakarrik Euskaraldiarena, beste hainbat eta hainbat alorretan ikus daiteke (Ibilaldian, edo Korrikan, adibidez, azken Korrikan gure inguruan niri belarriek ia eztanda egin zidaten Aena ere euskararen alde entzun nuenean!!).

Bestetik, hor dugu audientzia eta kontsumoen gainean eraiki diren diskurtso batzuk. Horren arabera, euskaldunok ez dugu behar beste kontsumitzen eta horrek esplikatzen du hein handi batean dagoen eskaintza eskasa. Egia da honek sorgin gurpil baten forma hartzen duela, baina, era berean, horrek ez du bat egiten bestelako kontsumo batzuekin (eta ez du bat egiten han eta hemen egin diren ikerketa batzuekin, ahozko erabilerarenak kasu).

Hirugarrenik, diskurtso neoliberal horren beste erpin bat dakar pribilegioen kontuak (Ezer ez eta festa podcastean esaten duten bezala, eskubideak pribilegio bihurtzen ditu hizkera mertzenarioak, hizkera lizunduak). Antza, euskaldunok pribilegiatuak gara, diskriminatzaileak ere. Diskurtso hau hauspotzen ari dira euskaltzale ei diren batzuk ere. Eta, horretarako, klase sozialen inguruko azterketak erabiltzen dituzte eta, horren ondorioz, lanpostu batzuetarako euskara eskakizuna jaistea proposatzen dute. Diskurtso hau arriskutsua da gero, nire ustez, arrazoi bategatik: ematen du (eta ez da horrela inondik ere) euskaldunon komunitateak indarra eta ahalmena duela berak nahi dituen politikak eta estrategiak garatzeko hizkuntzaren garapenerako. Baina ez da horrela eta, hortaz, diskurtso hori hauspotzeak nire ustez kalte baino ez digu egiten. Anarik dioen modura, atzera eta atzora geu eramateko ahalegina da. Orain dela gutxi, Paulo Iztuetak honako hau zioen Hik Hasi aldizkarian: “Begiak ireki behar ditugu eta historia ulertu behar dugu: hemen asimilazio prozesu bat egon da, eta, horren ondorioz, ezin dugu guk nahi dugun mundua eraiki”.

Uste dut begirada neoliberala bazter utzi behar dugula eta hizkuntzen dinamikak (batez ere, hizkuntza ez-hegemonikoak tartean badaude) zeharo konplikatuak, multifaktorialak eta abar direla aintzat hartu, edozein diskurtso edo gogoetari ekin aurretik. Baina gai honetan ere nik zalantzak ditut (eta zalantzak ebazteko modu bakarra iruditzen zait ekimen eta gogoeta kolektiboa izan daitekeela, adibidez, Nafarroan Topaguneak landu duen tankera honetakoa). Era berean, Barbarizatuak eta zibilizatuak liburuan Ibai Atutxak darabilen diskurtsoa ere kontuan hartuko beharko genuke.

Ikasi

2024-05-13  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Ikasi

Mari Luz Estebani honako hau irakurri berri diot (artikulua zahar samarra izan arren): “Hizkuntza  batean afektuak adierazteak eta bizipen eta eduki desberdinak erdiesteko aukera izateak hizkuntza hori(ek) maitatzeko baldintza nagusitzat jo dute”. Eta hori irakurri ostean, gogoratu naiz Iruñean orain gutxi Marina Massaguer soziolinguista katalanari entzundako honetaz, hizkuntzara nagusitan heltzen direnei buruz berba egiten duenean: “Hizkuntzara sarbidea izateko, hiru baldintza behar dira: ikaskuntza formala, sozializazio inguruneak eta gura izatea, identifikazioa izatea hizkuntza eta hizkuntza hori darabilten hiztunekin”.

Aspaldi samar honako esaldi hau idatzi nuen txosten batean (aurreko aipu biek gogora ekarri didate hauxe, jakina): “Eskolak lagundu dezake, baina benetako eragina bizitza-esperientziak dakar. Informazioak ez gaitu aldatzen, bizipenek, praktikek (er)aldatzen gaituzte”.

Azken finean, euskara ikasi edo irakatsi esaten dugunean guk, hiztun komunitate gutxiagotuko kideok, honako hau esan gura dugu: guk gura duguna da ikasten duten hiztun horiek euskarara iristea, hiztun iritsiak izatea (euskarara iritsi diren euskaldunak, hau da, euren egunerokoan euskara praktikatuko duten hiztunak, ahalik eta egoera gehienetan). Hizkuntza biografian arrasto sakona utziko duen ikasketa izatea gura dugu. Eta eguneroko praktiketan isla izango duen ikasketa izatea gura dugu. Horixe baita guk euskalduntzeaz ulertzen duguna. Eta hori egiteko bideak zeintzuk izan daitezkeen antzeman, asmatu edota ireki beharko ditugu, luze, zabal eta eroso.

Hala ere, guk horrela ulertzen dugu euskalduntzea. Baina errealitatea bestelakoa da. Heldu askok euskara ikasten du modu instrumentalean, ume eta gazte askok ez dute euskara erabilgarri ikusten (suabe esatearren), unibertsitate ikasle askok euskara ikasten du errazagoa ei delako euskaraz ikastea eta abar. Ahaztu egiten zaigu hizkuntzara sarbidea izateko Marina Massaguerrek aipatutako hiru baldintzak: ikaskuntza formala, sozializazio inguruenak eta gura izatea. Lehenengoa bermatuta dago askotan, bigarrena gutxitan eta hirugarrena ere gutxitan. Eta hortik datoz frustazio batzuk …

Birtokiratu

2024-05-08  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Birtokiratu

Bizi mugimenduak liburua plazaratu zuen 2023an: Euskal Herria burujabe. Liburua zeharo interesgarria da, baina blog honen edukietatik apur bat urruntzen dena. Hala ere, amaiera aldean, birtokiratu kontzeptuari heltzen dio.

Hauxe da birtokiratu kontzeptu hori: “birtokiratzearen helburua guhaurren garapenaren eragile berriz bilakatzea da, lurralde proiektua ekoizpen-prozesuaren bihotzean kokatuz”. Horri lotuta, subsidiariotasun printzipioa plantan ematea aipatzen dute: tokiko mailan egin daitekeena tokiko mailan egin behar da. Azken printzipio honek aplikagarritasuna izan dezake hizkuntzan ere: tokiko hizkuntzan egin daitekeena tokiko hizkuntzan egin behar da. Azken finean, birtokiratzeak (eta subsidiariotasun printzipioak) galdera bat pausatzen dute: zer da birtokiratu daitekeena? Edo, gurera ekarrita, zer da euskaraz egin daitekeena?

Era berean, liburuan zehar metamorfosi sozial eta ekologikoari buruz behin eta berriro egiten da berba. Eta komunitatearen garrantziari buruz. Metamorfosi bi horiei, nire ustez, hirugarrentxo bat datorkie erreskadan: metamorfosi linguistikoa. Baina hori, besteak beste, geure esku dago heintxo batean.

PD: Biziko liburuak honako hau dio euskararen biziberritzeari buruz: “Diruzko irabazien logikatik kanpoko helburua duen herritar mobilizazio baten adibide biziki ederra da euskararen garapenaren aldeko borroka”.

Alternatibatxoak

2024-04-23  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Alternatibatxoak

Ez dakit non irakurri nuen hau: “alternatiba bideragarriak sortzen ari den jendea behatu, aurreratzen ahalegindu egiten ari diren gauzen inplikazioak eta ideia horiek itzuli, ez agindu edo preskripzio moduan, ekarpen, aukera edo opari moduan baizik”. Eta horrek nire begirada gure perimetrora eraman zuen.

Zeintzuk dira gaur eta hemen sortzen ari diren alternatiba bideragarriak? Zeintzuk dira eraldaketa sozialeko agenda duten gaur eta hemengo alternatibak? Uste dut gutxi ditugula, baina badira batzuk, tokikotik, tokiko eraginetik, pertsonetatik ari direnak, arrakasta-erdi edo porrot erdi direnak, ez bete-beteak.

Marikobasoko tribugintza etortzen zait gogora, Euskarabentura edo Aiaraldeko faktoria, Plazara edo Lanartea, Argia edo Errigora, Olatukoop edo EHKolektiboa. Eta beste hainbeste, han eta hemen (eta oraindik sortu beharko ditugunak, gauzak aldatu nahi baditugu).

Izan ere, alternatiba hauek tenporalitateak irekitzen dituzte oraina zartatzeko. Eta erresistitzen jarraitzeko. Eta ekintzen bidez. Eta zirrara sortzen dute eta atxikimendua.

Ama hizkuntza by Maria Reimondez

2024-04-16  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Ama hizkuntza by Maria Reimondez

Maria Reimondezek orain dela gutxi Nos egunkarian honako iritzi-zutabea idatzi zuen (itzulpena, jakina, nirea da). Honi lotuta beste bi artikulu hauek nabarmendu nahiko nituzke: Ama hizkuntzaren kontra (eta alde) eta Ama hizkuntzaren ideologia.

Ama hizkuntza?

Ama hizkuntzaren kontzeptua zein naturaltasunez onartzen dugun asko harritzen nau. Testuinguru diglosikoetan (edo migranteetan) jaio izan garen guztiok ondo dakigu gutako askok ez dutela izan galiziera euren “amengandik” jasotzeko zorterik izan. Asko hazten dira hizkuntza propioaz lotsatuta eta horietako batzuk modu batera edo bestera indartsu eta sendo kendu behar izan genuen hizkuntza hori. Beste batzuek  axolagabe bizi dute, utzikeriaz edo identitate “modernoagoek” sortutako desiraz.

Horrez gain, “ama hizkuntzaz” berba egiteak dakar galiziera bezalako hizkuntza baten transmisioa kontu indibiduala dela onartzea (betekizun femeninoa, metaforak metafora), kontu familiarra edo pribatua, eta kanpo uzten du politikek duten garrantzia eta, batez ere, komunitateek duten garrantzia.

Hautu politikoa da zer hizkuntzatan adierazten garen, baina ez galizieraz bakarrik berba egiten dugunoi esaten zaigun eran. Hautu politikoa da galizieradun fonetika argia duten pertsonei gaztelaniaz aditzea, esaten eurek bakarrik egiten dutela “nagusiekin”, “zurekin ez zait ateratzen”, “galiziera inork ez du ondo egiten, amama-aititeak ere mordoiloz egiten zuten”, bazter guztietan polizia linguistikoa egongo balitz bezala RAGaren hiztegia eskuetan (bide batez, hiztegiek ez dituzte hiztunak sortzen, alderantziz baizik, hiztunok sortzen ditugu hiztegiak). Hau guztia esateko hautu politikoena Galizian dela gaztelaniaz berba egitea. Hizkuntza propioa dugu lurraldearekin, bizitzarekin, tokikoarekin, parrandarekin, modernitatearekin, etorkizunarekin lotzen gaituena eta, hala ere, makaltzen uzten dugu. Hori da politika.

Gauza bera gertatzen da hizkuntza bat hautatu ahal izateko berba egiten jakitea beharrezkoa dela dioen ideiarekin. Galizian bakarrik galegodunok berba egin dezakegu hizkuntza bi (edo gehiago), batzuetan ahazten zaigulako hautu pertsonalak zerikusia duela politikekin.

Gustatuko litzaidake Susana Sanches Arins idazlearen poemarekin amaitzea. Bertan, galiziera da “auzokideen hizkuntza”, “patiokoa”, “alabena, amak galizieraz egiten die ilobei/ alabak izan ginelako/ gorputzean sartu genionak/ auzokideen/ patiotik ekarrita”. Hizkuntza ez delako bakarrik oinordetzen, hizkuntzak sor dezake komunitate justu eta duin baten ideia, non alabek amei itzuli ahal diegun inguruabar soziolinguistikoek kendu zietena: basati, ezjakin eta maskulino moduan hezurretaraino sartu zitzaien hizkuntzan aske izateko aukera. Hizkuntza komunitarioa ospatzeko sasoia da, beste barik.

Metodologia indigenak

2024-04-08  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Metodologia indigenak

Bat aldizkariaren 129. zenbakiak besteak beste honako artikulu hau dakar “Yune´`sit’in komunitatearen esperientzia Nenqayni ch’ih biziberritzen: Nexwejeni naghulchud yenid´` zen (gure hizkuntza berreskuratzen ari gara)”, Paula Laita eta Russel Myers-ek sinatuta.

Ikerketa Paula Laitak egin zuen eta, egiten hasi orduko, marko etikoa osatu zuen hainbat puntutan zehaztu zena:

  • ikerketa-hitzarmen bat garatzea;
  • komunitatearekiko konpromisoa sustatzea;
  • herriaren kodeak, protokoloak, dinamikak eta egiteko erak errespetatzea;
  •  nagusien eta komunitate horretako beste adituen rolak ikerketan aitortzea;
  • bi aldeentzako onurak lortzea, ekarpen akademikoaz gain, komunitatean aplikazio praktikoa izateko aukera ere sortzea;
  • komunitatean ikerketa egiteko gaitasuna garatzea, beste momentu batean antzeko ikerlana komunitateak berak jorratu ahal izateko; eta
  • emaitzak herriarekin partekatzea.

Aurreko marko horretan oinarrituta, ikerketarako metodologia indigenak erabiltzea planteatu zen. Hori egiteko honako hau egin zuen ikerlariak:

Beharrezkoa izan da ikerlariaren eta komunitatearen eta lurraren arteko benetako harremana garatzea, komunitatea bisitatuz eta elkarren istorioak partekatuz, baita lana egiteko motibazioa ere. Horrek, elkarrekiko lotura bat sortzen laguntzeaz gain, ikuskera eta hizkuntzarekiko eta lurrarekiko harremanaren izaera hobeto ulertzen lagundu dio ikerlariari, eta ezagutza hori oso onuragarria izan da ikerketaren alderdi guztiak garatu eta aplikatzeko orduan.

Metodologia indigenen parte, honako hauek erabili ditu ikerlariak datuak biltzeko:

  1. Behaketa-metodo parte-hartzailea hasierako faseetan erabili dugu, batez ere azterlan honen testuingurua sortzeko. Ikerlaria ikerketan zuzen-zuzenean inplikatzeak, komunitateko kideak bisitatuz, ekitaldietan parte hartuz, eskolan boluntario gisa lan eginez eta komunitatearen bizitzaren parte izanez, azterketaren errealitatea hobeto ulertzen lagundu du (Campoy eta Gómez Araújo 2015). Hala ere, metodo horrekin jasotako oharrak ez dira ondorengo azterketan erabili, emaitzak komunitatearen ikuspegia jasotzea helburu nagusi duelako ikerketak.
  2. Erdi-bideratutako solasaldiena izan da ezagutzak biltzeko metodo nagusia. Thomas (2005) eta Bessarab (2008) aditu indigenen arabera, solasaldiaren bidezko kontaketa da indigenen ezagutzara hurbiltzeko teknikarik egokiena, tradizionalki ezagutza transmititzeko era hori izan delako (King 2010; Bishop 1999) eta solasaldian parte hartzen dutenen arteko harremana sendotzen duelako (Kovach 2010, 43). Metodo horrek erosotasun-maila handiagoa ematen die parte-hartzaileei, euren ezagutza zer, nola eta zenbateraino partekatzen duten kontrolatzen baitute. Ikerketa honetarako guztira 23 solasaldi antolatu dira.
  3. Partekatutako zirkuluak batez ere gazteen ikuspegiak biltzeko erabili dira, erosotasun-maila handitzeko, eskolan era horretan aritzen ohitura baitute. Kultura indigenetan, partekatutako zirkuluak esperientzia kolektiboak dira elkarri entzunda ikasteko (Lavallée 2009); beraz, metodo hori egokitzat jo dugu talde-ikuspegiak biltzeko. Yuneŝit’in-eko eskolan zirkulu bat egin da, artearen bidezko hausnarketa-metodoak lagunduta (Lavallée 2009, 30): parte-hartzaileek gaiaren inguruan zituzten ideien adierazpen bisuala sustatu da, ondoren, haien esanahia zirkuluan partekatzeko.
  4. Azkenik, dokumentuen azterketa ere jorratu da. Metodo horrek azterketa kualitatiboei testuinguru sendoa ematen die. Dokumentuak denboran zehar gertatutakoaren erregistro baliotsua dirak (Bowen 2009, 31); horrez gain, azterketa egiteko tarte txikiagoa eskatzen du, eta ez da oso modu intrusiboa datuak biltzeko (Mayan 2009, 82). Ikerketa honetarako, hizkuntza proiektuekin lotutako bileren agiriak eta beste dokumentu batzuk analizatu dira. Halaber, Yuneŝit’in-eko eskolan aurkitu diren material linguistikoen inbentarioa ere egin da, eskura zeuden hizkuntza-baliabideei buruzko datuak erregistratzeko.

Uste dut metodologia indigena hauetako asko oso erabilgarriak izan daitezkeela geure ikerketa soziolinguistikoak aberasteko eta, era berean, horietako batzuk geure praktiketara egokitzeko. Oso inspiragarria iruditu zait.

Aipatuz

2024-03-18  //  Aipuak  //  Iruzkinik ez

Aipatuz

“Eguneroko egoera hurbiletan euskararen ahozko erabilera nagusi den gune geoterritorialak dira arnasguneak”.

Iñaki Iurrebaso

“Sakondu daiteke hegemonia linguistikoaren eta heteroarauaren loturen artean. Hitz egin dezakegu autogorrotoaz, gutxiengoen estresaz, armairuez, arnasguneez, aktibazioaz, komunitateaz”.

Amaia Alvarez eta June Fernandez

“Iruñea Pamplona baino dibertigarriagoa bihurtzen ari gara”.

Yasmine Khris

“Paradoxikoa da landa-eremuko gizartearen errepresentazioak euskal identitatearen paradigmatzat hartu zirela, imajinario horren eraikuntza hiritik plazaratu zen arren”.

Onintza Etxebeste

“Ez dago bilakaera soziolinguistikoa guztiz irauliko duen ekimenik eta ez da egongo”.

Garazi Azkue + Arrate Illaro

“Plan estrategiko, misioen gaineko hausnarketa eta gogoeta sakonak hainbeste preziatzen diren garaiotan, ez dezagun ekintzaren indarra gutxietsi”.

Iker Martinez de Lagos

Zeharrez

2024-03-11  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Zeharrez

Azken urteotan euskara biziberritzearen inguruan asko entzun den berba zeharlerrotasuna da, edo zeharkakotasuna, edo mainstream. Berdintasuneko politiketatik etorri zaigun kontzeptua da eta administrazioan asko erabiltzen da (berba, praktika beste kontu bat da).

Horren inguruan, Allartean blogariak hainbat artikulu idatzi ditu:

  • Zeharlerrotasuna
  • Zeharlerrotasuna (2)
  • Zeharlerrotasuna (3)
  • Batzorde interdepartamentalak
  • Zeharlerrotasuna eta koordinazioa
  • Zeharkakotasuna eta intersekzionalitatea

Haren artikulu batean, Albert Serraren definizio hau dakar:

Zeharlerrotasuna erakunde osoaren egiazko engaiamendua ziurtatzen duen kontzeptua da, egitura bakoitzaren espezializazioa edozein izanik ere, arlo, ikuspegi edo arazo baten gainean elkarrekin lan egitea ahalbidetzen duena. Bada, halaber, antolakuntzarako bitarteko bat, estrategiak, tresnak eta bitartekoak garatzea xede duena, antolakuntzaren sektorekako egituraren barruan, oso errealitate konplexu baten eskakizunei hobeto egokitzea ahalbidetu asmoz.

Zergatik ba zeharlerrotasuna? Politika publikoak ez direlako neutroak, positiboki edo negatiboki eragiten dutelako euskararen biziberritzean eta hizkuntzen arteko botere-harremanetan.

Eusko Jaurlaritzak orain gutxi txosten bat idatzi du: “Euskara biziberritzeko politika publikoak: zeharlerrotasuna ulertzeko ikuspegi berri baten proposamena”. Besteak beste, honako hau dio txosten horrek:

Berdintasunean zeharlerrotasuna ulertu izan da erakundeetako sail eta eremu guztietako edukietan eta norabidean eragiteko tresna gisa. Erakunde publikoen egiteko moduak eraldatzean jarri du azpimarra, beti ere, politika publikoen edukiak aldatzeko, eta, sail guztietatik egiten diren politika eta jarduera publikoei berdintasuna bultzatzeko betebeharra ezarri.

Euskara biziberritzeko politiketatik zeharlerrotasuna nola ulertu den galdetuz gero, ez dago ikuspegi adostu edo kontsolidaturik. Modu ezberdinetan ulertzen da, baina, gehien bat erakunde publikoen barneko erabilera-planetan jarri da azpimarra.

Txosten horretan honela ulertzen dute zeharlerrotasuna: politika publiko eta jarduera guztietan euskara biziberritzearen printziiooa/helburua txertatzen esan nahi du. Politika eta jarduera publiko guztien norabidean eragitea esan nahi du, beraz.

Eta, horretarako, estrategia duala proposatzen du: “Batetik, beharrezkoa izango da euskara biziberritzeko propio pentsatutako politikak garatzeam euskara sailetatik bultzatuta (berariazko hizkuntza-politika); eta, bestetik, beharrezkoa izango da sail guztietatik egiten diren politikak euskararen betaurrekoekin aztertu eta hauek ere euskara biziberritzeko helburuarekin lerratzea (zeharkako hizkuntza-politika).

Zeharlerrotasuna. Zeharrez eta artez, berariaz eta bide batez. Berbetatik ekintzetara pasatzeko sasoia delakoan nago, basatzaren barruan sartzeko sasoia delakoan nago …

Sustraiak

2024-03-04  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Sustraiak

(Urgentziazko apunte batzuk-edo)

Sustraiak, rock, rap, reggae. Honela kantatzen zuen Negu Gorriak taldeak bere BSO kantan, gure banda sonora ere bazena (eta, hein batean, jarraitzen duena izaten). Gerora ezagutu nuen Bob Marleyren Roots, rock, reggae eta Run D-MCren Roots, rap, reggae. Roots beti, sustraiak, erroak, zuztarrak. Hori guztia pentsatu dut Amikuzeko Libertimendua eta Atarrabian Zetak taldeak emandako kontzertua ikusi ostean. Roots beti roots (nik horrela kantatzen nuen Sepulturaren kantu mitikoa).

Libertimenduan eta Zetak-en kontzertuan, bietan, sormena kokatua da, kultura kokatua da, nonbaiten errotua eta sustraitua, norbaitengan haragitu eta gorpuzteko. Garenetik abiatu izan gura dugun horretara heltzen ahalegintzeko. Eta besteengan eragiteko ahalmen eta gogoarekin. Eta tradizioari autoestop egiten (martxan dabilen autoa dugu tradizioa).

Identitatea dago muinean. Onintza Etxebeste “Meta-nortasunak” liburuan dioen bezala, “mugimenduak eta eraldatzeko gaitasunak ziurtatzen dute identitatearen jarraitutasuna, ez behin betiko forma eta edukietan atxikitzeko abilezia”. Identitatea laborategia da, esperimentazioa da. Identitatea ezin delako ulertu garenaren ezaugarrien zerrenda mugatu bezala; egiten, eztabaidatzen eta negoziatzen den operazio eta praktika multzo bezala baizik. Eta identitatearen algoritmoa ikusgarri egiten dute bi ekimen hauek, identitatearen aldamioak ikusgarri egiten dituzte. Identitatearen brikolajea egiteko instrukzio-orriak dakarzkie hala gura dutenei (besteok ikuskizunarekin gozatu dezakegu beste barik).

Bere sasoian idatzi nuen post bat, Soziolinguistika meets Butler izenekoa, eta hor Judith Butlerren aipu batzuk ekartzen nituen, apunte hauek osatzeko baliagarriak izan daitezkeenak:

Identitateak bere kutsu esentzialista galtzen du eta norbanakoak bere identitatea eraikitzerakoan duen partaidetza azpimarratzen da, hiztunak eginkizun honetan azaltzen duen grina eta inplikazioa nabarmenduz.

Identitatearen oinarrian ekintza eta errepikapena egongo litzateke; egin eta ekite horiek identitaterako sustraiak izango lirateke eta.

Amaitzeko, Onintza Etxebesteren liburutik beste gogoeta bat (euskal identitatea eta 60-70eko hamarkadak aipatuz):

Aurretik jazartzen saiatu ziren, baina temati iraun zuen euskal identitatearen ikonografia eragin berrietara irekitzen hasten da, eta herriari loturiko esanahiak eraberritzen, nahasten eta geruza sozial eta kultural berrietan birsortzen dira (…). Halaber, kultur berrikuntzaren eta iraganeko lekukoen berreraikitze baten tarteko forma hartzen dute ordutik aurrerako ekarpenek.

Erdarak eta maskulinizazioa

2024-02-26  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Erdarak eta maskulinizazioa

Euskalgintza(k) eta feminismoa(k) aspaldi hasi ziren harremanetan. Eta harreman horien ondorioz, euskararen feminizazioa kontzeptua ere agertu zen (oker ez banaiz, lehenengoa Kike Amonarriz izan zen erabiltzen). Ordutik, euri asko egin du, ikerketetan eta saiakeretan ere aurrepauso nabarmenak egin dira (Jone Miren Hernandez, Jaime Altuna, Mari Luz Esteban, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, …).

Euskararen feminizazioa, beraz. Kontzeptu horrek, ostera, ifrentzua dakar (eta ifrentzua askotan indartsuagoa izan daiteke): erdararen maskulinizazioa (Hego Euskal Herrian, behinik behin, hori diote datuek; Ipar Euskal Herrian ez dakit zehatz esaten, baina adibidez Amikuzeko libertimenduan esan zutenaren arabera, zaila da gero errugbilari bat euskaraz aditzea, eta nik errugbilari entzun eta gizonezkoa paratu zitzaidan buruan). Euskararen biziberritzea, beraz, emakumeen ardura da? Hizkuntza ideologia zehatz baten arabera, euskara zaindu beharrekoa da. Analogia bat eginda, esan daiteke euskara zaindu behar denez eta emakumeak direnez zaintzaile nagusienak, euskara ere euren ardura dela?

Hortaz, euskara feminizatzen ari da, antza. Izan ere, kontu bat (berdin da zein) feminizatzen denean, normalean galtzen du balioa, normalean desprestigioa dakar (gizonek “gidatutako” gizarte honetan behintzat). Botere-harremanak sartzen dira tarteko eta horrek delako kontu hori gutxiesten du.

Nagusi diren jendarteko joeretan (benetakoetan, askotan lurrazpian mugitzen direnak, ez berariaz aipatzen direnak, ze horiei jaramon eginez gero, denok gaude euskararen alde, berdintasunaren alde, ingurumenaren alde, parte hartzearen alde, gutxiengoen alde eta abar, baina gero …) eragin gura badugu, agian zerbait egin beharko genuke erdaren maskulinizazioarekin apurtzeko. Zer, ba ez dakit, baina gauzei izenak jarrita agian errazago hel gintezke zer egin genezakeen pentsatzera.

Amaitu nahiko nuke galdera batekin: eta gizonak non daude? (non gaude?)

5 / 140«Aurrekoa4567102030Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Galderak eta galderak
  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2026(e)ko urtarrila
  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA