Debabarrenak %60ra iritsi nahi du 2016an, borondatezko birziklatzearekin
[Pello Zubiria Kamino] Debabarrena mankomunitateak publizitate kanpaina berri bat abiatu du birziklatze tasa handitzeko asmoz. Diario Vascok plazaratu duenez (“Campaña para reciclar más basura“), 19.700 euro gastatuko ditu herritarren kontzientziazio kanpainan, etxeetako hondakin organikoak edukiontzi marroian laga ditzaten. Mankomunitateak “Helburua 60” izenburua daraman 35.000 orri banatuko ditu bailarako etxeetan.
Gaur %35ekoa den birziklatze tasa 2016an %60raino handitzea da helburua, baina horretarako borondatezko sistemarekin jarraituz, mankomunitateko lehendakari Arcadio Benitezek adierazi duenez. Bailarako bi herritan, Deban eta Mutrikun, erabaki berria dute birziklatzea derrigorrezkoa izatea (Tolosako sistema). Sistema honekin %70ko birziklatzea lortu daitekeela demostratu da; aldiz, borondatezko edukiontzien bidez ez dago herririk %45a lortu duenik. Borondatezko sistemarekin %60a iristea helburutzat markatu zuen lehenbiziko herria Urnieta izan zen, San Markos mankomunitatean, eta 2014ko estatistiketan ikus daitekeenez %45era ez iristeaz aparte, biztanleko eta urteko 211 kilo errefus sortzen du (derrigorrezkoarekin 80 kiloren azpitik dabiltzan herrietatik oso urrun). Debabarrenara itzuliz, berrikitan mankomunitateko agintariek prentsan azaldu zuten edukiontzi marroia erabiltzeko izena emandakoen erdiak erabiltzen duela benetan zerbitzu hori.
Jajaja ze txiste ona, %60ra…
bainan Kike Amonarrizek jarraitzen du Argian txisteak publikatzen ala??