Garaigoikoa
Hasiera » Txerraren bloga - Garaigoikoa

Kolapsoa

2024-02-19  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Kolapsoa

Iñigo Barcina derioztarrak berbaldi luze eta zentzuduna egin zigun urtarrilean Marikobasora batu ginenoi. Mila datu beldurgarri helarazi zizkigun, kolapso ekosoziala hizpide. Amaiera aldean, kolapso osteko balizko egoeraz egin zigun berba. Eta bera berbetan ari zela, niri hauxe etorri zitzaidan burura: kolapsoa gertatzen bada, niri lana amaituko litzaidake. Izan ere, kolapsoak ekarriko dituen albo-kalteak kontuan izanda, zaila da imajinatzea enpresek euren dirua jartzea zer eta euskara sustatzeko. Logikoa den moduan, ez litzateke euskara sustatzeko dirurik egongo ez administrazioan ez eta enpresetan ere.

Porrota kartografiatzen nahikoa lana izango dugula/dutela iruditzen zait. Guri buruzko narratibak beste modu batera egin beharko genituzke. Desazkundea eta sinplifikatzea izango dira etorkizuneko giltzarri, hein handi batean. Eta lortu beharko dugu euskara izatea bestelako gizarte eredu baten gogo eta balio sozialen eramaile. Eta identitateak birsortzeko lana egin beharko genuke (ekologo ala taxidermista izango garen erabaki ostean, noski).

Beharbada, balizko kolapso baten ostean, ez litzateke horrenbeste behar euskara sustatzeko (edo bai, ez dakit). Jendartea sinpleagoa izanda, tokiratuagoa izanda, agian akaso beharbada apika euskararen sustapena errazagoa izan daiteke. Baina, kontuz, oso txikiak gara ditugun ametsetarako.

Hirukia

2024-02-12  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Hirukia

Blogak hilda daude, antza. Bere sasoia pasatu ei da, antza. Orain beste formatu batean kontatzen ei dira istorioak, podcast bidez edo ikus-entzunezkoen bidez, adibidez. Baina …

Euskarazko soziolinguistikaren baratzean gaur eta hemen hiru blog daude, hiru blog pertsonal: Allartean (Alex Vadilloren blog mitiko bezain interesgarria), Uharri (Rosa Ramosek orain gutxi abiatu duena) eta neurea (baldin badago aktibo dagoen beste blogik esan mesedez, agian hanka sartzen ari naiz). Eta, horrez gain, soziolinguistika aplikatua egiteko asmoz, MSB bloga.

Eta, hortaz, gaur hiru blog horiek irakurtzera gonbidatu gura zaituztet. Eta, horretarako, zer hobe blog horietako artikulu bana gomendatzea baino:

  • Biziaroak, herri kultura etorkizuna eraikitzeko: eta Rosak ondo dioen modura, tradizioa ezagutu behar dugu iragana ulertzeko eta etorkizuna eraikitzeko.
  • Bourdieu eta merkatu linguistikoak: eta Alexek ondo dioen modura, gure soziolinguistika aberasten duen begirada ezberdin bat.
  • Prebentziozko esku-hartzea: ikasleekin lantzeko esku-hartzea dakarkigute blogeko egileek, erabilera arauak aldatzeari begira.

Eta ea beste inor animatzen den euren soziolinguistikaren gaineko iritzi, uste eta abarrak komunikatzeko bideak egiten (blog bidez edo bakoitzak gura duen bitartekoen bidez). Behar-beharrezkoa dugu soziolinguistikaren gaineko ikerketa, behar-beharrezkoak ditugu horietan oinarritutako esku-hartzeak, baina, era berean, behar-beharrezkoa dugu jakintza adar honetan egiten direnak dibulgatu eta euskaldunenganan helaraztea. Eta, horretarako, tresna egokiak izaten jarraitzen dute blogek, hilda egon arren.

Jendartea aldatu ala jendartera moldatu?

2024-01-30  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Jendartea aldatu ala jendartera moldatu?

Sortu alderdiak argitaratzen duen Erria aldizkarian Aporia izeneko atal bat dute. 12. zenbakian Aporiaren gaia honako hau zen: Jendartea aldatu ala jendartera moldatu? Handik ateratako testuak dira jarraian datozenak; izan ere, nire ustez, edozein mugimendu sozialak ere kontuan hartu behar ditu hemen esaten direnak. Azken finean, gure helburua ere delako jendarte aldaketa (edo).

Jendea eraldatu ala jendartera moldatu? Lehenetik gehiegi tiratuz gero, gehiengoak artikulatu gabeko borroka autoerreferentzial eta ideologikoetan geratzeko arriskua dugu; ordea, bigarrenetik gehiegi tiratuz gero, arriskua dago gehiengoak statu quo-a onartuz artikulatuz. Orduan, aldatzen dena, jendartea baino norbera izaten da. Beraz, tentsio horretan, beste sektore batzuetara irekitzearen eta norberarena indartzearen talka areagotzen da. Nola kudeatu edo pentsatu tentsio sortzaile hau?

Jendartea eraldatzea zaila da, jendartearen zentzu komuna kontuan hartzen ez bada; eta jendartearen zentzu komunera gehiegi makurtzea arriskutsua da, jendartea eraldatzeko asmoa baldin bada. Bi muturreko logika horretatik askatuz, mugimendu eraldatzaile batek hiru logika konbinatu behar ditu; batetik, afirmazio ariketa eta mundu propio bat sortzen duen tribugintza ariketa politikoa egin behar du, bere sinbolo, kultura eta mundua interpretatzeko betaurreko erradikal eta propioak eskainiko dituena. Bigarrenik, interpelazioak egin behar ditu eta baita beste sektore batzuekin elkarlana, horretarako, bere posizioak irekiz eta malgutuz. Eta azkenik, botere politikoa eraldatu behar du, jendartearen eskakizunak sedimentatuz eta materializatuz.

Identitate politika (tribugintzaren logika) Eragin politika

(lobbya)

Botere politikoa

(hegemonia

alternatiboaren eraikuntza)

Norberaren identitatea

indartzeari begirako ekintza

sinboliko eta politikoak

Beste identitate batzuetara

irekitzea, “elkarrizketa

politikoa”

Politika publiko

eta instituzionalak

inplementatzea

Esentzialismo

estrategikoaren bideari

eustea (Spivak)

Desbordamendu politikak eta

interpelazioak

Mekanismo instituzional

partehartzaileak ahalbidetzea

eraldaketa politikak egiteko

Adibideak: emakume*

terminoa hautu estrategiko

gisa, euskara euskal

identitatearen zutabea hautu

estrategiko gisa…

Adibideak: gizonei

interpelazioak mugimendu

feministaren aldetik;

euskalgintzak alderdiak

interpelatzea; norbere

posizioa

Adibideak: emakumeen

eta euskaldunen eskubideak

bermatzeko legeak ezartzea,

gutxieneko soldata

ezartzea…

Komun

2024-01-22  //  Sailkatu gabea  //  2 iruzkin

Komun

2023ko ekainean Euskal etnopoloak antolaturik, berbaldi laburra egin nuen Baionan, hizkuntzak eta komunak non egiten duten bat adierazteko zelanbait (etnopoloaren kolokioaren gaia honako hau zen: Amankomunak, baliabide partekatuak. Zer nolako erronka?). Berbaldi horretan esandako batzuk post honetan laburturik (edo):

  • Hizkuntza da lehen komuna, lehen amankomuna. Ze, hizkuntza ez da gramatika (hori eraikia da, sortua da), hizkuntza komunitatea da, hizkuntza egitate komunitarioa da. Hizkuntza sistema linguistikoa da, bai, baina lurralde kognitiboa ere bada.
  • Eraikuntza librea da, denok egunero erabili eta moldatu egiten duguna, egunero lantzen, aldatzen eta eguneratzen dugun ondare komuna da. Librea esan dut eta, gure kasuan, seguruenik inguruetan baino “libreago”: wikipedia indartsua dugu, idatzizko komunikabiderik indartsuenak lizentzia librean argitaratzen dira (Argia, Berria, 26 tokiko komunikabide gutxienez), Euskaltzaindiak ere lizentzia librean airatzen ditu bere edukiak, eta abar.
  • Hiruki bat osatzen da: lurraldea, hiztunak eta hizkuntza daude erpin bakoitzean. Izan ere, lurralde bako hizkuntza gutxi dago (baten bat egon daiteke, baina …), hiztun bako hizkuntzak badira, baina horiei hizkuntza hilak deitzen dizkiegu (latina adibidez). Hizkuntza batek hiztunak eta lurraldea behar du. Hizkuntza batek, beraz, komunitatea behar du. Eta horrek oinarrizko kontzeptu batera garamatza: hizkuntza komunitatea (edo hiztun komunitatea).
  • Zer da hizkuntza komunitatea? Euskarazko wikipediak dio hizkuntza komunitate batek honako osagaiak izan behar dituela:
    • Ingurune eta lurraldetasun politiko-juridiko-sozial jakin batean kokatua egon behar du.
    • Hiztun multzoa izan behar du.
    • Funtzionatzeko norma komunitario bereziak izan behar ditu hiztun multzo horrek.
    • Hiztun multzo horrek erabili egin behar du delako hizkuntza. Jakitea ez da nahikoa (adibidez, latinak ez du hizkuntza komunitatea osatuko, erabiltzen ez delako).
    • Hiztun multzo horrek jarrera eta ekintza komun batzuk egin behar ditu (adibidez, Euskal Herrian dauden hiru islandiarrek ez lukete osatuko hizkuntza komunitatea elkarrekin jarduten ez badute).
  • Sinpleago esanda, eta gurera ekarrita, honako hau izan daiteke euskal hizkuntza komunitatea: bere gizarte garapenerako eta sozializaziorako perspektiban, eta hizkuntza aniztasunaren testuinguruan, lurraldeko hizkuntzarekiko (euskararekiko) identifikazioa, sentimenduak, eta jarrera eta portaera aktibo eta positibo komunak partekatzen dituen komunitatea.
  • Aurrera egiteko, gaur eta hemen zer behar dugu: hizkuntza politika ausarta ala hizkuntza komunitatea sendoa, azkarra? Ezer izatekotan, galdera tranpa da, bai, dikotomikoa ez dena. Gehienok erantzungo genuke hizkuntza politika ausarta eta komunitate indartsua. Biak. Eta bai, hala da, baina … Oinarria hizkuntza komunitate azkarra da, nire ustez. Legeak kontra izanda (eta oraindik badira, bai hemen, bai Bidasoaz beste aldean, ofizialtasunak ofizialtasun), iraun dugu, halamoduz baina iraun dugu. Oinarrian hizkuntza komunitatea dagoelako. Izan ere, nire ustez, hizkuntza politikaren azken xedeak, azken helburuak hizkuntza komunitatea azkartzea izan beharko luke. Eta neurgailu horren arabera epaitu beharko genituzke hizkuntza politikari lotuta aurrera eramaten diren ekinbide guztiak. Hala ere, Europako turbokapitalismoaren barru-barruan dagoen gurea bezalako komunitate batek iraun dezake, biziberritu daiteke, aldeko hizkuntza politika bat barik? Ba, jakina ezetz. Hori ere behar dugu, hemen eta orain.
  • Trinkotzea: Jose Maria Sanchez Carrion “Txepetx”-ek hizkuntza komunitatearen trinkotzea jarri zuen normalizaziorako inflexio puntu gisara. Komunitatea trinkotzea bai. Honela zioen berak: “Hizkuntza minorizatu baten hiztunek alde batera utzi behar duten lehen superstizioa da Gobernuaren ekimenak (izan Estatua, autonomia-erkidegoa, kantoia edo dena delakoa) berak bakarrik edo kanpotik ekarritako aditu kualifikatuaren laguntzaz konponduko dituela gaitz guztiak eta hartuko dituela neurri egokiak mehatxatutako hizkuntzari dagokion erabilera lehengoratzeko. Atzerabidean den minoria bat ez da salbatuko minoriako kide ez direnen intentzio oneko ekintzen bidez. Bakarrik salba daiteke bere kabuz: eta, orduan, bere kideek hartzen badute atzerapen hori gelditzeko borondatea, erakundeak eta beharrezkoak diren baliabideak lortzen badituzte, hartu ahal izango dituzte beharrezkoak diren neurriak».KOrdutik, ehunka elkarte sortu dira, ehunka ekimen, ehunka proposamen, trinkotze hori helburu. Nik doktoretza-tesian aztertu nituen trinkotzearen abaro horretan sortu ziren eta diren euskara elkarteak, batez ere Hego Euskal Herrikoak, eta ondorioetako bat izan zen, trinkotzea dutela eta zutela helburu, baina ez dagoela inondik ere trinkotze hori definituta, trinkotze hori zehaztuta. Eta uste dut beharrezkoa dela trinkotze hori definitu, trinkotze hori egunerokora ekartzea.
  • Komunitatea, hizkuntza, trinkotzea, ahalduntzea. Esan dudan bezala, ondare komunen artean, hizkuntza dugu lehena edo lehenetarikoa, eta beste hainbat ondareren oinarri ere badugu hizkuntza. Inuitek honako esaera dute: hizkuntza da erabilerarekin zorrozten den arma bakarra. Eta hala da. Hizkuntzaren ondarea mantentzeko beharrezkoa da, nahitaezkoa da hizkuntza horri eusten dion komunitatea mantentzea, komunitate hori ahalduntzea, komunitate hori biziberritzea.
  • Hizkuntza gutxi-asko salbatuta dago, hiztegiak daude, herrietako hizkerak jaso dira eta jasotzen ari dira, ikerketa asko daude eta egongo dira. Xamar ikerlari nafarrak dioen modura, hizkuntza salbu dago, baina salbu ez garenok gara hizkuntza hori ezpain-lumetan darabilgunok. Eta hiztun barik, ezinezkoa da ondarea zaintzea, ez hemen ez inon. Amaitu nahiko nuke aldarri txiki batekin: munduan bioaniztasuna galtzen ari da, munduan klima aldaketaren larrialdia dugu buru gainean. Ba, gogoratu, munduko bioaniztasuna mantentzeko beharrezkoa dela hizkuntza gutxitu eta gutxietsiak mantentzea, hainbat ikerketak probatu duten modura. Hortaz, lanera!

A lingua en 2050

2024-01-15  //  Irakurgaiak  //  Iruzkinik ez

A lingua en 2050

2021ean argitaratu zen Galizian “A lingua en 2050” liburua, Fernando Ramallo soziolinguistikak koordinatua. Ideia sinplea da: hainbat adituri galdera bat pausatzea. Zelakoa izango da galizieraren egoera 2050. urtean?

Galdera erantzun dutenen artean, denetarik. Denek dute esperientzia, asko dira soziolinguistika eta hizkuntzaren egoerari buruz hausnarketak eta ikerketak egin dituztenak, eta, logikoa eta aberasgarria denez, ikuspuntu zeharo desberdinak dituzte, kasu askotan kontrajarriak.

Erantzun gehienak nahiko lauak eta espero zitezkeenak dira. Aurreiritzietan edo iritzietan oinarritutakoak, baina badira estilo aldetik erantzun oso originalak. Esate baterako, Manuel Nuñez Singalakoak edo Gabriel Rei-Dovalenak. Badira gure egoerari ere erreferentzia egiten diotenak (adibidez, Xesús Alonso Monterorenak).

Liburua, gainera, erraz irakurtzen da, azken finean, erantzunak laburrak direlako eta egiletik egilera salto egiteko aukera ematen dutelako.

Gustatuko litzaidake niri ere euskararen egoerari buruzko honen tankerako libururik ere argitaratzea gurean. Hainbat iritzi eta hainbat proiekziorekin, hainbat amets eta hainbat desiorekin, hainbat istorio eta hainbat usterekin. Inor animatuko balitz …

Eguraldiaren euskara, Kepa Diegez

2024-01-08  //  Irakurgaiak  //  Iruzkinik ez

Eguraldiaren euskara, Kepa Diegez

Liburu bitxi bezain bizia egin du Kepa Diegez aro-bidaiariak. Euskal herrietan zehar bidaia egin du eguraldia, denbora edo aroari buruzko berbak batzeko, Getxotik Eskiularaino, 99 herrietatik zehar.

Liburua euskara batuan idatzia dago, baina batuaren kolore guztiak hartzen ditu kontuan, lekuan leku batuari kolorea emanez. Jende xehearekin aritu da batez ere, herri jakinduria batzen. Liburua niri zeharo interesgarri begitandu zait, baina agian onena da Kepari berari berba ematea eta zer dioen aztertu:

“Solasak gizakiaren adimen-begiak sortu eta adimenarekin batera errotu eta hazi egiten dira. Lehenago gizabanakoa gainditzen duen herentzia kultural baten hazia ekartzen dute, hiztun-komunitateak onetsi baititu: hitz bat, aurrera aterako bada, ezinbestez, komunitate batek elkarbanatu behar du; bestela ahanzturaren zorroan eroriko da.

 

Eleak gordinik daude, natura hutsa dira, eta kulturaren atal bihurtzeko, maneiatu eta egosi behar dira; horrela kultura bilakatuko dira. Kultura, azken batean, natura eraldatua baizik ez da, besterik ez”.

 

“Bidaia guztiak eraldatzaileak izan ohi dira: hau, batik bat, iraultzailea ere gertatzen zaio: herri-jakinduria zinez kultura oparokoa da, zientziak aintzakotzat hartu beharrekoa. Hiztunen adimen-begiak ehunka urtean zizelkaturiko eguraldi-lexikoa kultur monumentu erraldoia da, iraunarazi beharrekoa, ez liburuetan, baizik eta mintzodunen ahoetan”.

Erromantizatzea

2023-12-20  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Erromantizatzea

Erromantizatzea, ingelesetik etorri den berba (espainolaren galbahetik pasatuta, seguruenik). Ingelesez to romanticize. Erromantiko berbarekin du harremana (hori bai dator Elhuyar hiztegian). Maitasun erromantikoari sekulako jipoi dialektikoak eman dizkio azken aldian mugimendu feministak eta hortik etorri da agian berba hau gurera.

Euskara ere erromantizatzen al dugu? Hein batean bai. Hor dugu indar biziz ama hizkuntzaren ideologia (irakurri, adibidez, artikulu honi egindako iruzkinak), metafora esentzialista eta biologizista hutsa dakarrena. Hor ditugu indar biziz bestelako ideologia batzuk: gazte eta nerabeen erruduntasunari buruzkoak, erabilera eta ezagutzaren arteko amildegiaz berba egiten digutenak, borondatea eta inposizioari buruz ari direnak (hau barne), eta abar.

Euskara ere erromatizatzen al dugu? Ba ez dakit, baina galdera hori egin orduko, neure burura etorri zitzaizkidan Ibai Atutxak bere “Barbaroak eta zibilizatuak” liburuan aipatu zituen berba batzuk (nahiz eta agian zerikusirik ez izan): “Euskara saltzea egon daitekeen jarduerarik neoliberalena da”.

Euskara ere erromantizatzen al dugu? Zuek zer uste duzue?

Gas argia

2023-12-13  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Gas argia

Gas argia kontzeptua orain dela gutxi deskubritu nuen Derioko Koxak talde feministako kide bati esker (ingelesez gaslighting). Honela definitu dezakegu gutxi gorabehera: “abusatzailea beste pertsonaren errealitatearen pertzepzioa aldatzen eta bere autokonfiantza murrizten ahalegintzen da, bere oroimena edo zuhurtzia zalantzan jarriz eta ezegonkortasun emozionala eraginez”.

Hasiera batean, kontzeptua ulertu nuen (eta neure inguruan bizitako kasu pare batekin akordatu nintzen). Baina gero … buruko errota beharrean hasi zen eta …

Kontzeptu hori bikote-harremanei ez ezik, herriei ere aplika dakiekeela iruditu zitzaidan (herriei edo hizkuntza komunitateei, gurago duzuen moduan). Eta, ostras, zenbat biderrez egin didaten/diguten gas argia niri/guri? Milaka adibide etorri zitzaizkidan burura …

Carlos Callonen “O libro negro da lingua galega” lanean adibide asko ageri dira, baina egunerokoan ere milaka ditugu: zer gura duzu mediku ona ala euskalduna? Edo jasandako eraso linguistikoa menosten aritzen zaizun laguna (euskal hiztuna hainbat kasutan, jakina), edo Telpeko egoeretan agertzen zaizkigunak, edo sare sozialetan agertzen diren milaka iritzi (neofaxistak horietako batzuk bai, baina horiez gain beste hainbat), edo …

Eta argi dago hau biolentzia sinbolikoa dela, hau da, biolentzia moduan atzematen ez den biolentzia da, pentsamendu kategoria negatiboen inposizioa, desprestigio eta desautorizazioa artikulatzen duten kategorizazioa. Eta horrek zerikusia du autogorrotoarekin, autolesioekin, konplexuekin.

Gas argia bai, baina honen aurrean zer egin beharko genuke? Zein da horri eman beharreko erantzun pertsonal zein kolektiboa? Ba ez dut ideiarik ere ez … Agian, gure kontra erabiltzen diren erreminta hegemoniko horiek (estereotipo eta irain horiek) berreskuratu eta modu kontrahegemonikoan erabili genitzake, esangurak birdefinituz. Agian.

Batera jauzi

2023-11-28  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Batera jauzi

Topaguneak bere hirugarren kongresua egin du orain dela gutxi, Batera Jauzi izenarekin. Aurreko bietan ez bezala, oraingo honetan nahiko kanpotik jarraitu dut kongresua, baina, hala ere, ponentzia irakurri nuen. Azpimarratu nituen kontu batzuk eta gaur horiekin honelako nahaste bat ekarri dut artikulura.

Hasi aurretik, nonbaiten hartu nuen aipu bat ekarri gurako nuke: ideia berririk ez dago, ideiak sentitzeko modu berriak baino ez daude. Hori izan zen txostena irakurritakoan izan nuen sentsazioa (eta horrek ez du gura esan txarra denik, inondik ere).

Tokian toki euskaltzaleak batu, saretu, antolatu eta aktibatzea da euskara elkarteen eta Topagunearen helburu. Baita honako hauek ere (ez daude guztiak, nik azpimarratutakoak baizik): eragilera ardatz duten ekimenak eta egitasmoak antolatzea; norbanakoak ahalduntzeko, motibatzeko eta aktibatzeko ekimenak, tresnak eta formazio soziolinguistiko eta ideologikoa garatu eta zabaldu.

Eta hori zelan egiten da ba? Ba, elkartegintzako egungo egiteko moldeak garai berrietara egokituta, ikuspegi intersekzionala eta sistemikoa kontuan hartuz, gasolina ideologikoa hizkuntza-ekologiatik hartuz eta sozializazio komunitarioa ardatz.

Eta beste hainbat kontzeptu azpimarratu nituen: imajinarioa, hiztun-komunitatearen kontzeptua hizkuntza eskubideekin zelan lotu, euskal identitate askotariko, ireki eta inklusiboa, euskaldun eta euskaltzaleak ez direnak zelan erakarri (hau irakurtzean, gogoratu nuen lagun batek aipatzen dituen hizkuntzaren apostatak, hau da, euskara jakin arren, egunerokoan uko egiten dioten lagunak), …

Amaitzeko, bi ohar egin nahiko nituzke. Batetik, uste dut euskara elkarteen mugimenduan gobernantza eta berrikuntza toki mailakoak izaten jarraitu behar dutela, uste dut hori dela mugimendu honen ekarpenik nabarmenetakoa. Era berean, hori lotuta joan behar da beste kontu batekin: ezagutza, sustapena eta abar nazio mailakoak izan behar dira edo nazio mailan kudeatu behar dira. Eta, bestetik, txostena irakurritakoan euskara elkarteen eta mugimenduaren agenda propioa zein izan beharko litzatekeen etorri zitzaidan burura. Ez dut erantzunik, jakina, baina iruditzen zait horri ere garrantzia aitortu beharko diogula.

(Ekarpen hauek kongresua amaitu ostean ekarri ditut blogera, aurretik eginda izan arren. Ezin nuen parte hartu kongresuan, hainbat arrazoirengatik, eta iruditu zait mugimenduarekiko errespetu falta litzatekeela kongresua egin aurretik hauek publikoki plazaratzea. Mila esker kongresua gidatu duten guztiei eta orain lanera, esandakoak gauzatzera. Mugimendu osasuntsu eta indartsu bat ezinbestekoa dugu aurrera egin gura badugu).

Gure ikerketen anomalia

2023-11-20  //  Sailkatu gabea  //  Iruzkinik ez

Gure ikerketen anomalia

Iñaki Iurrebasok esaten zuen euskal demolinguistikak lau erronka nagusi zituela. Eta haietako bat unibertsitatearen inplikazioa areagotzea da. Eta hala da. Izan ere, gurean, soziolinguistikaren ikerketan, anomalia batean bizi gara. Anomalia diot, gurean ez dakit zenbat unibertsitate egon arren, ez dagoelako soziolinguistika fakultaterik eta ez dagoelako soziolinguistikaren ikerketara erabat emana den ikerketa-talderik (Equiling izan daiteke salbuespen ia bakarra).

Eta anomalia horri erantzuteko, ba txiringitoak eraiki ditugu (eta argi geratu dadila txiringito horiek asko maite ditudala): Soziolinguistika Klusterra, Badalab, Euskaltzaindiako Jagon saila, … Baina hori anomalia da. Soziolinguistika diziplina zientifikoa da eta zientzia, batez ere, unibertsitatean egiten da (unibertsitateak ere beste arazo ditu: parrokia edo batzoki akademikoak sortzea, adibidez). Eta, noski, zientzia aplikatua ere behar dugu, kalea eta akademia gainezkatuko dutenak.

Eta ez dago ikerketa talderik. Badira han eta hemen soziolinguistika ikertzen ari diren akademiako kideak: Jone Goirigolzarri eta Patxi Juaristi, Estibaliz Amorrortu eta Iñaki Marko, Ane Ortega eta Iñaki Iurrebaso, Miren Artetxe eta Jon Sarasua, Jone Miren Hernandez eta Jaime Altuna, Paula Kasares eta Beñat Garaio, Ainhoa Pardina eta Xabier Erize, Jacqueline Urla eta Pello Jauregi, Onintza Legorburu eta Ibon Manterola, Maite Garcia eta Idurre Alonso, Nekane Arratibel eta Iñigo Beitia, Karmele Perez eta Aitor Zuberogoitia, Nekane Goikoetxea eta … Gehi akademiatik kanpora dabiltzan beste batzuk (gehi erretiroa hartutakoak gehi kanpo dauden/gauden batzuk egoera beste modu batekoa balitz, agian ikerketaren bideari ekingo geniokeela).

Ikertzaile batzuk badira, baina bateratasun eta elkarrekin proiektu (eta proiekzio) gutxi. Ea!

6 / 140«Aurrekoa5678203040Hurrengoa»

Txerra Rodriguez

Soziolinguistikari buruz dihardu blog honek, euskararen hizkuntza komunitatearen ikuspegitik beti ere.

Azken bidalketak

  • Galderak eta galderak
  • Sabela
  • Kontzientzia kritikoa
  • Algoritmoa asaldatu
  • Irakurgaiak: No hablaras

Iruzkin berriak

  • Fora da aula - Garaigoikoa(e)k Idatzi nahiko nituzkeen aipu batzuk bidalketan
  • Ketxus(e)k Deskodetzea bidalketan
  • Txerra Rodriguez(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • allartean(e)k Algoritmoa(k) bidalketan
  • Barbarizazioa(e)k A casa do amo bidalketan

Artxiboak

  • 2026(e)ko urtarrila
  • 2025(e)ko abendua
  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko iraila
  • 2025(e)ko uztaila
  • 2025(e)ko ekaina
  • 2025(e)ko maiatza
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko martxoa
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko abendua
  • 2024(e)ko azaroa
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko uztaila
  • 2024(e)ko ekaina
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko apirila
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko otsaila
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko iraila
  • 2023(e)ko uztaila
  • 2023(e)ko ekaina
  • 2023(e)ko maiatza
  • 2023(e)ko apirila
  • 2023(e)ko martxoa
  • 2023(e)ko otsaila
  • 2023(e)ko urtarrila
  • 2022(e)ko abendua
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko iraila
  • 2022(e)ko abuztua
  • 2022(e)ko uztaila
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko martxoa
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko azaroa
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko uztaila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko maiatza
  • 2021(e)ko apirila
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko azaroa
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko abuztua
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko iraila
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko ekaina
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko abuztua
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko abuztua
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko apirila
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2009(e)ko urtarrila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 2006(e)ko abendua
  • 2006(e)ko azaroa

Kategoriak

  • 30 urte
  • Aipuak
  • Atik Zra
  • Azatzak
  • Etxealdia
  • Info 7
  • Irakurgaiak
  • Jakin
  • Poema soziolinguistikoak
  • Sailkatu gabea
  • SL domestikoa
  • Sutondoko kontuak
  • Tosepan

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA