Gaurtik Nafarroako Sakana Atez Ate
Gaur abiatzen da hondakinen Atez Ateko bilketa Nafarroako Sakana eskualdean. Dagoeneko ibar hori bilakatu da hondakinen kudeaketa onaren erreferente ingurukoentzako, oraindik zalantzatan dauden Altsasu eta Irurtzun ez beste herri guztiak Zero Zabor ereduan abiatuak baitira. Eskualdean bertan, Olatzagutian, Nafarroako gobernuak herrialdeko zabor guztiak porlan fabrikan erretzeko asmoek izango zuten eragina aldaketa honetan, baina baita ere lekuko zenbait agintari eta ekintzaileren konpromisoak ere.
Atez Ateko sisteman hasiko dira Sakanako Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Iturmendi, Bakaiku, Urdiain eta Olatzagutian; Zero Zabor herri txikien ereduan (hondakin organiko guztia auto- edo auzokonpostean kudeatuz), berriz, Arakil, Irañeta, Arruazu, Ergoiena eta Ziordian. Gipuzkoako herri eta mankomunitateetan sortu dena baino zalaparta gutxiagorekin burutu dute Sakanan sistema finkatzeko herritarren parte hartze prozesua. Agintariek, gainera, erakutsi dute proiektua bezala aurkezteko era ere ondo bertakotzeko ahalmena: estetikan aldaketak egin dituzte, hizkera eta argudioak egokitu, materialetako asko bailaran bertan sortu, dagoenekoz famatuak egin dira multzokako konpostgintzarako Sakanan darabiltzaten zurezko etxolak… 1980eko hamarkadan Iruñerria aitzindaria izan bazen hondakinen gaikako bilketa eta kudeaketan, LARRUNen Alfonso del Valek azaldu zuenez, Sakanako herriak jarri dira abangoardian 2013ko San Fermin bigarrenean.
Informazioa osatzeko:
“Nafarroako Parlamentuko ingurumen batzordea Sakanako sistema ezagutzen”
“Karasatorrek defenditu du Atez Atekoak enplegua sortzen duela Sakanan”
“‘Atez atekoak jendeari konfiantza emango dio gauza berriak egiteko‘”
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks