Ama Hizkuntzaren Egunean ekitaldi sorta, Donostia2016k eta Euskal PEN klubak antolatuta
Nazioarteko Eguna otsailaren 21ean da. Donostia 2016k sei ekitaldi prestatu ditu eta munduko hainbat hizkuntza komunitatetako hiztunen ahotsak entzuteko aukera izango da.
Ekitaldi guztiak otsailaren 20 eta 21ean izango dira, denak 2016 Gunean (Donostiako Easo kaleko egoitzan).
Otsailaren 20an, 11:30ean, mahai-inguruan migrazioez, errefuxiatuez eta Europako hizkuntza aniztasunaz arituko dira. Kaissa Ould Braham (Kabiliako amazigha) eta Rhodi Mellek (Rojavako kurdua) idazleek hitz egingo dute.
18:00etan, Ainara Gorostizuk “Aldamenekoa” liburuan jasotakoak baliatuko ditu hitzaldirako. Bere lanean Euskal Herrira etorritako 11 lagun elkarrizketatu zituen eta haien historia zatiak bildu. Itziar Idiazabalek berriz, ama hizkuntza kontzeptuaz gogoeta egiteko baliatuko du hitzaldia, ez ote den egokiagoa etxeko, familiako edo lehen hizkuntza deitzea.
19:30ean, Garabidek 2015ean estreinatutako “Beltzean mintzo” dokumentala ikusi eta gero hizketaldirako aukera egongo da. Dokumentalean zazpi hizkuntz komunitatetako 14 pertsonak hitz egiten dute, hala nola, kitxua, nasa, náhuatl eta maputxeek. Haien hizkuntzez eta euskararengandik ikasi dutena azaltzen dute ikus-entzunezkoan.
22:00ean, kontzertua eskainiko dute Hesian taldeak (Zuriñe eta Fran) eta Martina Iorik. Azken hori Hego Tiroletik dator eta ladinieraz abesten du.
Otsailaren 21ean, 11:00etan, Itxaro Borda eta Lutxo Egia idazleek Europaz, kulturarteko harremanez eta hizkuntza aniztasunaz hainbat testu irakurriko dituzte Asier Serrano musikariaren laguntzaz.
12:00etan, hizketaldirako eta musikarako tartea izango da. Euskal Herrian bizi diren hainbat jatorritako pertsonak aurkeztuko dituzte objektu, testu edo pasarteen bidez. Banaiga Bandako musikariek lagunduta Euskal Herriko eta munduko kantuak abestuko dituzte.
Bi eguneko egitaraua antolatzen ondokoak aritu dira: Euskal PEN Kluba, DSS2016EU, Garabide Elkartea, SUNS Europe eta Banaiz Bagara Elkartea.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks