Ordiziako EAJ eta PSE: “Merezi al du %76 birziklatzeko ahaleginak?”
Hitzak “Ordiziako EAJk eta PSEk hondakinen %76 birziklatzeko ahaleginak merezi ote duen galdetu dute” kronikan plazaratu duenez, Ordiziako EAJ eta PSEko zinegotziek agerraldi publikoan auzitan jarri dute herritarrei hondakinak gaika bereizirik biltzeko eskatutako ahalegina. Udalak plazaratutako emaitzak zalantzan jartzeaz gain, lortutako %76 hori eztabaidagarria delakoan, honako argudioa luzatu du Jose Migel Santamaria zinegotzi jeltzaleak: “Merezi al du esfortzu honek? Intimitatea galtzen da; herritar asko elkarrekin haserretuta daude; ahalegin izugarria da guztiontzat, baina batez ere adinekoentzat; kostu ekonomiko handia dauka… Zertarako?”.
Gaikako bilketa derrigorrezkoa izatea ere kritikatu dute oposizioko alderdiek, udalak jakinarazi duenean aurrerantzean ez dituela bilduko zaborra nahasirik kalean uzten dituztenen poltsak. Stasi barne espioitza agentziak kontrolatzen zuen Eki Alemaniaren erreferentzia egin dute: “Irudipena daukagu hemendik gutxira garai bateko Ekialdeko Alemanian bizi ziren moduan biziko garela: gure auzokoek zelatatzen gaituztela biziko gara. Beldurra ematen du, egia esan”.
Eta gero arratoi erraldoiek jendea jango dute, eta Hitler berpiztuko da eta Ordiziako alkate bihurtuko da. Ai ama, zoratuta daude sozialjeltzale hauek!
Izkina guztiak kamaraz josten ibili dira urteetan, eta orain atez atekoa omen da intimitatearen kontrako erasorik handiena! Mesedez!