GHK-k hilabetez luzatu die enpresei Zubietako erraustegiaren deialdira aurkezteko epea
Zubietako erraustegia eraikitzeko eta kudeatzeko esleipena hainbat astez atzeratu daiteke, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) ostiralean hartutako erabaki bat medio.
Lurraldeko buletin ofizialean astelehenean iragarri denez (pdf), “Ingurumen Gunearen” lehen faserako eskaintzak aurkezteko epea hilabetez atzeratu du partzuergoko kontratazio mahaiak, “arrazoi teknikoak direla-eta”. Hala, erraustegia eraikitzeko deialdian parte hartu nahi duten enpresek urriaren 27ra arte izango dute orain horretarako aukera.
GHK-k argitaraturiko ohar laburrean ez da zehaztapen gehiago ematen eskaintza luzatzearen arrazoiez. Erraustegiaren bideragarritasun planak dio 1.200 milioi euro kostako zaiela proiektua gipuzkoarrei, baina partzuergoko arduradunek publikoki itxaropena azaldu izan dute enpresek “beheranzko eskaintzak” egingo dituztela.
Hondakinak erretzeko planta handiaren proiektuak helegite ugari jaso ditu norbanako, erakunde eta eragileen partetik, eta horietako asko argitu gabe daude oraindik.
Partzuergoaren kalkuluen arabera, urri amaieran edo azaro hasieran erraustegia eraikitzeko eta kudeatzeko lanak esleituta behar lukete. Agidanez, azken erabaki honek hainbat astez atzeratu dezake urrats garrantzitsu hori.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks