IDOM-ek 2,8 milioi euro kobratuko du Zubietako erraustegiaren aholkularitza teknikoa emateko
[Pello Zubiria Kamino] Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldizkari ofizialak irailaren 14an argitaratu zuen erabakia: “Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAU. Kontratu formalizazio iragarkia 1. Xedea. a) Kontratu honen xedea, Gipuzkoako hondakinen lurraldearen arloko planean jasotako hiri hondakinen kudeaketarako azpiegiturak eraiki tzeko jabe tza ren ingeniari tza ren lagun tza teknikoa zerbi tzua ematea da”. Esleipena uztailaren 4koa da eta aipatu xede hori betetzearen truke IDOM Ingeniería y Consultoría SAUri GHKk pagatuko dio 2.810.045,80 euro gehi BEZa.
IDOMek egin behar dituen lanen eta hartzen dituen konpromisoen zehaztapenak GHKk 2016ko apirilean egindako deialdiaren agirietan azaltzen dira. Horien artean, kontratuaren ezaugarri teknikoak biltzen dituen agiriaren “Xedeak” atalean lehen paragrafotik geratzen da argi IDOMek jokatuko duen paperaren garrantzia: “Lehiaketaren barruan sartu dira Jabetzaren Ingeniaritzaren Laguntza Teknikoak Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Zentroari nahiz hondakinen kudeaketarako Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatutako gainerako azpiegiturei dagokienean egingo dituen jarduketa guztiak”. (Irakurri “Xedeak” atala osorik albistearen beheko aldean).
Wikipediaren arabera, Bilbon sortu eta egoitza nagusia bertako San Ignazio auzoan duen IDOMek 2.500 langilez goiti du mundu osoko 34 bulegotan banatuta. IDOMek bere webgunean dio negozio eremu anitzetan ari dela: ingeniaritza, aholkularitza, arkitektura, ingurumena, industria, nuklearra… Zentral nuklearren alorrean, Espainiako estatuan Asco eta Vandelloseko zentraletan hartu du parte, bere lana delarik zentral baten kokagunea hautatzetik zentralaren bizi osoa bitartean aholkularitza ematea. Hondakinen alorrean, parte hartzen du bai zabortegien antolakuntzan eta bai errauste plantetan (Turkia, Kolonbia…).
IDOMek parte hartu omen duen 30.000 proiektuen artean daude mundu osoko Abiadura Handiko Trenak, Ho Chi Minh hiria, Hanoi eta Bogotako metroak, Bilboko Guggenheim museoa, Europako Legebiltzarrak Estrasburgon daukan eraikina, San Mames Barria eta abar luze bat.
Zubietako errauste plantaren proiektuari dagokionez, IDOMi GHKk egin dion kontratuaren ezaugarrietan bete-betean sartzen direla dirudi Urnietatik Zubietara egin beharreko goi tentsioko linea elektriko berria eraikitzeko desjabetza eta baimenen jarraipena eta baita ondoko asteetan erraustegia eraiki eta kudeatzeko asmoz aurkeztu diren enpresa taldeen arteko aukeraketan parte hartzea ere. Hona kontratuaren xedeak:
Lehiaketaren barruan sartu dira Jabetzaren Ingeniaritzaren Laguntza Teknikoak Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Zentroari nahiz hondakinen kudeaketarako Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatutako gainerako azpiegiturei dagokienean egingo dituen jarduketa guztiak. Lehiaketatik kanpo dago eraikiko diren planta edo azpiegitura/instalazioetako xehetasun ingeniaritza, horien esleipendun suertatzen diren kontratisten ardura izango baita.
Beraz, laguntza teknikorako kontratu honen xedea, zehazki, ondoko lan hauek burutzea da:
– Eraiki beharreko planta bakoitzean kontuan hartuko diren irismenen definizioa egiteko oinarrizko proiektuak idaztea.
– Ingurumen-baimenak eta jarduera-baimenak nahiz beharrezkoak diren bestelako legeztapenak idazten eta izapidetzen laguntzea. Idazketa barne, beharrezkoa bada eta GHK-k edo Kontsortzioak hala eskatzen badute.
– Ezaugarri teknikoen agiri-proposamenak idaztea, aipatutako instalazioak eraikitzeko lehiaketetarako, eta laguntza teknikoa ematea aurkeztutako eskaintzak taulen bidez adierazteko orduan, GHKren edo Kontsortzioaren eta planten esleipendunen arteko kontratua osatzeko laguntza tekniko berezitua barne.
– Laguntza ematea eginkizun hauetan: xehetasun-ingeniaritzako proiektuak ikuskatzea, eraikuntza-lan guztiak ikuskatzea eta behar bezala gauzatzen direla kontrolatzea (Project Management moduan), GHKri edo Kontsortzioari laguntzea horiek abian jartzen eta instalazioak eraikitzeko zehaztutako eskakizun teknikoak eta errendimenduak betetzen direla egiaztatzen.
– Laguntza teknikoa orokorrean, jabetzaren ingeniaritza bezala, Gipuzkoako
Hondakinen Lurraldearen Arloko Planean jasota dauden hondakinen kudeaketarako obrak edo azpiegiturak burutzearekin lotuta dauden proiektu edo azterlanetan.
– Sozietateari laguntza ematea, hala eskatuko balitz, kontratuaren bidez
konprometitutako bermeak edo errendimenduak ez betetzeagatik kontratistei
egindako erreklamazioetan.
Lan horiek egiteko, lanen zuzendariari lanen zirriborro osoa duen dokumentua emango zaio, proiektu bakoitza idazteko epea amaitu baino hamabost egun lehenago gutxienez, bukaerako azterketa egin eta gero, beharrezkoak diren doikuntzak egin daitezen eta behin betiko dokumentua editatu eta eman dadin, onartutako idazketa-epearen barruan.
Bereziki garrantzitsutzat jo ditugu dokumentazio tekniko fidagarria izateko eraginkortasuna eta azkartasuna, lizentziak eta era askotako baimenak arin izapidetu ahal izateko eta, era horretan, eraikuntza-obrak gauzatzeko lehiaketei hasiera emateko orduan atzerapenak ekiditeko edo, bestela, zigor- eta zehapen-araudia zorroztasunez ezartzeko.
Proiektuak eta dokumentazioa idazteko, kontuan hartu beharko da ezargarriak diren arauak ezinbestez bete behar direla -hala nola, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentaraua, industria-igorpenei buruzkoa, Espainiako zuzenbideari gehituta 2013ko urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez-, eta baita baliagarri dauden teknikarik hoberenen inguruko Europako Batzordearen erreferentziako dokumentuak ere, eraiki beharreko etorkizuneko instalazioetan eragina dutenean.
Halaber, beharrezkoa bada, esleipendunak sorten edo instalazioen artean egon daitezkeen fasearteen xehetasun-ingeniaritza definitu eta gauzatuko du, sortzen diren beharren arabera.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks