"God save the show": Azken urteetan, derrigorrez ikusi beharreko telesail Britaniarrak
Argi dago telesailez hitz egiterakoan Estatu Batuetara bota behar dugula begirada, bertatik baitatoz historiako serie onenetakoak (Lost, The Wire, The Sopranos, Breaking bad eta abar) eta inork baino hobeto dakitela “produktu” horiei ahalik eta etekin handiena ateratzen.
Baina askotan bi arazo nabarmen azalarazten dira: batetik audientzia eta aurrekontuek gehiegi markatzen dituzte eta askotan bertan behera gelditzen dira ikusleari istorioa erditik moztuz; eta bestetik kontrako arrazoia, denboraldi bakarra edo behintzat atal gutxi iraun behar zituzten serie askok (istorioak horrela eskatzen duelako), audientzia edo etekin handia ematen dieten momentuan, ikaragarri luzatzen dituztela seriea guztiz suntsituz.
Aldiz Europa aldera itzultzen bagara eta gure goiko bizilagun Ingelesei begiratzen badiegu, konturatuko gara gehienetan ez dela horrelakorik gertatzen, Zergatik?
-Istorioak eta gidoiak oso borobilak eta ausartak izaten direlako gehienetan, eta inork baino hobeto dakizkitelako “miniserie” edo “telesail motzak” egiten.
-Interpretazio aldetik sekulako aktoreak topa ditzakegulako, eta pertsonaia aldetik sakontasun handikoak izaten dira, ez dira hain arketipikoak izaten.
-Batzuk, aurrekontu murriztua izan arren ez direlako dekoratu edo platoetara joaten, kalera baizik, eta horrek ematen dio hain zuzen xarma nagusietako bat, bertan ezagutu eta ikus baitezakegu bertako kultura, ohitura eta egunerokoa oso modu errealistan.
Hauek izango lirateke nire ustez, hiru puntu azpimarragarrienak, halere zuen kabuz froga dezazuen gonbidatuak zaudete. Jarraian aipatuko ditudan telesail ingelesak, azken urteetan ikusi ditudanen artean maila gorenenean daude, pantaila txikiaren gailurrean, animatu ahalik eta gehienak ikusten!
God save the show!
THE FALL (2013-…)
Zeri buruzkoa da? Belfasten gertatzen den “Thriller-Psikologikoa”. Protagonista nagusia Gilliam Anderson,detektibe trebe eta oso azkarra. Oraingo hiltzaile eta arauak oso desberdinak dira eta bertan jasan eta biziko dituen gauzek betirako kolpatuko dute.
Zergatik ikusi? Ez ohiko katu eta xaguaren jokoan murgilduko gaituen “Thriller psikologiko” bikaina; aktore eta pertsonaia bereziak. Batzuetan erritmo motelekoa baina segituan lotuko gaituena.
Lehen denboraldiak 5 atal izan ditu, bigarren bat konfirmatua dago.
Puntuazioa: 8/10
ACCUSED (2010-2012)
Zeri buruzkoa da? Serie honen berezitasun nagusia da, atal bakoitza istorio eta pertsonaia desberdinek osatzen dutela. Kapitulu eta kontakizun bakoitza hasi eta bukatu egiten da 45-50 minututan. Beraien arteko lotura zein da? Hasiera batean pertsona normal eta arruntak diruditen pertsonaiak epaituak izango direla, baina kapituluaren amaierara arte ez dugula zehazki jakingo zergatik.
Zergatik ikusi? Esan bezala guztira 10 istorio desberdin ikusiko ditugulako, gehienak bikainak. Aktore ezagun (eta ez hain ezagun) eta oso onak, momentu oso triste eta gogorrak, eta gehiago ikusi nahi izatearen sentsazioa atal bakoitzaren amaieran.
Puntuazioa: 8/10
UTOPIA (2013-…)
Zeri buruzkoa da? Interneteko webgune batean aspalditik hitz egiten duten 5 pertsona, elkar ezagutzeko geratzen dira. Batek, komiki-liburu bitxi bat du eskuartean “The Utopia Experiments”, esaten dutenez munduan gertatuko diren sekretu eta hondamendi beldurgarri guztiak azalarazten ditu. Erakunde ilun bat izango dute atzetik liburu hori berreskuratu nahian.
Zergatik ikusi? Misteriotsua, iluna, originala, “paranoikoa” eta BAKARRA dudarik gabe. The Guardianeko Sam Wollastonek esaten duen bezala: “XXI garren mendeko amets-gaiztoa”.Egia da, hala ere, lehen kapituluak izugarri onak diren arren , bukaera aldera maila apur bat (oso gutxi) jaisten dela.
“Where is jessica hyde?”
Lehen denboraldiak 6 atal izan ditu, badirudi bigarren bat egongo dela.
Puntuazioa: 8,5/10
SHERLOCK (2010-…)
Zeri buruzkoa da? Sherlock Holmesen “mitoari” buruzko berrikusketa bat, Londres hirian eta gaur egun kokatua, kasu honetan.
Zergatik ikusi? Oso argi, nire ustez, Sherlock Holmes pertsonaiari buruz egin den historiako serie onena (eta orokorrean onenetarikoa). Atal bakoitza benetako maisulan bat: Umorea, azpijokoak, misterioa, tentsioa…denetatik du ezinbesteko serie honek, dudarik gabe ikusi beharrekoa. Amaitzeko, izen propio bat: Benedict Cumberbatch (ez dut gehiagorik esango).
2 denboraldi izan ditu (bakoitzak 80minutuko 3 kapitulu) eta hirugarren bat estreinatuko da aurten.
Puntuazioa: 9/10
HIT AND MISS (2012)
Zeri buruzkoa da? Mia (Chloe Sevigny) “sikario” lanak egiten dituen “transexual” bat da. Bere errutinan murgildurik dagoen egun horietako batean, dei bat jasotzen du: mutila izan zen garaian zuen neskalaguna hilda azaldu da, eta utzi dituen 3 umezurtzen “aita” (edo ama, zuek aukeratu) Mia da.
Zergatik ikusi? Chloe Sevigny aktore amerikarrak sekulako papera egiten duelako, gidoia Paul Abbottek idatzi duelako, pertsonaiak berriz ere sakontasun handia dutelako, eta argazki zuzendaritza eta musika ezin hobeto aukeratuak daudelako.
6 ataleko denboraldi bakarra.
Puntuazioa: 8,5/10
THE SHADOW LINE (2011)
Zeri buruzkoa da? Harvey Wratten, Londreseko droga mafiaburua, hilda azaldu da eta bi ikerketa paralelok eramango dute kasu hau: batetik poliziarena eta bestetik erakunde kriminalarena.
Zergatik ikusi? Pertsonaia eta trama asko dituen seriea izanik, zail xamarra egiten da hasiera batean haria jarraitzea, baina behin murgilduak gaudenean, izugarrizko kalitatea duen serie batekin topatuko garelako. Guztiz nabarmentzekoa duen atmosfera hotza eta iluna, gidoia, pertsonaiak: drogaren eta mafiaren munduan sakontzen duen maila altueneko zine beltza.
Denboraldi bakarreko 7 atal.
Puntuazioa: 9/10
INSIDE MEN (2012)
Zeri buruzkoa da? Diru gordailu bateko hiru langile sekulako lapurreta prestatzen ari dira.
Zergatik ikusi? Izugarrizko erritmoa duen telesaila delako eta oso modu originalean kontatzen duelako lapurreta, modu “ez-kronologikoan” alegia, pixkanaka gauzak argitzen doazelarik azkenean puzzle perfektu bat sortuz.
Denboraldi bakarreko 4 atal.
Puntuazioa: 8,5/10
LUTHER (2010-…)
Zeri buruzkoa da? Luther (Idris Elba) bere buru barneko deabruekin borrokan ibiltzen den polizia da, askotan jarraitzen dituen gaizkileak baino arriskutsuagoa bihurtzen delarik.
Zergatik ikusi? Massive Attacken “Paradise Circus” kantarekin batera atal bakoitzaren hasieran transmititzen digun magnetismo bitxi horren jabe gara lehen minututik. Idris Elba, The Wire telesaileko Stringer Bell ahaztezina, ezin hobeto dago serie guztian zehar. Zer dago ongi eta zer gaizki? Zeinek merezi du gorroto eta maitasunaren arteko borrokan irabaztea? Luther berak ere ez ezin izango du misterio hau desegin, ala bai?
Lehen denboraldiak 6 atal. Bigarrenak 4. Eta hirugarrengoa momentu honetan ari dira emititzen.
Puntuazioa: 8,5/10
IN THE FLESH (2012-…)
Zeri buruzkoa da? Zonbi izurrite baten ondoren kokatzen da istorioa. Errehabilitazio eta medikazioarekin hilabeteak pasa eta gero zonbiak prest daude beraien famili eta etxeetara bueltatzeko, baina bada guztiz aurka dagoen talde bat…
Zergatik ikusi? Orain arte zonbiei buruz ikusitako gauzen artean guztiz ideia originala eta ezberdina. Errehabilitazio sakon bat eta gero, zergatik ezin dira zombie hauek gure artera bueltatu eta bizitza “normala” egin? Batzuk alde azalduko dira baino beste batzuk ordea kontra (eta oso modu oldarkorrean gainera). Gai askori buruz pentsaraziko digun telesaila.
3 ataleko denboraldi bakarra.
Puntuazioa: 8/10
MAYDAY (2013)
Zerri buruz doa? Neska gazte baten desagerpenari buruzko thrillerra, Ingalaterrako herri txiki batean kokatua. Non dago neska? Bizirik ote? Nork eraman du?
Zergatik ikusi? Telesail honen xarma nagusia pertsonaiak dira. Herri txiki batean kokatua dagoenez, denek ezagutzen dute elkar eta neskaren desagerpenaren ondorioz hika-mikak, gaizki ulertuak eta gauza oso larriak pasako dira beraien artean. Egia da, halere, pertsonaiak klixez beterik daudela eta batzuetan aurrez susmatu daitezkeela beraien ekintzak , nahiz eta esan behar den serie honetan ezer ez dela lehen momentuan uste duguna.
Denboraldi bakarra, 5 atal.
Puntuazioa: 7,5/10
BROADCHURCH (2013-…)
Zeri buruzkoa da? Ingalaterrako herrixka batean ume txiki bat azaltzen da hilda hondartzan. Hortik aurrerako guztiak biztanleen lasaitasuna astinduko du betirako.
Zergatik ikusi? Gidoia, aktoreak (Olivia Colman, izugarri beti bezala), musika, erritmoa,atmosfera… azken finean oso telesail ona, nerbioak jota mantenduko gaituena azken momentura arte.
Lehen denboraldiak 8 atal. Bigarrena konfirmatua.
Puntuazioa: 9/10
BLACK MIRROR (2011-2013)
Zeri buruzkoa da? Guztira 2 denboraldi ditu, 6 ataletan banatuak. Sekulako mesedea egingo dizuet eta ez dut zehazki esango zeri buruz doan, atal bakoitza guztiz independentea da bestearekiko, baina gai bat dute amankomunean: teknologiak menperatutako eta lokartutako gizarte batean bizi gara eta horrek ondorio latzak izan ditzake guregan.
Zergatik ikusi? Idazten ari naizen zerrenda osotik serie bakar bat ikusi behar baduzue, hauxe da. Hasieratik bukaeraraino izugarrizko maisulan bat, Charlie Brookeren buru perbertsoaren batutapean erlojuak bezala funtzionatzen duena. Aho zabalik utziko zaituena. Black Mirror probokatzailea, lotsagabea, ausarta…. eta oso britainiarra da. Posible al litzateke horrelako telesail bat hemen? Ez dut uste…
Puntuazioa: 9,5/10
THE SYNDICATE (2012-2013)
Zeri buruzkoa da? Supermerkatu bateko 5 langileren bizitzak ezusteko norabidea hartuko du, denen artean duten pote komun bati esker loteria tokatu zaie.
Zergatik ikusi? Oso erraz ikusten den serie horietako bat delako, gidoi aldetik segituan harrapatzen gaituena, erritmo bizikoa eta biraketa asko dituena kapituluak pasa ahala. Atal bakoitza bost pertsonaia horietako batean oinarritua dago, denboraldi amaieran pieza guztiak ahokatzen direlarik.
Bi denboraldi ditu, baina bat aholkatzekotan, batez ere lehengoa (pertsonaia eta aktore desberdinak dira bigarrengoan).
Puntuazioa: 7,5/10
SECRET STATE (2012)
Zeri buruzkoa da? Ingalaterrako herri bateko findegi bat lehertu egin da, 18 pertsona hil eta 94 zaurituz. Hurrengo egunean lehen ministroa hegazkin istripu batean hiltzen da, findegi horren enpresa berdinekoa. Gobernua bertan behera erortzen da eta erantzukizun guztia Tom Dawkinen eskuetan geratzen da.
Zergatik ikusi? Inor ez da fidagarria telesail honetan, azpijoko, gezur eta konspirazioz beterikoa.Bankuak eta multinazionalak daude korapiloan sartuta eta gobernuaren estolda eta miseriak ikusiko ditugu. Gabriel Byrnen bikain.
Denboraldi bakarra, 4 atal.
Puntuazioa: 8/10
DEAD SET (2008)
Zeri buruzkoa da? Ingalaterra, 2009. Sekulako izurrite batek kolpatu du hiria, hildakoak berpizten ari dira, baina bada pertsona talde bat gatazka honetatik guztiz at bizi dena: “Anaia Handia” saioko partaideak.
Zergatik ikusi? “Anaia Handia” + zonbiak, ez al da arrazoi nahiko garrantzitsu bat? Berriz ere Charlie Brookerren burutik ateratako “harri bitxi” bat. Kritika sozial handiko telesaila, edozer gauza pasa daiteke “Anaia Handiak” hezitako gizarte batean, zeinean pentsatzearen ohitura desagertzen ari den. Umore beltzez jositakoa eta ekoizpen aldetik apartekoa.
Denboraldi bakarra, 5 atal.
Puntuazioa: 8/10
THE FEAR (2012)
Zeri buruzkoa da? Peter Mullan aktore eskoziarra dugu thriller honen protagonista. Brightongo krimen buru izatetik enpresari izatera pasa da, horrek ezusteko ondorioak ekarriko ditu hirira: gaixotasun bat dela medio, burua galtzen ari da eta Albaniako mafiak bitartean, hiria hartu nahi du.
Zergatik ikusi? Batez ere, Peter Mullanengatik, azken finean mafiaren istorio guztia aitzakia da eta benetan interesgarria bere pertsonaiaren aldaketa eta transformazioa da. Iluna, nahasia, gogorra.
Puntuazioa: 7,5/10
18 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- “God save the show 2”: Azken urteetan, derrigorrez ikusi beharreko telesail Britainiarrak | Ikusi makusi... zer ikusi? - […] Uztailan argitaratu nuen “God save the show”: Azken urteetan, derrigorrez ikusi beharreko telesail Britaniarrak&#…artikulua, beraz gure goiko bizilagunek egiten dituzten…
- “God save the show 2”: Azken urteetan, derrigorrez ikusi beharreko telesail Britainiarrak | Ikusi makusi... zer ikusi? - […] Uztailan argitaratu nuen “God save the show”: Azken urteetan, derrigorrez ikusi beharreko telesail Britaniarrak&#…artikulua, beraz gure goiko bizilagunek egiten…
Ufala! SEKULAKO artikulua, bikaina! enuen serie hauen %99 ezagutzen!! eskerrik asko!!!
“Hasiberri” batentzat izugarri eskertzen dira horrelako mezuak mila esker!!
Aukera bakarra dago guzti horietan zertxobait euskaraz kontsumitzeko: Black Mirror-eko bi atal, azpitituluekin http://azpitituluak.com/euskaraz/1362219636 (ezta sail osoa ere, baina behintzat atalak bere horretan osoak dira, istorio jarraiturik gabe).
Ba ni ere begiak zabal zabal izan nauzu. Mila esker!! gogokoetara doa; ta gayr gauean, etxean, Utopia probatu behar det, bai jauna. Mila mila esker!!!!
eskerrik asko benetan!
Oso hasiera ona Gaizka! Batzuk ikusteko goguakin nao ya!
eskerrik asko!!!!!!!
Zorionak gaizka artikuluarengatik. Brasilen bizi naiz orain dela urtebete ta orain badakit zer izango dan afal ondorengo plana, brasilgo telenobela sakratua ikusi partez zure lista bikain hau segitu dut.
Eskerrikasko.
pozten naiz Iker! eskerrik asko!!!
Black Mirror eta Sherlock bakarrik ezagutzen ditut nik. Besteak ikusi beharko!
Nik beste ingeles bat ere gehituko nuke zerrendara: I.T. Crowd
bai egia esan it crowd, extras, the office eta beste hainbat “komedia” kanpoan utzi ditut, beste zerrenda bat egin beharko.. ;D eskerrik asko!
Serie beltzen zerrenda itzela… animatu eta ekin komedia horiei.
mila esker laburpena eta pistengatik.
Aupa Gaizka, sarrera oso interesgarria!
Black Mirror eta Sherlock itzelak! Ahal dudanean Utopiarekin jarriko naiz. Misfits ezagutzen duzu?
Kaixo! bai misfits ikusi dut, baino nire ustez bigarren denboralditik aurrera (batez ere Nathan azaltzen ez denetik aurrera) sekulako “bajoia” du serieak
Guztiz ados! Nik hirugarren denboraldian ikusteari utzi nion, baina lehenbiziko biak asko gustatu zitzaizkidan. This is England ere ona da!
bai horixe! this is englad 86 eta 88 ere oso onak!
Eskerrik asko informaziogatik. Batzuk ikusi ditut, beste batzuk ez.
Dena dela, esaten duzunarekin ez nago guztiz ados. Serie ingelesak orokorrean faktura oso ona dute, aktuazio aldetik ere ondo daude…baina gidoiak ez zaizkit borobilak iruditzen, inondik inora. Artifizio narratibo gehiegi sartzen dutela iruditzen zait, eta askotan planteamendu argumental interesgarriak zapuztera iristen dira.
Hots, niretzat, ez dira telesail hauek beraiek (ingelesak) sinestarazten diguten bezain onak.
Shameless ahaztu duzu! Lehen bi denboraldiak mundialak dira.