Konposta egiten duten herritarrentzat hobariak eta zigorrak Gipuzkoan
Gipuzkoan familien artean konposta egiteko ohitura zabaltzeko ahalegina lehenagotik datorren arren (Zubietan errauskailua egitea erabaki zuen Foru Aldundiak ere birziklatze sistema hau sustatzen zuen), 2009an Usurbilen Atez Ateko bilketa egiten hasi zirenetik sekulako bultzada hartu du herritarren konpostgintzak, “Herritarren konposta: ongarriaren iraultza” izeneko LARRUNen esplikatu denez. Organikoaren erabilera iraunkor hau hainbeste zabaltzeko gakoetako bat izan da udalek jarduerari eskainitako hobariak: familiok beren hondakinen %40 inguru bilketa eta tratamenduko zirkuituetatik ateratzen dituztenez, erakundeei koste ekonomikoak gutxituz eta gizarte osoari ingurumen kosteak murriztuz, hondakinen tasa txikiagoak kobratzen zaizkie. Baina nola eta zenbatetan daude gaur hobariok?
Lehen ñabardura bat: familia batzuek konposta beren kasa egiten dute (autokonposta) eta lur mutur baten jabe ez diren beste askok taldeka (auzokonposta). Azken hauek hein handiagoan edo txikiagoan udal zerbitzuen beharra dute jarduera osatzeko, eta ondorioz, hauen koste murrizketa ez da lehen sailekoena bezain handia. Hori esanik, zehaztu ditzagun hobariak, argituz Usurbilgo Joxemari Irazustak pazientzia handiz bildu dituen datuotan egon daitezkeen huts edo okerrak zuzentzen laguntzea eskertzen diogula irakurleari.
Udal askok %40 arteko beherapena eskaintzen die familia konpostgileei, batzuek %40 denei, beste batzuek auzokonpostatzaileei gutxiago. Hona zerrenda: Astigarraga (auzo. %30), Lezo, Hernani, Usurbil, Legazpi, Aduna, Amezketa, Elduain, Leintz Gatzaga, Ordizia, Elduain eta Amezketak. %20-%25eko ko deskontua egiten dute: Oiartzun, Lasarte (auzolanean ari direnek bakarrik), Urnieta, Zumaia, Azpeitia, Aizarnazabal (%18), Antzuola, Arrasate, Bergara, Elgeta, Oñati, Mutriku eta Villabonak. Tolosak %30. Gehienak dira edo Atez Atekoa ezarri dutenak edo antzeko helburuak eskaintzeko itxaropenez bilketa derrigorturen bat ezartzekotan direnak.
Gipuzkoako udal askok ez die hobaririk batere eskaintzen bilketa eta tratamendu kosteetak gainerako familiek baino %40 gutxiago eragiten duten familioi. Tartean daude paradoxikoki Atez Atekoa egiten duten udalerri asko; pentsatu beharko da hobariok ezartzeko asmotan dabiltzala, justiziazkoa izateaz gain udalei komeni zaielako familien autukudeaketa modu hau sustatzea. Baina batere hobaririk ematen ez duten udal gehienak dira honakinen bilketa borondatezkoa egiten dutenak, gaikako bilketan %40aren edo are %30aren azpitik dabiltzanak. Badute horretarako argudio bat: familia bakoitzak egiten duena ezin dute kontrolatu Atez Atekoetan bezala.
Baina, gainera, badira udal batzuk beren familiarik birziklatzaileenak saritu ez baina zigortzen dituztenak: Txingudiko Irun eta Hondarribian organikoarentzako 5. edukiontziaren giltza hartu dutenek %20ko hobaria daukate (giltza hartzeagatik bakarrik, gaika biltzen dutela garantizatu gabe) eta aldiz konposta egiten dutenek batere ez. Kopuru berean gertatzen da injustizia Goierriko Beasainen. Antzekoa gertatzen da Debabarrenean: 5. edukiontzian apuntatu direnek hobaria dute Eibarren (%17), Elgoibarren (%7) eta Soraluzen (%4) baina beren hondakinen %40a konpostatzen dutenek batere ez. Hain urrutira iritsi gabe, berdin saritzen dituzte konposta egiten dutenak eta 5. edukiontzi borondatezkoan izena emandakoak Zarautzek (%15), Getariak (%1,7, sic!) eta Zumarragak (%5).
Irunen edo Hondarribiaren kasuak baititu ezaugarri absurduak. Txingudiko 5. edukiontzi borondatezkoan ez dago lagatzerik kozinatutako jakirik (haragi, arrain…) eta sistema horretan izena emate hutsagatik %20ko deskontua daukazu tasan. Aldiz, etxeko baratzean organiko guztiak (gordin eta egosi) txukun konpostatzen baldin badituzu, herritarrik axolakabeenaren tasa bera pagatu behar duzu. Alternatiba surrealista? Erabiliko ez duzun 5. edukiontzi ditxosozkoaren giltza hartu, %20ko hobaria lortu… eta zeure baratzean beti bezala segitu isilik.
Mallabian %15
Debabarreneko Amankomunazgoaren eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntzagaz Mallabiko Udalak autokonpost eta auzokonpost kanpainak jarri ditu martxan. Mila Mondragon alkateak dioenez, “helburua da organikoa Mallabian bertan gelditzea”. Konpost sistema erabiltzen duten herritarrek, gainera, %15eko hobaria izango dute zaborraren fakturan.
http://anboto.org/mallabia/1389879611650