Zumaian adostasun bidean ‘Zero Zabor’ taldearen proposamenaren inguruan?
Herriko Baleike hedabideak aurreratua zuen bidetik (ikus Zero Zabor blogeko Zumaiako hondakinez sakon ‘Baleike’n albistea, apirilaren 5ekoa) herri honetako hondakin sistemaren aldaketak eragin duen gatazka irtenbidetik hurbilago egon daiteke, apirilaren 25eko prentsaren esanetan. Nabarmentzekoak dira Atez Atekoaren kontrako eta Zubietan errauskailua eraikitzearen aldeko kanpainan paper berezia jokatzen ari diren Diario Vascok (“La propuesta de Zero Zabor acerca las posturas en la Mesa de residuos“) eta Noticias de Gipuzkoak (“Zumaia llega a un principio de acuerdo que no contempla el ‘puerta a puerta’“) erakutsitako titularrak eta kronikak.
Baleikek zuhurtzia handiagoz titulatu du “Zero Zaborren proposamenaren inguruan hurreratzea egon da hondakinen mahaian“, gero “Edukiontziak txartel elektronikoarekin” laburragoan biltzeko zein den Zero Zabor Zumaian (izena horrela daukate ipinita Gipuzkoako taldeetan beteranoetakoa osatzen duten zumaiarrek) taldeak proposatutako aurrerabide posiblea.
Duela hilabete Baleikek “Hondakinak mahai gainean” erreportajean azaldu zituen herri hartako jarrera ezberdinen historia eta mamiak, protagonista guztiei (Atez Atekoaren kontrako plataformakoei salbu, hauek ez baitzuten erantzun nahi izan) egindako elkarrizketekin. Alde ezberdinen proposamenak eta talanteak ezagutzeko balio duen kronika hark ezagutarazi zigun nola Zero Zaborrekoak izan ziren beren ustez onena zen soluzioa sakrifikatu eta herrian aurrerapauso handi bat egiteko helburuz irtenbide bat proposatu zutenak. Aipagarria zen Zero Zaborren lanari PSEko zinegotziak berak egindako aitortza. Iñaki Arrizabalaga alkateak, berriz, nabarmendu zuen aztertzeko moduko proposamena dela, dirutan daukan dimentsioa neurtu behar zaiola, baina ez duela hondakinen kudeaketa aldatzeko erabakia hartu gabe luzaz uzteko asmorik.
Asko hobetu ote da egoera Zumaian? Baleikek dioena leitzea, onena:
“’Egia da hurreratze bat izan dela eta [apirilaren 23ko] bileraren amaieran denon jarrera positiboagoa zela. Baina, horrek ez du esan nahi aurre-akordio batera heldu garenik’, zioen Alkate Iñaki Agirrezabalagak. Atez atekoaren aurkako plataformako kideak ere itxaropentsu zeuden bilerak eman zituenarekin.
Lazkaon eta Itsasondon erabili da Zero Zaborrek proposatzen duen antzerako teknologia zenbait edukiontzitan, baina hemen planteatzen dena sistema integrala da eta hori ez da inguruko beste inongo herrietan ezarri. Udal gobernua dagoeneko harremanetan jarri da Dorlet enpresarekin alde teknikoaz dauden zalantzak zehazteko.
Hondakinen mahaian Udaleko alderdi politikoak (Bildu, Aralar, EAJ-PNV eta PSE-EE), Zumaiako Natur Taldea, Zero Zabor eta atez atekoaren aurkako plataforma daude ordezkatuta. Alkatearen esanetan, mahaiaren hurrengo bilera ziur aski datorren astean egingo da”.
[Eguneraketa, 2013-04-26, 11:30] Iñaki Agirrezabala alkateak Hitzak gaur azaldutako “‘Txartel bidezko sistema aztertuko dugu. Oraingoz ez dugu atez atekoa baztertu’” xehetasun gehiago eskaini ditu apirilaren 22ko bileraren ondoren oraindik aztertzeke dauden puntu garrantzitsuez.
Mila esker gure lana aipatzeagatik,
Edukiontzi txipdunen aukeraren berri zabaldu bezain pronto zenbait komunikabidek Legazpiko galdeketarekin lotu dute, modu interesatuan edo ezjakintasunez. Eta ez da horrela. Zero Zaborrek Aste Santua baino lehen aurkeztu zuen proposamena hondakinen mahaian. Ezustean harrapatu zituen gainontzeko eragileak, bere hasierako posiziotik (atez ateren aldekoa) mugitu eta urrats garrantzitsua zelako adostasunaren alde.
Proposamena mahai gainean egon da orduz geroztik, eta azken bi bileratan badirudi hortxe aurkitu dutela jarrerak hurreratzeko aukera. Atez ateren kontrako plataformak ontzat eman du Zero Zaborren proposamena; Udal Gobernuak begi onez ikusten du, batik bat irtenbide adostua eskaintzen duelako, baina zalantza asko daude oraindik sistemaren bideragarritasun ekonomikoaren eta teknikoaren inguruan. Horiek argitu bitartean, ezin da esan akordiorik dagoenik.
Inon aipatzen ez den puntu bat gehitu nahiko nuke, garrantzitsua delakoan. Hemen azaltzen den sistema honetan kontrola bermatzea da oinarria eta horretarako txartel elektronikoaz gain badira beste ezaugarri batzuk. Hondakinak barra kodedun poltsetan atera beharko dira eta ausaz hautatuta edukiontziak egunero aztertuko dira. Poltsak ireki eta gaikako bilketan arazoren bat ikusiz gero jabea identifikatu eta neurri zuzentzaileak hartuko dira. Hauxe da proposamenean jasotzen dena. Batzuk edukiontziak txipa izatea besterik ez dute azaldu nahi, aldaketa txiki bat balitz bezala, baina sistema hau ezin da inondik inora gaur egungoarekin alderatu.