Peruarenak azaldu ditu Zubietako kontratuen okerren xehetasunak
Zubietan errauskailua eraikitzeko kontratuetan dauden irregulartasunei buruzko xehetasun gehiago azaldu ditu Berria egunkariak gaur. Egunkari horrek aurretik emandako eta blog honetan “Partzuergoa errauskailuaren eraikitzaileetatik birekin kontratua haustekotan” eta “Errauskailuarekiko FCCk eta RESAk egindakoak azaldu ditu Petxarromanek” albisteetan jasotakoei jarraipen emanez, Mikel Peruarena Ansak gaurko Berrian “Irregulartasunak Zubietako errauste plantarako kontratuetan” kronikan aferaren zertzelada gehiago plazaratu ditu, ondoko lerroetan laburbiltzen ahaleginduko garenak.
RESA eta IBH ingenieritza enpresekin egindako kontratazioak ikertzeko bi txosten egin ditu Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak (GHK). 79 orrialde ditu RESAren kontratazioari buruzko ikerketak, eta 55 orrialde IBHren kontratazioari buruzkoak. Bi prozeduretan azaldutako irregulartasunak direla medio, kontratuak dira baliogabeak GHKrenzako.
RESA kontratatzea erabaki zuen mahaiko sei kidetatik batek eta RESAko administrazio kontseiluko bi kidek harremanak zituzten; hauen artean zegoen Xabier Garmendia Martinez Bizkaiko eta Gipuzkoako hondakinen plan nagusiak idatzi dituena. Orain GHKk uste du lehiaketa deitu aurretik ere lanak burutzen hasita zegoela RESA, hala demostratuko lukete 2008ko otsailerako Armengol Grauk idatzi eta GHKren ordenagailuetan aurkitu duten agiri batek.
Datu esanguratsua nabarmendu du Peruarenak: “[Gipuzkoako udal eta mankomunitateek] GHK bera sortu aurretik ere lan hori prestatzen hasia zen Grau”. Armengol Grau izango da, RESAk lehiaketa irabazi eta gero, Zubietako errauste plantaren eta haren inguruko azpiegitura lanen koordinazioa eramango duen kudeatzaileetako bat, GHKk 2012ko maiatzean kontratua eten arte.
RESAren kontratazioan badira, Peruarenak ikusitako agirien arabera, irregulartasun gehiago. GHKk berak hasieran pentsatua zuenaren halako hiruan atera zituzten lanak lehiaketara. RESAk aldaketak eginarazi zituen lehiaketako pleguan, berak kualifikaziorik ez zeukan atalen derrigortasuna kentzeko eta abantailaz jokatu zuen lehiaketaren zenbait ataletan, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako aurretik egindako txosten eta harremanei esker.
Erantzunkizun zibileko asegururik aurkeztu gabe lehiaketan sartzea baimendu omen zion GHKren orduko zuzendaritzak RESAri. Eta esperientziari puntuaketan garrantzia berezia emanez, gaina hartu ahal izan zien lehiakide zituen lau eskaintzen: Idom; Eptisa eta Heymoren taldea eta TR eta LKSren taldea. Beranduago, RESAren azpikontrata den Endara konpainiari enkargatu omen zitzaizkion ezustean sortutako lan batzuk, lehiaketa deirik gabe.
RESArekin sinatutako kontratuan aurrikusitako 6,7 milioi eurotatik orain arte, 3,36 milioi pagatu omen zaizkio.
GHKk kontratua etetea erabaki duen bigarren konpainia IBH Consulting Engineers belgikarra da. Euskal Herria ez du ezezagun IBHk: Zabalgarbiren eraikuntzan parte hartua, Peruarenak idatzi duenez “orain Herstalgo (Belgika) eta Bilboko udalekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Tecnalia eta Zabalgarbirekin eta Belgikako ingeniaritza eta errauste planta zenbaitekin Redoptec izeneko programa batean parte hartzen ari da”.
Bitxia dirudien arren, GHKren sare informatikoan ez omen dago IBHk GHKrentzako 2007an egindako lehenbiziko lanaren kontratuaren agiririk. Orain GHKk dio txostenean 2008an IBHri egin ziola kontratua nahiz eta jakin aurkeztu ziren lehiakideetan garestiena zela. Ez hori bakarrik: “IBHk ez zuen batere agiririk aurkeztu” , kontratazio mahaiak irizpideak aldatu zituen epeak itxi eta gero, dokumentazioa euskaraz eta gaztelaniaz entregatzea derrigorrezkoa izan arren IBHri baimendu zitzaion eskaintza frantsesez eta ingelesez presentatzea, eta abar. GHKk IBHrekin dauzkan bi kontratuek osatzen dituzte 1,6 milioi euro, zeinetatik gaur arte kobratu baititu 573.000.
Mikel Peruarena Ansak azken lerroetan iradokitzen du Zubietako errauste plantarekiko dauden kontratuetan oraindik ez dela albiste berririk azaldu potoloenaz: “Oraingoz ez du hitzik egin errauste plantaren beste lehiaketa publikoari buruz. Foru administrazioak azkeneko hamarkadan eman duen obrarik handienetako bat izan zen hura: 223 milioi euro FCC eta Serbitzu enpresek gidatutako taldeak eraman zuen lehiaketa. Altuna y Uria eta AE&E Inova enpresekin aurkeztu ziren. (…) Befesak gidatzen zuen [Novergie, Thyssengrupp, Galdiano eta Antzibarek osatutako lehiakide] talde hori, eta helegitea jartzeko asmoa agertu zuen. Salatu zuen FCCren eta Serbitzuren taldeak ‘faborezko tratua’ jaso zuela. (…) Salaketa bere horretan geratu zen”.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks