Zero zabor
Hasiera » Zero Zaborren bloga - Zero zabor

Kurutziaga ikastolatik baserri batera 100 kilo organiko eramango dute egunero konpostatzera

2017-04-28  //  Bizkaia, Konpostaketa  //  Iruzkinik ez

Ikastolako 700 haurren otorduetako soberakinak Iurretako Iñigo Etxebarriak konpost bihurtuko ditu bere baserrian. (Argazkia: Anboto)

Ikastolako 700 haurren otorduetako soberakinak Iurretako Iñigo Etxebarriak konpost bihurtuko ditu bere baserrian. (Argazkia: Anboto)

[Markel Onaindia, Anboto] Esperientzia edo proba pilotu bat da soilik, baina ondo funtzionatuz gero, eragin handia eduki dezakeena eskualdeko hondakin organikoen birziklapenean. Kurutziaga ikastolako jantokitik baserri batera 100 kilo organiko inguru eramango dute egunero, bertan konposta egiteko erabiltzeko.

Iñigo Etxebarria nekazari iurretarraren baserria da leku hori, eta Etxebarriak berak egingo du bilketa. IK4-Azterlan zentroak gidatuko du esperientzia abendura arte, eta azken helburua etorkizunean finkatzea eta zabaltzea da, horretarako udala edota Amankomunazgoa inplikatuta. 700 ikasle dituen Kurutziagako jantokiak 100 kilo organiko sortzen baditu egunero, ikastetxe gehiagotara hedatuz gero batu ahal den kopurua itzela da. Orain arte alferrik galtzen izan den materia bat, lurraren ongarri bihurtzeko birziklatuta.

Etxebarriak egunero egingo du bilketa. Jantokiaren kanpo aldean utziko dizkiote ontziak. Gaur –astelehena– adibidez, dilistak eta kroketak jan dituzte ikasleek. Mikel Atutxa jantokiko arduradunak azaldu du proba pilotuaren eraginez ez dutela kasik ezer aldatu euren eguneroko lanean; lehen errefusako kontainerrera botatzen zuten materia organikoa, eta orain, ate alboan uzten dute. Guztia birziklatzen dute, eta hori antolatzeko, lau laguneko taldetan banatzen dituzte jardunak.

Menuaren arabera organiko kopurua aldatuko da. “Jogurta badago, guk birziklatzen dugu, beraz, postrearen arabera desberdina da batzen den organiko kopurua”, esplikatu du Atutxak.

40-60 tona urtero
Ikastetxeetako jantokietako organikoa onuragarria izango litzateke eskualdeko baserrietan, eta ideia horregatik hasi da parte hartzen proiektuan Etxebarria. “Urtero, 40-60 tona sats ekartzen dugu ortura”, esan du materia organiko eta mineralen premia erakusteko. “Zentzu horretan ere, autonomoak izatea lortu gura dugu honegaz guztiagaz, behar dugun ongarri guztia geuk sortzea”. Ortuaz aparte, oilaskoak eta txerriak era ekologikoan ekoizten ditu bere baserrian, eta organikoa txerriei jaten emateko ere erabili dezake.

Egitasmoa proba batetik harago badoa, bilketagaz diru sarrera bat ere lortuko lukete nekazariek. “Beste diru iturri bat etorriko balitz lana ordaintzearren, bada, oraindik eta hobeto”, dio iurretarrak.

Abenduan proba amaitu eta gero, ekimenak zelako gastua eduki duen aztertuko dute, Ander Areitioaurtena IK4-Azterlaneko ikerlariak dioenez. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza dute. “Proiektu honegaz, gasolinan eta lan denboran zelako kostua daukan kalkulatuko dugu batez ere”. Horrela, balizko zerbitzu finko bat zenbat kostatuko litzatekeen jakingo dute. Areitioaurtenaren ustez, ohiko enpresa bat baino merkeagoa izatea da aurreikuspena, gertutasunagatik. Garbikerrek errefusa tona 90 eurotan kobratzen dio udalari, eta horri bilketa eta garraio gastua gehitu behar zaio.

Areitioaurtenak argi du proiektua hondakin sortzaile handiekin garatu behar dela, denbora eta gastuaren abantailagatik. “Nekazariak bere lana du, eta hau gehigarri bat litzateke. Eta etxerik etxe barik, leku gutxitan kantitate handia jasoko du”.

Instituzioek zerbitzua martxan jartzea erabakitzen badute, nekazarien elkarte bat sortu beharko da gestioa aurrera eramateko. IK4-Azterlanek ortuetan konpost guneak atontzeko aholku-gida bat landuko du, eta tramiteak egiteko beste gida bat ere bai. Gainera, udazkenean gaiagaz lotutako jardunaldiak antolatuko ditu, Areitioaurtenak aurreratu duenez.

Larrabetzun antzerako proiektu bat dago martxan, eta Usurbilen ere ezarri gura dute.  Hurrengo geltokia Durangaldea izan daiteke.

Durangaldean 1.344 lagunek garatzen dute autokonpostajea

Amankomunazgoak 2014an ipini zuen martxan materia organikoa batzeko sistema, bosgarren kontainerraren eta aukonpostajearen bidez. Gaur egun, 1.344 lagun dira euren etxeetan konposta egiten dutenak, gero materia organiko hori lurraren ongarri lez erabiltzeko. Batez ere baserrietan edota lurren bat duten etxeetan garatzen dute autokonpostaje sistema hori.

Ikastetxeetan organikoa batzeko ideia berriagaz bezala, urterik urte hedatzen joan den kanpaina izan da Amankomunazgoak gidatu duena. Dagoeneko zortzi dira parte hartzen duten herriak, eskualdeko zabor bilketa sistema barruan daudenak hain zuzen: Abadiño, Atxondo, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar. Kontainer marroiari dagokionez, guztira, 3.656 etxetan birziklatzen dute organikoa. Hala ere, Amankomunazgoaren ustez, beharrezkoa da parte-hartzaileen kopurua handitzea. Izan ere, organikoa oraindik %1,05 da, soilik, batzen den hondakinen artean. Ekimenean parte hartu gura dutenek, 94 623 25 22 telefonoan eman ahal dute izena.

Durangok aparte gestionatzen du zabor bilketa sistema, eta aurten hasi gura du organikoa batzen. Zornotzan, Mallabian eta Otxandion hasita daude. Berrizek ere organikoa etxerik etxe zein ontzietan batzeko proiektua du 2012tik.

Albiste hau Anbotok argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

Zubietan obrak hastear direla eta, ‘erresistentzia fasea’ abiatu du Gipuzkoa Zutik-ek

2017-04-26  //  Errausketa, Gizarte eragileak  //  Iruzkinik ez

Gipuzkoa Zutik-ek Zubietako zulo ondoan eskegi dituen banderolak, taldearen bideoko iruduan.

Gipuzkoa Zutik-ek Zubietako zulo ondoan eskegi dituen banderolak, taldearen bideoko iruduan.

[Pello Zubiria Kamino] Gipuzkoak Zutikek agiri batean jakinarazi du Zubietako errauste planta eraiki eta kudeatzeko kontratua lortu duten enpresek lehen mugimenduak egin dituztela obrak haste aldera, eta bere aldetik “erresistentzi fasea” inauguratutzat eman dutela.

Bideoan ageri denez, enpresek lurzoruan ezarritako lehen markak erauzteaz gain, Gipuzkoa Zutikeko kideek hiru pankarta handi zintzilikatu dituzte Zubietako eremuan, errausketaren kontrako mugimenduaren logoa daramana eta alde banatan “Ez goaz” eta “etxera” diotenak. Eraikuntza lanak hasiko direnerako mobilizazioak ere iragartzen dituzte: “Lanak hasten dituztenean adi deialdiei”. Hemen bildu ditugu bideoa eta agiriaren testua.

