2015eko film onenak
Originaltasun handia erakutsiz, urteko onena batzen duten zerrendekin jarraituko dut. Orain egun batzuk, nire ustez, 2015eko telesail onenak zeintzuk ziren aipatu nituen. Gaurkoan, pantaila txikitik handira salto eginez, aurtengo ezinbesteko filmen zerrenda osatzeko beharra sentitu dut. Egia esan, telesailen zerrenda baino, dezente gehiago kosta zait hau osatzea, ikaragarri gustatu zaizkidan multzo bat zegoelako, baina ez ordea faborito argi bat.
Sarien denboraldia orain aste batzuk hasi zen arren –Urrezko globoen izendapenekin esaterako- , bertako film garrantzitsu asko ikusteko, itxaron egin beharko dugu. Euskal herrian, Revenant, Joy, The Hateful eight ala Spotlight adibidez, 2016 an estreinatuko direlako. Beraz, orain arte ikusitakoarekin osatu behar izan dut zerrenda. Harira, hementxe 2015eko film onenak.
20- Bone Tomahawk
AEB
Zuzendaria: S. Craig Zahler
Aktoreak:Kurt Russell, Patrick Wilson, Matthew Fox, Lili Simmons, Richard Jenkins
133 minutu.
1850. urtean kokatua eta Western-a, umorea eta beldurrezko generoa uztartzen dituen film bitxia. Argumentuaren abiapuntua oso berritzailea ez izan arren, kontatzeko eran eta batez ere garatzeko moduan aurki daiteke erakargarritasun handiena. Egitura aldetik ausarta iruditu zait. Road movie baten moduan, filmaren hiru laurdenak protagonisten ibilbidea erakusten dizkigulako, bidaiari garrantzia emanez. Amaieran ordea, biraketa moduko hori gertatzen denean, nortasun handiko ekoizpena bihurtzen delarik.
19- Mustang
Frantzia
Zuzendaria: Deniz Gamze Ergüven
Aktoreak:Erol Afsin, Ilayda Akdogan, Doga Zeynep Doguslu, Elit Iscan, Ayberk Pekcan, Günes Sensoy, Tugba Sunguroglu
97 minutu.
Lehen minutuetan bost neskatxen istorio arrunt eta naif bat dirudiena, pixkanaka forma hartuz, film sendo eta hunkigarri batean bilakatzen da. Dirudiena baino asko ere konplexuagoa. Askatasuna, errepresioa eta honen ondorioei buruzko kontakizun suntsitzailea.
18- Paulina
Argentina
Zuzendaria: Santiago Mitre
Aktoreak:Dolores Fonzi, Oscar Martínez, Esteban Lamothe, Cristian Salguero, Verónica Llinás, Laura López Moyano
103 minutu.
Paulina, film honen protagonistak, abokatu lana utzi eta Argentinako eskualde pobretu batera irakasle gisa joatea erabakiko du. Hortik aurrera, filmak eta protagonistak berak, zama eta indar handia hartuz joango dira ezinbesteko ekoizpena sortuz. Kontzientzia astintzaile gisa funtzionatzen duen filma, ikuslearengan etengabeko galdera etiko eta moralak sortuz.
17- The Martian
AEB
Zuzendaria: Ridley Scott
Aktoreak:Matt Damon, Jessica Chastain, Chiwetel Ejiofor, Jeff Daniels, Kate Mara, Michael Peña, Sean Bean
142 minutu.
Ridley Scott zuzendari Ingelesaren lan berria. Martera egindako misio batean murgildurik daudela, sekulako ekaitzak harrapatuko ditu bertara joandako hainbat astronauta. Ihesaldian, horietako bat, Mark Watney, Matt Damonek antzeztua, hiltzat joko dutelarik. Hortik aurrera, planeta ezezagun horretan bakarrik eta baliabiderik gabe aurkituko du bere burua.
Film entretenigarria eta hunkigarria. Baina batez ere, zientzia fikzioa eta abentura-espazial batean gutxitan ikusitako errealismoa transmititzen duen ekoizpena. Adituek diotenez, zorrotza oso. Ikusgai dugun teknologia aurreratu hori, oso lagungarri da protagonistarentzat. Baina errealitatean gertatzen den bezala, batzuetan traba bihurtzen delarik, gure erabakiak baldintzatuz. Kontzeptu horietaz gain, interesgarriena nire ustez, hasieratik loratzen den biziraupen gaia da. Zineman, askotan ikusi dugun arren, Ridley Scott-ek, bi gai horien oreka bikain bat sortu duela uste dut. Robert Zemeckis-en Naufrago filma datorkit burura, baina Marten kokatua eta elementu naturalez josia egon beharrean , teknologia oso aurreratu batez inguratua.
Irauten dituen 142 minutu horiek ziztu bizian igarotzen dira bai, eta esan bezala ekoizpen oso entretenigarria, zalantzarik gabe. Baina sakonean begiratzen badugu, biribila bihurtzen ez duten hainbat akats txiki ageri dira. Hasteko pertsonaiak. Orokorrean, gutxi landurikoak eta oso azalekoak iruditzen zaizkit. Protagonistaren bizitzari buruz adibidez, oso gutxi ezagutzen dugu, eta horrela zaila da memento oro konektatzea eta enpatia sentitzea. Berarekin batera sufritzeko, gehiago ezagutu beharko genukeela uste dut. Gainerako astronautekin beste hainbeste. Honetaz gain, akatsa baino, egonezina sortzen didan gai bat. Gorroto ditut mota honetako film guztietan ageri diren topikoak. Hemen agertuko ez zirenaren itxaropena nuen, baina ez. Adibidez? Nasa-ko langileak, ehunka pantailei begira, albiste on bat jasotzen duten bakoitzean, zer egiten dute? Betaurrekoak kendu, salto, txalo egin eta noski, ezinbestekoa, paperak airera jaurti–sekuentzia gutxienez hiru aldiz-. Ala beste adibide bat, amaierako titulu barregarri horiek . Ni naiz ala 80. hamarkadako sitcom txar baten hasierako tituluak dirudite? Kamerari begiratu eta irribarre egitea besterik ez zitzaien falta.
Baina tira, akats eta mania pertsonal horiek baztertuz, film sendoa eta oso gomendagarria. Gravity eta Interstellar-ekin batera azken urteetan gai honi buruz egin den film onenenetarikoa. Entretenigarria, hunkigarria eta bisualki ikaragarria. Ez galdu.
16- Star Wars. Episode VII:The Force Awakens
AEB
Zuzendaria: J.J. Abrams
Aktoreak: Daisy Ridley, John Boyega, Harrison Ford, Carrie Fisher, Oscar Isaac, Adam Driver, Domhnall Gleeson, Max von Sydow
135 minutu.
Lehenik eta behin, Star wars sagaren batere zaletua ez naizela argitu nahiko nuke. Ikusle arrunt eta soil bat, besterik ez. Baina kasu honetan, ikaragarri gozatu dudan filma izan da. JJ Abrams, talentuz gainezka dagoen tipoa izateaz gain, azkarra ere bada eta ikuslearen garuneko tekla hori zapaltzen jakin izaten du askotan. Azken urteetan nostalgiaren gaia modan dagoen zerbait dela argi dago eta hori da nire ustez, film honen gakoetako bat, jatorrizko film horien keinu eta uneak gogorarazi dizkigula.
Erritmoa ere maisutasunez maneiatzen dakien beste alor horietako bat izaten da eta kasu honetan ez da atzean geratu. Ederdi daki, ikuslea gora eta behera emozionalki mugitzen. Aurreko filmetan gehiegi nabarmentzen ez zen alderdi bat , interpretazioarena zen. Hemen aldiz, zoragarri daude bai aktoreak, bai pertsonaiak. Nabarmentzekoak batez ere, bi fitxaketa berriak: Finn ( John Boyega) eta batez ere Finn ( Daisy Ridley eta) , zoragarria. Hurrengo filmetan jarraitzen badu, ezinbesteko pertsonaia bihurtuko dena.
Argi dago bestalde, ez gaudela urteko gidoi onenaren aurrean, hainbat uneetan Deja vu sentsazioa sumatu dudalako, ia ia remake moduan funtzionatuko balu bezala. Disney ukitu horiek ere nabarmenak dira, baina hori Star wars-i betidanik itsatsirik egon den zerbait dela argi izanda. Borroka eta iluntasun horretaz gain, ongia eta gaizkiaren arteko joko hori alegia. Espero ez nuen alderdi ahulena bestalde, musikarena iruditu zait. John williams-en musika ikaragarria da jakina. Baina aurreko filmetan entzun dugunaren ia berdina. Michael Giachino-renkin kolaborazioren bat edo espero nuen. Zerbait gehiago. Modu automatikoan eginiko, “Copy/Paste“ arrunt bat egin izan balute bezala iruditu zait.
Saga berritu egin du azken finean, baina ukiezina diren gauzak, ukitu gabe. Nostalgia birziklatu du, etorkizuna ongarritzeko. Mitoaren distira hori berriz ekarriz. Gozamena.
15- Youth – La giovinezza
Italia
Zuzendaria: Paolo Sorrentino
Aktoreak: Michael Caine, Harvey Keitel, Rachel Weisz, Paul Dano, Jane Fonda
118 minutu.
Paolo Sorrentino zuzendari italiarraren film berria. La grande bellezza film zoragarritik maila bat beherago jarriko nukeena. Horrekin alderatuz, planteamendu askoz ere sinplistago bat eskainiz. Zahartzaroa eta gaztaroaren arteko jokoan mugituz. Saihestezina Fellini-ren esentzia hori sumatzea. Argi dago bestalde, Sorrentinok gehiegikeria gustuko duela eta oraingoan gehiegi ez erabiltzeak, kaltegarria izan ote den susmoa daukat. Biribila ez izan arren, ikusi beharrekoa.
14- Truman
Espainia
Zuzendaria: Cesc Gay
Aktoreak: Ricardo Darín, Javier Cámara, Dolores Fonzi, Àlex Brendemüh
108 minutu.
Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan genuen, Cesc Gay zuzendari kataluniarraren azken lan hau. 108 minutuko ‘agur‘ bat bezala definituko nuke.
Zarata gutxi ateraz, istorio umil eta eraginkor batekin, sentimentaltasun errazean erori gabe, film biribil bat sortzea lortu du. Istorioaren euskarri sendoena gidoia eta noski, bi pertsonaia nagusiak dira. Aurreko filmetan, Cesc Gay-k, soberan erakutsi zuen elkarrizketak lantzeko duen trebezia hori eta hemen ere ez da atzean geratu. Kokalekuetara zuzenean errodatzera joateak gainera, aberastasunez bete du filma. Ezinbestekoa.
13- Mia madre
Italia
Zuzendaria: Nanni Moretti
Aktoreak: Margherita Buy, John Turturro, Giulia Lazzarini, Nanni Moretti, Beatrice Mancini
102 minutu.
Nanni Moretti zuzendari italiarraren film berria. AEBetako aktore batekin film bat errodatzen ari den, Margherita zinema-zuzendaria da filmaren protagonista. Artista konprometitua den aldetik, bere buruari egiten dizkion galderei, bere bizitza pribatuko ardurak gehitu behar zaizkio: ama, ospitalean; alaba, nerabezaroko krisian eta abar. Guzti horrekin, Amaren irudiari buruzko omenaldi txiki bat sortu du Moretti-k. Bikaina.
12- Ex Machina
Ingalaterra
Zuzendaria: Alex Garland
Aktoreak: Domhnall Gleeson, Alicia Vikander, Oscar Isaac, Sonoya Mizuno
108 minutu.
Zientzia fikziozko film dramatiko bikaina. Munduko Internet enpresa handiena, aberats bakarti batek gidatzen du, basoan kokaturiko, “etxe-gotorleku teknologiko” baten barrutik. “Ex machina”, aro digitaleko Frankenstein moduko kontakizun bat izan liteke, klaustrofobikoa, elegantea eta oso interesgarria. “Black Mirror” telesailak planteatzen dituen antzeko galderak sortzen dituena.
11- Ich seh, Ich seh
Austria
Zuzendaria: Severin Fiala, Veronika Franz
Aktoreak: Susanne Wuest, Elias Schwarz, Lukas Schwarz
99 minutu.
Ezinezkoa film hau ikustean, “Michael Haneke“ zuzendari handia burura ez etortzea. Kontakizuna garraiatzeko erabiltzen dituen elementu zinematografiko zorrotz eta landuei esker, baina batez ere erritmoaren erabilpenagatik. Bai, ez dituzuelako erritmo biziko sekuentziarik ikusiko, baina bai tentsioa, urduritasuna eta ezinegona. Beldur psikologiko eta atmosfera itogarri hori, urteko ezinbesteko lan batean bilakatu dutelako.
10- Sicario
AEB
Zuzendaria: Denis Villeneuve
Aktoreak:Emily Blunt, Benicio Del Toro, Josh Brolin, Victor Garber, Jon Bernthal, Jeffrey Donovan
121 minutu.
Denis Villeneuve kanadarrak, soberan frogatu digu, gaur egun dagoen zuzendari onenetarikoa dela. Prisoners eta Incendies maisulanei esker batik bat, baina baita Enemy ala Polytechnique bikainekin ere. Bere film berrian, Sicario, narkotrafikoaren munduan kokatzen gaitu. Mexiko eta Estatu batuen artean zabaltzen den mugan horretan hain zuzen ere. Aktoreen artean izen ezagunak, Emily Blunt, Benicio Del Toro ala Josh Brolin besteak beste.
Hasierako 45 minutu ikaragarri eta brutal batzuei esker eserlekura itsatsirik mantentzen gaituen film bikaina. Etxeko hormetan ageri diren hildakoen lehen sekuentzia horrekin ala auto ilara luze horietan, kotxeekin, muga zeharkatu behar duten une horrekin sorturiko tentsioa esaterako, aparta iruditu zait, itogarria, latza. Genero honek, azken urteetan eman duen hasiera biribilenetarikoa zalantzarik gabe. Soinu bandaren arloa ere nabarmentzekoa, une askotan isiluneak berak sortzen duelarik tentsio hori, baina besteetan Jóhann Jóhannsson-en konposizio bikainak, beharrezko erritmo eta tentsioa gehitzen dio.
Baliteke, istorio berbera beste ikuspuntu interesgarri batzuetatik maiz ikusi izana. Baina gutxik lortu dute nire ustez, Soderberg-en Traffic salbu, hain teknika zinematografiko aberatsez zipriztintzea. Sorturiko atmosfera horri esker, lehen begiradan akziozko filma dirudiena, thrillerra, espioitza eta genero belikoaren ukituak dituen film batean bihurtzen doalarik. Ia ezinezkoa, Villeneuve-k kontatzen digun drogaren aurkako kronika gogor horretatik minutu bakar bat ere urrunaraztea. Amaierako zatia izan ezik. Hementxe nire ustez, filmaren alderdi negatiboa. Azken txanpan tentsio hori desagertu egiten dela zertxobait, gogo biziz espero den garapen hori, pixkana galduz. Gidoiak hasieratik eskaini nahi duen ideia horri tinko eutsi beharrean, hainbat azpitramekin galdu egiten dela. Honekin ez dut esan nahi bestalde, amaiera txarra duenik, guztiz alderantziz, baina bai osotasunean, zuzendari Kanadarraren film ahulena izan litekeela. Hori bai, garrantzitsua eta kontuan izan beharrekoa, zuzendari honen film guztiak lehen mailakoak direla. Beraz bikain batetik, oso ongi batetara jaitsi da, besterik ez.
9- Bridge of spies
AEB
Zuzendaria: Steven Spielberg
Aktoreak: Tom Hanks, Mark Rylance, Amy Ryan, Scott Shepherd, Sebastian Koch, Billy Magnussen, Alan Alda
135 minutu.
Bitxia, orain urte batzuk, zinema moderno eta berritzailearen ezinbesteko ordezkari kontsideratuak ziren, Spielberg – zuzendaria- eta Coen anaiak –gidoilariak- . Oraingoan, Hollywood klasikoaren sugarra eta usaina duen film bikain bat ekarri izana. Ikuskizuna eta suspensea modu orekatuan eskaintzen dituen, film elegantea eta sendoa.
Antzezleen artean buru, Tom Hanks, James Britt izeneko benetako pertsonaia batean oinarritua. Seguruetan espezializatua dagoen abokatu bat, bat-batean espia errusiar bati defendatzeko eginkizuna egokitu zaiona. Bestetik Amy Ryan, Scott Shepherd, Sebastian Koch, Billy Magnussen, eta Alan Alda ezaguna. Baina guztien gainetik batere ezaguna egingo ez zaituzten izen propio bat: Mark Rylance. Zoragarri espioi Errusiarraren paperean.. Minutu gutxitan, eta batez ere hasiera zoragarri horretan, keinu, isilune eta begirada perfektuekin pantaila zeharkatzeko ahalmena erakusten digu.
Hasieran esan bezala, narrazio klasiko bat erabiliaz eta melodrama generoaz itsatsia, kontakizun elegante eta sendo bat egitea lortu du Spierlberg handiak. Nire ustez, nabarmen, bi zatitan banaturikoa. Lehen minutuetan, letra larriz idatzitako zinema ariketa erakustaldi bat eskaintzen digu, irudiek bere kabuz hitz egiten duten horietakoa. Abokatuen filmen zintzelkadekin. Bigarren zatia eta amaiera aldiz, espioitza eta suspensea loratzen dira. Hitchcok-en ukituak dituen lan batean bilakatuz.
Lehen begiradan, Bridge of Spies, Spielberg-en filmografiaren barruko, erdiko ekoizpen horietako bat dirudi, baina nire ustez ez da horrela. Benetako zinema iruditu zaidalako. Zuzendari honen lanak ikusten ditudan bakoitzean, hobea ala kaxkarragoa izan, benetako film bat ikusten ari naizenaren sentsazioa daukat beti. Gutxikeria dirudi bai, baina hau gutxi ikusten ari gara azken urteotan.
Ikusleari esfortzu gutxi eskatuz, asko eskaintzen duen, maila goreneko entretenimendua. 2015eko ezinbesteko film horietakoa.
8- Beasts of No Nation
AEB
Zuzendaria: Cary Joji Fukunaga
Aktoreak: Abraham Attah, Idris Elba, Richard Pepple, Opeyemi Fagbohungbe
137 minutu.
Netflix plataforma digitalak ekoiztua eta Cary Joji Fukunaga-k (True detective) zuzenduriko film bikaina. Uzodinma Iweala idazle nigeriarraren liburuan oinarritua, zehaztu gabeko Afrikako herrialde batean lehertzen den gerran, umezurtz geratzen den Agu haurraren istorioa kontatzen diguna. Gogorra, latza, ezinbestekoa. Bi protagonista nagusiak, Abraham Attah eta Idris Elba ikaragarri daude, ezin hobeto.
7- The Lobster
Grezia
Zuzendaria: Yorgos Lanthimos
Aktoreak: Colin Farrell, Rachel Weisz, Jessica Barden, Olivia Colman, Ashley Jensen, Ariane Labed, Angeliki Papoulia, John C. Reilly, Léa Seydoux
118 minutu.
Gizarte distopiko batean kokatzen gaituen urteko bitxikeria zoragarriena. Yorgos Lanthimos zuzendari greziarraren laugarren filma. Aurrekoetan bezala, istorio erakargarri eta original batean babesturiko kontakizun atipikoa. Umore tantaz bustiriko kontakizun perbertso bat, baina maitasun istorio samur bat era berean.
Lan honetan ere, Lanthimos jainkoa izatera jolastu nahi izan du. Pertsonaiak sortu ditu, bizitza eman die eta sufriarazi egiten ditu. Sentimenduzko espetxe batean sartuz eta ezaugarri bilakatu den hermetismo hori, hoztasunez ustiatuz. Maitasunari buruzko ez ohiko ikuspegi bat eskainiz azken finean.
Bikoteen arteko konformismoari kritika izan liteke. Ala...maitasunari eskainitako, gorrotoz beteriko kantu bat. Ala... bakardadean, duintasunez bizitzeko daukagun ezintasun horri eraso zuzen bat. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Hori bai, ez galdu. Gustuko ala ez, axolagabe utziko ez zaituen filma delako, eta hori eskertzekoa da.
6- Inside out
AEB
Zuzendaria: Pete Docter, Ronnie Del Carmen
Animazioa
94 minutu.
Pixar-en film berria, Toy story 3 eta Up filmen ondoren, onena nire ustez. Ideia biribila eta maisutasunez eramandakoa gainera. Hazkuntza oztopoz beteriko bidea da, eta halakoxea da Riley protagonistarena, aitak San Frantziskon lana topatuta bizitza aldatu zaion gaztearena. Gutako gehienoi gertatu bezala, emozioek gidatzen dute Riley: Pozak, Beldurrak, Amorruak, Haserreak eta Atsekabeak. Sentipenak kuartel nagusietan bizi dira, Rileyren gogoaren kontrol-zentroan, eta egunerokotasunari aurre egiten laguntzea dute lan. Zoragarria.
5- Anomalisa
AEB
Zuzendaria: Charlie Kaufman, Dan Harmon
Animazioa (Stop-motion)
90 minutu.
Charlie Kaufman amerikar gidoilariaren film berria. Dan Harmon-ekin elkarlanean zuzendurikoa. Nortasuna, bakardadea eta beldurrari buruzko maisulana. Bai, amaitzen den unean tontokeria bat kontatu digutela dirudien arren, horixe izan da nire garunean utzi duen arrastoa. Stop motion teknika bitartez eginiko lana, hau da, benetako panpinak erabiliaz. Stop motion-aren kontu hau, ikusle batzuentzako traba izan daitekeen arren, bigarren minututik aurrera, erabat ahazten den elementu bat dela argi izan. Beraz, utzi aurreiritziak ale batera.
Crowfounding bidez abiatu zen filma izan zen eta antzerki obra batean oinarriturikoa. Obra horren protagonista Fregoli izeneko sindrome baten menpe bizi da, Anomalisa filmari zuzenean loturikoa (ez dut esango zertan datzan sindrome hau gidoiaren alderdi garrantzitsu bat delako)
Kritika bortitz bat zabalduaz, mirari txiki bat iruditu zaidan filma. Oscar sarietan helduentzako animaziozko film onenaren saria sortu beharko lukete, Anomalisa bezala lan ausartak saritzeko.
4- The Witch
AEB
Zuzendaria: Robert Eggers
Aktoreak: Anya Taylor-Joy, Ralph Ineson, Kate Dickie, Harvey Scrimshaw, Lucas Dawson
87 minutu.
Robert Eggers zuzendariaren lehen filma, “The Witch” dela jakiteak, txunditua utzi nau. Filma gustuko izan ala ez, hasiberri baten lanean, hainbesterainoko zehaztasun eta xehetasun aurkitzeak, edonor utz dezakeelako aho zabalik. Sorturiko atmosfera ikaragarri hori euskarri gisa erabili duelako, beldurrak sor ditzakeen berezko erreminta horiek ia bakarrik funtzionatzen duten bitartean. Sundance zinema jaialdian, film honengatik jaso zuen zuzendari onenaren sari hori, oso merezitakoa izan dela frogatuz.
Ingalaterra, 1630 urtea. Basoaren erdian bizi diren, senar-emazte eta bost seme-alabez osaturiko kolono-kristau familia bati buruzko kontakizun iluna. Hori da hasiera batean planteatzen dena. Ezjakintasunak eragindako laztura, sineskeria eta erru erlijiosoa bezalako gaiak, tartean sartzen diren bitartean.
Baina zer kontatu nahi den baino, nola kontatu den izan liteke film honen gakoa. Zalantzarik gabe, 2015eko generozko film zainduenetarikoaren aurrean gaudelako. Pertsonaia horien aurkezpena, garapena eta garai hartako hizkeraren erabilpen harrigarria. Aukeraturiko plano horiekin sorturiko tentsioa, argiztapena, arropa, makillajea eta noski soinuaren arloa. Mark Korven konposatzailearen soinu banda gutxitan ageri dela dirudi, baina azaltzen den bakoitzean, itotzerainoko tentsioa sortzea lortu du.
Zer eta Nola horri lotuak -alderdi teknikoa eta gaiari alegia- erreferentzia sahiestezin nabarmenak loratzen dira. Hasierako zatiaren kontakizunari esker, Grimm anaien “Hansel and Gretel” datorkit burura adibidez. Minutuak pasa hala, Shyamalan ala Haneke-ren, “The Village” eta ” Das weisse Band” bikainak konkretuki. Ala zergatik ez, Kubrick-ek “The Shining” filman egin zuen bezala, kasu honetan kontakizun tipikoa baino, iraganetik datorren amesgaizto gisa funtzionatzen duen istorioa dela esan daitekeelako.
Argi dago bestalde, ikusleak bitan banatzen dituen film horietako baten aurrean gaudela. “Beldur” etiketa hori, mesede baino, kalte egiten diola uste dudalako. Norberaren beldurra hain objetiboa izanik eta lan hau hain pertsonala, batzuentzat ez duelako funtzionatuko. Ez pentsa izualdi ala sopresa une asko aurkituko dituzuenik. Hare gutxiago, erritmo biziko sekuentziarik. Ekoizpen hau ikustera gerturatzeko intentzioa baduzue, ahaztu generoa, film bikain bat ikusiko duzuela pentsatu, besterik gabe. Generozko jaialdietan egoteak (Donostiako Beldurrezko astean egon zen) nabarmen egiten dio kalte, beldurrezko astean sortzen den parranda paregabe hori, kasu honetan ,pikutara bidali zituelako hainbat une ikaragarri. Inongo arazorik gabe, jaialdi “orokor” batean lehiatu daitekeen lana delako, bikaina, iluna, berezia. Su motelean eginikoa, aipaturiko ñabardura guzti horiek, azken zirrikituraino zainduak daudelako. Beste behin ikusi nahiko nuke gutxienez, galdu nituen zorroztasun guzti horiek harrapatzeko. 87 minutuetan zehar, benetako zinema ikusi dudala sentitu dudalako eta hori pozgarria da, oso.
3- Son of Saul
Hungaria
Zuzendaria: László Nemes
Aktoreak: Géza Röhrig, Levente Molnár, Urs Rechn, Sándor Zsótér
107 minutu.
Auschwitz, 1944. Saul Auslander kontzentrazio-esparruko preso hungariar bat da, errausketa-labe batean lan egiten duena. Bere herriko biztanleen gorpuak erretzea du betebeharra. Halako batean, ordea, moralak hala aginduta, mutil gazte baten gorpua garretatik erauzten saiatuko da. Bere semea delakoan dago, eta errabino bat bilatu nahiko du, duintasunez lurperatu ahal izateko.
Horixe film hungariar honen abiapuntu edo trama nagusia, hortik aurrera, ahaztu holokaustoaz ikusi dituzun filmak. Son of saul proposamen oso desberdin bat delako. Maisulan eztabaidaezin bat. Erdigarria, indartsua eta itogarria. Lehen pertsonan, historiako amesgaizto beldurgarrienetarikora, arrastaka eramango gaituen kontakizuna. Konbentzionalismo guztietatik aldendua eta tonu errealista batez inguraturikoa. Maisulana.
2- El club
Txile
Zuzendaria: Pablo Larraín
Aktoreak: Roberto Farias, Antonia Zegers, Alfredo Castro, Alejandro Goic, Alejandro Sieveking
98 minutu.
Donostiako Zinemaldian ikusi nuen mementotik, burutik ezin kendurik gabe nabil El Club filma. Ikaragarria, gogorra, gorputzaren barreneraino sartzen den film horietakoa bat baita. Eta zer kontatzen du hain bortitza izateko? Kostako herri txiki bateko etxe isolatu batean bizi diren lau gizon eta emakume baten egunerokoa. Iraganeko bekatu nazkagarri batzuk garbitzeko bidali dituzte hara. Hortik aurrera, Sergio Armstron argazki zuzendariaren laguntzarekin, atmosfera zapaltzaile hori zeharkatu beharko dugu. Bekatu horiek deskubritu eta behe-laino lodi horrek traba egiten digun bitartean, etika erlijiosoaren estolderiari buruzko kontakizun latz bat bizi. Kontzientziari, elizari eta zinema berari ukabilkada basatia bihurtuz.
Hori gutxi balitz, erruduntasuna sentituko dugu. Bai, Larrain-ek umore beltz ukitu txiki batzuk sartzea erabaki duelako. Gaia beldurgarria dela antzeman daiteke, eta une jakin batzuetan barre txiki bat azaltzea, oso mingarria. Irri horiek, bihotza mozten duten metalezko xafla zorrotzak balira bezala. Baina beldurgarriena, ez da pantaila aurrean erakusten duena, erakusten ez duena baizik.Michael Hanekek maisutasunez maneiatzen dituen antzeko elementuak erabiliaz, garuna birrintzerainoko jolas makabroa sortuz. Oso psikologikoa. Oso krudela. Sinetsi, mina pantaila zeharkatzen sentitu dudala esaten dudanean.
Zalantzarik gabe, 2015eko film onenetarikoa. Pablo Larrain merezimendu osoz, artista paregabe eta berdingabean bilakatzen dutena, mundu mailako zuzendari onenen pare lehiatzeko modukoa.
1- Mad max: Fury Road
Australia
Zuzendaria: George Miller
Aktoreak: Tom Hardy, Charlize Theron, Nicholas Hoult, Hugh Keays-Byrne.
120 minutu.
Ezin al da Mad max bezalako film bat urteko onena izan? Zergatik ez? Akziozko blockbuster bat delako? Niretzat behintzat ( eta Iñarritu eta Tarantinoren film berriak ikusi gabe ditudala kontuan izanik) urteko film onena da. Urteko 120 minutu zirraragarri, ero, basati, brutal, entretenigarri eta harrigarrienak. Kalitatezko akziozko generoaren aldarrikapen bikain bat.
Asteko, George Miller-ek, biolentziaz eta suntsiketaz josiriko film poetiko bat sortu duelako. Artelan bat iruditu zaidan muntaia batez lagundua, ia elkarrizketarik gabekoa eta lehen begiradan dirudiena baino, istorio heldu eta konplexu bat kontatzeko. Gidoia, bi hitzetan laburbildu daitekeen arren, Miller-ek narratzaile gisa erakutsi duen abilezia ikaragarria iruditu zaidalako.
Hori bai, ez dezagun geure burua engainatu, Mad max, pertsekuzioz beteriko akziozko film bat besterik ez da. Modu perfektuz filmaturiko akzio ero, ikaragarri eta brutala, hori bat. Zinema maite dugunoi eta astero-astero aretoetara harritu gaitzaten joaten garenoi, zainetan gasolina txute bat sartzea bezalakoa. Nork esan zuen akziozko filmak ezin direla maisulanak izan? Miller eta bere lantaldeak, kamera bat erabiliaz, odolez, kez, izerdiz eta gasolinaz zipriztinduriko koadro bat margotu dute. Erokeria zoragarri bat. What A Lovely Day.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks