Polemika Bergaran Atez Atekoaren kontrako sinaduren bilketa dela eta (eguneratua)
Urriaren 7an Bergarako udalak, Atez Atekoa abenduan ezarriko duela iragarri zuen prentsaurreko berean, publikoki salatu zuen sistema horren kontrako eragileek 2012ko udaberrian bildu zituzten 4.691 sinadurak ez zirela denak baliozkoak izan eta bilketan iruzurra egin zutela antolatzaileek. Egunotan gai horren inguruko eztabaidak jarraitzen du herrian. Udalak zenbait xehetasun gehiagoz argitu du salaketa. “Sinaduretan ‘gorabeherak’ berretsi ditu Bergarako Udal Gobernuak” albistean Goienak oihartzun egin duenez, udal gobernuak adierazi du 4.501 sinadura horien artean daudela 600 errepikatuak eta esku bakar batek (horiz margoturik erakutsi ditu sinaduren paperetan), pertsona berarenak, 260 izen idatzi zituela.
Bergara Garbia plataformak erantzun dio udal gobernu taldeari “Galdeketan baieztatu egingo da sinadurena” eta herritarrei dei egin die herri galdeketan parte hartzeko eta desobedientzia zibilerako”. Hona Bergara Garbiaren zenbat argudio Goienak bildu dituenak: “Plataformako kideen esanetan, ‘alkateak urte eta erdira esan du sinadurak ez zirela errealak. Ez dio axola notario-ziurtagiria egotea, ezta herritarren gehiengoak ere zaborra kalean, kanpoan, zikin eta usain txarrarekin nahi ez izatea’. Horrekin batera, atez atekoa ‘askoz garestiagoa’ dela ere badiote: ‘Gastu korrontea hirukoiztu egingo da, atez atekoa inposatu duten herrietan gertatzen ari den moduan'”.
Bestalde, Bergarako udalak txalotu egin du Arrasateko udalean hondakin mahaiak lortutako akordioa, argudio hauekin: “Bergarako Hondakinen Mahaiak, nahiz eta askoz denbora gehiago igaro negoziatzen, ez du horrelakorik lortu. Akordiotik gertu samar egon garen bakoitzean, EAJ eta Bergara Garbiko ordezkariak aurrerabidea zapuztera etorri zaizkigu behin eta berriz. Ez helburu, ezta bitartekoetan ere, ez dute adostasunetara iritsi nahi izan. Itzulinguruka erabili nahi izan gaituzte azpijoko politiko batean, udal gobernua desgastatzeko asmo garbiz”. Albistea Diario Vascok ere eskaini du: “El gobierno ‘se alegra del acuerdo de Arrasate, imposible en Bergara’“.
[2013-11-05 Eguneraketa] Bergarako EAJk Aralar eta Bilduk daukaten udal gobernuari exijitu diote Atez Atekorik ez dezala ezarri, plazaratu dutenez Goienak (“EAJ: ‘Bilduren kudeaketa erabat kaotikoa da, Arrasaten edukiontziak eta Bergaran atez atekoa inposatzen’“), Noticias de Gipuzkoak (“Bildu pasa el rodillo en Bergara y en Arrasate opta por el quinto contenedor“) eta Diario Vascok (“Por qué en Bergara, no a los contenedores y en Arrasate, sí“).
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks