Donostiako metroa geldiarazteko balkoietan banderolak jarri, sinadurak bildu eta manifestazioa egingo dituzte
Sator Alaia bizilagunen mugimenduak hainbat ekintza iragarri ditu Donostiako metro proiektua geldiarazteko asmoz. Aurreratu dutenez, Detritus artistak egindako banderolak zabalduko dituzte bizilagunek balkoietan jar ditzaten.
Mezu argia daukate bandera horiek: “Metroari STOP”. 500 inguru zabalduko dituzte gaurtik aurrera bost euroko prezioan. Eskuratu nahi duenak, asteazken honetan bertan du aukera, Sator Alaiak FNAC parean egiten duen asteroko kontzentrazioan (17:30ean elkartuko dira). Bestela, Prim kaleko Hodeiertz belar dendan ere salgai izango dira.
Metroak kaltetuko dituen eraikinetan indar berezia jarriko dute, balkoietako protesta honi buruzko informazioa duten mezuak postontzietan banatuz.
Sinadura bilketa eta manifestazioa ekainaren 18an
Donostian erroldatutako jendearen sinadurak ere behar ditu Sator Alaiak. Hiru eskaerarentzat atxikimendua eskatzen ari dira donostiarrei: metroaren igarobidearen proiektua geldi dadila, Eusko Jaurlaritzari Donostiako garraio ereduari buruzko eztabaida publiko eta parte hartzailea martxan jar dezala eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, proiektua finantzatzeko prest agertu denez, herri galdeketa egin dezala.
Asteazkenetako elkarretaratzeaz gain, asteartero Groseko Nafarroa Beherea plazan jasotzen dituzte sinadurak eta asteburu honetan beste leku batzuetara ere iritsiko dira: larunbat goizean, 11:00etatik aurrera, Bretxan eta Easo plazan mahaiak jarriko dituzte. Igandean berriz, Kontxako erlojuan izango dira 11:30etatik aurrera.
Eskaera horiek kalera eramateko ekainaren 18an manifestazioa deitu du Sator Alaiak. Iazko abenduan proiektuaren aurka egindako lehen martxak 2.000 lagun inguru bildu zituen hiriko kaleetan.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks