Madrilgo 36 lagunek auzitara daramate Ingurumen idazkaria errausketagatik
[Pello Zubiria Kamino] Hogeita hamasei pertsonak, beren ustean Valmingomezko errauste plantak eragindako gaixotasunak jasaten dituztenak edo horiengatik hildakoen senideak direnak, auzitara eraman dute Madrilgo autonomi erkidegoan Ingurumen Ebaluazioko zuzendari zen Jose Trigueros Rodrigo, 2008an errauskailuari Ingurumen Baimena eman ziolako aurretik Ingurumen Eraginen Ikerketarik egin gabe.
Rivas Aire Limpio plataformak jakinarazi duenez, epaiketa penala eskatu dutenen 36en artetik 15 gaixotasunengatik hildakoen senideak dira. Kantzer mota ezberdinek nozitzen dituzte (birikakoa, prostatakoa, bularrekoa, kolonekoa…) edo fibromialgia bezalako kronikoak. Valdemingomezeko errauskailua dagoen Rivas Vaciamadriden bizi edo bertan lanean ari dira, gehienak 5 kilometroko radioaren barruan eta batzuk 7,5 kilometro artekoan.
Diagonal hedabide elektronikoak zabaldu duenez, Madrilen Esperanza Agirreren gobernuan kargua hartu aurretik, 2000 eta 2004 artean José Trigueros Rodrigo Ingurumen ministerioan Itsas bazterren zuzendari egon zen, eta bere agindupean Fuerteventura uhartean legez kanpo eraikitako hotel bati baimenak eman zizkion, justu auzitegiek hotelaren kontrako ebazpena eman baino egun gutxi batzuk lehenago.
Triguerosen kontrako auzi penalean abiatzerakoan besteren artean CAES Centro de Asesoria y Estudios Socialesen eta Asamblea Medio Ambiente Sol 15m taldeen babesa jaso dute. Errauskailua 1993an jarri zuten abian, eta eraikitzen ari ziren garaietatik herritar askoren protestak jaso ditu. 2013an beste salaketa bat aurkeztu zuten Madrilgoa Fiskalaren aurrean Frente Civico de Rivas koordinadoran bilduta. Are lehenago, 1996an, Greenpeace, Ecologistas en Acción eta Comisiones Obrerasek Madrilgo Auzitegiko ingurumen fiskalari eskatu zioten artean frogatan zegoen errauskailuareren jarduera oztopatzeko, frogatu arte haren isuriak ez zirela kaltegarriak gizakien osasunarentzako, 2011ko LARRUNen Alfonso del Val ingurumen adituak kontatu zuenez.
Valdemingomezeko errauskailua Tirmadrid enpresak kudeatzen du, eta honen jabea Urbaser da. Urbaserrek Mondragon kooperatiba taldeko LKS dauka bazkide estrategiko Euskal Herrian eta Baionan Bil ta Garbi mankomunitatearen Canopia TMBa kudeatzen du.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks