Tabakaleran informazio gutxi dute Denis Itxasok zabaldu nahi duen zine eskolaz
Gipuzkoako Foru Aldundiak Tabakaleran zine eskola zabaltzeko asmoa du 2017an. Denis Itxaso Kultura diputatuak egin du publiko egitasmoa, Tabakalerako proiektu kulturalaz arduratzen direnei zehazki azaldu gabe.
Diario Vasco egunkarian Itxasok azaldutakoaren arabera, Tabakalerako zuzendaritzarekin “etengabeko kontaktuan” ari da garatzen proiektua, baina kulturguneko iturriek azaldu dutenez, Tabakalera “informazioaren zain” dago: printzipioz ez dute gaizki ikusten, baina zehaztasun gehiagoren faltan, adierazpenak neurrian egin dituzte.
Ez zen intentzio ezezaguna, noski. Azken udal eta foru hauteskundeetako kanpainan Markel Olano EAJko hautagai eta egun ahaldun nagusiak kulturgunea “ikus-entzunezko puntako sormen gune” bihurtzeko konpromisoa hartu zuen. Gai horretan jeltzaleak eta sozialistak sintonian daudela dirudi.
Besterik da kulturguneko egungo proiektuari nola eragingo dion. Gaiaz galdetuta, iazko azaroan Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendariak azaldu zuen ulertzen duela agintari bakoitzak bere proiektuak izatea Egiako zentroan. “Baina Tabakalerak hamalau urte behar izan ditu irekitzeko. Denbora behar da proiektua mamitzeko. Hasi aurretik elementuak aldatzen hasiko bagina, atzerapausoa izango litzateke”.
Zine eskola nola antolatuko lukeen ere azaldu zuen Itxasok asteburuko adierazpenetan: Tabakalerako kultur ekosisteman txertatuko litzateke, Deustuko Unibertsitatearekin egindako hitzarmenaren bidez homologatuko lituzkete titulazioak eta Aldundiko Kultura departamentuak hartuko lituzke gastuak bere gain.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks