Frantziako Saint-Philbert herrian herritarrak konposta egiten dute auzolanean
Argia astekariak Net Hurbil atalean kontatu du nola Frantziako Vendée eskualdean dagoen Saint-Philbert herrian biztanleek herriko hondakinak kudeatzen laguntzen duten auzolanean konposta eginez. 2.700 biztanleko herri honetan 2000 urtean zabortegi handi bat ezarri nahi zieten, bertakoek bozketa eginez ezetz erabaki zuten eta 2002tik aurrera konpostatuz birtziklatzen dute beren hondakinen zati handi bat. Aurretik nork bere etxean konpostagailua zeukaten herritarrei lan hori hobetzen lagundu diete auzolanetik, eta herri osoarentzako konpostgunea sortu dute, udalaren laguntzarekin. Herria etxe multzo txikitan banatuta daukate eta multzo bakoitzean animatzaile batek egiten du operazio osoan kontakto lana. Langile aditu bat dauka konpostguneak denbora erdiko jornadan, eta herritarrek astean hiru egun dauzkate ordu jakinetan sukaldeko hondakin konpostagarriak bertara eramateko.
Ordainetan, urte bukaeran familia bakoitzari ematen zaio sortzen diren 70 tona konposten parte proportzionala. Orain esperientzia inguruko herri eta eskualdeei erakusteko “Compost Citoyen” elkartea sortu dute. Artikuluak bukaeran elkarte horren eta antzeko beste esperientzien loturak dakartza.
Auzolanean zaborrik ez eta konpost hobea
Pello Zubiria
2007-12-15
Conpost Citoyen webgunetik hartutako irudia
Hondakinen tratamendua beti da gatazkatsua gizarte aberatsetan, Euskal Herrian ere errauste planta, zabortegi eta bestelakoekin ikusten denez. Agintariek eta planak egitetik bizi diren kontsultoreek soluzio konplikatu eta garestiak aipatzen dituzte beti. Aldiz, erraz eta merkerik ere bada.
Ezetz esan zuten 2002an. Ezetz, herrian ez zutela onartuko 60 hektareatako zabortegirik egitea. 2.700 biztanle dauzka Frantziako Vendée departamenduan Saint-Philbert-de-Bouaine herriak, Ar-Naoned (Nantes) inguruan. Baina biztanle horien artean eduki behar du fundamentu handiko jenderik, zeren eta sei urtetan etxeko zaborrak modu autogestionatuan kudeatzeko eredu bihurtu baita.
Le Monde Diplomatique hilabetekariak berriki plazaratu du ingurumenari eskainitako zenbaki berezia, L’Atlas de l’environnement. Bere 100 orrialdeak bi atal nagusitan dauzka banatuta: batetik “Planetak dituen mehatxuak” eta bestetik “Planeta salbatu dezaketenak”. Artikuluon artean dago honakoa: “Hondakinak: Saint-Philbertek erakusten du bidea”. Gezurra badirudi ere, biderik motz eta merkeena.
Eskualde mailako zabortegiari uko egin eta bi urtera, 2002an, konpost eremua jarri zuten martxan Saint-Philberten. 2.500 metro karratuko terrenoa egokitu zuten herritarren sukaldeetako hondakinak konpostatzeko, eta horrekin batera ahalik eta jende gehienak parte hartzeko kanpainari ekin zioten. Bultzagileek herritar guztiekin hitz egin zuten: familia, ostatu, komertzio… Lau urte geroago, herritarren %80k hartzen du parte konpostaketan. Zinegotzi batek, Jean-Pierre Morisseau-k, esan duenez, “gainerako %20ak dira herrian tarteka azaltzen direnak edo oraindik geratzen diren pizzajale bakanak”.
Baina Saint-Philberteko esperientziari interesa, etxeko hondakinei aprobetxamendu hain handia ateratzeari barre egin gabe, noski, kudeatzeko ereduak ematen dio. Hemen auzolanean egiten baita
konpostaketaren prozesu osoa. Udalaren diru-laguntzarekin, eskualde mailako laguntzekin, baina autogestioan oinarrituta.
Bertako L’Ouest-France egunkariak, honela dio kronika batean: “Hemen herritarren %80k patata azalak ez ditu zakarrontzira botatzen. %30ek nork bere etxeko baratzean edo jardinean ipinitako konpostagailu
partikularretan erabiltzen ditu. Eta gainerako %50ek poltsa txikietan eramaten ditu konpostatzeko gunera. Hura ikusi beharra dago sinesteko. Etengabeko joan-etorrian jendea, gizon eta emakume, edozein adineko, eskuetan aza, azenario edo porru hondakinez betetako zakuak dakartzatela”.
Konpostgunea asteko hiru egunetan dago zabalik, ordu jakinetan. Ordu horietan “konpost-maisua” (maitre composteur, frantsesez) dago harreran, jendearen hondakinak hartu, pilan ipini, galderei erantzun, eta abar egiteko. Konpost-maisuaren ardura da sukaldeetako hondakinak eta herritarrek bezala udalak baratze eta jardinetatik ekartzen dituzten sastraka eta adar jendea txikitu eta nahasketa egitea, prozesuaren kudeaketa osoa zaintzea.
Hilabete batzuen buruan herritarrek, beren ahaleginaren ordainetan, konpost primerakoa jasoko dute baratze, jardin edo balkoietan erabili ahal izateko. Lehen bakoitzak ekarri duen hondakin kopuruaren proportzioan. 2006an 2.700 herritarren eta udalaren lorategien artean 70 tona konpost banatu ziren.
Politikoen zain egon gabe
Inguruko askok, Vendée departamenduko agintariak barne, espero omen zuten hasierako beroaldiaren ondoren laster itzaliko zirela Saint-Philberteko esperimentuaren garrak. Baina alderantziz gertatu da, eta gainera laster etxeko tresnen birziklaketarako beste gune bat irekitzekotan dira. Areago, Compost Citoyen izeneko elkartea sortu dute, etxeko hondakinak herritarren artean kudeatzeko ideia beste herrietan ere sustatzeko.
Honela esplikatu du espiritua Jean-Pierre Morisseau zinegotziak: “Politikariek soluzio tekniko eta automatizatuak baizik ez dituzte ikusten, bereizketa mekano-biologikoa eta beste. Baina hain zuzen alderantzizkoa egin behar da: gizakietan inbertitu, erabiltzailea bihurtu protagonista”. Hala egin dute hasieratik Saint-Philberten. Herria 44 etxe multzo txikitan banatu eta horietako bakoitzean animatzail boluntario bat aurkitu, informazioa bideratuko duena, arazoak azkar jakinarazi, hobekuntzak proposatu, hilabetean behin konpostgunean permanentzia egin eta konpost-maisuari lagundu, eta abar.
Boluntario talde hau da Saint-Philberteko esperientziaren bihotza.
Herritarrei esfortzu bat eskatzen zaie, eta aldi berean tresna egokiak jartzen, prozesua gogaikarriegia gerta ez dakien. Parte hartu nahi duen familia bakoitzari ematen zaizkio bi ontzi: bata, 10 litroko edukiera duena, harraska azpian edukitzeko; bigarrena, 35 litrokoa, hermetikoki ixten den estalkiarekin, balkoian edo atarian egun batzuetan edukitzeko modukoa. Hau da herritarrak astean behin edo bitan konpostgunera eramango duena. Familia bakoitza kartila baten jabe da, eta hondakinak eramandako aldioro seilua ipintzen diote konpostgunean, konposta banatzeko egunean zenbat dagokion kontrolatzeko.
Hondakinak ondo erabiltzen erakusten duten inprimakiak eta bestelako materialak ere banatu ditu elkarteak herritarren artean. Zeren eta auzolaneko konposta egiteaz gain nork bere etxean egiten dutena hobetzea ere lortu nahi baita. Esperientziak erakutsi du borondate oneko herritar askok ez
dutela asmatzen beren baratzean ongarri ona lortzen, aholku teknikorik ezagatik. Hondakin heze eta lehorrak neurrian ez nahasteagatik, adibidez.
Konpostguneak balio du ikasketa horretarako. Hemen etxeko hondakinak biltzen dira batetik eta bestetik baratze eta jardinetakoak, tartean villa eta etxe bakarretako hesiak mozteak sortutakoak. Hauek txikiketa berezia behar dute konpostatzeko, eta behar den makinaria konpostgunean daukate herritarrek.
2006an Compost Citoyen elkartea sortu dute Saint-Philberten. Bere estatutuen bigarren atalak honela definitzen ditu kideak: “Elkarteak biltzen ditu Vendée eskualdeko herritarrak beren hondakinak arduratsu kudeatzen dituztenak, alegia: sailkatuz, birziklatuz eta hurbileko konpostaketa eginez”. Hiru helburu ipini dizkiote elkarteari. Ekologia mailan, sailkatzea, konpostatzea eta konpostaren erabilera sustatzea. Ekonomian, herritarrek banaka bezala taldean dituzten interes materialak eta moralak defendatzea. Maila sozialean, kudeaketa partehartzaile eta lekukoa bultzatzea, lanpostuak eta elkarbizitza sortzen dituelako.
Compost Citoyen taldea zaborren gaineko zergen eztabaida pizten ere ahalegintzen da. Garrantzizkoa delakoan herritar edo enpresa bakoitzak sortzen duen zaborraren arabera pagatzea, eta urrunago joanez, ordainketa sistemak saritu behar duelako birziklatzen eta konpostatzen ahalegintzen dena.
Ez da inon aipatzen Saint-Philberteko lider ongarrizaleen izenik, baina ezagutzekoak izango dira. Horiek ez dira politikarien zain egon zaborrei alternatiba aurkitzeko.
Informazio gehiago:
– Compost Citoyen elkartearen gunea
– Saint-Philberteko esperientzia “Bouaine en Ligne” gunean
– Hondakinen Frantziako Erakunde Independientea (CNIID)
– Konposta eta birtziklapena Argia astekarian
– Rennes hirian auzolaneko beste konpostgune eredu bat (bideoa)
– Britainia Handiko Auzolaneko Konpostatze Sarea, primerako iturria
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks