2016ko 30 telesail onenak (eta zergatik)
Urteroko tradizioa jarraituz, hementxe nator, pantaila txikiak azken 12 hilabete hauetan eman duen onenarekin. AEB, herrialde nordikoak, Ingalaterra, Alemania, Belgika, Hego Korea..Munduko Izkin guztiak arakatu ditut, zuentzat 30 ezinbesteko izenburu hauek aukeratu ahal izateko.
Plataforma digitalak (Netflix, Hulu, Crackle…) geroz eta indar gehiago hartzen ari diren honetan, aurtengoa, oparoa, interesgarria eta bizia iruditu zait. Istorio motz ala min-serieetan geroz eta harribitxi gehiago topa daitezkeela konturatzen hasi eta batez ere pantaila txikia geroz eta zinematografikoa bilakatzen hasia dela konturatu naiz. Hementxe 30 aukeratuak:
30- 11.22.63
(Hulu)
Herrialdea: AEB
Sortzailea: Kevin Macdonald
Aktoreak: James Franco, Josh Duhamel, Sarah Gadon, Daniel Webber, Joshua Holmes, Erica Anderson, Juliette Angelo, Kristian Bruun
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 8
Zergatik ikusi?
Izen bereko Stephen King idazlearen liburuan oinarritua. J.J. Abrams ekoizle moduan. John F. Kennedy-ren hilketa saihesteko intentzioarekin, denboran bidaiak egiten dituen irakasle baten istorioa kontatzen digun telesaila. Hulu plataformak ekoiztua.
Aitortu beharra daukat, lehen minutuetan ez ninduela bereziki hunkitu; Estatu Batuetar hauen arazoak, mundu osoaren ardatz izateaz nazkatuta nagoelako batik bat. Baina aurreiritzi negatibo guzti horien jaka kendu eta esekitokian utzi nuen unetik, ikaragarri gozatu dut telesail hau ikusten. Stephen King-en liburuetan oinarrituriko egokitzapen mordoak egin dituzte pantaila txikian, hau ziurrenik onenen artean kokatuko nuke. JJ Abrams ekoizleen artean dagoela ere nabaria da;. Ikuslea harrapatzeko egiten den ahalegina oso nabarmena delako -hau ez dakit ona ala txarra den baina tira-, betiko cliffhanger-ak erabiliaz eta hainbat eszena nabarmentzeko sortzen duen atmosfera oso eraginkorra delako. Ez da urteko telesaila, ezta gutxiago ere, baina bai, 8 ataletan oso gustura ikusten den zientzia-fikziozko thriller txukun eta entretenigarri bat.
29- The Night Manager
(BBC One)
Herrialdea: Ingalaterra
Sortzailea: Susanne Bier
Aktoreak: Tom Hiddleston, Hugh Laurie, Tom Hollander, Olivia Colman, Elizabeth Debicki, David Harewood, Katherine Kelly, Tobias Menzies, Neil Morrissey
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 6
Zergatik ikusi?
John Le Carré-k 1993 urtean argitaratu zuen liburu batean oinarrituriko istorioa. Britainia handiko soldadu ohi bat (Tom Hiddleston), arma trafikatzaile sare internazional batean infiltratzeko intentzioarekin, inteligentzia zerbitzuengatik errekrutatua izango da. Asteburu batean erraz eta gustura ikus daitekeen telesail komertzial entretenigarria. Erritmo altukoa eta intriga printza bikainekin. Hori bai, ez pentsa sakontasun izugarria duen ekoizpen bat aurkitu duzuenik, ala azpi-geruzaz osaturiko gai bat jorratzen duenik. Baina esan bezala, oso entretenigarria , gidoi nahiko sendoa duena eta interpretazio nabarmenak, guztia ekoizpen ikusgarri batez inguratua.
28- The Get Down
(Netflix)
Herrialdea: AEB
Sortzailea: Baz Luhrmann
Aktoreak: Justice Smith, Herizen F. Guardiola, Shameik Moore, Skylan Brooks, Jaden Smith, Tremaine Brown Jr., Yahya Abdul-Mateen II,
Denboraldiak: 1 (bigarrena konfirmatua)
Atal kopurua: 6
Zergatik ikusi?
Bronx hegoaldean bizi diren nerabe batzuen bitartez, Hip Hop musikaren gorakadaren une konkretu hori bizitzeko aukera eskaini digun ekoizpena. Baina batez ere, Baz Luhrmann (Moulin Rouge) zuzendariak hain berezkoa duen estetika irreal/musikal horretatik tiraz, kontakizun entretenigarri eta gozagarri bat ikusteko aukera.
Ezinezkoa da ekoizpen honetan errealismo unerik topatzea. Guztia artifizialtasunaren manta batez estalia baitago; dekoratuak, istorioa, pertsonaiak berak, gidoia…guztia. Baina gezurra dirudien arren eta hainbat momentutan telesail fantastiko bat ikusten ari nintzela uste, hasieran batean traba izan zitekeena, alderdi sendoenetarikoa bilakatzen jakin izan du Baz Luhrmann-ek. Zerbait entretenigarria, komiki batetik irtendako pertsonaia xelebreak eta une musikal polit eta nahiko hunkigarriak bizitzeko gogoz bazaudete, hauxe da zuen telesaila.
27- Berlin Station
(Epix)
Herrialdea: Alemania
Sortzailea: Giuseppe Capotondi, John David Coles, Michaël R. Roskam, Joshua Marston, Christoph Schrewe
Aktoreak: Richard Armitage, Richard Dillane, Michelle Forbes, Rhys Ifans, Earl Vincent Sherwood II, Richard Jenkins,
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 10
Zergatik ikusi?
Espioitza kontuekin nator berriro ere. Kasu honetan, Inteligentzia Agentzia Zentrala (CIA) kokatuko da istorioaren erdigunean, Berlin hirian duen egoitzan konkretuki. Egoitza horren barrenak ezagutzen ditugun bitartean, ustez, prentsari informazioa ezkutuan ematen dion norbait dagoela dirudi eta ondorioz Thomas Shaw bidaliko dute guztia ikertzera. Espioiei espiatzen dien espioia azken finean.
Genero honetako kontakizunak gustuko badituzu, hauxe da zure telesaila. Baina ez bakarrik genero horren zalea bazara, hasieratik harrapatzen zaituzten ekoizpen horietakoak gustuko badituzu, trama nahiko korapilatsua tarteko, ez galdu Berlin Station.
26- Svartsjön
( TV3 Sverige)
Herrialdea: Suedia
Sortzailea: David Berron, Jonathan Sjöberg
Aktoreak: Sarah-Sofie Boussnina, Filip Berg, Mathilde Norholt
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 8
Zergatik ikusi?
Bitxikeria moduan ohar bat; sarean telesail honen atalak topatu nahi baituzue erne ibili, agian Ikea-ko banatzailea azalduko baita zuen etxeko atarian. Bai, Google bilatzailean, telesail honen fitxa osatzeko irudien bila nenbilen eta “Svartsjön” izenburua jarriz gero Ikea-ko altzariak bakarrik azalduko zaizkizuelako.
Harira. 26. postuan, Suediatik datorren beldurrezko telesail komertzial hau aukeratu baitut. Abandonaturiko eski estazio bat erosi eta berriro irekitzeko asmoz, lagunekin oporralditxo bat igaroko duten lagun-talde baten istorioa kontatzen diguna. 20 urte baino gehiago daramatza estazioak itxia, hilketa beldurgarri batzuk gertatu ziren unetik konkretuki. Agatha Christie-ren “Ten Little Niggers” -en ukitu nabarmenak dituena, baina beldur dosi handiagoekin. Hori bai, zumarrari garia ez eskatu, entretenigarria eta erraz ikusten den lana baita, baina besterik ez.
25- Marcella
( ITV)
Herrialdea: Ingalaterra
Sortzailea: Hans Rosenfeldt
Aktoreak: Anna Friel, Nicholas Pinnock, Ray Panthaki, Sinéad Cusack, Nina Sosanya, Harry Lloyd, Charlie Covell, Jack Doolan, Tobias Santelmann
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 8
Zergatik ikusi?
Aipatu beharreko lehenengo gauza, telesail honen sortzailea Hans Rosenfeldt suediarra dela da; Bron/broen zoragarriaren sortzailea. Hemen ere, emakume protagonista auto-suntsitzaile bat duen, thriller ilun bat topatuko duzue, Marcella Backland izenekoa. Serieko hiltzaile baten atzetik arituko den detektibe ohia.
Estetikoki boteretsua iruditu zait, pertsonaia interesgarri horrekin eskutik doan atmosfera ilun eta astuna duena. Gidoi aldetik Happy Valley eta The Killing-en ukituak nabarmenak dituela iruditu zaizkidan arren, ahultasun gehiago sumatu dizkiot Marcella-ri. Dena den “ikusi beharrekoen” zerrendan sartu beharreko proposamen interesgarria.
24- Channel Zero
(SyFy)
Herrialdea: AEB
Sortzailea: Nick Antosca
Aktoreak: Paul Schneider, Fiona Shaw, Shaun Benson, Natalie Brown, Cassandra Consiglio, Luisa D’Oliveira, Abigail Pniowsky
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 6
Zergatik ikusi?
Sinopsian murgildu baino lehen, Creepypasta-k zer diren argitu nahiko nuke. Ingelesezko “Copy/Paste”(kopiatu, itsatsi) hitzetik datorren terminoa da. Interneteko foro eta webgune desberdinetan kopiatu eta itsasten dena. Batzuetan, moldaketak eginez, telefonoaren jokoa bezala, hasierako istorioek amaierakoekin zerikusi gutxi izaten dutelarik. Eta zer da itsasten den hau? beldurrezko istorio motzak. Interneten bidez zabaltzen diren istorioak alegia (interneten jaioak), esan bezala, beldurrezkoak gehienetan, eta ikuslea ala irakurlea “shock” egoeran uzteko helburuarekin eginikoak. Adibide ezagunena, Slenderman izan liteke.
Baina bueltatu gaitezen zerrendara. Aurten SYFY telebista kateak, Creepypasta hauetako batean oinarritzen den Channel zero izeneko telesail antologiko hau sortu baitu. Lehen denboraldi honetan Candle Cove izeneko istorioan oinarritu direlarik. Zer gertatzen da ume batzuen burmuinean, egun osoa 80. hamarkadako txotxongiloz eginiko pirata oso arraro batzuei buruzko telesail bat ikusten ari diren bitartean? Helduak direnean, beraien egunerokoan eragin zuzena izango duten, oroitzapen eta amesgaiztoak eragingo dizkietela
Telesaila amaitzean, n baliteke azalpen logikorik ez aurkitzea (ala bai). Baina berdin dio, asko gozatu baitut beldurrezko ekoizpen honekin. Atmosfera bera izan baita gehien harrapatu nauena. It, Poltergeist ala orokorrean Stephen king-en istorioek sentsazioa deserosoa eragiten dizuen horietako bazara, ez galdu.
23- Midnnattsol (Midnight Sun)
(SVT, Canal +)
Herrialdea: Suedia eta Frantzia
Sortzailea: Måns Mårlind , Björn Stein
Aktoreak: Leïla Bekhti, Peter Stormare, Gustaf Hammarsten, Richard Ulfsäter
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 8
Zergatik ikusi?
Begi batzuen lehen plano itxi batekin asten da telesaila. Planoa irekitzen doan heinean, tipoa beldurturik ikus dezakegu, builaka ari den bitartean erabat etsita ikusten dugu. Planoa irekitzen jarraitzen du eta bat-batean, tipoa, helikoptero batzuen helizeei loturik dagoela konturatzen gara. Segundo batzuk pasa eta motor soinua entzutean, bueltaka hasten da bortizki tipoaren gorpua bitan banatuz.
Horiek dira, Midnnattsol telesail Suediarraren lehen minutuak. Suedia iparraldean kokaturiko Kiruna izeneko meatze-herrixka batean gertaturiko krimen basati horren aitzakiarekin hasten da istorioa. Bertara, Kahina Zadi izeneko Parisko ikertzaile bat bidaliko dute, bertako polizia eta fiskalak diren Anders Harnesk eta Rutger Burlin-en batera kasua aztertzeko.
22- Dirk Gently’s Holistic Detective Agency
(Netflix, BBC America)
Herrialdea: AEB
Sortzailea: Paco Cabezas, Dean Parisot, Michael Patrick Jann, Tamra Davis
Aktoreak: Samuel Barnett, Elijah Wood, Hannah Marks, Fiona Dourif, Jade Eshete, Mpho Koaho, Michael Eklund, Dustin Milligan
Denboraldiak: 1 (bigarrena konfirmatua)
Atal kopurua: 8
Zergatik ikusi?
Detektibe bitxi bat (Samuel Barnett) eta bere laguntzaileari (Elijah Wood) buruzko abentura martziano surrealista. Bitxia dela diot hasteko, polizia “holistic” gisa aurkezten duelako bere burua; hau da, gure munduan dagoen guztiaren artean, lotura ikusezin moduko bat dagoela uste duen tipoa . Coen anaien filmetan oso tipikoa izatek den hasiera-puntu batetik tiraz -gertakizun oso txiki ala tonto batetik hasiz, gertaera erraldoi batean amaitzen dena- umore beltzez bustiriko martzianada frenetikoa ikusteko aukera izango duzue. Suspense eta akzio dosiekin tartekatuz. Sahiestezina, Holmes eta Watson burura etortzea.
21- Love
(Netflix)
Herrialdea: AEB
Sortzaileak: Paul Rust , Judd Apatow
Aktoreak: Gillian Jacobs, Paul Rust, Dave Allen, Steve Bannos, Chris Witaske, Chantal Claret, Briga Heelan, David King
Denboraldiak: 1 (Bigarrena 2017an)
Atal kopurua: 10 (Bakoitzak 30 minutu inguru)
Zergatik ikusi?
Netflix plataforma digitalak, argi zeukan hasieratik, maitasunaren gaia jorratzerako orduan, azken urteetan gauzak aldatu egin direla. “Neskak mutila ezagutzen du” istorioek ez dute batere interesik eta jokoaren arauak aspaldi aldatu ziren, ia zerbait anarkikoa bihurtzeraino. Komedia erromantikoetan maisu den Judd Apatow zuzendari eta ekoizlea fitxatzeak gainera, apustu hori azken muturreraino eraman nahi izan dutela frogatu dute.
Love, gaur egungo erlazio sentimentalei eta adiskidetasunari buruzko hausnarketa moduko bat. Hasieran aipatu dudan premisa sinple horrekin hasten den arren -Gus eta Mickey-ren istorioa kontatzen digu eta topikoetatik gehiegi urrundu gabe-. Maitasuna, sexua, intimitatearen mespretxuak, konpromisoa eta espero ez ditugun gaiak modu biribilean jorratzea lortu dituelako eta gezurra dirudien arren, ahultasun sintoma diruditen topiko horiek, euskarri sendo bilakatu ditu. Telesail honen helburua ez delako moldeak haustea ala originala izateagatik puntuak irabaztea, ez. Generoaren “klixe” guzti horiek errespetatuz, aurpegi garbiketa ikaragarria egitea baizik. Nerabetasuna aspaldi pasa zuten pertsonaiek, maitasuna zer ote den galdezka pasatzen dutelako, baina bizitzak jartzen dizkien traba guzti horiek saihestu gabe. 30 minutu inguru irauten duten 10 ataletan zehar, barre egingo dugu, baita drama izan nahi horren ahaleginean negar egin –oso gutxi– eta Pop kulturaren erreferentzia ugari erabiliaz -zinezaleontzat adibidez, zoragarria blu-ray-ak autoko leihatilatik jaurtitzen dituen sekuentzia-, gure egunerokoak gertatzen diren hainbat une bizitzeko aukera izango dugu. Hori da hain zuzen, istorioa eta pertsonaiekiko enpatia sentitzearen arrazoi nagusia. Lehen zita batean, gure bikotearekin afaltzen ala lagunartean alkohola tartean sartzen denean, sortzen diren une tipikoak biziko ditugula.
Pertsonaiak aipatzen ari naiz behin eta berriz. Oso garrantzitsua iruditzen zaidalako, gidoi ala istorio on baten barruan, tramarekin batera eskutik doazen pertsonaia landuak tartekatzea. Hainbat ataletan zehar, maitatuko ditugunak. Baina, maitatu diodan bezala, baita gorrotatu ere. Esandako guztiaren ondoren, telesail honi buruz ohar garrantzitsuena falta zaidalako, aurreko argudio guztiak pikutara bidal dezakeen arrazoi indartsuena; Pertsonaiekiko sentitu behar duzuen konexio hori hasieratik sentitzen ez baduzue, utzi telesaila ikusteari. Bai, utzi. Telesaila gustatzeko, zuzenean proportzionala delako pertsonaiak maitatzea. Bestela akabo. Gus eta Mickey jasanezinak iruditzen zaizkizuela? lehen atalak irauten dituen 45 minutuak ez dituzue jasango. Nire kasuan, ez da hala izan; pertsonaiek zeharo maitemindu nautelako -bigarren mailako pertsonaiak barne- eta Netflix-ek, kontuan hartzeko beste telesail nabarmen bat estreinatu duelako. Drama izan nahi duen komedia oso interesgarri bat. Hori bai, gorrotatu ala maitatuko duzuna.
20- National Treasure
(Channel 4)
Herrialdea: Ingalaterra
Sortzailea: Marc Munden
Aktoreak: Robbie Coltrane, Julie Walters, Andrea Riseborough, Babou Ceesay, Mark Lewis Jones, Tim McInnerny
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 4
Zergatik ikusi?
Salbuespen bat egingo dut telesail honekin, ez baitut esan zehazki zeri buruzkoa den. Orokorrean, Jimmy Savile aurkezle ingelesaren kasuan, oso azaletik oinarritzen den ekoizpena dela esango dizuet. (ez da bere bizitzari buruzkoa, beste pertsonaia bat baizik). Hil eta urte betera, 300 kasutik gorako bortxaketa kasuak leporatu zizkioten pedratzaile sexuala izan zen. Protagonista nagusia, eta lan paregabea egiten duena, Paul Finchley dugu, ( Robbie Coltrane aktoreak gorpuztua, Harry Potter-eko Hagrit). 40 urte komiko moduan aritu ostean, ustez, orain 30 urte neska bat bortxatzeagatik atxilotzen duten tipoa.
19- Undercover
(BBC One)
Herrialdea: Ingalaterra
Sortzailea: Peter Moffat
Aktoreak: Sophie Okonedo, Shannon Hayes, Adrian Lester, Tamara Lawrance, Derek Riddell, Vincent Regan, Alistair Petrie
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 6
Zergatik ikusi?
