Aste honetako LARRUNen: ‘Herritarren konposta, ongarriaren iraultza’
[Pello Zubiria Kamino]ARGIA astekariak hilero plazaratzen duen Larrun gehigarriaren urriko zenbakiak honako titulua darama: “Hondakinen auto-kudeaketa. Herritarren konposta: ongarriaren iraultza”. 16 orriko gehigarriaren atarikoan esaten denez, “modan dago konpost egitea. Ingurumenaz kezkatutako familia aitzindarietatik eta ortu ekologikoa lantzen duten baratzezainetatik askoz haratago, milaka familiak ekin diote hondakin organikoak berrerabiltzeko dagoen era merke, errez eta garbienari. Gipuzkoan eta Nafarroako Sakanan hondakinen kudeaketaren osagai funtsezkoa bilakatu da konpost egite autogestionatua”.
2013ko urrian Gipuzkoan 12.000 familia baino gehiago ari dira etxeko hondakin guztien %40, txerri-jana edo organikoa dena, atari ondotik urrundu gabe konpost bihurtzen, gehienak nor bere baratze edo soropilean, baina gero eta gehiago auzolanean. Gipuzkoan auzo-konposta deitu den era hau 2011ko azaroan hasi zuten Usurbilgo dozena erdi familiak udalak utzitako lurretan eta bi urte pasa baino lehen 2.000 izatera iritsi dira Gipuzkoa osoan.
Gipuzkoaz gain Nafarroako zenbait udalerritan ere sustatu dute auzo-konposta, baina Sakanak merezi du aipamen berezia, herritarren auto-kudeaketak honetan markak hautsi dituelako. Sakanako eta Gipuzkoako herri txiki askok Gipuzkoako Orendainek urratutako bidea hartu dute: herriko organiko guztia herrian bertan bihurtzen dute ongarri.
Nafarroa eta Gipuzkoa, honela, Europan puntan dabiltzan herrialdeen artea kokatu da. “Herritarren konposta” izendatu daiteke sistema hau, Frantzian Compost Citoyen eta ingelesez bizi den munduan Community Compost deitzeko erabili den irizpide berarekin. Bestalde, honetan ere aitzindaria da Usurbil: bere familien laurdenak egiten du konposta etxe ondoan.
Bai Sakanan eta bai Gipuzkoako hainbat herritan herritarren konpostak hartu duen indarra loturik dago etxetako hondakinen gaikako bilketa orokortua izatearekin, Atez Atekoarekin alegia, honek familia bakoitzaren erantzukizuna bizkortzeaz gain baimentzen baitu aginte publikoek saritzea kudeaketa egokiena egiten dituztenak. Eta zein kudeaketa hoberik sukaldeetan sortutako hondarrentzako, hondakin guztien %40 osatzen duen atal hori etxe ondoan bertan ongarri bihurtzea baino? Sistema ezin merkeagoa, ezin garbiagoa eta ezin eraginkorragoa da.
ARGIAko harpidedunen etxeetara paperezko bertsioa heldu bezain laster egongo da Interneten irakurgai 2013ko urriko Larrun.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks