1984-2014: 30 urte – 30 film
1984ko martxoan, lerro hauek idazten ari den pertsonaia xelebrea jaio zen -bai ni-. 30 urte, zifra berezia, horregatik ausartu naiz oso zaila egin zaidan zerrenda hau osatzen. Erokeria bat izango litzateke zenbat pelikula ikusi ditudan kalkulatzea, baina azken 15 urteen batazbestekoa 3-4 astean, beraz bota kontuak. Urte hauetan zear, pelikula oso desberdinek izan dute eragina nigan eta nere nortasuna, izaera, jokabidea eta gustuen zati bat film hauetan isladatzen dela ohartu naiz -edo alderantziz-. Hor doaz beraz 10950 egunetan ikusi ditunan pelikulen artean, 30 hautatuak:
THE BIG LEBOWSKI
(1998, Joel Coen, Ethan Coen)
Sekuentzia, eszena eta elkarrizketa guztiak buruz dakizkidan eta nere bizitza guztian gehien markatu nauen komedia. Gasteizera autobusean nindoan bidaia batean ikusi nuen pelikula hau lehen aldiz. DVD eramangarri horietako batean eta aurikular sinple batzuekin. Ez dut sekula ahaztuko autobus horretan zihoan jendek nola begiratzen ninduen, barreari ezin eutsi joan bainintzen pelikulak irauten zituen 117minutuak. Egun horretatik aurrera beste 10 aldiz ikusi dut gutxienez, eta aipatutako sekuentzia, eszena eta elkarrizketak buruz jakiteaz gain, pelikularen inguruan dauden “frikada” guztien bilduma lortzen joan naiz: kamisetak, katiluak, panpinak, Dvd eta bluray formatuan dauden argitalpen guztiak eta abar. Askotan egin diguten galdera tipiko honi: Zein pelikula eramango zenuke uharte batera? nire erantzuna ziurrenik : The Big Lebowski.
ZODIAC
( 2007, David Fincher )
Nire zuzendari gogokoenen artean dagoen, David Fincherren maisulana. 2007ko maiatzean ikusi nuen pelikula hau, Donostiako Printzipe zinema aretoeten. 158 minutuak pasa zirenean hasi zen nire burua bueltaka eta ikusitakoa asimilatzen. Handik hilabete batzuetara DVDan erosi nuen eta filma behin eta berriz ikusten hasi , detalle eta xehetasun guzti horiek berriro barneratzeko. Geroztik, norbaitek thriller bat gomendatzeko esaten didanean, burura etortzen zaidan lehen izena hauxe da: Zodiac.
THE GOONIES
( 1985, Richard Donner )
Haurtzaroan gehien markatu ninduen pelikula horietako bat. Izugarrizko maitasunarekin gogoratzen dut txikitan behin eta berriz ikusten nuen filme hau. Imajinazio haundiko umea nintzen eta oso identifikatua sentitzen nintzen protagonistek bizi nahi zituzten abenturekin. Ez dut gogoratzen zehazki noiz izan zen ikusi nuen lehen aldia, baina bai ni eta nire anaia etxeko sofan botata, VHS zahar hura behin eta berriz jartzen. Gaur egun ikusten dudan bakoitzean, nire burua zuzenean 80garren hamarkadara egiten du salto. Deskribaezina zer sentitzen dudan film hau gogorarazten dudan bakoitzean.
MYSTIC RIVER
( 2003, Clint Eastwood )
Film hau burura datorkidan bakoitzean, Sean Penn bere alaba hilda azaltzen dela ohartzen denean, honek duen erreakzioaz gogoratzen naiz beti (argazkiko momentua), oilo ipurdia jartzeko moduko momentua. Nere ustez Million dollar baby eta Unforgivenekin batera Clint Eastwood handiaren film onena.
JAWS
(1975, Steven Spielberg)
1990 ko uztaila ez dut sekula ahaztuko. 6 urte nituen eta Italiako futbol mundialeko finala zen. Ni eta nere anaia, aiton-amonen etxean. Partidua hastear zegoela (nere aitona irrikitan), ni eta nere anaia sekulako kasketarekin “Tiburón” pelikula ikusi nahi genuelako eta normala den bezala aitonak ezetz, 4 urte zeramatzala fina hori ikusteko. Baina, nola ez, amona gure alde jarri, eta gutxienez 10 aldiz ikusia genuean VHS zahar ura jartzea lortu genuean, nere aitona gaixoari finala zapuztuz.
SCARFACE
( 1983, Brian DePalma)
12 bat urte nituen pelikula hau lehen aldiz ikusi nuenean, nere gurasoak kalean zeuden afaltzen eta bakarrik geratu ginen etxean. Telebistan ez zegoen fundamentuzkorik eta kateak pasa eta pasa nengoen. Bapatean pantaila aurrean, tipo bat sekulako metrailetako puska eskuan zuela eta garrasika. Nere begiek bi plater haundi ziruditen telebistari itsatsiak.
THE SHINING
( 1980, Stanley Kubrick)
Film hau ikusi nuen lehen aldia ikastolan izan zen, arraroa badirudi ere Euskarako klasean. Beldurra sentitzea zer den erakutsi zidan lehen filmetarikoa.
TAXI DRIVER
(1976, Martin Scorsese)
“Are you talking to me?!”..”Are you talking to me?!” behin eta berriz errepikaraztea egin zidan filma. Pelikula honek Scorseseren filmografia osoa aste betean ikustaraztea bultzatu ninduen eta gaur egun nere zuzendari gustokoenetarikoa bilakatzea lortu.
THE SCHINDLER LIST
(1993, Steven Spielberg)
Bigarren mundu gerraren inguruan gehien markatu nauen filma. Izugarria,latza,gogorra, ezinbestekoa. Spielberg handiaren beste maisu lan bat. Zerrenda hau, 5 filmek osatu beharko balute, hauxe egongo litzateke aukeratuen artean.
INDIANA JONES TRILOGIA
(1981, 1984,1989, Steven Spielberg)
(laugarren bat existitze al da ba?)
Zinemaren historiak eman duen abenturazko film onena (kasu honetan trilogia). Hogei aldiz baino gehiagotan ikusi ditut, Erderaz, Ingelesez eta Euskaraz. John Williamsen musika entzuten dudan bakoitzean, 20 urte atzera bueltatzen da nire burua. Ahaztezina Euskarazko bertsioan “Zaparro” (Tapón).
GOODFELLAS
(1990, Martin Scorsese)
-” Zein da zure film gustokoena?”
-” Puf..oso zaila bakar bat aukeratzea…”
-” Berdin dio! aukera ezazu bat”
-“…Goodfellas”
ONCE UPON A TIME IN AMERICA
( 1984, Sergio Leone)
Sergio Leoneren film onena. Pertsonaia eta momentu mitikoz josia.
VERTIGO
( 1958, Alfred Hitchcock)
60 urtetan zehar 50 film baino gehiago zuzendu zituen Hitchcock handiak, horietatik hainbat maisulan. Baina guztien gainetik bat aipatu beharko banu: VERTIGO. Dudarik gabe, zinemaren historian egin den film onenetarikoa.
MILLION DOLLAR BABY
( 2004, Clint Eastwood)
Film hau ikusi nuenetik “Mocuishla” ezizena erabiltzen dudalako interneteko hainbat foro eta web orrialdeetan izena emateko. Bihotzera zuzen-zuzenean iritsi zitzaidan pelikula paregabea.
E.T
( 1982, Steven Spielberg)
Zerrendan aipatzen dudan Steven Spielberg en laugarren filma (zerbaitengatik izango da, noizbait luze eta zabal hitz egingo dut zuzendari berdingabe honi buruz). Goonies eta Jaws-ekin batera VHSa lehertu arte behin eta berriz jarritako filma. Ahaztezina.
A CLOCKWORK ORANGE
( 1971, Stanley Kubrick)
Ikusi nuenetik ez dakit zenbat kamiseta, txapa edo poster erosi ditudan Alex eta konpainiaren silueta famatuarekin. Zirrara handia sortu zuen nigan film honek eta geroztik nire gustokoenen artean dago.
PULP FICTION
( 1994, Quentin Tarantino)
Tarantinoren “top” edo sailakapen bat egin beharko banu, hauxe egongo litzateke lehen postuan. Merchandisingaren asuntoan, A CLOCKWORK ORANGE kasuaren antzekoa. Hainbat elkarrizketa eta momentu, hitzez hitz kontatzeko ahalmena sortu duen film berdingabea.
AUF DER ANDEREN SEITE
( 2007, Fatih Akin)
Zalantzan egon naiz zerrendan sartu ala ez, baina sartzearen argudio oso sinplea. Askotan galdetzen didatenean: ” gomendatuko al zenidake pelikula bat? baina amerikarra ez dena…eta ez oso komertziala” gehienetan burura datorkidan lehen filma, hauxe da.
THE NIGHT OF THE HUNTER
( 1955, Charles Laughton)
Charles Laughton ek zuzendutako filme bakarra. Robert Mitchum handia, Harry Powellen paper zoragarria eginez, LOVE/HATE hitz ahaztezinak eskuan markatuak dituela.
INGLOURIOUS BASTERDS
(2009, Quentin Tarantino)
Donostiako zinemaldian 2009 urtean ikusi nuen lehen aldiz. Momentu eta elkarrizketa ahaztezinez betea. Beti gogoratuko dudan pasadizoa, sarrerak lortzeko izan genituen abenturak (luzerako jo dezake beste batean kontatuko dut)
UNBREAKABLE
( 2000, M. Night Shyamalan)
2008 urterarte nere zuzendari gustokonetarikoa zen M. Night Shyamalan film onena ( Lady in the water, The Village, The sixth sense ere zoragarriak. 2008tik aurrera egin duen guztia, garun garbiketa bidez ahazten saiatu naiz). Jarraian esango dudan esaldi honekin, batek baino gehiagoren haserrea piztuko dut, baina niretzako, historian egin den “superheroi-film” onena.
WITNESS FOR THE PROSECUTION
( 1957, Billy Wilder)
Billy Wilder maisuaren ikusi nuen lehen filma. Zuzendari honen bizitza eta filmografian nigan interesa piztu zuena. Zinemaren historian ezinbesteko beste pelikula.
UP
( 2009, Pete Docter, Bob Peterson)
Nire ustez, pixarren bigarren film onena (lehengoa geroxeago aipatuko dudana). Hasierako 5 minutu zoragarri horiek, betiko geratuko dira oroipenean zinemaren historiarako. Ahaztezina baita ere, Michael Giaccino handiaren musika.
DJANGO UNCHAINED
( 2012, Quentin Tarantino)
Datu batekin ulertuko duzue film onek nigan izan duen eragina,. Gure txakurraren izena…”DJANGO” (D mutuarekin noski!)
LILJA 4-EVER
( 2002, Lukas Moodysson)
“Auf der anderen seite” filmarekin gertatu zaidan antzeko kasua, enekien zerrendan sartu ala ez. Orain dela 11 urte eta behin bakarrik ikusi dut pelikula hau, baina ikusi nuen momentutik nere bizitzan ikusi dudan gogorrenetarikoa bilakatu da. Ez dakit gaur egun ( 19 urte nituen, orain 30) nigan eragin berbera izango lukeen, baina hala eta guziz ere barne-barneraino sartu zitzaizkidan bertako irudi eta pertsonaiak. Askotan esaten dudana, berdin dio mundu guztiari filme bat txarra (edo ona berdin dio) iruditzea, garrantzitsuena zure barnean izan duen eragina da; zure sabelean eta bihotzean eragina izan duen ala ez, barneraino sartu zaizun eta ezkutuko sentimentu horiek piztu dizkizun ala ez. Nire kasuan, “Lilja 4-ever” barnea nahasi zidan filma da eta beti gogoratuko dudana.
TOY STORY 3
( 2010,Lee Unkrich)
Arraroa, saga baten hirugarren zatia zerrendan jartzea ezta? Baina hain da perfektua pelikula hau, hain zoragarria. Nere ustez, bat-bateko klasiko bihurtu den eta orain arteko Pixarren film onena Jostailuak artelanera igoak.
THE GODFATHER
( 1972, Francis Ford Coppola)
Aurkezpen gehiegirik behar ez duen filma. Zoragarria eta bakarra.
SEVEN
(1995, David Fincher)
David Fincherren beste maisu lan bat. Urtearen poderioz klasiko bihurtu den film paregabea. Zinema beltza, psychothriller eta buddy movie genero artean dagoena. Ahaztezina.
THE WILD BUNCH
( 1969, Sam Peckinpah)
Sam Peckinpah, zuzendari handiaren film mitikoa. 1913an Texas eta Mexiko arteko mugan girotua dago, Mendebalde Urruneko girotik “mundu modernorako” iragate unean.
STAND BY ME
( 1986,Rob Reiner)
Txikitako beste film mitiko eta ahaztezina. Goonies pelikularekin batera haurtzaroa eta abenturak modu ezin hobean nahasten dituena.
M
(1931, Fritz Lang)
Generoan klasiko absolutu bat, Peter Lorre ahaztezinaren lehen paperean. Beldurrezko generoan barneratuarazi zidan lehen filmetarikoa.
Oso interesgarria. Horietako batzuk ezagunak eta zalantzarik gabe gordetzekoak (eta gordeak). Hala ere, tristura geratu zait amaierara heldu eta gero.
30 film: erabat maskulinoa panorama ( protagonista emakumeak dituzten bi istorio? zuzendaririk?, alboan dagoen 50 filmeko zerrenda, are maskulinoagoa.
Ez naiz ni zine aditu baten irizpidea zalantzan jartzen hasiko, baina hala bada, a ze panorama tristea, ezta?
Egia esan nahiko maskulinoa da zinema baina badaude zenbait emakume zuzendari maisulanen egileak, nire ustetan goiko listako hainbat pelikula baino hobeen egileak. Adibidez:
– Maya Deren: Denak
– Agnes Varda: Cléo de 5 à 7; Les glaneurs et la glaneuse; Les plages d’Agnès …
– Chantal Akerman: Hôtel Monterey; La chambre; Jeanne Dielman, 23 quai du Commerce, 1080 Bruxelles; News from Home; De l’autre côté.
– Claire Denis: US Go Home; Beau travail; Trouble Every Day; L’intrus; Les salauds.
– Sharon Lockhart: Lunch Break; Double Tide.
– Kelly Reichardt: Old Joy; Wendy and Lucy; Meek’s Cutoff.
– Laida Lertxundi: Footnotes to a House of Love; Cry When it Happens; The Room Called Heaven.
Badaude beste batzuk ere, baina nire ustetan hauek (seguru baten-bat ahaztu dudala) zine modernoan izugarrizko eragina izan dute eta derrigorrez kontutan hartu beharrekoak dira.
Guztiz ados, baina esan bezala zerrenda honetan islatu nahi nuena ez dira “zinemaren istoriako film onenak”, baizik eta nigan eragin handiena izandakoak edo gehien markatu nautenak baizik. Tiburón filma haurtzaroarekin lotzen badut eta aitonarekin bizitako pasarte konkretu bat, askoz ere garrantzitsuagoa da niretzat Chantal Akermanen edozein film baino (bat aipatzearren). Noski zine modernoan izugarrizko eragina izan dutela eta derrigorrez kontutan hartu beharrekoak direla, baina sentimenduetaz ari naiz eta zer transmititu didaten.
Kaixo Gaizka, zerrenda izugarria! Emozionatu nau, Big Lebowski pelikularen beste friki bat ezagutzeak. Nik ere memoriz dakizkit dialoguak eta nere pertsonaia faboritoenetako bat Dude-ren etxearen jabea da (dantza kontenporaneoa egiten duena), eta eszena faboritoa Eagles taldea gustoko duen taxista beltzarena. ;D
Goodfellas ere ikaragarria, eta scarface eta Godfather!!!
Eta Scorsesse ere zuzendari faboritoa: taxi driver eta shutter island pelikulak besteak beste! Beharbada badira zerrenda orekatuagoak bai munduko zineari dagokionez, bai generoaz. Baina badute hemen jarri dituzun pelikula askok bakoitzaren bizitzan aldaketa bat eragiterainoko indarra, eta batzuetan bihotzetik hitzegiteak ez du oreka ekarri beharrik ere. Niri bihotzera iritsitako beste filma bat: Antonia.
Kaixo! Jaja komentario bikaina! Guztiz ados! Azkenean bakoitzak zer sentitu duen film konkretu horrekin da garrantzitsuena! Ez besteek zer dioten eta abar eskerrik asko idazteagatik!