Director of Public Prosecutions (ministerio fiskalaren antzekoa) kargua hartuko duen lehen emakume beltzarana dugu protagonista, Sophie Okonedo modu zoragarrian (beti bezala) gorpuztua. Bere bizitza iritzi publiko eta komunikabide guztien begietatik aztertua izaten ari den momentuan, bere senarra 20 urteetan zehar, gezurretan aritu zaiola konturatzen da. Baina ez affair ala mota horretako gezur mota; zerbait askoz ere ilunago eta maltzurragoa.
Hasiera indartsua du, oso, telesail honek, zuzenean harira doan horietakoa, zirraragarria eta frenetikoa. Lastima azken txanpan ez duela hasiera batean agintzen zuen guzti hori betetzen. Dena den, maila altuko telesaila iruditu zait, oso entretenigarria eta suspense uneekin zipriztinduriko akzio sekuentziaz beterikoa.
Maila goreneko gidoilaria den Petter Moffat-el sortua, ( Silk, Crimimal Justice, The Village) , telebista britainiarrak orain arte aztertu gabeko eremuetan barneratuko gaitu; estamentu judizial eta polizakoetan existitzen den arrazismo hori agerian uzten baitu telesail honek. Baina hasieran esan bezala, alor guztien gainetik izen propio bat: Sophie Okonedo. Gaur egun dagoen aktore onenetarikoa den honek, hemen ere, beste erakustaldi bat eskaintzen duelako.
18- Ennemi public
Herrialdea: Belgika
Sortzailea: Matthieu Frances, Gary Seghers
Aktoreak: Stéphanie Blanchoud, Jean-Jacques Rausin, Clement Manuel, Philippe Jeusette, Angelo Bison, Laura Sepul
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 10
Zergatik ikusi?
Cannes zinema jaialdian, telesailentzako sail txiki batean aurkeztu eta epaimahaiaren saria irabazi zuen ekoizpen interesgarri hau aukeratu dut 16. postu honetarako. Belgikan errebelazioa eta sentsazioa izan den lana eta bertako Prime time datu guztiak hautsi dituena.
Guy Beranger da istorio honen protagonistetako bat, ala behintzat tramaren erdigunean kokatzen den pertsonaia. Orain urte dezente, ume batzuk hiltzegatik kartzelan urte mordoa pasa dituen tipoa. Baldintzapeko askatasunean jarri eta Viersart abadiako monje batzuen ardurapean uzten du estatuak. Normala den bezala, herrixka horretako biztanle eta komunikabideek oso gaizki hartuko dute albiste hau. Baina zurrunbilo guzti hau ez da hor amaituko, tipoa kartzelatik atera eta aste gutxira, neska gazte bat desagertzen baita Belgikako herri txiki horretan. Ikerketa burua, Chloé Muller izango da , bide batez Beranger bera babestu beharko duen emakumea.
Nordic noir generoari buelta bat ematen dion telesail entretenigarria. Hilketa batek sortzen duen horretaz haratago doana eta herrixka batean mundu guztia susmagarria den istorio tipiko horietatik. Gauza interesgarri ugari planteatzen baititu: gizakia eta erlijioaren moral bikoitza, erredentzio pertsonalaren bilaketa, aurreiritziak …
17- Hap and Leonard
(Sundance channel)
Herrialdea: AEB
Sortzailea: Jim Mickle, Nick Gomez
Aktoreak: James Purefoy, Michael Kenneth Williams, Christina Hendricks, Bill Sage, Neil Sandilands, Jimmi Simpson, Pollyanna McIntosh, Jeff Pope
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 6
Zergatik ikusi?
Sorpresa erraldoia, Sundance Channel kateak ekoizturiko telesail honek emandakoa. Aurreko ekoizpenetan erakutsi bezala -“Rectify” ala “Top of the Lake” adibidez- , beste behin ere, lan desberdinak eta ausartak egiteko prest dagoen katea dela frogatu baitu. Tarteko iritzi posible guztiak suntsituz, onerako ala txarrerako, ikuslea epel uzteko batere intentziorik ez duen telesail berri bat estreinatuz: “Hap and Leonard”. Protagonista guztien arteko kimika eta beraien arteko elkarrizketa mamitsuek hasieratik harrapatu naute. Hegoaldeko-drama tipiko horien estetika zoragarriz hornitua eta pertsonaia bereziz lagundua, ikaragarri disfrutatu dudan ekoizpen batean bilakatu arte.
6 atalez osaturiko istorio hau, 80. hamarkadan girotua dago eta Texas-en kokaturiko Laborde izeneko fikziozko herrixkan kokatzen da. Protagonistak, Hap Collins (James Purefoy), preso ohia eta Leonard Pine (Michael K. Williams, “The Wire” telesaileko Omar ahaztezina eta “Boardwalk Empire”-eko Chalky) ,Vietnam-eko gerratean egondako beteranoa. Nahigabe –ala nahita, zuek aukeratu- “altxorraren bila” kontakizun tipiko batean murgilduko dira, hori bai; lapurretak, hilketak eta beste hainbat gertakariri aurre egiten dieten bitartean. Horiek bi euskarri nagusiak. Baina aurrerago, Trudy (Christina Hendricks ezaguna), Paco, Howard eta beste hainbat pertsonaia xelebre sartuko dira jokoan. Lagun bereizezinei buruzko istorio bat, azken finean. Baina, baita psicho-killer bikote bat atzetik duten bitartean, porrot egiten duten iraultzaile talde bati buruzko kontakizuna.
Lehen hiru ataletan, guzti horien erlazio eta gaizki-ulertuetan zentratuko da trama nagusia, istorioa pixkanaka eraikiz eta berezko atmosfera hori, ia modu automatikoan sortuz. Azken hiruretan aldiz, erabaki eta akzio guztiek, Tarantino, Coen anaiak edota Guy Ritchie-ren film batetik irtendako une eta sekuentziak bizitzeko aukera eskainiko digute. Hiru zuzendari horiek maiz erabiltzen dituzten, elkarrizketa, musika eta pertsonaien kutsuez zipriztinduak amaituko dugularik. “Country” estetika horren haustura bitxi eta xelebre bat sortuz eta abentura/thriller ukituak dituen buddy movie moduko batean bilakatuz.
Hap and leonard, 60-70. hamarkadako B serieko filmetatik edaten du zuzenean -onerako ala txarrerako jakina-. Baina kontzeptu horiek, gaur egungo teknika zinematografikoekin nahastuaz, urteko telesail desberdin, pertsonal eta originalean bilakatu dute. Lege guztietatik at kokatzen diren pertsonaia horiekin jolasten duen trama frenetikoa erabiliaz, akzioa, umorea, odola eta azken orduko sorpresak injektatuz. Hotz ala bero utziko zaituen jakiteko, ez galdu.
16- Vinyl
(HBO)
Herrialdea: AEB
Sortzailea: Terence Winter , Martin Scorsese, Mick Jagger
Aktoreak: Bobby Cannavale, Olivia Wilde, Ray Romano, Juno Temple, Andrew Dice Clay, Max Casella, James Jagger, P.J. Byrne, Paul Ben-Victor, Joe Caniano
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 10
Zergatik ikusi?
Scorsese eta Mick Jagger-ek ekoizturiko telesaila, Terence Winter-en gidoiarekin eta HBOren zigilua itsatsia. 70 hamarkadako New York hiritik, musikaren industriaren bitartez bidaia bat. Punk, Hip hop eta disko musikaren sorrerarekin batera, Richie Finestra, diskografika garrantzitsu bateko presidenteak, bere konpainia salbatzeko intentzioarekin arituko da.
Aii…gure Vinyl maitea…Bertan behera geratu den telesaila eta estreinatu baino lehen uste genuen telesail perfektu hura ez den harren, -baina zeintzuk bai?- urteko gorenen artean dagoela, ez dago inongo zalantzarik. Liluragarria, musikaren aitzakiarekin, Scorsese eta konpainiak eskaini diguten lezio zinematografikoa. Telesail batean aurten ikusi ditugun pertsonaia ero, basati, nazkagarri, baina baita zoragarri eta maitagarrienak ere. Zuzendari Estatu Batuarrak hain berezkoa duen off-ahots hori erabiliaz eta Bobby Cannavale-ren lan zoragarriari esker, garai hartako bizipen guztiak ikusteko aukera izango dugu. Richie Finestra-k, musika eta drogarekin duen maitasun-gorroto istorio hori bezala, guk ere emozio paretsuak sentituko ditugu. Musikaren arloa, artikulu oso bat idazteko haina ematen duenez, onena entzutea/ikustea duzue.
15- Black Mirror III
(Netflix)
Herrialdea: Ingalaterra
Sortzailea: Charlie Brooker
Aktoreak: Bryce Dallas Howard, Alice Eve, Cherry Jones, James NortonMackenzie Davis, Gugu Mbatha-Raw, Gavin Stenhouse,
Denboraldiak: 3
Atal kopurua: 6
Zergatik ikusi?
Hiru urte beranduago eta Netflix plataforma digitalaren eskutik, azkenean iritsi da Black Mirror telesail ezagunaren hirugarren denboraldia. Aurreko denboraldiko atalak baino ahulagoak irudi zaizkidan arren, probokatzailea, desberdina eta suntsitzailea izaten jarraitzen du. Charlie Brooker gidoilariaren garun perbertsotik ateratako lana kultuzko bihurtu da; Twitter garaiko parabola maltzurra.
Mahai gainean dugun pantaila, eskuen artean darabilgun mugikorra edo etxeko telebista; ispilu beltz, hotz eta dirdiratsuz inguratuta gaude. Bada, telesaileko atal bakoitza autonomoa izanik ere, guztiek dute oinarrian ideia bat: teknologia berrien erabilera txarrak izan ditzakeen ondorio larri eta konponezinak. Ikuslea nahitaez pentsatzen jartzen du; gaur egungo zenbat telesail edo filmek lortzen dute hori?
14 – Fleabag
(BBC Three)
Herrialdea: Ingalaterra
Sortzailea: Harry Bradbeer, Tim Kirkby, Phoebe Waller-Bridge
Aktoreak: Phoebe Waller-Bridge, Sian Clifford, Bill Paterson, Jenny Rainsford, Ben Aldridge, Olivia Colman
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 6
Zergatik ikusi?
Ez ahaztu izen hau: Phoebe Waller-Bridge. Fleabag telesailaren gidoilari eta protagonistak, urteko umorezko telesail desberdin, garratz eta lotsagabeena estreinatzeaz gain, azkenaldian ikusi dugun emakumezko pertsonaia harrigarriena sortzearen meritua baitauka.
Edinburgo hiriko antzezlan independente batean oinarrituriko telesail honek (Fringe First Award saria irabazi zuena), 30 urte inguru dituen Fleabag-en istorioa kontatzen digu. Oinarritzen den antzerki horretan, bizitzari, sexualitateari eta erlazioei zentzua bilatzen zien emakume baten bakarrizketa ikus zitekeen. Telesailean aldiz, bere egunerokoan, sexu harremanak mantentzea, lehentasun handienetarikoa bilakatu den emakume -hartu arnasa- zoro, lotsagabe, suntsitzaile, berekoi, perbertitu, ziniko, kaotiko, heldugabe eta batez ere dibertigarria aurkezten digute. Izaera hori, azken urteetan, ´Louie’, ‘Love’, ‘Girls’ ala ‘Catastrophe’ telesailetan ikusi dugun antzeko umorearekin nahastean, ekoizpen beltz, garratz eta hainbat uneetan deseroso batean bilakatzea lortu dute. Epel uzten ez duen horietakoa azken finean.
Baina ekoizpen horietatik bereizten duen elementu nagusia, umore hori, laugarren hormaren haustura zoragarri batekin tartekatzen duela da (Antzerkitik datorren hitza da, ikuslea eta agertokiaren artean dagoen horma imajinarioari deritzo). Alegia, pertsonaiak zuzenean ikusleari hitz egiten diola (House of Cards eta beste hainbatetan ikusi dugun bezala), modu honetan sortzen den konplizitatea, istorioaren euskarrietako batean bilakatzen delarik. Pertsonaiak bizi eta eragiten dituen une horien barruan egongo bagina bezala sentitzeaz gain, bere garun barruan igeri egiteko aukera eskainiz. Sexu harremanak mantentzen ari den bitartean adibidez, guri, ikusleari, zuzenean hitz egiten digu bere iritzi xelebre guztiak jakinarazten dizkigun bitartean.
Eta batez ere, topiko guztietatik erabat aldentzen dela. “Emakume moderno” baten erretratu hori, ez da beste istorioetan ikusi dugun irudi baldar ala histeriko baten bitartez islatzen. Handinahitik erabat aldendu eta errealitatetik gertuago kokatzen baita. Hori bai, mota honetako telesail ugaritan gertatzen den bezala, muinean, drama bat dagoela ohartarazi nahi dizuet. Bai, nahasmen eta erokeria guzti horren azpian ageri dena, tragedia moduko bat delako. Ez pentsa beraz barre hutsak bakarrik ikusiko dituzuenik. Algara eta drama modu orekatuan uztartzen dituen ekoizpen burutsu bat baizik. Badakizue beraz, Fleabag gorrotatu ala maitatuko duzuen jakiteko, has zaitezte axolagabe utziko ez zaituen umorezko telesail xelebre hau ikusten.
13- Sigeuneol (The signal)
Herrialdea: Hego Korea
Sortzailea: Won Suk Kim
Aktoreak: Je-hoon Lee, Hye-su Kim, Jin-woong Jo
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 16
Zergatik ikusi?
Memories of murder film bikainean oinarrituriko telesaila. Filma, 1986ko Hego Korean girotuta zegoen. Neska gazte bat bortxatu eta era-hil egin dute. Bi hilabete geroago, “modus operandi” berarekin akabatutako biktima gehiago azalduko dira. Serieko hiltzaile horren kasua ikertu bitartean, elkarren artean oso desberdinak diren bi poliziaren istorioa ikusi ahal izango dugu.
Telesaila aldiz, modu bitxi baina erakargarrian hartu nahi izan du istorio horren zatitxo bat. Ukitu fantastikoak emanez eta umore dosi txikiak tartekatuz. Iraganeko detektibe bat eta orainaldiko bat, walkie baten bitartez kasua argitzen saiatuko baitira. Ez da filma bezain iluna eta basatia, baina bai hura bezain “itsaskorra” eta interesgarria.
12- Horace and Pete
Herrialdea: AEB
Sortzailea: Louis C.K.
Aktoreak: Louis C.K., Steve Buscemi, Edie Falco, Steven Wright, Kurt Metzger, Alan Alda, Jessica Lange, Aidy Bryant, Rebecca Hall, Nick Di Paolo
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 10
Zergatik ikusi?
Louis C.K. eta Steve Buscemi, Horace eta Pete dira. Horace & Pete izeneko Pub Irlandarraren arduradunak. Hori sinopsiari dagokionez, baina zerrenda osotik bitxiena eta desberdinena den telesail honek kontatzen duena, hitzen bidez transmititzea beste kontu bat.
Horace and Pete, esperimentu pertsonal bat dela esnago nuke, baina maila altueneko antzerki moduan kontatua. Tragikomedia gogor, ausart eta mingarria. Louis C.K berak zuzendu, idatzi, montatu eta banatu duen lan honek, taberna horren egunerokoa islatu nahi izan du. Baina batez ere bertara sartzen diren bezero horien istorioak transmititu. Bertatik, Edie Falco, Alan Alda ala Jessica Lange bezalako pertsonaiak pasako direlarik. Cheers, telesail mitikoaren estiloaz baliatuz, baina zuzendari bakar eta bitxi honen buru pribilegiatu eta zorrotzetik pasaz, aurreko lanetan egin bezala, atal bakoitza sopresa bat bilakatuz. Trama konplexu eta sakon bat aztertu dezakeelako batzutan, baina anekdota sinple bat bestetan. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua telesail hau, osotasunean aztertzea eta ez zatika. Banan-banan, atal batzuk diluitu egiten direlako bai, baina hamar puskak elkartuz gero, gidoi bikain eta sendo batekin topatuko duzuela ohartuko zaretelako.
Kontrako ezaugarriak dituen ezinbesteko lana azken finean; dibertigarria, ongi idatzia, teatrala, zintzoa, handinahia, literarioa, dramatikoa eta barregarria. Baina batez ere, eta gainerako telesailetatik nabarmenduarazten duen ezaugarri bat nabarmendu beharko banu, benetako dela esango nuke, “autentikoa”.
11- Startup
(Crackle)
Herrialdea: AEB
Sortzailea: Ben Ketai
Aktoreak: Martin Freeman, Adam Brody, Otmara Marrero, Edi Gathegi, Kristen Ariza, Ashley Hinshaw
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 10
Zergatik ikusi?
Cracle (SONY) plataforma digitalaren telesail berria hau, NETFLIX ala HBO zigiluei itsatsia estreinatu izan balitz, zalaparta eta arreta askoz handiagoa bereganatuko zuela ziur nago. “STARTUP”, enpresaritzaren munduan erabiltzen den terminoa dela esan daiteke. Teknologia berrietan lagundua, hasiberria den edo hastear dagon konpainiari deritzo, beti ere internet ala teknologia berriei loturikoa. Kasu honetan, diru digitalarekin erlazionaturiko enpresa bat aurkeztuko digute telesail honetan: Gencoin izenekoa.
Miami hirian kokatzen den thriller poliziakoa ilun hau, gurutzatzen diren istorioez baliatuz eta Michaen Mann zuzendariak askotan erabiltzen duen estetika ilun horretatik edanez (Collateral filma adibidez), “antolatutako krimena 2.0” moduan aurkeztuko nuke. Nick Talman, banketetxe bateko langilea, Phil Rask (Martin Freeman-ek modu paregabean gorpuztua) ustelkeria kasuetan murgildua dagoen polizia, Izzy Morales, aipaturiko Gencoin diru digitalare sortzailea eta mafia Haitiarraren kide den Ronald Dacey dira lau protagonista nagusiak. Metodo oso desberdinak erabiltzen dituzten arren, guztiek helburu berdina dutela ohartuko dira. Tartean, alde batetik bestera mugitzen diren 200 milioi dolar dauden bitartean.
Binge Watching-a egiteko aproposa eta oso erraz eta gustura ikusiko duzuen telesaila azken finean. Istorio desberdin batez gozatzeko aukera paregabea, estetikoki indartsua eta gai mamitsu bat aztertzen duena.
10- The Young Pope
(HBO, Sky Italia eta Canal+)
Herrialdea: Italia
Sortzailea: Paolo Sorrentino
Aktoreak: Jude Law, Diane Keaton, Silvio Orlando, Scott Sheperd, Cécile De France, Javier Cámara
Denboraldiak: 1 (bigarrena konfirmatua)
Atal kopurua: 10
Zergatik ikusi?
2016a, Paolo Sorrentino zinegile Italiarrak, pantaila txikira salto egiten duen beste zuzendari ezagun baten lekuko bilakatu den urtea bezala gogoratua izango da. HBO, Sky Italia eta Canal+ en arteko ekoizpen honek, 40 urte eskas dituela, Leny Belardo (Jude Law) AEBtako PIOXIII lehen aita santu izendatu berri duten istorioa kontatuko digu. Lehen bi atalak gainera, Veneziako zinema jaialdian aireratu zituzten, txalo zaparrada ugari jasoz.
Hasierako minutuetan, Leny Belardo, bere lehen diskurtsoa emateko prestatzen ari dela ikusiko dugu. Urduri sumatzen zaio, inork ez baititu Aita Santu berriaren printzipio eta balioak ezagutzen. Vaticanoko balkoian kokatzen den unean, imionzo eta keinuak eginez askatasunaren aldeko diskurtsoa jaurtitzen hasiko da, ia Tom Cruis-ek Magnolia filmean jaurtitzen duenaren pare. Sexu bereko erlazioen aldekoa dela esanez, abortua, sexu librea eta masturbazio zerbait positiboa direla esanez… bat-batean, irudia moztu eta Jude Law berriro ohean ikusten dugun unea ohartzen gara, guztia amets bat besterik ez dela. Amets bat agian, baina telesailaren nondik norakoa zein izango den eta batez ere zein aita santu mota aurkeztu diguten jakiteko balio izango du. Hortik aurrera, Erromako kuriaren guda politiko moduko bat hasiko du.
Badakit gaiak nagitasun ikaragarria sortzen duela eta agian ez zaretela gerturatu ere egingo. Baina amorerik ematen ez duen aita santu, mendekari eta haserrekorra ikusteko aukera hori oso interesgarria iruditu zait. Bere haurtzaroan gertaturikoaren aurka eta hainbat momentutan jaungoikoan sinesten ez duela esanez. Sorrentinok hain berezkoa duen estetika zoragarri horretaz baliatuz eta hizkuntza zinematografiko oso aberatsa erabiliz, urteko ezinbesteko batean bilakatu da zalantzarik gabe. Osagarri guzti hauekin zuzentasun ezaren bankete bat ikusteko aukera izango duzuelarik.
9- Trapped (Ófærð)
(RÚV)
Herrialdea: Islandia
Sortzailea: Baltasar Kormákur
Aktoreak: Baltasar Kormákur, Ólafur Egilsson, Jóhann Ævar Grímsson, Clive Bradley, Sigurjón Kjartansson, Sonia Moyersoen, Klaus Zimmermann
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 10
Zergatik ikusi?
Danimarkatik datorren ferry bat, Islandiako portu txiki batetara iristen ari den unean, zerra mekaniko batez mozturiko gizaki gorputz-enbor bat azaltzen da ur gainean. Hortik aurrera, Seyoisfjorour herrixka Islandiarraren atzealde zikina kanporatzen joango da. Immigrante-trafiko, mendeku eta kodizia trama paralelo batekin tartekatuz.
Ez pentsa kontakizun horretaz soilik baliatzen dela zama guztia eramateko. Tramaren barruan, ezinbesteko beste pertsonaia bat ageri delako: Islandiako naturaren indar ikaragarria, neurri batean, argazki zuzendaritza eta soinu banda bikain bati esker lorturikoa. Egoera meteorologiko gogor eta ikaragarri baten menpe, akzio guztia izozturiko 10 egunetan zehar igarotzen delako. Etengabeko ekaitzak, elurra, haizea eta hotzak, tramaren barruko pertsonaia bilakatzen dira. Pertsonaien erabaki guztiek baldintza horien esku jarriz; etxeko atetik irtetea soilik, arriskutsua gertatzen delarik. Ikusleari telesail batean gutxitan ikusitako hotz sentsazioa sortuz.
Baina gainera, orain arte ezezaguna zen eta gertutik jarraitu beharreko aktore bat ezagutuko duzue: Olafur Darri Ólafsson. Telesail hau aireratu denetik, oso erreklamatua komunikabide Ingelesen artean batez ere. Urteko onenen zerrenda honen barruan, The Missing eta Quarry telesailetan topatuko duzue adibidez.
Ófærð, Bron/Broen eta Forbydelsen telesailek zuten iluntasun eta edertasun hotz horren printzak dituela esan daiteke, baina baita Fortitude ala Fargo-k zuten klaustrofobia eta klimatologia gogor une horiek ere. Batzuk, “Nordic noir eta Agatha Christie-ren artekoa hibrido bat” dela diote. Ados.
8 – Bedrag
(DR1)
Herrialdea: Danimarka
Sortzaileak: Anders Frithiof August, Jeppe Gjervig Gram, Jannik Tai Mosholt
Aktoreak: Martin Hylander Brucker, Lucas Hansen, Thomas Hwan, Esben Smed Jensen, Line Kruse, Thomas Bo Larsen, Nikolaj Lie Kaas, Natalie Madueño, Henrik Noël Olesen, Waage Sandø, Lars Simonsen, Stine Stengade
Denboraldiak: 2
Atal kopurua: 10 denboraldi bakoitzeko
Zergatik ikusi?
Borgen, Bron/Broen, Forbrydelsen, Jordskott, Äkta människor, Kampen om tungtvannet, 1864…azken bost urteetan, telesail bikain guzti horiek leku beretik jaio izanak, Europa Iparraldean zerbait oso ongi egiten ari direnaren sintoma garbia dira. Baina bolada hori ez da hor eten, ezta gutxiago ere. Pantaila txikiaren arloan, Ingalaterra eta AEB-kin parez pare lehiatzeko argudio sendoekin jarraitzen baititu hotzetik datozen protagonista guzti hauek. Zerrenda horri, beste ezinbesteko ekoizpen bat gehitu behar baitiogu; Danimarkatik datorren Bedrag telesaila.
Denetik ikusi dugulako hotzetik datozen ekoizpen hauetan; Naturarekin erlazionaturiko suspensezko istorioak, Nordic noir deituriko thriller ilunak ala bertako politika hankaz gora jartzeko gai diren ekoizpenak: gehienek, bi euskarri nagusitan oinarritzen dituztelarik euren tramak. Alde batetik, gizarte kritika ziztatzailea; eta bestetik, pertsonaia sakonez osaturiko gidoiak. Bedrag, ez da atzean geratu, kontzeptu guzti horien erakustaldi bilakatu delako. Kasu honetan, trama nagusi horren erdigunean, Energreen kokatzen da, energia berriztagarriak ardatz dituen enpresa.
Mads (Thomas Bo Larsen) izeneko Danimarkar polizia batek, gorpu bat aurkitzen du kostan. Antza denez, Danimarkako enpresa eoliko handienaretzan (Energreen) turbina batzuekin lanean ari zela gertatu omen da istripua. Baina laister ohartuko dira, gaia dirudiena baino askoz ilunagoa eta nahasiagoa aurkeztuko dela.
Paraleloan, aipaturiko Evergreen konpainiaren barrenak ezagutuko ditugu. Bertako zuzendaria, Alexander Södergreen (Nikolaj Lie Kaas aktore bikaina) gizon arrakastatsua izan arren, guztia ez doa berak nahi bezala eta ia edozer egiteko prest egongo da. Bitartean, Claudia (Natalie Madueño), –mailaz igotzeko irrikaz dagoen abokatu gazteak-, enpresaren normaltasun hori, hankaz gora jarri dezakeen barne arazo batzuk detektatuko ditu.
Eta azkenik, lehen begiradan konexio gehiegirik ez duen hirugarren istorio bat azalduko da. Nicky (Esben Smed). Kotxeak lapurtzeagatik, aurrekari penalak dituen mekaniko gaztearen bizitza xumea. “Breaking bad” telesaileko “Jesse Pinkman”-ekin antzekotasunak dituen pertsonaia. Bere galmena drogak izan beharrean, delitu txikiak direlarik.
Gidoi sendoa, azpigeruzaz beteriko trama erakargarria, aktore bikainek gorpuzturiko pertsonaia sakonak eta batez ere, ikuslea, pertsona inteligentetzat hartzen duen ekoizpen baten aurrean gaudelako. Ez galdu.
7-American Crime Story
(FX)
Herrialdea: AEB
Sortzailea: Ryan Murphy
Aktoreak: Cuba Gooding Jr., John Travolta, Sarah Paulson, David Schwimmer, Connie Britton, Courtney B. Vance, Jordana Brewster
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 10
Zergatik ikusi?
Benetan gertatu diren krimenei buruzko, Ryan Murphy-ren (AHS), telesail berria. Lehen denboraldian honetan, O.J. Simpsonen kasu ezaguna izan dute aztergai. 22 izendapen jaso zituen Emmy sarietan, horietatik 5 lortuz.
Hasteko, dirudiena baino askoz ere interesgarriagoa dela esan behar dizuet, benetan, emaiozue aukera bat. Egia da, O.J Simpson-en kasua hain fresko izateak, ekoizpenaren aurka jo dezakeela , hainbat gertaera eta datuk sortu beharreko sorpresa uneek, ez gaituelako hainbeste harrituko. Baina hasieratik bukaeraraino, izugarri harrapatu nauen telesail batean bilakatu dela aitortu behar dizuet. Atalak pasa hala, kasu guztian pixkanaka murgiltzen joango gara, momentu batzuetan ia dokumental bat ikusten ariko bagina bezala. Geraturikoaren berregite guztia hain dotore errodatua egoteak eta xehetasun guztiak azken muturreraino zainduak, AEB-tan kasu honek bere garaian sortu zuen lilura guztia ulertzeko gai sentituko zaretela. Ikuspuntu guztiak modu liluragarrian daude irudikatuak, portzentaia altu batean aktoreen lan bikainari esker. Nabarmentzekoa jakina, Cuba Gooding Jr ezaguna, OJ Simpson gorpuztu duena, John Travolta, Sarah Paulson, David Schwimmer, Connie Britton, Courtney B. Vance…
Esan daiteke, O.J Simpson ia gutxienekoa dela ekoizpen honetan. Bai, gizakia beraren eta krimenari buruzko erradiografia aparta baita, baina sakontasunean aztertua gainera. Arrazismoa, matxismoa, bortizkeria poliziala, ustelkeria bezalako gaiak agerian jarriz eta krimen konkretu hori ez zela beldurgarriena izan salatuz; krimen handiena AEB berak egin baitzuen.
6- The Missing II
(BBC One)
Herrialdea: Ingalaterra
Sortzaileak: Tom Shankland
Aktoreak: David Morrissey, Keeley Hawes, Tchéky Karyo, Anastasia Hille, Roger Alla
Denboraldiak: 2 (Lotura txiki bat dute, baina ez dute zer ikusirik beraien artean, independienteki ikusi daitezke)
Atal kopurua: 8 denboraldi bakoitzeko
Zergatik ikusi?
Lehen denboraldi bikainean, Oliver Hughes izeneko umearen desagerpenaren inguruko istorio interesgarria bizitzeko aukera izan genuen arren, bigarren honetan kontakizun mamitsu eta sendoago bat topatuko duzue. Protagonista nagusietako batek errepikatu egiten du, Julien Baptiste (Tchéky Karyo aktore bikainak gorpuztua) detektibeak. Kasu honetan, lehen denboraldi horrekin konexiorik ez duen arren, bai lehen atal horietako batean aipatzen zen kasu batekin. Urteetan zehar pertsonalki eta profesionalki, beretzako amesgaizto bihurtu den Sophie Giroux-en kasua.
Bigarren honetan, Sam Webster (David Morrissey) eta Gemma (Keeley Hawes) ezagutuko ditugu. Urteak desagerturik daraman alaba (Alice Webster) baten gurasoak izango dira kontakizun honen protagonista nagusiak. Desagertu eta 11 urte beranduago (2014 urtean), Alice Webster Alemanian kokatzen den herrixka bateko kaleetan zehar azaltzen da bat-batean. Badirudi, neska honen eta orain urte batzuk Julien Baptiste detektibea atsekabetu zuen Sophie Girouxe-n artean konexio bat baino zerbait gehiago dagoela.
Hortik aurrera eta bi denbora tarte erabiliz (neska azaltzen den une konkretua eta bi urte beranduago) familia eta herrixka horretako biztanleen egunerokoa betiko aldatuko denaren lekuko zuzenak bilakatu gaituzte. Lehen minututik harrapatzen duen telesail horietako batean bilakatuz. Mundu guztia susmagarritzat hartzen dugun gidoi aldakor eta aurretik asmaezina duena.
5- American Crime II
(ABC)
Herrialdea: AEB
Sortzaileak: John Ridley
Aktoreak: Felicity Huffman, Timothy Hutton, Lili Taylor, Elvis Nolasco, Trevor Jackson, Connor Jessup, Joey Pollari, Angelique Rivera
Denboraldiak: 2 (Ez dute zer ikusirik beraien artean, independienteki ikusi daitezke)
Atal kopurua: 10 denboraldi bakoitzeko
Zergatik ikusi?
Azken urteetan Fargo, lehen aipaturiko The Missing eta True detective telesailetan gertatu bezala, American Crime-en lehen denboraldiak ez du batere zer ikusirik bigarrenarekin. Trama eta pertsonaia guztiz desberdinak direlako baina kasu honetan bereizgarri batekin: lehen denboraldiko aktore berdinak azaltzen direla, baina pertsonaia desberdinak gorpuztuz. Estatu Batuetako institutu bateko nerabeek, hain tipikoa izaten den festa horietako bat antolatu dute. Hurrengo goizean sare sozialak mutil gazte horietako baten argazkiz josiak ageri dira, erdi biluzik, drogen menpe eta inguruan guztiak iseka ari diren bitartean.
Sortzaileak, John Ridleyk, 12 Years a Slave filmean, egokitutako gidoi onena irabazteagatik ezaguna, istorio gozagarri baina era berean mingarri bat sortzea lortu du. Alor guztiak daude zainduak ekoizpen honetan; muntaia oso eraginkorra da eta istorioa sinesgarriagoa izaten laguntzen du. Baina lortutako errealismoa etengabe arnastearen erantzule nagusiak, gidoi sendo eta interpretazio maila altuei esker izan da.
Lehen denboraldian, hilketa baten ostean lau pertsona sartzen dituzte kartzelan. Hortik aurrera, epaiketa, gaizki-ulertuak, arrazakeria gaiak, tentsio eta tirabirak sartu ziren jokoan. Bigarren honetan aldiz, planteamendua askoz ere sinpleagoa dirudien arren, atalak pasa hala, tsunami bilakatuko den ur tanta bat izango dela ikusiko dugu. Ondorio larri eta gogorrekin. Errealismoa jariatzen du poro guztietatik eta hori esan bezala, gidoi sendo eta interpretazio maila altuei esker lortu dute. Atalak pasa hala forma hartzen doan telesail bikaina, urteko ezinbesteko horietako batean bilakatuz. Telebista komertzialak normalean saihesten dituen galdera deseroso horiek, eskrupulurik gabe, zuzenean mahai gainean jartzen dituelako. Ikuslea deseroso sentiarazi nahi horrek, ekoizpen oso interesgarri bilakatu du. Gizarte kritika ziztatzailea eta ezohikoa -mutil baten ustezko bortxaketa- kalitatezko ekoizpen bati lotua egon daitekeenaren froga nabarmena.
Gizarte estatubatuar zizelkaturiko erretratu soziokultural hau, beste behin, kontakizun unibertsal bilakatu delako; munduko edozein hiriko eskola batera estrapolatu daitekeen istorioa baita. Garrantzitsuena ondorioak direnean, ‘egia’ hori, bigarren maila batera pasatuz.
4- The OA
(Netflix)
Herrialdea: AEB
Sortzailea: Brit Marling, Zal Batmanglij
Aktoreak: Brit Marling, Ian Alexander, Will Brill, Emory Cohen, Patrick Gibson, Brendan Meyer, Brandon Perea, Scott Wilson, Robert Eli, Marcus Choi, Chloe Levine, Paz Vega
Denboraldiak: 1
Atal kopurua: 8
Zergatik ikusi?
Abendua amaitzen ari den honetan eta onenen zerrenda hau argitaratzeko prest, bat-batean “Netflix andereak” misterioz beteriko proiektu sailkaezin eta bitxi hau estreinatu du. “Ikusi beharko dut” pentsatu nuen. Zortzi atalak bi egunetan irentsi ostean, hementxe nago, “The OA,” urteko lau telesail onenen artean txertatzen.
Zal Batmanglij-k sorturikoa (“Sound of My Voice” y “The East”) eta Brit Marling aktore bikaina protagonista duen lana. Lehen minutuetan, auto baten barrutik eta ume baten eskuetatik, mugikor baten bitartez grabaturiko bideo kaxkar baten irudiak ikus ditzakegu. Autoa zubi bat zeharkatzen ari den unean, ertzean, neska gazte bat bere buruaz beste egiteko intentzioz zubitik behera jaurtitzen da. Irudia moztu eta neska ospitalean ikus dezakegu. Neska hori Prairie Johnson da, 7 urte desagerturik zeramatzan neska, berriro agertu da. Baina ez hori bakarrik, lehen itsua zen, orain ez.
Ez dut sinopsiari buruz gehiago kontatuko, proiektu honen xarma handiena, kontatzen duen guzti horrekin esperientzia bat bizitzea baita, eta hori zoragarri burutu dute, bikain. Hasieran esan bezala, esperientzia sailkaezina delako telesail hau, hipnotikoa, bitxia. “OA”-ri buruz zenbat eta gutxiago jakin, hobe. Azken zirrikituraino zaindua dagoen istorio honetan murgiltzeko onena, gozatzeko eta batez ere aurreiritzirik ez izateko, ezaguerarik gabe sartzea delako. Telesail honek, ikuslea, begirale huts izatetik haratago, sinestun bilakatzen duelako. Ala jakina, sinesgabea.
Ikusleari pazientzia apur bat eskatzen dion ekoizpena dela ere esan beha dizuet. Prairi-ren istorioa pixkanaka erakusten digutelako, eta denboraldi erdirarte ez delako argi geratzen zein den bere helburua. Ikusleak bi mutur ezberdinetan banatzeko gaitasuna duen istorio horietako bat eskaintzen digute azken finean. Zein muturretan kokatuko ote zarete? gorroto ala maitatu? Hori bai, garrantzitsua esan bezala, sinestea eta barruraino murgiltzea. Intentzioa, hasieratik gillotina eskuartean dugula ikustea bada, hobe ez gerturatzea.
Niri, 2016an, pantaila txikian topatu dudan esperientzia desberdin eta harrigarriena iruditu zait. Ikuspuntu narratiboa eta istorioa zatikatzeko erabilitako modua bikaina iruditu zaidalako. Prairie narratzaile dela, matrioska errusiar baten moduan banandua, bere egitura argumentalaren barruko istorioaren barruan , beste istorio bat ageri delako. Eta horren barruan beste txikiago bat. Eta muinean zeharo maitemindu nauen kontakizuna.
3- Stranger things
(Netflix)
Herrialdea: AEB
Sortzaileak: Duffer anaiak
Aktoreak: Winona Ryder, David Harbour, Finn Wolfhard, Millie Bobby Brown, Gaten Matarazzo, Caleb McLaughlin, Natalia Dyer, Charlie Heaton, Matthew Modine, Noah Schnapp, Cara Buono, Joe Keery, Rob Morgan, John Reynolds, Joe Chrest, Ross Partridge
Atal kopurua: 8 (bigarren denboraldia konfirmatua)
Zergatik ikusi?
“Goonies never say” die oihukatzen duzun bitartean, Willy begibakarraren altxorraren bila abiatu. E.T bezalako maskota bat alboan duzula, bizikleta baten gainean zerua zeharkatzen duzula imajinatu. Ala Stand by me filmeko protagonista bazina bezala, hildako baten inguruko misterioa argitzen saiatu. 25-40 urte bitarte badituzu, ziur askotan amestu duzula mundu zoragarri horien barruan zinela. 80. hamarkadan, Reiner, Spielberg, Zemeckis ala Donner bezalako zuzendariek, magiaz beteriko zinema oparitu ziguten. Umorea eta beldurra uztartuz, familia arteko istorioak, lagunartekoak eta batez ere, adin-nagusitasunera jauzia islatzen zituzten filmak ikusteko aukera eskainiz. Abentura guzti horiek, belaunaldi oso baten bihotz eta garunean betiko itsatsiak geratzea lortu arte. Matt eta Ross anaiak garai hartako semeak izanik, berreskuratu beharreko esentzia hori pantaila txikira ekartzeko beharra zegoela erabaki zuten. 2016 urtean, Netflix plataforma digitalaren eskutik, “Stranger things” telesailari esker, une horien esentziaz gozatzeko aukera oparituz.
Aspalditik iragarria zegoen, baina sare sozialak sutan jartzea lortu eta urteko fenomenoetako batean bilakatu da. 80. hamarkadaren erreferentzia entsalada hau ikusteko, 8 orduko maratoiak eta hainbat ekitaldi antolatu dituztelarik. Eta zein izan da Duffer anaiek zanpatzea lortu duten tekla magiko hori? Telesailaren posterra ikuste hutsarekin (Drew Struzan marrazkilariari omenaldi nabarmena), gure Delorean partikularrean hamarkada zoragarri horretara bidaia egiteko aukera eskaini digutela. Sentsazioen berpizketa etengabea, eszenaratze perfektu batekin, karakterizazio eta interpretazio bikain batzuei esker -Wynona rider salbu, guztiz esajeratua eta neurriz kanpo dagoela uste dut- eta ezin hobeto tartekaturiko beldur dosi txikiak erabiliaz. Umorea, zientzia fikzioa, suspensea, maitasuna eta akzioa modu hain orekatuan uztartzea ez baita batere erraza.
Hori bai, Indiana Jones filmeko elkarrizketa guztiak buruz ez badakizkizu, zure etxean Ghostbusters filmaren posterrik ez badago, apalean zenituen VHS zaharkituak malenkoniaz gogoratzen ez badituzu, E.T.-ren soinu banda entzutean oilo-ipurdia jartzen ez bazaizu, bizikleta gainean abenturak bizitzea aspergarria iruditzen bazitzaizun edo inoiz basoaren erdian egurrezko etxolak eraiki ez badituzu; azken finean, 80ko hamarkadako semea ez bazara, gozamen mailak nabarmen egingo du behera, ekoizpen arrunta bilakatu arte. Duffer anaien lan berri hau pasioz ala axolagabetasunez bizitzea, zein urtetan jaio ala hezi zaren, zuzenki proportzionala baita. Nire kasuan, 1984 urtekoa izanik, argi eta garbi diot: gora Stranger things eta gora 80ko hamarkada!
2- The Night Of
(HBO)
Herrialdea: AEB
Sortzaileak: Steven Zaillian, Peter Moffat
Aktoreak: John Turturro, Jeff Wincott, David Chen, Xavier Cadeau, Poorna Jagannathan, Sofia Black-D’Elia, Reginald L. Barnes, Racquel Bailey, Shaun Rey, Frisco Cosme, Christofer Jirau, Damany Mathis, Samuel Standard, Frank Ridley
Atal kopurua: 8
Zergatik ikusi?
Izen bereko telesail Britainiar baten remake-a, kasu honetan HBO-k ekoiztua. Neska ezezagun batekin oheratu ostean, hurrengo goizean esnatzean, neska hilda eta labankadaz josia dagoela ohartzen da. Protagonistak ez du ezer gogoratzen eta ihes egitea erabakitzen du. Hortik aurrera xehetasunez jositako ekoizpen milimetriko bat ikusteko aukera izango dugularik
Gurutzatzen joango diren azpi-trama desberdinetan banatua -flashback ugarirekin denboran joan etorriak egiten dituen narrazio baten eraginez-. Hasieran Nasir ‘Naz’ Khan ikus dezakegu, ( Riz Ahmed aktore ingelesak modu bikainean gorpuztua) Queens auzoan bizi eta Pakistandar jatorria duen erdi mailako ikaslea. Aitari baimenik eskatu gabe, familiako taxia hartu eta Manhattan-en antolatu duten festa batetara joatea izango du helburu. Hainbat bidaiari autora igotzera ukatu ostean (ezin du taxiko “in service” mezua itzali), Andrea Cornish izeneko neska eder bat igoko da. Paseo, droga, alkohol eta hainbat sedukzio jokoren ostean, protagonista, neskaren sukaldean esnatzen da hurrengo goizean. Etxeko eskailerak igo eta agurtzera doanean ordea, neska ohearen erdian, labankadaz josia, hilik aurkituko du. Momentu horretatik aurrera bere bizitza betiko aldatu da.
Moralkeriarik gabeko lezio morala eskaintzen duela esango nuke. The Night of, telesail batek izan beharko lukeen, zorroztasun, zehaztasun, inteligentzia eta talentuaren adibide bilakatu da. Askotan, telesail desberdinetan banandurik topatu ditzakegun ezaugarri horiek, hemen modu ahaztezin eta bikainean uztartzen jakin izan baitute.
Drama penal desberdin, ausart eta batez ere kritikoa aurkituko duzue harribitxi honetan. Arrazismoa, justizia, politika, arau kulturalak, agintaritza, konformismoa ala borroka bezalako gai sentikorrak ukituz. Telesail honetan, helmuga baino, garrantzitsuena bidea dela konturatuko zarete. Hori bai, bide hori, maisulanak iruditu zaizkidan lehen eta azken atal zoragarri batzuen artean babesturik ( lehengoak 75 minutu , azkenak 93) . Aktoreak, pertsonaiak, gidoia, erritmoaren erabilpen paregabea eta normala den bezala (HBO delako) alderdi tekniko zoragarria.
Ah! eta zergatik ez John Turturro-ren pertsonaian oinarrituriko spin of moduko bat? Ez duzue uste, Better call saull-en konpetentzia ederra izango litzatekeela?
1- Westworld eta Quarry (Ex aequo)
(HBO eta Cinemax)
Asteak daramatzat, urteko telesail onena zein izan den erabakitzeko. Buelta ugari eman ostean eta bakoitzaren alde onak eta txarrak balantza batean jarri ostean, berdinketa dagoela esan behar dizuet. Bai, Westworld telesailak eskaini dizkidan une ikusgarri eta latzek txunditu nautelako, baina baita Quarry-k piztu dizkidan sentsazio eta sentimendu horiek ere, oso boteretsuak izan direlako.
Westworld:
Herrialdea: AEB
Sortzailea: Jonathan Nolan
Denboraldiak: 1 (bigarrena konfirmatua)
Atala kopurua: 10
Aktoreak: Anthony Hopkins, Ed Harris, Evan Rachel Wood, James Marsden, Rodrigo Santoro, Ben Barnes, Ingrid Bolsø Berdal, Clifton Collins Jr., Sidse Babett Knudsen, Thandie Newton, Shannon Woodward, Miranda Otto,Steven Ogg, Jeffrey Wright, Jimmi Simpson
Zergatik ikusi?
Hasierako tituluak, kontakizuna pantailaratzeko aukeraturiko estetika ilun hori, pertsonaia/aktore sorta zoragarria , Ramin Djawadi-ren soinu banda eta trama oso erakargarri batek, zeharo harrapatu ninduten lehen minututik. Egia da lehen atal zoragarri baten ostean 2-3 ataleko beherakada txiki bat izan zuela, baina 4.etik aurrera gorantz egiten jakin izan du urteko onenen artean sartuz.
1973 urtean Michael Crichton-ek zuzendu zuen izen bereko filmaren remake moduko bat dela esan daiteke, zientzia fikzioa eta western generoa uztartzen dituena. Gertuko etorkizun batean, istorioa goi teknologia jolas parke batean kokatzen da. Abentura zirraragarriak bizitzeko helburuarekin, pertsona dirudunak joaten dira bertara. Parke hori, gizaki itxura duten robotez betea dago eta erromatar, cowboy eta erdi aro garaien simulazioa gisa diseinatua dago. Androide horiek, bisitarien fantasia guztia asetzeko diseinatuak izan diren arren, bere nortasunarekiko kontzientzia bereganatzen hasten direnean, guztia aldatuko da.
“Zer” kontatu nahi duten oso erakargarria izanik, “nola” ere, modu paregabean landua dago. Telesailak, hiru ikuspegi narratibo desberdinetatik bideratzen gaitu hasieratik. Robotena, parke tematiko horren langileena eta bezeroena. Esan bezala Antzinako Erroma, mendebalde basatia eta erdia aroaren artean aukeratzeko eskubidea duten bezeroak (naiz eta momentuz lehen denboraldi honetan Western alderdia bakarrik ikusi dugun). Trama nagusiaren gainetik, dilema moral eta etikoak hegan dabiltzan bitartean. Esan beharrik ez dago, HBO izanik, alderdi tekniko guztia ere paregabea iruditu zaidala. Argazkia, muntaia, eszenaratze bikaina eta soinu banda –Game of thrones aipatzen hasita, Ramin Djawadi dugu musikaren erantzulea-.
Lehen denboraldi bikaina (ez perfektua) eta oso erakargarria izan duela uste dut. Sorpresaz betea eta gidoi aldetik biraketa ugarirekin. Presarik ez duen mundu ilun eta konplexu batean murgildu gaituena. Piezak estrategikoki mugitu eta ahokatzen doazen horietakoak, xake partida perfektua bailiran. Pertsonaien erabaki eta ekintza guztiek, ondorio larriak izango dituzte pixkanaka eta guztia geroz eta ilunagoa bilakatzen joango da datozen denboraldietan.
Quarry:
Herrialdea: AEB
Sortzaileak: Michael D. Fuller (Creator), Graham Gordy (Creator), Greg Yaitanes, John Hillcoat
Aktoreak: Logan Marshall-Green, Peter Mullan, Nikki Amuka-Bird, Damon Herriman, Edoardo Ballerini, Jodi Balfour, Chloe Elise, Josh Randall, Mustafa Shakir
Atal kopurua: 8
Zergatik ikusi?
Quarry, 70. hamarkadako Memphis hirian arnasten zen atmosfera latz horren esentzia hutsa da. Martin Luther king-en ondorengo Amerika horretan, bi bidaia mota sentitaraziko dizkigun bitartean: Vietnam-etik bueltatze fisiko horrena eta latzena, gerrate horren ondorengo bizitza “arruntera” bueltatu behar izatera. Testuinguru horretan aurkezten digute Mac Conway (Logan Marshall-Green) protagonista. Gerrate latz horretatik bueltatu berri den soldadu ohia, trauma ondorengo estres moduko bat bizi duena eta -gutxi gora beherako- modu inboluntarioan, ustelkeria eta hilketa sare ilun batean murgilduko dena. Tartean, herriko biztanle eta komunikabideen arbuioa jasoko du. Ustez, etorri berri den gerrate horretan, sarraski latz eta penagarri baten erantzuleetako bat izatea leporatzen baitiote.
Ziur nago, denboraldi honetan estreinatu diren telesail guztien artean, gutxi, ala behintzat merezitakoa baino askoz gutxiago, hitz egingo dela Quarry telesail zoragarriaz. Nire kasuan, azken atal ikaragarria ikusi ostean, Cinemax (HBO-ren ahizpa txikia) katearen ekoizpen berri hau urteko onenen zerrendan, maila altuenen kokatuko nuela argi izan dut.
Asteko, lehen aipaturiko The Night of ekoizpenarekin ezaugarri positibo ugari partekatzen dituelako: lehen eta azken atal zoragarriak, ikaragarriak. Azken honen zortzigarren atalean, Vietnam-eko sekuentzia hori urteko eszena onena iruditu zait gainera. Erritmo motela dutela kritikatu dute batzuek, alderantzizko iritzia dut nik ordea. Denboraren menderatze hori baita nire ustez, alderdi boteretsuenetarikoa; pertsonaiak, trama eta beraien arteko erlazioak ikuslearen burmuin barruan zimendu sendo batzuekin eraikitzeko erritmo perfektua erabiltzen duelako. Trama nagusian zehar, Otis Redding ala Van Morrisonen binilo zaharkitu horien melodiak markatzen baitute askotan tempo hori. Hiria eta garai hartako musikaren arteko erlazio bikain hori ikustean, saihestezina hainbat momentutan Treme telesaila burura etortzea. Musikak sekulako garrantzia eta pisua hartzen baitu gidoiaren barruan.
Atmosfera itogarria ere badute biek, iluna, astuna. Zortzi ataletan zehar, kokatzen diren testuinguruan, beharrezko zama emozionalarekin nabigatu ahal izateko perfektua. Pertsonaia nagusiaren klaustrofobia hori modu paregabean islatzen laguntzen dutena. Anbientazio horri zuzenean lotua, Pepe Ávila del Pino argazki zuzendariaren ezinbesteko lana. Erabilitako tonu horixka eta grisaxka horiek, Memphis hiriari itxura koipetsua emanez eta Quarry telesailak dituen “pulp” ukitu horiekin ezin hobeto ahokatuz. Estetika horri lotua, hainbat momentutan Fargo eta Breaking Bad telesail zoragarriak etorri zaizkit burura. Aipamen berezia jakina, atal guztien zuzendari izan den Greg Yaitanes. Ziurrenik urteko zuzendaritza lan ikusgarri, pertsonal eta bikainena izan baita.
Eta azkenik, zuzendaritza horri zuzenean lotua, pertsonaiak eta aktoreak. Lehen lerroan Logan Marshall-Green eta Jodi Balfour. Ikaragarriak biak, “baina” bakar bat ez nieke jarriko beraien lanei. Ezin ahaztu jakina, ekoizpenari beharrezko aberastasuneta mamia itsasten dieten bigarren mailako pertsonaia bikain guzti horiek ere; Peter Mullan handiak gorpuzturiko “The Broker”, “Buddy” (Damon Herriman) pertsonaia ero ahaztezina ala iada Gerard depardieu Islandiarra bezala ezagutzen den eta Trapped telesailean ikusi dugun, Ólafur Darri Ólafsson aktorea, Credence Mason-en papera eginaz.
Esan bezala beraz, apustu egingo nuke, oso gutxitan entzungo duzuela ekoizpen honen izena. Nere kasuan telesail bati eskatzen dizkiodan osagarri ia guztiak eskaini dizkidanez, urteko ezinbesteko horietako batean bilakatu da.
Bonus track
Telesail-dokumentala denez eta zerrendatik at jarri dudan arren, merezitako aipamena eskaini behar nion:
Planet Earth II
Planet Earth II
Atalak: 6 (bakoitzak 55 minutu inguru)
Zuzendaria: Alastair Fothergill
2006 urtean, David Attenborough mitikoak idatzia eta Alastair Fothergill zuzendua, lehen zatia estreinatu zen (hementxe Euskarazko azpitituluak). 11 zati desberdinetan banatua inoiz ikusi ez genituen natura irudi ikusgarriez gozatzeko aukera eskaini ziguten. Donostiako Zinemaldian gainera, film formatuan estreinatu zuten bertako irudi onenak erabiliz.
Hamar urte beranduago, berriz ere BBC katearen eskutik, eta protagonista berdinen gidaritzapean, bigarren zati hau aireratu dute. Sei puskatan banatua, Irlak, mendiak, oihanak, basamortuak, larreak eta hiriak. Astero atal bat, amaiera Abenduaren 11ean izan zelarik.
Baina ez pentsa animaliatxoen beste dokumental hutsal bat ikusiko duzuenik. 4 urte, 64 herrialde eta 320 kokaleku desberdin baina gehiagotan grabaturiko ekoizpen honetako hainbat uneetan, zinemaren lurrina usainduko baituzue. Zergatik? UHD formatu ikusgarrian grabaturiko lan hau, animaliak aurkezterako orduan, plano harrigarriz hornitua dagoelako, Hollywood-eko filmetako protagonistak balira bezala, akzio sekuentzia sinestezinetan murgiltzen dituzten bitartean. Muntaia perfektu batek, ikaragarri laguntzen duelako, ekoizpen oso entretenigarri batean bilakatuz. Baina gainera, Hans Zimmer handiaren soinu banda zoragarriz bustia dagoelako, guztia erritmo frenetikoz itsatsiz. Xehetasun guztiak azken muturreraino zainduak daudelako azken finean.
Animalia eta naturari buruzko dokumentalen zaleak zaretenok, derrigorrez ikusi behar duzuen telesail dokumentala. Baina batez ere, formatu honetara ohituak ez zaudetenoi, gerturatzeko aitzakia paregabea iruditzen zait. Lehen pertsonan, drama, akzioa, beldurra eta maitasuna, animalien munduan ikusiko dituzuelako. Astero zinema aretoetara iristen zaizkigun film horietako bakoitzetik, sekuentzia ikusgarrienak aukeratu eta Brad Pitt, Kate Winslet ala Mary Streep, pinguino, iguana ala suge batengatik ordezkatu izan balituzte bezala.
Iepa! Zer iritzi daukazu Mr Roboten inguruan? Ikusi dut ez duzula zerrendan sartu…
Iepaaa!!
Lehen denboraldia bikaina! bigarrengoa apur bat astunagoa, baina oso interesgarria. Dena den, ez dut zerrendan sartu, 2016ko telesail berriak direlako. The Missing, American Crime eta Black Mirror BAI sartu ditudala, denboraldi berriak izan arren (eta ez telesail berriak), aurrekoekiko independienteak direlako da, istorio desberdinak eta “aske” ikus daitezkeenak. Eskerrik asko!