Flandriako Energia ministroak errausketari diru-laguntzak kendu nahi dizkio
[Pello Zubiria Kamino] Flandriako Energia ministro Bart Tommeleinek errauste plantei energia berdea ekoizten dutelakoan ematen zaizkien diru-laguntzak kentzea proposatu du, De Redactie hedabideari adierazi dionez. Jakina da erraustegiak kudeatzen dituzten konpainiek errentagarritasuna lortzen dutela zaborrak kiskaltzea energia berriztagarritzat jotzen duen araudi eztabaidatu bati esker. Tommelein Open VLD (Open Vlaamse Liberalen en Democraten) alderdiko buruetakoa da. Europa mailan Open VLD Liberalen eta Demokraten Europaren aldeko Taldearen kide da, Eusko Alderdi Jeltzalea bezala, bide batez esanda.
Hala ere Tommeleinek De Redactie-ko kazetariei aitortu die orain arte Belgikako Estatuak errauste planten kudeatzaileekin sinatutako kontratuak errespetatu beste biderik ez zaiola geratuko: “Ageri denez, iraganeko kontratuetan horrelako baldintzak [diru-laguntzak ematea] ezarri zituzten, nahiz eta niri harrigarri egiten zaidan zergatik egin zuten hori eta zenbait atal nolaz hitzartu zituzten horrela”.
De Redactie-ren arabera, Flandrian 2004tik hona 250 milioi eurotik gorako primak eman zaizkie zaborrak kiskaltzen dituzten erraustegiei. Eta aurrerantzean Tommeleinek diru xahuketa hori etetea erabaki du: “Subsidio horiek arras modu axolagabean ematen dira eta energia ministro naizen aldetik etorkizunari begira behin betiko amaiera jarri nahi diot egoera honi”.
Bitxi egiten dira hitzok Euskal Herritik irakurririk: Gipuzkoako agintariek justu asteotan esleitu behar diote 35 urterako kontratu bat erraustegi pribatu berri bati, zeinaren errentagarritasun ekonomikorako bermeak izango diren lurraldeko udal guztien 35 urteko tasak (zabor gutxiago edo gehiago sortu, berdintsu) eta aginte publikoetatik jasoko dituzten diru-laguntzak balizko energia berdea ekoizteagatik.
Gipuzkoan gertatzen ari dena zeharo lotsagarria da, hau da beharrezkoa ez den errauskailu tokixikoa eta garestia egitea.