Uliako Lore Baratzak: kultura eta elkarbizitza, hirigintzaren mehatxupean
Jakoba Errekondok badu esaldi hori, urbanita bat baino gehiago urduritzen duena: “Kultua izateko baratzeaz jakin behar da”. Baratzea eta kultura, bai asoziazio ezinezkoa kulturaren ideia kontsumitu daitezkeen formatu estandarretan pentsatzera ohituta dagoen galipotakumearentzat.
Zementukoak baikara gu ere, baina Jakobitak izaten hasiak, porlanpeko baratzearen bila abiatu ginen joan den igandean Mirakruzeko gainean behera. Laster aurkitu genuen sarrera eskuinera, joan eta bertan Uliako lore baratzak.
Udaberri giroko goiz bat, errepidetik atera eta ateratzen zara hiritik, baina hirian jarraitzen duzu, gertatzen dena da zure bizitza dagoeneko-ez-hain-laburrean ez duzula inguru hori sekula begiz jo, eta harritu egiten zaitu oharkabekeriak.
Kainabera artean jostatzen diren umeak, aitzurra eta pala ari diren gazteak, goizean antolatu dituzten bisitako adin guztietako donostiarrak, zartagin batzuk zintzilik hemen, zuhaitzetan lotutako hamaka bat han eta (ia ahaztu zaigu) loreak, lore asko. Ez ziren alferrik hemen hazten gero Donostiako lorategi guztietara eramaten zituzten landareak.
Prozesatu gabeko edertasun bat da koadro osoa, zer ikusteko gutxi parke estandar batekin.
Mehatxatutako edertasuna
Dagoen lasaitasunarekin, kosta egiten da imaginatzen inguru hau mehatxupean dagoela: Donostiako Udalak urtea bukatu baino lehen sartu nahi ditu makinak etxebizitzak eraikitzen hasteko. Uliako Lore Baratzak mapatik ezabatu nahi dituen bigarren egitasmoa da azken hamarkadan. Lehenago, Odon Elorza buru zuen Udalak luxuzko etxebizitzak egiteko asmoa izan zuen, baina krisi ekonomikoak ito zuen plana.
Orduko proiektuak ez bezala, oraingoak Lore Baratzetan dauden ur biltegiak mantentzen ditu. Eta Udalaren bertsioa da partzelaren herena baino ez duela ukituko. Baina Uliako auzo elkarteak argi dauka eraikuntza berriek ingurua guztiz aldatuko dutela: “Etxeak ez dituzte helikopteroan ekarriko”, azaltzen digu Leire Rodriguezek, “partzela guztiari eragingo dio”.
Bera eta beste zenbait herritar Lore Baratzeen balorea transmititu nahian ari dira azken hilabeteetan eta, aldi berean, bertan lan egiten. 2015ean lortu zuten horretarako baimena, komunitatearentzako baratze-lorategi bat abian jartzeko proiektua aurkeztuta. Geroztik jendearen arreta deitzea lortu dute: 700 lagun inguru pasa dira parketik eurek antolatutako bisitetan eta Donostia 2016ren barruko Olatu Talkan ere sartu zuten (beste 500 lagun egun bakarrean).
“Donostiarren artean interesa piztu du”, baieztatu du Rodriguezek. 300 laguneko itxaron-zerrenda dago ur-biltegiak ezagutzeko bisitetan.
Gasteizen txaloak, Donostian isiltasuna?
Espazio publiko utzien bestelako kudeaketa posible dela erakusteagatik, hiritik kanpo ere izan du oihartzunik. “Zuen irudimena, zuen inplikazioa eta zuen gizartearekiko konpromisoa aipatu, goraipatu eta publikoki aitortu nahi ditut”, adierazi zien Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Uliako auzotarrei. “Eredugarri” jo zuen proiektua eta “gure ingurukoen bizitza maila” hobetzen zuela esan zuen.
Elkarlan saria eman zion EAEko Gobernuak Uliako Lore Baratzeen proiektuari, egoera nahiko kontraesankorra sortuz: Gasteizen urtarrilean eredugarritzat jo dena Donostian abenduan hondeamakinek eramango dute aurretik?
Ur biltegiak, altxor ezkutua
12:30ean hasi dira parkeko ur-biltegietara bisitak. Erdarazko taldean Jonathan Chancak eman ditu azalpenak eta euskarazkoaren gidari Kepa Sarasola aritu da. Gurekin batera egin du bisita azpiegitura honi buruz edozein entziklopediakbaino gehiago dakien Antxon Larratxaok ere (bera eta familia osoa hemen lanean aritutakoak dira).
Linternen atzetik Belle Epoque garaiko espazio harrigarrira jaisten gara. Eguerdiko argiarekin ondo ikusten dira barruko arkuak, eta XIX. amaierakoak direla esan izan ez baligute azkar joango zitzaigun irudimena erromatarren garaira. Ura hemen biltzearen arrazoiak ezagutzen hasita, Donostiaren azken bi mendeetako historiara hurbiltzeko modu originala aurkitzen du bisitariak: urak zenbat baldintzatu duen hiria eta hiritarra.
Donostiako eskolek hemendik pasa beharko luketela pentsatzen duzu (eta gero esaten dizute batzuk pasa direla jada), mendeetan inguruotan bizi izan diren pertsonek oinarrizko likidoa lortzeko egin behar izan dituztenak ezagutzeko baino ez bada ere.
Irten aurretik, beste hiriren batean antzeko ur hornidurarako azpiegiturak ezagutzen ote ditugun galdetzen digute. Istanbul, Bartzelona, Habana… Erabilera kulturaletarako berreskuratutako antzeko espazioak aipatzen ditu taldeak.
Donostian ere horrelako zerbait egin ahalko litzateke, eta hori ere kezka dute Lore Baratzeen proiektuan ari direnek: etorkizunean ur biltegiak berrerabili ahal izateko aukerak asko gutxituko liratekeela metro eskasera hainbat solairutako etxeak eraikiz gero.
Mahai bat dago kanpoan, informazio orri batzuekin eta parkea babestearen aldeko sinadurak jasotzeko formularioekin. Ondo irabazia du gurea. Bertara joaterik ez duenak hemen ere eska dezake leku hau errespeta dezatela. Etxeak leku askotan egin baitaitezke. Honelako parke bat ordea, ezin du beste inon eduki Donostiak.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks