San Markoko herrien errefusak 2015ean: onerako eta txarrerako Pasaia etsenplu
[Pello Zubiria Kamino] Hondakinak ondo kudeatzearen eredu izatera iritsia zen Pasaia Amaia Agirregabiria (Bildu) alkate zelarik; baina udal hauteskundeen ondoren hondamendian amildu da, derrigorrezko sistema eraistearekin batera. Hori da Gipuzkoako eskualderik jendetsuena, Donostialdea, biltzen duen San Marko mankomunitateren 2015ko emaitzaren datu deigarriena. San Markok bere webgunean 2015eko daturik eskaintzen ez duen arren, udaletara erakunde horrek bidalitakoetatik ARGIAk osatu ahal izan du hondakinen 2015eko argazkia.
San Markok bi udalerri mota dauzka hondakinen gaian: ondo ari direnak eta gaizki ari direnak. Biztanleko eta urteko sortzen duten errefus kopuruak bereizten ditu. Gaizki ari direnak, 2015eko zifretan:
– Donostia: 274,5 kg (2014an 287,1 kg). Zerbait egin du hobera, %4,4, baina oso gutxi kontuan hartuz Gipuzkoan gutxien birziklatzen duena hiriburua dela.
– Lasarte: 232,9 kg (2014an 224,3 kg). Okerrera egin du.
– Urnieta: 214,6 kg (2014an 211,4 kg). Berdintsu. (5. edukiontziarekin emaitzarik ez baldin bazen sistema berrikusteko egindako promesa ez du bete udalak).
– Errenteria: 212,3 (2014an 236,4 kg). %10 gutxitu du errefusa, aurrerakada aipagarria.
Ondo ari direnak:
Oiartzun: 63,07 kg (2014an 63,3).
Lezo: 40,5 (2014an 36,1).
Astigarraga: 50,52 (2014an 43,2).
Hernani: 52,8 (2014an 57,6).
Usurbil 80,9 (2014an 79,1). Usurbilgo datuez ohar garrantzitsua: beste herrietan ez bezala, honetan udalak kudeatzen ditu industri-guneetako hondakinak ere.
Aipamen berezia merezi du Pasaiak (15.929 biztanle): 2015ean pertsonako 85,1 kilo sortu ditu 2014an 134,9 sortu zituenean. %37ko aurrerapena. Lau distritu izaki, bi fasetan antolatu zuen udalak derrigorrezko sistema ezartzea, eta Donibanen Atez Atekoa ezarri ostean hurrengo jauzia berehala nabaritu zen: 2014ko irailetik urrira errefusak gutxitu ziren 193 tonatik 86ra, gaikako bilketa tasan %76a gaindituz. Kopuru horietan ibili da geroztik 2015ean udal hauteskundeen ondoren udal gobernu berria sistema desmuntatzen hasi arte: ekainean 88 tona sortzetik uztailean 127ra pasatu zen, urrian kontainer sistema zaharberritua finkatu eta abenduan 171 tonataraino iritsiak ziren. Aurreko bederatzi hilabeteetan bezala segituz, Pasaiak emango zituela Astigarragaren edo Lezoren emaitzak, pertsonako 60 kilo azpitik.
San Markoko herrien 2015eko errefus kopuruak Gipuzkoara (707.298 biztanle) zabaltzekotan, gipuzkoar guztiek donostiarrek adina errefus sortuko balute, 194.153 zabor nahasi pilatuko litzateke urtean. Aldiz, Oiartzungo herritarrek bezala jokatuko bagenu, Gipuzkoak urtean ez luke metatuko 44.500 tona baino. Pasaiako jendeek 2015an bezala 80,1 kilo errefus sortuz gero, Gipuzkoak denetara ez luke pilatuko 60.191 tona baino gehiago.
Barkatu, baina Pasaiak lau distritu ditu, ez hiru: Donibane, Antxo, San Pedro eta Trintxerpe.