Marseillako erraustegi inguruko elikagaietan ere dioxina topatu dute
Otsailaren 12an publiko egin aurretik, Le Mondek zabaldu du aurrerapena: ikerketa batek demostratu du Marseilla metropoliak Fos-sur-Merren daukan polo industrialaren –tartean erraustegiaren– inguruan ekoiztutako elikagaiak dioxinak, PCB eta bestelako kutsagaiak daramatzatela. Biztanleak aspalditik airearen kalitate txarragatik eta kutsadurak eragindako gaixotasunengatik kexu dituen Fos-sur-Merreko udalak salaketa sartu du auzitegian.
Le Monde egunkariak oihartzun handia eman dio albisteari Frantzia osoan “A Fos-sur-Mer, la pollution industrielle contamine aussi les aliments” titulua ipinita bere kronikari. Izan ere, Fos golkoko portuak daukan industria multzoaren ondoan bizi diren 100.000 biztanleak aspalditik dira kexu arnasten duten airearen kalitateagatik. ADPLGF Foseko Golkoko Kostaldea Babestu eta Defenditzeko Alkarteak urte luzez egindako salaketak orain bere egin ditu udalak, epaileei zorrotz ikertzea eskatuz.
Foseko golkoan, mundu guztiak Marseillako portua deitzen duen eremuan, hogei industria daude Seveso kalifikatuak, birfindegia, siderurgia, kimika eta… Fos-sur-Merreko erraustegia. Hau 2010ean jarri zuten martxan, aurreko urteetan kontrako protesta eta mugimendu handiak egin zituzten jendeak zanpatuta. 2013an sute izugarri batek kiskali zuen erraustegiaren zati handi bat, baina oztopo guztien gainetik erraustegiaren proiektuak bizirik dirau.
2009 eta 2015 artean ADPLGFk analizarazi ditu inguruetan ekoizten diren zenbait elikadura, jatorri izendapena dutenak, kalitate asmoz landuak beraz: Camargueko zezenkia, Crauko arkumea eta oliba olioa, ahuntz gaztak, libre hazitako oiloen arrautzak, Cartauko muskuiluak… Aztertutako jakiotan 50 kutsagairen aztarnarik bazen ala ez analizatu dute CNRS, INSERM eta INRA ikerketa institutu ofizialetan ari diren adituek. Le Mondek aurreratu duen dioxinen kutsadura nabarmenak aurkitu dituzte, berdin perturbatzaile endokrinoak diren PCBenak, eta baita metal astunenak ere.
“Ikerketarekin ez diegu minik egin nahi aziendak edo muskuiluak hazten dituztenei”, esan du ADPLGFko lehendakari Daniel Moutetek. “Haiek ere biktimak dira, Fos-sur-merren edo Port-Saint-Louisen minbiziak sufritzen dituztenak bezala”. Elkarteak eskatzen die bat egin dezaten beren salaketarekin.
Fos-Sur-Merreko alkate Rene Raimondik bai egin du bat ADPLGFrekin: “Badira 15 urte eskatzen dugula benetako azterketa epidemiologiko bat egin dezaten jakiteko ea benetan, mundu guztiak dioen moduan hemen kantzer gehiago dagoen. Baina ez egiteagatik ez dute ezta departamenduko kantzerren erregistro bat ere egin”. 2017 ikerketa mugatu bat egin zuen talde frantses-amerikar batek, herritar multzo batekin, eta zenbait kantzer, diabete eta asmaren ugaritzea aurkitu.
Hura ikusita, ARS Osasunerako Eskualdeko Agentziak agindu zuen 2017a amaitzerako publikatuko zuela departamendu horretako leuzemien eta giltzurrinetako eta maskuriko minbizien erregistroa… baina berrikitan jakinarazi du urte betez atzeratuko dela. Bestalde, Estatuaren ordezkaria den prefetak garbi utzi nahi izan du inolako arriskurik ez dela eta azterketak ez duela horrelakorik erakusten.
Fos-sur-Merreko kutsadurak, Le Mondek publikatuaz geroztik, zalaparta handiak sortu ditu beste hedabideetan. Ikusi batzuk:
Erraustegirik ez dugu behar, ez hemen eta ez innovadora.