(gehiago…)

‘Goldman’ saria Eslovenian erraustegia geldi arazi duen baserritarrari

2017-04-24  //  Eko Krog, Errausketa, Eslovenia, Europa, Lafarge, Saria  //  Iruzkinik ez

'Goldman' saria eman dioten Uros Macerl esloveniarra bere etxaldeko abereen artean. (Argazkia: Finanze)

‘Goldman’ saria eman dioten Uros Macerl esloveniarra bere etxaldeko abereen artean. (Argazkia: Finanze)

[Pello Zubiria Kamino] Gaur, apirilak 24, ingurumenaren defendatzaile nabarmenei ohore egiten dien ‘Goldman’ sari famatua eman diote Esloveniako laborari bati, hango porlan fabriketan zaborrak erretzearen kontra borrokatu den Uroš Macerl nekazariari.

Laborantza ekologikoan ari den Macerlek Eko Krog (Zirkulu Berdea) talde ekologista antolatu zuen, Lafarge-Holcim multinazionalak Trbovlje herrian daukan zementu fabrikari eragozteko ohiko erregaiez gain zaborrak kiskaltzea bere fabrikazio prozesuan. Porlan fabriketan hondakinak erretzea asko zabaldu den praktika da, enpresei erregai merkea eskuratzen dielako eta Europar Batasunaren diru-laguntza iruzurtiak eskuratzen dituztelako, balizko energia berriztagarria erabiltzen dutelakoan. Aldi berean, errausketa bereziki kutsagarria burutzen dute porlanetarako aitzakian.

Lafarge-Holcimek erosi zuenean Esloveniako usina zaharra, bertako agintarien diru-laguntza oparoak jaso zituzten. Hala ere, gaur 48 urte dituen Uroš Macerlek eta Eko Krog elkarteak biltzen dituen nekazari eta bestelako herritarrek aurre egin zieten, jendearen osasunari bezala baserrietako produktuei eragiten dion kalteagatik. Saria ezagutarazteko oharrean, Berta Caceres bezalako ingurumenaren eta giza eskubideen aldeko militanteak saritzen dituen Goldman fundazioak dio: “Erraustegi-porlan fabrika itzali zenetik, eskualdeko airea nabarmen hobetu da. (…) Lafargek segitzen du hondakinak gehi kokearekin ko-intzinerazioa berriro haseteko ahaleginean, baina aurrean aurkitzen ditu Macerl, Eko Krogeko kideak eta beren osasuna eta ingurumena babestea erabakita daukaten herritarrak”.

Urbaser enpresaren egoitza miatu du epaileak, PPren ustelkeria aferekin lotuta

2017-04-20  //  Ekonomia, Errausketa, Ustelkeria  //  Iruzkin bat

'Lezo' operazioaren barruan, guardia zibilak Canal de Isabel II konpainiaren atarian Madrilen. (Argazkia: Vozpopuli)

‘Lezo’ operazioaren barruan, guardia zibilak Canal de Isabel II konpainiaren atarian Madrilen. (Argazkia: Vozpopuli)

Espainiako Auzitegi Nazionalak PPko kargu politikoen ustelkeria ikertzeko ireki duen ‘Lezo‘ operazioaren barruan, sarekadan poliziak miatutako enpresa handien artean dago Urbaser, Gipuzkoako erraustegia eraiki eta 35 urtez ustiatzeko kontratua lortu berri duena eta Iparraldeko hondakinak ere Canopia TMB bidez kudeatzen dituena. Gaur Txinako konpainia baten filiala den Urbaser joan den uda arte Florentino Perez enpresagizon eta Real Madrideko presidentearena izana da, ACS eraikuntza enpresaren bidez.

Atzo, apirilak 19, Guardia Zibilak dokumentazioz betetako dozena bat kaxa atera zituen Urbaser eta Auditel enpresen egoitzetatik. Canal de Isabel II ur konpainiaren babesean burututako ustelkeria ikertzetik abiatuta, operazioan atxilotutako pertsona ezagunena Ignacio Gonzalez da, Madrilgo Erdikego Autonomoko lehendakariorde izana. PPko goi karguak inplikatzen dituen eskandalu berri honek behartuko du ondoko asteetan Mariano Rajoy bera lehenbizikoz Madrilgo Parlamentuan bere lekukotasuna ematera.

Lorenzo Loppa, apezpiku italiar bat errausketaren aurkako manifestazioetan

2017-04-07  //  Errausketa, Europa  //  Iruzkinik ez

Loppa apezpikua megafonoa eskuetan erraustegiaren aurkako mobilizazioan martxoaren 7an Erroman. (Argazkia:  TG24)

Loppa apezpikua megafonoa eskuetan erraustegiaren aurkako mobilizazioan martxoaren 7an Erroman. (Argazkia: TG24)

[Pello Zubiria Kamino] Apezpiku katoliko bat hondakinen errausketaren aurkako manifestazioetan, ez da sarri ikusten den gauza. Lorenzo Loppa gotzaina, ordea, behin eta berriro mintzatu da erraustegien kontra eta azkenekoz ostiral honetan hartu du parte protestan, Lazio eskualdearen egoitzaren aurrean, Erroman.

Lazio eskualdeko agintariek goizeko 10:30etan zeukan deitua bilera erabakitzeko luzatu ala eten erraustegiaren baimena. Bertako protestarien artean zeuden erraustegia sufritzen duen Anagni herriko alkate Fausto Bassetta eta eskualde hartako diozesian apezpiku den Lorenzo Loppa. Azkenean etenda geratu da bilera, erabaki behar zuten agintariak ez baitira azaldu.

Loppa sarritan mintzatu da errausketaren aurka. Probintziako legebiltzarrean deklaratu zuen: “Gu ere jendarte honen parte gara eta dei egiten digu herritarren osasuna zaindua izan dadin”. Ostiraleko bileraren aurrean, apezpikuak mobilizatzeko deia zabaldu zuen bideoz, larrialdi epidemiologikoa [“emergenza epidemiologica“] aipatuz: “Mobilizatu gaitezen gure ahalmen guztiekin gure lurraldea defenditzeko ”.

https://vimeo.com/211638004

[P.S.] TG24 hedabideak berak sarean ipini du Lorenzo Loppak Erroman errausketaren aurkako elkarretaratzean egindako hitzaldi laburraren bideoa. (Irudiak “errorea” iragartzen duen arren, klik eginik ondo ikusten da):

https://vimeo.com/212233288

 

II. Mundu Gerran Londresko gobernuak herritarrak animatzen zituen konposta egitera

2017-04-06  //  Europa, Konpostaketa  //  Iruzkinik ez


[Pello Zubiria Kamino] German Tortosak egiten duen Compostando Ciencia blogak argitaratu du dokumentu historikoa: “Making a compost heap” (Konpost pila nola egin) dokumental laburra. 1941ean zabaldutako film horrekin Britainia Handiko gobernuak herritarren artean konpost edo luarra egitea sustatu nahi zuen gerra garai zail haietan.

II. Mundu Gerran fronteetako txikizioez gain atzeguardiako herritarren artean ere neke handiak eragin zituen. Elikagaien eskasia zen horietako bat, baserrietako gazte asko gerrara eraman zituztelako eta soroetan ekoiztutako janarietako asko frontean ari ziren soldaduei bidaltzen zitzaielako. Horregatik gobernuek hirietako familiak ere animatu zituzten nork bere baratzea egitera, edo etxe ondoko soropila ortu bihurtuz edo janarietarako berrantolatuz parke publikoak. Londresko gobernuak “Digg for victory” (Garaipena lortzeko aitzurtu) izendatu zuen kanpaina eta AEBetakoak “Victory gardens” (Garaipenaren baratzeak”).

Soro eta ortuetarako ongarriak lortzea ere gerrarekin konplikatu zelako, baratzeetako soberakinekin eta etxeetako jakien hondarrekin konposta nola egin azaltzeko prestatu zuen Ingalaterrako Nekazaritza ministerioak “Making a compost heap” film laburra, Realist Film Unit konpainiako Margaret Thomsonek ekoiztu zuena.

Gipuzkoak segituko al du pagatzen 2011n sinatutako 60 milioiko swapak?

2017-03-31  //  Bankuak, Batzar Nagusiak, Swap  //  Iruzkinik ez

EHBildu eta Podemoseko ordezkariak Batzar Nagusietan beren eskaria aurkezten. (Argazkia: Podemos-Ahal Dugu)

EH Bildu eta Podemoseko ordezkariak Batzar Nagusietan beren eskaria aurkezten. (Argazkia: Podemos-Ahal Dugu)

[Pello Zubiria Kamino] Ostiral goizerako, martxoak 31, GHK Gipuzkoako mankomunitate eta udal guztiak –gehi Foru Aldundia– biltzen dituen partzuergoak deitua zeukan batzar berezia erabakitzeko ea auzitan segitzen duen ala ez 2011n bankuekin sinatutako ‘swap’ kreditu espekulatiboa pagatzeko. EAJ eta PSEren eskuetan den zuzendaritzak erabakita zeukan auzitik erretiratu eta ordaintzen segitzea, baina EH Bildu eta Podemosek eskatu dute Auzitegi Gorenera jotzeko.

Ostiralean gertatu behar zuena Diario Vasco-k aurreratu zuen hiru egun lehenago, “GHK no recurrirá el crédito de la incineradora, lo que abre la puerta a buscar responsabilidades“, argudio nagusitzat aipatuz GHK-k eskuratu dituen txosten juridikoek –tartean Donostiako Sunion bufete juridikoak prestatu dionak– auzibideak etetea eskatzen dutela. Bide batez, EAJ eta PSEk bidea ireki dezakete auzitara eramateko nor eta… erraustegia gelditu zuen Ainhoa Intxaurrandieta, alegia ‘swap’ horien benetako izaera espekulatiboa agerian jarri zuena.

Aldiz, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk iragarri dute (entzun audioa) justu kontrakoa defendituko dutela bai GHKn eta bai Gipuzkoako Batzar Nagusietan, alegia, auzibideak jarraitu behar duela gipuzkoarrek ezin dutelako onartu “erakunde publiko batek produktu toxiko eta erabat espekulatiboa kontratatzea” 2029 arte ordaintzen segitu beharko luketena.

EHBildu eta Podemoseko ordezkariek Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu duten eskaria.

EHBildu eta Podemoseko ordezkariek Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu duten eskaria.

GuraSOSek “Hitza Hartu” parte hartze prozesua abiatuko duela iragarri du

2017-03-30  //  Errausketa, Gizarte eragileak  //  Iruzkinik ez

GuraSOS elkarteko buru Joseba Belaustegi eta Joxemari Izeta prentsari asmo berria azaltzen. (Argazkia: Noaua)

GuraSOS elkarteko buru Joseba Belaustegi eta Joxemari Izeta prentsari asmo berria azaltzen. (Argazkia: Noaua)

GuraSOS elkarteak datozen hilabeteotan “Hitza-Hartu” ekimena jarriko du martxan, elkarteko buru Joseba Belaustegik iragarri duenez. Gizarte zibilak zuzendutako hondakinen kudeaketari buruzko parte-hartze prozesua bultzatu nahi du plataformak: “Garrantzi handiko bi gizarte ekimen dira, irudimentsuak eta berritasun handikoak, GuraSOSen iritzian, egoera desblokeatzea lortuko dutenak eta aldi berean hondakinen kudeaketarako konponbide adostura heltzea ere bai. Haietako bat izango da hain zuzen Hitza Hartu izenekoa, orain arte aurrekaririk ez duen partaidetza prozesua abian jarriko duena, gizarte zibiletik antolaturikoa”.

Aurreko astean, martxoaren 23an, GuraSOSeko arduradun Joseba Belaustegi eta Joxemari Izetak prentsari iragarri zizkioten “erraustegiko lanen esleipena eten dezaketen ekimen juridiko berriak” jartzekotan zirela. Egun batzuk geroago iritsi zitzaien Donostiko epaitegitik Zubietako erraustegiaren inguruan Diputazioa parte hartze prozesu batera behartzeko eskariaren ezezkoa. GuraSOSek sententzia honen balorazioa ere egin du “Hitza Hartu” ekimena aurkezterakoan.

 

Gipuzkoa Zutikek Markel Olanori: “Egia jakin nahi dugu: erakutsi erraustegiaren kontratua”

2017-03-28  //  Ekonomia, Errausketa, Gizarte eragileak  //  Iruzkinik ez

Gipuzkoa Zutiken batzar bat 2016ko udaberrian.

Gipuzkoa Zutiken batzar bat 2016ko udaberrian.

[Pello Zubiria Kamino] Gipuzkoa Zutik mugimenduak kanpaina berri bati ekin dio, agintariei argibideak eskatzeko Zubietako erraustegiaren finantziazioaren inguruan: sinadura bilketa hasi dute Change.org gunean “Egia jakin nahi dugu: erakutsi erraustegiaren kontratua” izenburupean. Ahalik eta herritar gehienen atxikimenduak eskuratzea dute helburu, Markel Olano Gipuzkoako Aldun nagusiari eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuari eskatzeko herritarrei azaldu diezaietela Zubietako planaren kontratua. Mankomunitateetako agintariei ere eskatzen diete gauza bera.

Honela dio hitzez hitz Change.orgen kanpainaren mamia azaltzen duen idatziak (badira gaztelania, frantses eta arabierazko bertsioak ere):

“Garai latzak bizi ditugu Gipuzkoan eta Euskal Herrian. Herritar gehienok ekonomikoki oso kolpatuta gaudela, aberatsen eta gainontzeko guztion arteko tartea izugarri hazten ari da. Bitartean, Gipuzkoako Aldundiak behar ez dugun erraustegi bat eraiki nahi du diru publikoarekin nola edo hala. Albiste solteak ateratzen arren, ez dugu 35 urtetarako zorpetuko gaituen kontratuari buruzko informaziorik.

Proiektu honek herritarron artean sortzen duen aurkakotasuna oso garbia da. Errausleek, daukaten makinaria mediatiko guztia izan arren, eztabaida soziala galdu dute. Erraustegia inposatzera doaz. Horren aurrean guk tinko hau diogu: Erraustegirik ez, ez gure izenean. Egia jakin nahi dugu.

Orain gutxi jakin dugu gipuzkoar guztion diru publikotik 60 milioi euro ordaintzen ari garela bankari, EAJk ezkutuan sinatu, angulekin ospatu eta orain aste batzuk epaitegietan defendatu duten tratu horrengatik. Kalkulatzen da 1.500 milioi euroko zor publiko ilegitimoa eragingo digula erraustegiak, ikusi hemen herriz herri ordaintzea nahi dutena. Eta gainera, diru horretatik ehunka milioi euro zuzenean irabaziak izango direla enpresentzat. Jakin dugu erraustegiaren proiektua sinatuz gero, ondoren albo batera uzten bada 600 milioi euro oparitu beharko dizkiegula enpresei, “kalte ordain” kontzeptuan. Herritarron dirua, zerga bidez jasoa, zuzenean %1aren boltsikora kontratu eta kalte ordain kontzeptuetan.

Horregatik, eta gai hauei buruz ere erabaki nahi dugulako, zera diogu: Gure izenean sinatuko duten kontratua ikusi nahi dugu. Egia jakin nahi dugu.

Mankomunitateei eskatzen diegu herritarrak informa ditzatela gertatzen ari denaz, erraustegira bideratu nahi duten eta denonak diren milioika eta milioika euro horiei buruz.

Markel Olano eta Jose Ignacio Asensio, egia jakin nahi dugu“.

25eko manifestazioak atxikimendu zabala lortu du, sindikatu nagusiena barne

2017-03-22  //  Ekitaldia, Errausketa, Gizarte eragileak, Politikariak, Sindikatuak  //  Iruzkinik ez

Usurbilgo udal langileak, martxoaren 25eko manifestazioari atxikimendua azaldu dioten ziento bat talde eta elkarterekin batera.

Usurbilgo udal langileak, martxoaren 25eko manifestazioari atxikimendua azaldu dioten ziento bat talde eta elkarterekin batera. (Argazkia: Noaua)

[Pello Zubiria Kamino] Martxoaren 25erako Errausketaren Aurkako Mugimenduak deitutako manifestazioak Gipuzkoako elkarteen artean atxikimendu zabala lortu du. Hiru egunen faltan, 100 baino gehiago ziren beren adostasuna azaldu duten elkarte, sindikatu eta partiduak.

Laurogeitik gora giza eragile, elkarte eta taldez gain, alderdi politikoen artetik Alternatiba, Aralar, EH Bildu, Equo, Eusko Alkartasuna, Ezker Anitza – IU, Podemos Euskadi eta Sortuk azaldu dute publikoki beren adostasuna. Sindikatuei dagokienez, CCOO, CGT, CNT, EHNE, ELA, ESK, HIRU, LAB eta STEILASek prentsaurrekoan aurkeztu zuten denen artean hitzartutako deialdia, xehetzen dituena langile mugimenduaren ordezkariek erraustegiari ezezkoa emateko dauzkaten arrazoiak.

CCOO, CGT, CNT, EHNE, ELA, ESK, HIRU, LAB eta STEILASen agiriak dio:

Hemen elkartu garen sindikatuok gizarteari orokorrean eta bereziki langileei honakoa adierazi nahi diete:

Ezin dugu onartu, besterik gabe, gaur egun Foru Aldunditik inposatu nahi diguten errauste planta arrazoi hauek direla medio:

  • Hainbat ikerketek diotenez erraustegiak kaltegarriak direlako bere inguru zabal batean bizi diren pertsonentzat, dioxinen eta metal astunen ondorioz: sortzetiko malformazioak, minbizi desberdinak, arnas aparatuko arazoak, etab ugariagoak dira. Erraustegiaren inguruko langileen osasuna ere kaltetua izango litzateke, eta ezin ditugu ahaztu honelako instalazioetan gertatzen diren istripuak, langileengan duten arrisku zuzenagatik eta ondorioz sortzen den kutsaduragatik.
  • Zaborren errausketaren ondorioz klima aldaketa sortzen duten gasen isurketa (C O2 eta N Ox) asko handituko delako eta honekin batera lehorte edo uholde arriskua.
  • Inguruko nekazari eta ganaduzaleen produktuak balorea galduko dutelako, hauek eduki dezaketen kutsaduraren ondorioz.
  • Behin eta berriz ikusten ari den bezala, Gipuzkoako herritar askoren iritziaren aurka, herritarren partehartzerik gabe eta Europatik datozen aginduen aurka egin nahi delako. Bereziki, langileok hitza izan nahi dugu eta erraustegiaren gaian erabaki.
  • Dirutza handia suposatuko dielako gure Udalei, bai eraikuntzak, bai funtzionamenduak, eta diru hau multinazional baten esku pribatuetara joango delako, zerbitzu publiko baten truke. Gipuzkoan ere bizi dugun emergentzia sozialeko egoera honetan, lehentasunak pertsona zein natura izan beharko lirateke eta dirua oinarrizko eskubide sozialak bermatzera bideratu: enplegu duina, etxebizitza eskubidea, elikadura burujabetza, pobrezia energetikoari aurre egin, aberastasuna banatzeko mekanismoak, hezkuntza…
  • Lanpostu gutxi sortuko dituelako (80 Foru Aldundiaren esanetan); aldiz, hondakinen hierarkian oinarritutako eredu jasangarriak jarraituz 15 bider gehiago sortu ahalko lirateke.
  • Badagoelako errausketaren alternatiba, Gipuzkoako herri askok jadanik aplikatzen dutena: murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea, konpostatzea. Geratzen den errefusa tratatzeko instalazio malguagoak, merkeagoak eta gutxiago kutsatzen dutenak asmatuta daudelako.

Honegatik guztiagatik dei egiten diegu langileei eta herritar guztiei martxoaren 25ean egingo den manifestazioan parte har dezaten. Langileok ere ozenki esan dezagun: ALTERNATIBA DAGOELAKO, ERRAUSKETARIK EZ.

13 / 205«Aurrekoa1012131415203040Hurrengoa»

Azken bidalketak

  • Valentziar Erkidegoan Atez Atekoa sustatzen duten udalen elkartea sortu dute
  • OEITeko medikuek Asensio diputatuaren dimisioa eskatu dute, ETBn esandako irainengatik
  • Aurrekoetxea doktorea, erraustegia justifikatu duena, Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendari
  • “Kazetariok: ondo informatu erraustegiaz” eskatu dute Rikardo Arregi Sarietan
  • Ikerlan berria Britainia Handian: erraustegien karbono isurketa erraldoiak eta horien koste pagatu gabeak

Iruzkin berriak

  • Iker(e)k Erraustegien aurkako protestak Bilbon atzo, Lasarte-Orian gaur eta asteburuan Zubietan bidalketan
  • Mertxe Larrea(e)k Marseillako erraustegi inguruko elikagaietan ere dioxina topatu dute bidalketan
  • Juan mari Iriondo(e)k Pisan (Italia) alarma piztu da bere erraustegiak minbiziak eragin dituela frogatu dutenean bidalketan
  • Alberto M(e)k Pisan (Italia) alarma piztu da bere erraustegiak minbiziak eragin dituela frogatu dutenean bidalketan
  • Tere(e)k Pisan (Italia) alarma piztu da bere erraustegiak minbiziak eragin dituela frogatu dutenean bidalketan

Artxiboak

  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko ekaina
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko urria
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko apirila
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko abuztua
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko otsaila
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko uztaila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko martxoa
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko abendua
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko abuztua
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko abendua
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko urria
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko uztaila
  • 2007(e)ko ekaina
  • 2007(e)ko maiatza
  • 2007(e)ko apirila
  • 2007(e)ko martxoa
  • 2007(e)ko otsaila
  • 2007(e)ko urtarrila
  • 201(e)ko iraila
  • 201(e)ko uztaila

Kategoriak

  • Afrika
  • Aldundiak
  • Amerika
  • Araztegiko lohiak
  • Arriskutsuak / Toxikoak
  • Asia
  • Atez Ateko komunitarioa
  • Atez atekoa
  • Atez Atekoaren alde
  • Atez Atekoaren kontra
  • Aurkezpenak
  • Auto-konpostaketa
  • Auzitegiak
  • Auzolaneko konpostaketa
  • Bankuak
  • Batzar Nagusiak
  • Berdiseinatu
  • Berrerabilpena
  • Bideoak
  • Bilketa pneumatikoa
  • Biometanizazioa
  • Birziklajea
  • Bizkaia
  • Bost edukiontzi txipdunak
  • Bost kontenedore
  • Derrigorrezkoa edukiontzi txipdunetan
  • Dokumentalak
  • Dokumentuak
  • Ekitaldia
  • Eko Krog
  • Ekonomia
  • Elektronika
  • Elikadura
  • Enpresak
  • Erakundeak
  • Errausketa
  • Errefusa
  • Errefusategia
  • Eskoriak
  • Eslovenia
  • Estatistika
  • Estatu espainiarrean
  • Etika
  • Europa
  • Europakoak
  • Eusko Jaurlaritza
  • Gaikako bilketa
  • Galdeketa
  • Galdera-erantzunak
  • Garbigunea
  • Gasifikazioa / Plasma / Pirolisia
  • Gipuzkoa
  • Gizarte eragileak
  • Hedabideen jarrera
  • Hegaztiak
  • Iparraldea
  • Iritziak / Adierazpenak
  • Istripuak
  • Izenak
  • Jaurlaritza
  • Jolasa
  • Juan Kalparsoro
  • Kitengela
  • Konpondu
  • Konpostaketa
  • Kutsadura
  • Lafarge
  • Lau kontenedore
  • Legeak
  • Legebiltzarra
  • Loturak
  • Mankomunitateak
  • Metanizazioa
  • Nabarmendua
  • Nafarroa
  • Nafarroa
  • Nafarroako Gobernua
  • Nekazaritza
  • Oinarrizkoa
  • Ondakinak zenbakitan
  • Orendain eredua
  • Organikoa animaliei
  • Osasuna
  • Osinbeltz
  • P
  • Partzuergoa
  • Plangintza
  • Plastikozko zorroak
  • Pneumatikoak
  • Politikariak
  • Porlan fabriketan
  • Prebentzioa
  • Sabotajea
  • Sailkatugabeak
  • Saria
  • Sindikatuak
  • Sistema mixtoa
  • Swap
  • TMB
  • Txingudi
  • Udalak
  • Ustelkeria
  • Zabalgarbi
  • Zabortegia
  • Zero Waste Europe
  • Zero Zabor
  • Zestoa
  • Zigorrak
  • Zorra
  • Zubieta

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA