Kontxako hondartzan irudikatuko dute Donostiako metroaren “zentzugabekeria”
Donostiako metro proiektua gelditzeko sortutako Sator Alaia mugimenduak aste honetan egingo diren bi ekintzatan parte hartzeko deia egin du. Batetik, ostegunean, maiatzak 26, gai horri buruz egingo den Udaletxeko osoko bilkuran elkartu eta egitasmoarekiko desadostasuna adieraziko dute. Bestetik, salaketa ekitaldia egingo dute larunbatean, Kontxako hondartzan.
Ostegunean goizean herritarrak Udaletxeko bilkura aretoan elkartzeko deialdia egin du Sator Alaiak, Metroari buruz bi mozio eztabaidatuko baitituzte. Lehenbizikoa gutxi gorabehera 10:30ean jorratzen hasiko dela aurreikusita dago; hori dela-eta, 10:00etatik aurrera biltzen hasteko deia egin dute.
PPk proiektuaren finantzazioaz aurkeztutako mozioa eztabaidatuko dute lehenik. Popularren udal iturrien esanetan, “lanak hasteko gutxi falta da eta finantzazioa bermatu gabe dago oraindik. Hasiera batean Jaurlaritzak hartu behar zuen lanen kostua bere gain eta gero esan zuten Aldundiak ere parte hartuko zuela, baina ez da ezer segurtatu eta ez da zehaztu zer portzentaje finantzatuko duen erakunde bakoitzak”.
Bigarren mozioa EH Bilduk sartu du, eta Donostiarako garraio sisteman alternatibak sustatzea du helburu. Eztabaida 11:30ak aldera hasiko da.
Sator Alaiak, berriz, azpiegituraren “zentzugabekeria” salatuko du, Udalaren osoko bilkuran ez ezik, bi egun geroago Kontxako hondartzan egingo duen ekintzan. Arratsalde osoan zehar, proiektuak hondartzaren azpian egiten dituen 320 metroak irudikatuko dituzte gainazalean. “Kontxako hondartzaren azpian eraikitzea itxuragabekeria dela salatu nahi dugu”, dio Sator Alaiak, “hondartza alderik alde zeharkatuko du [trenbideak], itsasgorak estaltzen duen eremuan, 34 metroko sakoneran”. Egitasmoa Kostalde Legearen aurkakotzat jo du bizilagunen mugimenduak.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks