Kontzentrazioak egingo dituzte astero Donostiako metroa geldiarazteko
Sator Alaia Donostiako metroaren aurkako plataformak hainbat ekimen iragarri ditu. Informazioa zabaltzea eta herritarrak mobilizatzea da taldearen xedea. Horretarako, asteazken honetatik aurrera, Metroaren proiektua geldiaraztea eskatzeko astero kontzentrazio bat egingo dute, 17:30ean FNACen elkartuta (Loiola kalea).
Datorren astelehenean berriz, otsailak 29, bizilagunen eta elkarteen asanblada orokorra deitu dute. Amarako Eskoletan elkartuko dira 19:00etan eta aztertuko dituzte Eusko Jaurlaritza alegazioei ematen hasi den erantzunak. Otsailaren 15eko EAEko buletin ofizialean argitaratu den Donostiako Metroaren (Lugaritz-Easo tartea) proiektuaren Ikerketa Informatiboa behin betiko onartzen duen ebazpenaz ere hitz egingo da.
Legez kanpoko prozedura?
Prozeduraren legezkotasuna zalantzan jar daiteke Sator Alaiaren ustez, Jaurlaritzak joan den azaroan Metroaren eraikuntza-proiektuak idazteko agindu baitzuen, Ikerketa Informatiboaren onarpena baino lehen.
Bestalde, Metroaren auzian eztabaida publikoa sustatzeko bi mahainguru egingo dituzte Koldo Mitxelenan datozen asteetan. Martxoaren 1ean, “Nork erabaki?” izenburupean, erabakietan herritarren partehartzeari buruz arituko dira Josu Larrinaga (EHUko “Parte Hartuz” ikerketa taldeko kidea), Gamonal auzoko (Burgos) bizilagunak, eta Sator Alaia batzarreko kideak.
Martxoaren 9an, Metroaren afera garraio publikoaren ikuspegitik aztertuko dute, honako hizlariekin: Jose Fran Cid (mugikortasun eta ingurumen aholkularia), Iosu iribar (Dbus-eko langile eta “Kurpil” sindikatuko lehendakaria), Oskar Bordes (Eusko Treneko langilea eta LABeko kidea), eta Raul Mendez (Metro Bilbao-ko langilea eta Bilboko Garraioen Liburu Zuria izeneko txostenaren egileetako bat).
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks