Zizurkilgo herri galdeketa: egin behar ez denaren eredu lotsagarria
[Pello Zubiria Kamino] Tolosaldea Txukun plataformak Zirukilen Atez Atekoaren kontra antolatutako bi eguneko galdeketa bere emaitzak erakusten hasi da. Batzuk prentsak zabaldu ditu, nahiz eta datu eta xehetasunen artean batzuenak eta besteenak erkatzeko pazientzia hartu behar den. Tolosaldea Txukunek emandako datuetan (ez da kontrol independienterik izan): botoa emateko eskubidea daukaten 2.245 pertsonaren artean 1.004ren botoak bildu dira, hauetatik 300 ordezkaritzaz emanak (botoa emateko eskubidea beste norbaiti lagata), 990 Atez Atekoaren kontrakoak, 13 aldekoak. Diario Vascok asteleheneko kronikari “En Zizurkil se ha vuelto a demostrar que hay rechazo ciudadano al puerta a puerta»“ ipini dio lerroburu, azken asteotan hamaika orri eskaini dizkion Patxi Amantegiren hitzak hartuta; Noticias de Gipuzkoak “El 5º contenedor obtiene 990 votos en Zizurkil, 182 más que Bildu en 2011“; Berriak “Bosgarren edukiontzia aldeztu dute botoa eman dutenek Zizurkilen“.
Aiurrik agertu zuenez beste hedabideei aurrea harturik, bezperatik atez atekoen aldekoek egoera salatua zuten. “Hasi da atez atekoaren inguruko galdeketa” albistean zioen: “Aizpea Zabalak hartu du hitza atez atekoaren alde dagoen herritar taldearen izenean: ‘Tolosaldea Txukun plataformak ez digu utzi ikuskaritza egiten eta inolako kontrolik gabe ari dira galdeketa aurrera eramaten. (…) Gutunazaletik hasita, atez atearen kontra bozkatzera animatzen du jendea eta gainera, okerra da atez atekoaren inguruan banatzen duen informazioa. Hori gutxi ez, eta boka ordezkatua onartzen dute, iruzurrari ateak parez pare irekiz. Horregatik eskatu genuen ikuskaritza lanak egitea, iruzurra oraindik ere handiagoa izan ez zedin. Gure galdera da; ezer ezkutatzekorik ez badute, zergatik ez digute uzten bertan egoten? Galdeketa hau festa pribatu bat bilakatu dute eta garbi eskatu nahi diogu Zizurkilgo Udalari ez kontuan hartzeko hemen bildutako datuak, inongo baldintza minimorik eta kontrolik gabe bilduak izan direlako”. Galdeketaren inguruko balorazioa Aiurrin egin du talde honek : “Atez atekoaren aldeko herritar taldearen balorazioa, galdeketaren inguruan“.
Galdeketa amaitu ostean, datuetatik ateratzen den lehen albistea baldin bada galdeketan plataformak aurretik Atez Atekoaren kontra bildutako sinaduren (1.275) kopurua baino txikiagoa lortu duela, bigarrena iruzur salaketek ekarri dute. Garak “Iruzur frogek nahastu dituzte antolatzaileen emaitza ‘positiboak’” kronikan aipatu duenez, “herri galdeketa hasi bezain laster, komunikabideetako kazetariak han egonagatik, delegatutako boto bat titularraren sinadura gabe emateko aukera eman zitzaion bertaratutako pertsona bati. Grabatutako irudietan ikus daitekeenez, Maria Anjeles Lazkano EAJko zinegotziak eskolan ez den hirugarren pertsona baten ordez bozkatzeko aukera ematen dio emakume bati botoa delegatzeko agiria eskolan bertan betez, nahiz eta gero kazetariei agiria etxetik sinatuta ekartzea ezinbestekoa zela ohartarazi”. Naizek “Irregulartasunak atez atekoaren kontrako plataformak deitutako herri galdeketan” bideoz hornitu du iruzur salaketa hau.
Plataformak aitortu dituen 300 boto delegatuen kopurua bat dator Zizurkilen galdeketak minimo demokratikoak betetzen ez dituela salatzen dituztenek emandakoarekin: 752 boto emaile baino gehiago ez zirela agertu.
Are iruzur salaketa deigarriagoa egin du Zizurkildarrak Garelako taldeak “Fraude en la consulta sobre el PaP en Zizurkil” bideoarekin: bere izen-deiturak aitortzen dituen Javier Ollakarizketa ez-zizurkildarra botoa ematera doa noizbait berari motorra saldu zion Rafa Gonzalez zizurkildarraren (honek ez daki ezer) izen-deiturak eta NAN agiriaren datuak ezagutzen dituela aprobetxatuz, kamera joango zaio atzetik dena grabatzen. Hasteko, ustez Rafak delegatu dion botoaren paperean NAN zenbakia oker jarri du. Izen deiturak bereak, Javier Ollakarizketa, baina sinaduran “Rafa”. Zizurkilen EAJren zinegotzi ari den Egoitz Sorozabali eman dio; honek benetako botoemailearen bigarren deitura galdetu dio… Javier ez da gogoratzen… Sorozabal delegatuak berak bilatuko du bigarren deitura zentsoaren zerrendan, nahiz eta Javierrek ez dion erakutsi ezer bermatzen duenik benetan Rafaren botoa daramala… barrura doa botoa.
https://www.youtube.com/watch?v=V5uadTgD2ZI&feature=youtube_gdata_playerZizurkilgo emaitzak notarioarengana emango dituztela esan zuen galdeketa antolatu zuen Patxi Amantegik. Ikusi beharko da zer zertifikatzen duen notario horrek.
[16:00etako eguneraketa] Euskadi Irratiako Faktoria saioan Maite Artolak elkarrizketatu ditu Zizurkilgo iruzurretako baten bi protagonista. “Iruzur zantzuak Zizurkilgo galdeketan” albistean entzun daitezke. Alde batetik, Rafa Gonzalez Gutierrezek gezurtatu du berak ez botorik eman zuenik eta ez horretarako baimenik inori eman zionik Atez Atekoaren kontra, gertatu denagatik bere harridura agerian utziz. Bestetik, Tolosaldea Txukuneko lider Patxi Amantegik argudiatu du hau guztia gertatu dela Zizurkilgo udalak berak ez duelako antolatu galdeketa.
Berriako Iñaki Petxarromanek Twitterrez nabarmendu du: “Zizurkilgo iruzurra onartu (bultzatu) zuten bi EAJko batzarkideak dira: M. Angeles Lazkano eta Zorione Etxezarraga”.
[Ekainaren 25eko eguneraketa] Pello Zubiria Kaminok “Zizurkilgo ez-albistea” plazaratu du bere Xehe blogean. Tartean dio: “Tamalez gaur ez dugu inon irakurri albistea non Joseba Egibarrek eta Markel Olanok Gipuzkoako EAJren izenean esaten duten ‘barkatu Zizurkilen eman dugun espektakuluagatik, urrunegi joan gara'”
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks