‘Swap’en afera: Zubietako errauskailua gelditu dutenak epaituko dituzte?
[Pello Zubiria Kamino] Errauskailuaren aferaz gehien dakien Diario Vascoko Fernando Segurari kasu egitekotan, GHKren gaurko arduradun nagusiak auzitegietarako bidean egon litezke: ““La Fiscalía vasca se plantea reabrir la investigación por la paralización de la incineradora““. Lehen lerroetan dioenez, “Calparsoro considera «escandaloso que se tenga que pagar un dineral por la paralización deliberada de un proyecto»“. Kakotxek adierazten dute hitzak fiskalarenak direla.
Blog honen irakurleari ez diogu berriro esplikatuko zer izan den delako ‘swap’en afera, duela 11 hilabete Donostian epaitu zena, auzi hartan entzun, ikusi eta ikasitakoa bilduta dago “Errauskailuaren ‘swap’en epaiketa: orain arte ikasi duguna” eta “Gaur hasiko da Zubietako errauskailuaren ‘swap’en epaiketa” albisteetan, besteak beste. Kontua da Hector Lopez Causapé epaileak (hamaika hilabetez pentsatzen aritu ostean) ez diola arrazoi eman GHK partzuergoari Banesto (Banco de Santander) eta La Caixa bankuen eta Price-Waterhouse-Coopers aholku korporazioaren kontra egindako eskariari. Alegia, errauskailua egiteko mailegua segurtatu zutela ‘swap’ espekulatiboekin eta hori dela medio orain, GHKk errauskailua ez egitea erabaki duenean, Gipuzkoari kobratzen dizkiotela erabili gabeko diruen interes oso handiak.
Gipuzkoan (aurretik Bizkaian egin bezala eta ondoren Nafarroan egitekoak ziren moduan) errauskailua abiarazi nahi zuen lobbyak operazioa lotu zuen beste leku askotan, tartean Mallorkan, amarratu zuen bezala: errauskailuaren eraikuntza eta kudeaketa kateatu epe luzeko mailegu finantziero bati. Hau da, hondakinak errausketari estu lotu horrela ezinezko egiteko Zero Zabor bezalako eredu bat abiaraztea. Gipuzkoan planak lehertu dira Bilduk Foru Aldundia eta GHK bereganatu ostean Zero Zabor eredua ezartzeari ekin dionean. 2014ko bukaeran gipuzkoarren %30 ari zen urtean pertsonako 100 kilo errefus nahasi baino gutxiago sortzen, eta dinamika hau bateraezina da etekingarria izateko zaborrak eta diru-laguntza publikoak behar dituen errauskailu batekin.
Juan Kalparsoro fiskala GHKko arduradunen atzetik zebilen, justu epaiketaren garai beretsuan “Zertan dabil Kalparsoro fiskala Gipuzkoako hondakinen aferan?” azaldu genuenez. Lanak bertan behera utzi zituen, epaiaren zain. Orain iragartzen du berriro helduko diola gaiari. Beraz, ez du ikertuko ea zergatik lotu zuten oso berme gogorrekin epe luzeko kreditu bat GHK eta Foru Aldundiko aurreko agintariek antolatzeko sistema bat erdi prezioan baino merkeago antolatu zezaketenean. Laburki esanda: Kalparsorok auzitara eraman nahi ditu oraingo agintariak aurrekoek egindako zorrak ez pagatzeagatik, eta auzitatik aparte utzi nahi ditu aurreko agintariak zor handiegiak (zor ilejitimoak) egin zituzten ikertu ere egin barik.
Gipuzkoako indar faktikoak ez daude ez errauskailuari uko egiteko (diru gehiegi aurreratua izango dute) eta ez kasta onekoa den inori agintzen uzteko. Azkenean, ondo ari direnak auzitegietarako bidean jarriz, Denis Itxasok berak probokatuko du aktibatzea errauskailuaren kontrako mugimenduak aspaldi martxan eduki behar zuena: Gipuzkoako Errauskailuaren Ikerketarako Herri Batzordea, gipuzkoarrei milioi askoko zor ez-legitimoa ordainarazi nahi diena.
Albistea hedabideetan:
“‘Swap’-ak ordaintzen jarraitu beharko du Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak” (Berria)
“Errauste planta zen benetako ekonomia eta ingurumen “kataklismoa”“, “Gipuzkoak 250 milioi euro aurreztuko ditu errauskailua ez eginda“, “Epaiak SWAP produktuen izaera espekulatiboa onartzen du” (GHK)
“Desestiman la querella contra los bancos por el swap de la incineradora de Zubieta“, “Denis Itxaso pide a la Fiscalía que reabra las diligencias contra los actuales responsables de GHK” (Gara)
“Desestimada la demanda de GHK contra La Caixa y el Santander“, “Consulta la sentencia íntegra (pdf. 4,7 Mb)“, “La Fiscalía vasca se plantea reabrir la investigación por la paralización de la incineradora“, “PNV, PSE y PP denuncian los perjuicios económicos provocados por Bildu” (Diario Vasco)
“Los tribunales avalan los contratos de cobertura de la incineradora“, “La oposición acusa a Bildu de judicializar los residuos” (Noticias de Gipuzkoa)
“Lehengo GHKko kudeatzaileek (errausketaren bultzatzaileek) sinatutako SWAPak Gipuzkoar guztiek ordaindu beharko dituzte” (Zero Zabor i.b.e.)
Epaitu behar zituztenak errauskailuen alde daudenei izango zen. Azken finean, errauskailuak kentzea jendearen minbizi kopuruak jaistea eragingo du. Eta PPNVSOE errauskailuak nahi dituzte soilik dirua irabazteko (Horregatik izorratzen zaie Bilduk plana zapuztu izana), baina PPNVSOEkoak tuntunak direla ere bere buruei, nahiz diru asko izan, errauskailuak minbizia eragiten bazaie, zertarako nahi dute diru hori? Gai honetan, nahiz bakarrik geratu Bilduk arrazoia dauka. Lotsagarria da Calpasororen portaera gai honetan.
P.D Artikulua oso ongi dago, gustatu zait eta artikulu osoarekin erabat ados nago.