GURASOSek hondakinen gatazka konpontzeko bide-orria aurkeztu du
GURASOS elkarteak, azaroaren 26an Donostian errausketaren kontra burutuko den mobilizazioan parte hartzeko deiarekin batera, aurkeztu du zortzi puntuko bide-orri bat Gipuzkoako hondakinen gatazkari irtenbidea emateko. Gaia gatazkaren eremutik eta zatiketa politikotik atera eta irtenbide partekatu batez bideratzea proposatu du, herritarren parte hartze aktiboz, propagandaren ordez informazioa landuz eta aditu eta teknikariei protagonismoa emanez.
Segurtasun juridikoaren garrantzia ere bilatzen du bide-orriak: “. Planaren azken berrikuspena 2008an egin zen. Beranduenez, 2014an berrikusi behar zen. Ez da oraindik egin eta hortaz, legearen aurkako egoera batean gaude, ebaluazio eta berrikuspen eta herritarren partaidetzarik gabeko plan batekin, herritarren partaidetza beharrezkoa denean berrikuspen horietan”.
Hona GURASOSenk proposatu duen bide-orria osorik:
1. Berehalako erabakia hondakinen kudeaketarako azpiegituren lizitazio eta kontratazio prozesuetan atzera egiteko edo haiek GELDIARAZTEKO. Epe laburrera zerbitzua emateko beharrezko diren bitartekoak kontratatzea.
2. LEGEZTATZEA. Paraleloki premiaz ekitea Gipuzkoako Hiri-Hondakinen Kudeaketako Plan Integrala berrikusteko izapideei.
3. GIZARTERATZEA: Foru Aldundiaren baitan mahai soziala sortzea hondakinen kudeaketarekin lotutako herritar elkarte eta mugimenduen presentzia eta partaidetza bermatzeko.
4. INFORMAZIOA ETA GARDENTASUNA. Mahai tekniko bat sortzea Foru Aldundiaren baitan osasun publikoaren gaian eta hondakin kudeaketan aditu eta teknikari direnen presentziarekin, Foru Gobernuaren proposamenez, foru parlamentuko talde politikoen proposamenez eta halaber elkarteen proposamenez izendatuak.
5. PARTAIDETZA BIDEZKO HAUSNARTZE PROZESUA. 3. eta 4. puntuan aurreikusitako mahaiak Hondakinen Foru Planaren berrikuspenaren tramitazio prozedurara bilduko dira, indarreko legediak aurreikusi bezala (hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 10. artikulua; ingurumen gaietan informazioa eskuratu, publikoki parte hartu eta auzitegietara joateko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 16. artikulua (2003/4/EE eta 2003/35/EE arteztarauak txertatzen ditu) eta herritarren partaidetzari buruzko uztailaren 8ko 1/2010 Foru Araua.
6. OSASUNAREN BABESA ETA GIZARTE KOHESIOA. Prozesuan parte hartzen dutenek jarraibide komun partekatu batetik abiatzen dira: osasun publikoari eta ingurumenari berme gehien eskaintzen dizkion irtenbidearen bila aritu eta era berean gizarte kohesioaren aldetik maila gorenak lor ditzakeena.
7. HOBETO EGOKITZEA GAIARI BURUZ EUROPATIK DATOZEN POLITIKEI. Irtenbideak izan behar du baliabideen erabilera eraginkorrari buruz 2015eko uztailaren 9an Europar Parlamentuak emandako Ebazpenari hobekien egokitzen zaiona.
8. AKORDIO ETA IRTENBIDE PARTEKATUA. Ordezkari politikoek lortuko dute aurre egin beharreko bi arazoei irtenbidea ematen dien AKORDIO politikoa: hondakinen kudeaketari eta gizarte kohesioaren gabeziari, txanpon beraren aurkia eta ifrentzua balira bezala. Akordio horren zimenduak izango dira partaidetzazko hausnartze prozesuaren fruitu izango diren adostasun tekniko eta sozialak.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks