Zinemaldia 2015: B aldeko proposamenak
Sail ofiziala, Zabaltegi, Perlak, Donostia Saria, Urrezko Maskorra… Proposamenak egiterako garaian, normalean oihartzun gehien izaten dituzten izen eta filmak aipatzen dira eta noski, sail garrantzitsuenen barruan daudenak. Foku eta begirada guztiak, izar disdiratsuen atzetik ibiltzen dira. Baina jakin ezazue, badagoela aretoak betetzea lortzen ez dituzten filmez osaturiko multzo txiki polit eta interesgarri bat. Ikusleak gehienetan baztertzen dituzten sailen artean igerian dabiltzanak alegia; Horizontes latinos, Zuzendari berriak edo Atzera-begirakoak besteak beste. Gaur film “txiki” horiek aipatu nahi nituzke, proposamen zerrenda guztietatik kanpo geratzen diren ekoizpenak, baina urtero, horietako batzuk, harribitxi bihurtzen direnak, kultuzkoak. Modu batean esatearren, b aldeko proposamenak:
(nahiz eta hauetariko askok, “A aldekoak” izan beharko luketen)
Horizontes latinos
Azken urteetako “horizontes latinos” interesgarrienaren aurrean gaudela uste dut. Hego Amerikan erabat edo partzialki ekoitziak, bertako zinemagileek zuzenduak, nahiz munduko beste inguru batzuetako komunitate latinoak hizpide dituztenak biltzen dira. Espainian argitaratu gabeko urteko film luzeen aukeraketa izaten da. Hauek nire ustez aurtengo proposamen interesgarrienak:
EL CLUB (Pablo Larrain)
Nire ustez, Zinemaldi honetan derrigorrez ikusi beharreko film horietako bat. Lan honekin Zilarrezko Hartza lortu zuen Berlinaleko azken edizioan. Lau gizon batera bizi dira, kostako herri txiki bateko etxe isolatuan. Iraganean egin zituzten bekatuak garbitzeko bidali dituzte hara. Diziplina gogor baten menpean bizi dira, zaintzaile erne baten begiradapean. Baina bosgarren gizon bat iristean, haien errutinaren egonkortasun hauskorra etengo da.
600 millas (Gabriel Ripstein)
Arnulfo Rubio, Sinaloako gazte bat da. AEB eta Mexikoren arteko arma-kontrabandoaren munduan murgildurik dago. Anbizio handikoa eta odolberoa, baina baita apur bat inuzentea ere. Gauzak ondo doazela dirudi. Armak mugaz bestalde eramatea lortzen du, zailtasun handirik gabe. Hank Harris ATFko agenteak ondo-ondotik jarraitzen diola ordea, ez daki.
El abrazo de la serpiente (Ciro Guerra)
Itxura bikaineko beste lan bat. Karamakate Amazoniako xaman boteretsu bat da, bere tribuko azken kidea, eta oihanaren sakonean bizi da, isolaturik, berak hala nahi duelako. Bakardadean emandako urte guztiek, hondatu egin dute; oroitzapen eta emoziorik gabe utziz. Xamanaren bizitza zeharo aldatuko da Evan etnobotanikoa iristen denean.
La tierra y la sombra (C. A. Acevedo)
Bere lurrari uko egingo ez dion emakume bat; ama bertan behera utzi ez, eta bere bizitza ere arriskuan jarriko duen semea; bere akatsei aurre egin, eta atzean utzitako pertsonekin harremana berreskuratu nahi duen aita; familia salbatzeko borrokan dabilen emaztea; suntsipenaren erdian hazi den haur bat. Azukre-kanaberen plantazio handi baten erdian, familia bat, etxe txiki bat eta zuhaitz bat: horien bitartez erakusten dizkigu, desagertu aurretik, elkarrekin lotzen dituzten harreman hauskorrak, konpontzen saiatzen diren pertsonaia horien azken egunak.
Zinemira
Euskal zinemari eskainitako saila. Donostia Zinemaldiko programazioaren barruan mundu mailan estreinatzen diren eta gutxienez %20 euskal ekoizpena duten film luze guztiak, Irizar Saria lortzeko lehiatzen dira. Zinemira sailaren barruan, era berean, Kimuak katalogoko film laburren aukeraketa ere izango da:
Un otoño sin Berlin (Lara Izagirre)
Denbora batez atzerrian bizi ostean, June jaioterrira itzuliko da ustekabean. Etxerako buelta mingarria izango da: familia eta lehenengo maitea, Diego, aldatu egin dira. June ere aldatu egin denez, zaila egingo zaio hautsitako lotura horiek osatzea. Baina, udazkeneko hego haizea bezalaxe, honek iraultza ekarriko du.
Gure sor lekuaren bila (Josu Martinez)
Itsasoaren alaba, Sagarren denbora, Debekatuta dago oroiotzea eta Barrura begiratzeko leihoak dokumentalak zuzendu ostean istorio berri honekin datorkigu Josu Martinez bilbotarra.
Hazparne, 1956. Ikusmin handiaren erdian, Euskal Herriari buruz euskaraz egindako dokumental bat estreinatzen da herriko zineman. Hurrengo hilabeteetan Iparraldeko herrietan, Parisen, San Franciscon edo eta Dakarren proiektatu arren, haren arrastoa misteriotsuki desagertu eta denek ahaztu egingo dute laster. Hirurogei urte geroago, Josu Martinez zinemagilea haren bila hasiko da.
Walls- Harresiak (Pablo Iraburu eta Migueltxo Molina)
Aurreko lan zoragarriaren ostean (Pura vida), proiektu berri batekin datozkigu. Gero eta hesi gehiagok banatzen du mundua. Alde batean nahiz bestean daude gizakiak. Ez dago zertan eztabaidatu harresiok zentzugabeak edo logikoak, ezinbestekoak edo saihesgarriak diren: alde bateko nahiz besteko pertsonak funtsean, berdinak direla erakustea da gakoa.
Jai alai blues (Gorka Bilbao)
Jai Alairen historia sinestezina kontatuko digu dokumentalak, mundu horretan aritutako pertsona ospetsuenen bitartez. Ugariak dira haien biografien eta Jai Alairen historiaren arteko paralelismoak. Hasiera apalak; arrakasta handiak mundu osoan, publiko agurgarriz betetako frontoietan; identitatearen galera, joko tradizional bat guztiz bestelako balioak dituzten gizarte batzuetara egokitzean…
Savage Zinema
Savage Cinema, abenturako eta akzio-kirolei buruzko atala.
Meru (Chai Vasarhelyi)
Himalaiako pareta handietako eskalatze-joko arriskutsuan, Meru mendiaren Shark’s Fin (Marrazo-hegala) da sari preziatuena. Indiako iparraldean, Ganges ibai sakratuaren iturburu gainean altxatzen den pareta horretan, Himalaiako beste edozein ibilbidetan baino gehiagotan egin dute porrot eskalatzaile taldeen igoera-saiakerek. Elitezko hiru eskalatzailek, beren obsesioekin eta galera-sentimenduekin borrokan jardungo dira, munduan aurkitzen den mendi zailenetakoa hau igotzeko.
McQueen: The Man & Le Mans (John McKenna eta Gabriel Clark)
Steve McQueen Hollywoodeko errege zen 1970ean. The Thomas Crown Affair eta Bullitt (1968) filmen arrakastaren ondoren, ezerk ezin zuen behera ekarri. Autozale amorratua izanik, bere bizitzako pasioa film batean jasotzeko aukera zuen. Filmaketak betiko aldatu zion bizitza. Film honetan, argitaratu gabeko sekuentzia ikusgarriak eta elkarrizketen audio-grabazioak uztartu dira. Zinemako klasiko baten benetako kontakizuna: nola arriskatu zuen guztia, bere ametsa errealitate bihurtzeko.
Japoniako zinema independente berria 2000-2015
Japoniako zinema independente berria 2000-2015 izango da Donostia Zinemaldiak 63. ediziorako antolatu duen atzera begirako tematikoa. Estudio handiek sortutako filmez haratago, zinema independentearen fenomenoa sormen zinematografikoko iturri garrantzitsua izan da Japonian, eta industriatik kanpo ekoitzitako hainbat lan eman ditu. Kategoria horretan biltzen dira, zuzendari gazteen lehen lanak ez ezik, hainbat zinemagile ospetsuren filmak, zuzendariok adierazpen-askatasun handiagoa aurkitzen baitute sarri zinema komertzialaren esparrutik kanpo.
Bildutako filmen artean, Japoniako zinema garaikideko zuzendari ospetsuen lanak daude, zerrenda oso luzea denez gainetik aipatuko ditut: Nobuhiro Suwa-ren H Story (2001), Shin’ya Tsukamoto-ren A Snake of June (Rokugatsu no hebi, 2002), Kiyoshi Kurosawa-ren Bright Future (Akarui mirai, 2003), Ryuichi Hiroki-ren Vibrator (2003), Masahiro Kobayashi-ren Bashing (2005), Naomi Kawase-ren Birth/Mother (Tarachime, 2006) eta Shion Sono-ren Love Exposure (Ai no mukidashi, 2008).
Zuzendari berriak
Askotan errepikatzen dudan moduan, kinielara jokatzea bezala izaten da, sail honetako filmak ikustea. Lan zoragarriak ikusi ahal izan ditudalako, baina bestetan, sofan seko lo geratzeko modukoak. Zuzendarien lehen edo bigarren film luzeen nazioarteko lehiaketa izaten da. Filmak argitaratugabeak eta duela gutxi eginak izan behar dute.
Pikadero (Ben Sharrock)
Zuzendari Berriak sailean lehiatuko diren filmen artean, Euskal Herria eta Erresuma Batuaren arteko koprodukzio bat dago; euskara hutsean egindako Pikadero filma, hain zuzen ere. Dirurik ez duen bikote batek arazo larriak izango ditu gurasoen etxean ezkontza-eginbideak betetzeko. Zailtasun horiek kolokan jarriko dute amiltzen ari den ekonomiatik askatzen saiatzen ari den maitasun historia bat. Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga ditu protagonista komedia erromantiko honek.
Merian C. Cooper eta Ernest B. Schoedsack atzerabegirakoa
Merian C. Cooperren (1893-1973) eta Ernest B. Schoedsacken (1893-1979) lana berreskuratuko du Zinemaldiaren 63. edizioak, haien filmei eskainitako ziklo baten bitartez. Jaialdiaren hitzetan, «Hollywoodeko historiak inoiz eman duen bikote sortzaile bitxi eta estimulatzaileenetako bat eratu zuten Ameriketako Estatu Batuetako zinemaren aro klasikoan». 15 filmek osatuko dute eskaintza.
Zuzendari moduan egin zituzten lanei eskainiko zaie atzera begirakoa: hala Schoedsackekin lankidetzan nola bakarka egindakoei. King Kong (1933) ospetsuaren egileak izateagatik izan dira ezagunak belaunaldietan zehar.
Gaur egun kultuko filmak diren askoren sortzaile dira ere: The Four Feathers (1929), The Most Dangerous Game (1932), The Last Days of Pompeii (1935), Dr. Cyclops (1940), The son of Kong (1933) eta Mighty Joe Young (1949).
Zikloa osatzeko, bi zinemagileoi buruzko liburu bat argitaratuko da eta Quim Casasek koordinatuko du.
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Zinemaldirako bost proposamen, eta trailerrak | Jendartean - […] Gaizka Izagirreren B aldeko proposamenak. […]
- Zinemaldiaren jarraipena, baita Mugikarian ere - […] Izagirren “B aldeko proposamenak” (Argia) sorta konpletotik, euskal zineari […]
- Zinemira atalean gomendatu daitezkeenak (Zinemaldia) - […] Izagirrek Zinemaldiko ohiz kanpoko sailen errepasoa egin du, Zinemaldiaren B aldetik gomendio batzuk egiteko. Horien artean, Zinemira euskal ataleko…
Nik honakoak gehituko nituzke:
– Las altas presiones (Ángel Santos, 2015): O cazador (2008) maisulanaren egilea. Pelikula ederra da. Urteetarako zuzendaria da Ángel Santos.
– H Story (Nobuhiro Suwa, 2001): Zuzendariaren lehen lana. Nire ustean japoniako zuzendaririk onenetakoa, onena ez bada.
– Bashin (Masahiro Kobayasi, 2005): Pelikula gogorra benetan. Ikusteak merezi du.
– Tarachime (Naomi Kawase, 2006): Bere garai onenetan egindako pelikula, Sahara eta gero.
– United Red Army (Koji Wakamatsu, 2007): Ulergaitza egiten zait zuzendari honek sail onetan zer egiten duen. Niri ikaragarri gustatzen zaidan zuzendaria da. Kompromiso politikoa eta zinema ustartzen dituena. Hala ere, bere hasierako lanak eta pinku eiga generokoak.
– A snake of June (Shinya Tsukamoto, 2002): Beste zuzendari handi bat. Pelikula gomendagarria. Hala ere, nahiago izango nuke Bullet Ballet emango balute.
– Bright Future (Kiyoshi Kurosawa, 2003): Nire ustez ez da bere pelikularik onena baina merezi du Kurosawaren mundua esagutzeko.
– Vibrator (Ryuichi Hiroki, 2003): Film interesgarria. Pelokula honetaz gain ez dut zuzendariaren ibilbidea askorik jarraitu.
Gainera, gogoratu, “Japoniako zinema independente berria 2000-2015” saileko pelikula gehienak 35mm-tan emango direla. Formato originalean eta ez orain askotan ikusten dugun formato digitalean, poztekoa.
Gomendio bikainak Ander, eskerrik asko benetan!