Mallorcako erraustegiari txikiegi gelditu zaio sortzen dituen errautsen biltegia
[Pello Zubiria Kamino] Mallorcako Última Hora egunkariak eman du albistea: “Son Reus [erraustegiaren] errautsentzako biltegiak urte eta erdirako lekua baizik ez dauka” eta hondakinak kiskaltzen dituen Tirme enpresak eskatu du zabortegi berezia handitzeko baimena. Gipuzkoak bizi duen gatazkan nabarmentzeko albistea da: Zubietako erraustegiaren lizitaziotik kanpo geratu dira errautsen eta eskorien tratamendu eta hobiratzea, GHK-k oraingoz proiektuaren lehen fasea baizik ez duelako esleitu.
Hondakinen errausketak, alde batera utzita airetik igorritako partikulak, labeetan sartutako pisuaren laurdena uzten du eskoria eta errauts toxikotan, azken hauek totalaren %3 direla. Lehen biltegi berezietara eramaten zituzten bezala, azken urteotan enpresek joera dute errauts horiek porlan eta beste materialekin nahastuta egonkortuta biltegiratzeko.
Kontua da erretako zaborraren %3 hori, errautsen bolumena, askoz handiago bihurtzen dela egonkortzeko beste materialekin nahastutakoan. Azkenerako Mallorcan, Diario de Mallorca-k 2014an azaldu zuenez, urtean errauts porlaneztatu horietatik 60.000 tona pilatzen dira. Orain Son Reuseko errauste plantak ondoan daukana bete bide da eta orain enpresak zabaltzeko baimena eskatu dio administrazioari, bi fasetan 9 milioi euro inguruko inbertsioa egiteko bertan.
Une berezian iritsi da albistea Mallorcan, bertan aspalditik agintzen duen PPk agintea galdu ostean gobernu berria ari delako nola itxiko Tirme enpresaren labeetako bat. Nagusiki turismotik bizi den Mallorcak atzerritik inportatzen du zaborra, labeak elikatu ahal izateko. Gipuzkoari dagokionez, berrikitan GHK eta Foru Aldundiak sinatzeko punturaino eraman duten Zubietako erraustegiaren kontratu berrian ez da aipatu ere egiten ez zer egingo duten eta ez non lagako diren errautsak.
Biltegi toxikoa handitu behar dute beste posibilitaterik ez baitaukate!!!