Kezka Andoainen, Tabakalerak herriko zine eskola kaltetu dezakeelako
Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak datorren urtean Tabakaleran zine eskola zabaltzeko agertu duen asmoaren ondoren, kezka zabaldu da Andoainen.
Urteak daramatza ESCIVI zine eta bideo eskolak bertan funtzionatzen, eta ez dago argi nola eragingo dion 15 minutura Foru Aldundiaren babesarekin zabaldu nahi duten egitasmo berriak.
Gaia Andoaingo Udalera iritsi da aste honetan Aiurrik informatu duenez. EAJren udal taldeak lau puntuko mozioa aurkeztu du Aldundiko Kultura departamenduari bere asmoak argitu ditzala eskatuz, Andoaingo zine eta bideo eskolari babesa adieraziz, Tabakalerako zine eskolaren proiektua berraztertu dadila eskatuz, baita mozioaren edukia Tabakalerari, Donostiako Udalari, Eusko Jaurlarizari eta Tabakalerarekin lotutako gainerako erakundeei helaraztea ere.
PSE-EEren udal taldea beste mozio bat aurkezten saiatu zen, baina Aiurrik argitaratu duenez, “moduen inguruko eztabaidaren ondoren”, jeltzaleen mozioa bakarrik bozkatzea erabaki zuten.
Iñaki Aizpuru Zubitur ESCIVIko zuzendariak ere hitza hartu zuen eta harrituta agertu zen Tabakalerako egitasmoa Andoainen martxan dagoen ikastetxea kontuan hartu gabe egin delako.
AIURRI ASTEKARIA 2016ko martxoaren 4a, 473 zenbakia
Informazio osagarria:
“Udal korporazioari esker ona azaldu nahi diot”
Udalaren aldetik jasotako babesa eskertu nahi izan zuen plenoan bertan Iñaki Aizpuru Zubitur eskolako zuzendariak: “Pare bat zehaztapen egin nahi nituzke, Tabakalerako ikus-entzunezko eskolaren gainean, ez baita berria aurreko larunbatean prentsa bidez jakin ahal izan genuen planteamendua.
2015eko uztailean iritzi artikulu batean niretzat ikus-entzunezko ikastetxe batek nolakoa behar lukeen izan adierazi nuen, jada martxan dagoenarekin koherente izanda.
Jende askok ez dakien arren, gure ikastetxean unibertsitate mailako ikasketak eskaintzen dira. Goi mailako graduko aitorpen ofiziala dauka; hain zuzen, unibertsitateko 120 kredituren parekoa, espezialitate bakoitzean. Hortaz, egin nahi diren planteamendu berriek, koherenteki jokatuko beharko lukete errealitate horrekin, mundu mailako ikastetxe guztiekin egiten den bezalaxe. Estatu mailan, Bartzelona eta Madrilgo ikastetxeen kasua litzateke, gurekin batera. Tabakaleraren inguruan atera den informazioa, nahasgarria dela iruditzen zait. Izan ere, unibertsitate mailakoa izango dela aipatzen bada, ez da ulertzen bi edo hiru hilabeteko kurtsoak aipatzea. Horiek gehiago ematen dute iraupen laburreko ikastaroak, eta ez masterrak edo antzekoak.
Halaber, ulergaitza da 400 metro karratuko egoitza bideratzea proiektu berri horrentzat. Ez baitu askorako ematen. Andoaingo ikastetxeak, esaterako, 3.000 metro karratu ditu, eta bertan kabitzen dira ikasteketa gelak, platoak, estudioak eta gainerakoak. Badirudi gauza hibrido bat egin nahi dutela Tabakaleran inguruan.
Eta azkenik, guri kontsultatu ez izanak, ezinegona eragin digula adierazi nahi dut, kontuan hartuta gaiak zuzen-zuzenean eragiten digula”.