Hauteskudeak eta hondakinak: soziologoen azterketaren zain
[Pello Zubiria Kamino] Hauteskundeen biharamunean, Efe agentziak bere analisia eskaini zuen: “Los votos que la basura ha removido en Gipuzkoa“. Errausketaren propaganda disimulurik gabe egiten duen Diario Vascok laburbildu zuen gero hedabide guztiek zabaldu duten egia: “Bildu no instaló el PaP en Azpeitia y mantiene la alcaldía. Azkoitia lo implanta y gana el PNV“. Diario Vascok eta oro har Vocento taldeak, bere salmenta gora-behera, markatzen baitute Hego Euskal Herriko informazioaren agenda, errauskailua gelditzea agindu zuen indar politikoaren hautetsi eta boto-emaile askok ere barneratu dute hondakinekin urrunegi azkarregi joan diren ideia.
Berriak bi artikulu interesgarri eman ditu gaiaz, oso ezberdinak, txit elkarren osagarriak. Idurre Eskisabelek “Zaborraren garrantziaz” mamitsua idatzi du: aitortzen du penatuta dagoela Gipuzkoako emaitzekin “baina ez sigla jakin batzuei maitasun handirik diedalako, baizik eta joko alderdikoiaz haratago batzuen garaipenaren oinarrian eta besteen porrotaren muinean bi jendarte ereduren arteko borroka gertatu dela sinetsita nagoelako; are, iruditzen zaidalako talka horretan galtzaile atera dela herritarron arduran, jendeon elkartasunean, bestearen onarpenean eta guztiaren erdigunean bizitza esanahi osoz jarriko lukeen politikaren ikuspegia”.
Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren ingurukoetan espezialista den Iñaki Petxarromanek datuekin matizatu ditu batzuetan eta gezurtatu bestetan EHBilduk Gipuzkoa Atez Atekoagatik galdu duela dioten iritziak. “Boto galera ate joka” osorik leitzea merezi du. EHBilduri analisia osatzeko puntuak eskainiz bukatu aurretik, azterketarako datu oso interesgarriak eskaini ditu Petxarromanek: “Hondakinen aferak boto batzuk uxatuko zituen hainbat herritan —Lezon, Pasaian, Ordizian, Villabonan eta Bergaran, kasurako— baina galera orokorra izan da ia herri guztietan, eta, oso nabaria, adibidez, atez atekoa ezarri ez duten Arrasaten eta Zarautzen, adibidez. Are gehiago, nola esplika daiteke EH Bilduk Bizkaian ere 15.000 boto galdu izana? Eta, kontrako bidean, nola ulertu koalizioak atez atekoa martxan jarri duen Nafarroako Sakanan erdietsitako emaitza ezin hobeak?”
Gaiak ziurrenik merezi du soziologoek sakonago aztertu eta osatzea. Haien lana ordezkatzeko pretentsiorik gabe okurritzen zait kontutan hartu beharko dituztela bai hondakinen gaian EHBilduko taldeek herri bakoitzean lau urteotan egindakoa eta bai EHBilduk gaur jasotzen duen eremu politikoak azken hamarkadetan herri horietako bakoitzean eskuratutako emaitzak, beren gora behera guztiekin.
Hondakinak ez diren faktoreak bilatu beharko dituzte, adibidez, ulertzeko herri-bikote hauen emaitzen arteko ezberdintasunak: Ibarra versus Tolosa, Beasain vs. Legorreta, Donostia vs. Orereta-Errenteria, Usurbil vs. Orio, Ordizia, Zarautz versus Getaria, Arrasate vs. Oñati, Urretxu vs Antzuola, Hernani vs. Urnieta…
[P.D.] Beste iritzi bat gai berari buruz:
Oier Arantzabal “EHBilduren gainbeherari begira” (Zuzeu)
Apuntetxo bat Sakanaren inguruan: Atez atekoa 8 herrietan ezarri da (Olazti, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri, Arbizu, Lakuntza eta Uharten), beste 6etan sistema misto bat ordutegiaren menpe ez dagoena eta beste 2 herrietan ez da aldaketa handirik izan, auzokonpost gune batzuk ezartzeaz gain. Atez atekoa ezarritako herrietan duela 4 urte baino emaiza kaxkarragoak lortu dira. Gehiengo absolutuak etab lortu dira berriz, baina 8 herrietatik 5etan beste zerrendarik ez zegoelako, eta beste 3etan gainontzeko alderdiek “parakaidistez” osaturiko zerrendak aurkeztu dituzte, oso oso eskubikoak gainera (Geroa Bai ez da aurkeztu, adibidez), Bestalde, Altsasun, herririk handiena, atez atekoa ezarri gabe dago baina etorkizunean ezartzeko asmoa, eta hor bai izugarrizko galera izan dela.