Gipuzkoa Zero Zabor: Atez Ateko bilketaren kontrako sinaduren inguruan
Gipuzkoako Zero Zabor mugimenduaren koordinadorak iritzi artikulu hau zabaldu du Atez Ateko bilketa ezartzearen kontra herrialdean antolatu diren firma bilketak direla eta.
GZZk Atez Ateko Bilketaren kontrako sinaduren inguruan
AABren (Atez Ateko Bilketaren) aurkako plataformek egindako sinadura bilketan 70.000 sinadura bildu dituztela diote. GZZeko kideok sinadura hoien inguruan egiten dugun hausnarketa artikulu honen bidez plazaratu nahi dugu. Plataforma hauen sorrera eta sinadura biltze kanpaina hauen bultzatzaileen asmoez haratago, sinadura hoien esanahiaz gogoeta egitea da gure asmoa.
Hondakinen kudeaketaren inguruan dagoen eztabaida, kudeaketa orokorrari buruzkoa da berez. Gaur egungo eredu suntsitzaile eta xahutzailearekin, baliabideak mugarik gabe gain-ustiatzen eta zaborra barra-barra sortzen segi, ala Zero Zabor ereduak dioenaren arabera, materialen erabilpena arrazionalizatu, produktuen bizitza luzatu eta hondatutakoan materialak berreskuratzea, horra hor erabaki beharrekoa. Sistema orokorra nolakoa izan, bilketak eta tratamenduak halakoak izan beharko dute, denek elkar baldintzatzen baitute.
Tratamendua: 70.000 sinadura birziklatzearen alde
Tratamenduan adostasuna da nagusi Gipuzkoan. Gaur gaurkoz, bilketa sistemaren inguruan izan ditzakegun ezberdintasunak albo batera utzita, ia denok diogu tratamendu bezala birziklatzearen alde egiten dugula, AABren aurkako sinatzaileak barne, sinatutako adierazpenean oso garbi adierazten baitute hori. Birziklapena eta errausketa bateraezinak diren bi tratamendu dira. Material bat birziklatzen da ala errausten da, baina sekula ez biak batera. Gipuzkoarrok birziklapenaren alde egiteak, beste behin ere errausketa baztertzearen alde gaudela adierazten du. Hori, azpimarratu beharra dago, garrantzi handikoa baita. Errausketa bultzatzen dutenek eta Gipuzkoako arduradun politikoek kontutan izan beharko lukete.
Bilketa: Adostasuna helburu eta ezaugarrietan
Bilketari dagokionez, AABren aurka sinatu duten testua garbia da oso: Atez Ate EZ. Hori ezin da ukatu. Baina, hori esatean zeri ari zaizkio benetan ezetz esaten sinatzaile gehienak? Zer da hedabide “handiek” eta zenbait alderdik zabaldutako panfletoek herritarrei AABren inguruan kontatu dietena? Sinatzaile gehienentzat AAB sistema garesti, zikin, deseroso eta itxusia da. Horrela kontatu diete eta horrelakotzat daukate. Atez Ate EZ esatean ezaugarri hoiek izango dituen bilketa sistema baten aurka daudela adierazten dute. GZZeko kideok ere sinatuko genuke ezaugarri hoiek dauzkan bilketa sistema bati ezezkoa emateko adierazpen bat. Ulertzen eta errespetatzen dugu sinatzaileen jarrera.
AAB gertutik ezagutzen dugunok ordea, ondotxo dakigu sistema hau oso bestelakoa dela. Sistema eraginkorra izateaz aparte, AAB sistema eroso, garbi eta txukuna dela, eta gainera, ez dela kaleko edukiontzien sistema baino garestiagoa. Herritarrak ondo informatzea da gure erronka. Hori lortzen badugu, zalantzarik ez daukagu herritarrek AABren alde egingo dutela. Horrela gertatu da beste lekuetan eta horrela gertatuko da jartzera doazen herrietan ere.
Ez gara gu hori dakigun bakarrak. Errausketaren bultzatzaileek ere ondo baino hobeto dakite hori. Horregatik saiatzen dira han eta hemen jendea ez dadin parte-hartze prozesuetako batzarretara eta hitzaldietara joan, ez joateko kontsignak zabalduz eta batzarrak burutzen diren aretoen kanpoaldean elkarretaratzeak deituz, herritarrak joan ez daitezen presio egin nahian.
Guztion ekarpenak dira beharrezkoak
Gipuzkoarrak hondakinen kudeaketa egokiaren inguruan batzen gaituzten gauzak asko dira. Adostasunik ez daukagun puntuekin liskarra eta blokeoa eragin beharrean, guztion artean eztabaidatu, proposamenak egin eta irtenbiderik onenak bilatu behar ditugu, beti ere emaitzak bermatuz.
Gipuzkoarrak hondakinak biltzeko sistema eraginkor, eroso, garbi, merke eta txukun baten alde gaude. Eredu jasangarrien alde egiten dugu, hau da, Zero Zabor ereduaren alde. Osasunagatik, ingurumenagatik eta ekonomiagatik. Badakigu posible dela. Zergatik ez saiatu?
http://zaborixkanbilarirtenbidebila.blogariak.net