"13 Reasons Why": Nerabe eta gurasoek ikusi beharreko telesaila
Egunero bezala, Clay Jensen, eskolatik bueltan, etxeko atarira heldu, giltzak atera eta atea irekitzeko prest ikus dezakegu. Beherantz begiratzen duenen ordea, lurrean, kartoizko kaxa misteriotsu bat dagoela ohartzen da. Etxera sartu, eskailerak igo, bere gelako atea itxi eta kutxan zer dagoen deskubritzen du: orain bi aste, buruaz beste egin zuen ikastolako neska batek –Hannah Baker– bidalitako kutxa bat da. Barruan kasete bilduma moduko bat, mapa eta notatxo bat daude: “zinta hauetan, buruaz beste egin izanaren hamahiru arrazoiak entzungo dituzu. Arrazoi hauek gainera, hamahiru pertsona desberdinei zuzenean loturik daude“.
Honela asten da Netflix plataforma digitalaren, 13 Reasons Why telesail berria. Spotlight filmaren ondoren, Tom McCarthy-k zuzentzen duen lehen lan honi buruzko xehetasun gehiago ematea, ekoizpenaren aurka joatea izango litzateke. Askok, negatiboki, nerabeentzako ekoizpen bat bezala saldu nahi izan dute, baina ez nago ados. Alde batetik, planteatzen duen gaia sakona eta mamitsua izanik, ikus-eremu hori askoz gehiago zabalduko nukeelako. Merezi du gaiari buruz eztabaidatzea, zenbat eta pertsona desberdin gehiago eremuan sartu, askoz hobe. Eta bestetik, formalki, nerabeei zuzenduriko produktu bat egiteak ez duelako zertan konnotazio negatibo bati loturik egon behar. Maiz gertatzen da, adin horretako gazte bati “hau zuretzat interesgarria izan liteke” esate hutsak barrera moduko bat sortzea. Badirudi arbuio automatiko moduko bat loratzen dela beraien garunean ekoizpen konkretu hori baztertzeko. 13 reasons Why telesailak zer eta nola erakusten duen kontuan hartuz gero, nerabeei zuzenduriko telesail bat dela esan daiteke bai, baina entretenigarria, kalitatezkoa eta batez ere nerabe-ikusleak ergelak izango ez balira bezala tratatzen dituena.
Suizidioa, bortxaketak, sare sozialen erabilpen txarra eta bullying-a bezalako gai delikatuak ukitzen dituen arren, ez da soilik hor geratzen. Beste alde batetara begiratzen duten horiek ere seinalatzen ditu. Ez da gai konkretu horiei buruzko ekoizpen sinple bat. XXI.mendeko nerabeak, beraien mundu propio horren arazoei nola aurre egiten dieten, eta batez ere, nola guraso askok ez diren gai, guzti hori ikusi ala saihesten jakiteko.
Eskola-jazarpenari buruzko istorio bat dela esatea ere, oso motz geratzea dela iruditzen zait. Xehetasunei erreparatzen badiegu, askoz gehiago dagoela ohartuko baitzarete. Horietako bat adibidez, su-armak. Pertsonaien erdiek, momenturen batean arma hauetako bat erraztasun harrigarriz lortzen baitute. Baliteke gertaera hau istorioaren barrua ia anekdotikoa izatea bai. Baina kontuan izanik, nerabe galdu batzuen aurrean gaudela, klase-kideen inongo sostengurik gabe eta motibazioa erabat galdua, arma horietako bat hain erraz lortzea, kezkagarria iruditzen zait.
Erabateko zintzotasuna gidari gisa eramanez, atal bakoitzean erabaki lazgarri horren arrazoiak ikusteko aukera izango dugu. Ondorio horren atzean,hamahiru errudun. Xehetasunez, estereotipoek gainezka egiten duten herrixka horren atzealdea ezagutuko dugu, telebistaren elementu klasikoez baliatuz (Maitasun triangelua ala institutu garaiko kirolak adibidez), misterio horren atzean zer gertatu den deskubritu arte. Hannah-ren off-ahotsa atal guztien eroalea eta trama nagusiaren leitmotiv-a ere izango da.
Alor teknikoan, musika deigarria iruditu zaidan arren, alderdi sendoena, muntaia eta irudien arteko lotura horietan topatu dut. Iraganeko eta orainaldiko uneak tartekatzen dira une oro, baina ikuslea ez da inongo momentutan galdua sentitzen. Hasteko muntaia gelan eginiko mozketa guztiak, irudiek eskatzen duten une konkretuetan eginak daudelako. Eta batez ere, collage horren makineria ezin hobeto funtzionatzeko, gidoian harturiko hainbat erabaki ezin hobeto itsatsiak daudelako. Clay-k, iraganean, kopetan duen zauri hori, Hanna-ren ilea motz/luzea ikustean eta abar..
Gai delikatu eta kezkagarri hauetaz ari naizela, beste ezinbesteko telesail bat gomendatzeko aprobetxatu nahiko nuke: American Crime-en bigarren denboraldia. Bertan, Estatu Batuetako institutu bateko nerabeek, hain tipikoa izaten den festa horietako bat antolatu dute. Hurrengo goizean sare sozialak mutil gazte horietako baten argazkiz josiak ageri dira, erdi biluzik, drogen menpe eta inguruan guztiak iseka ari diren bitartean.
Telebista komertzialak normalean saihesten dituen galdera deseroso horiek, eskrupulurik gabe, zuzenean mahai gainean jarri dituzte telesail honetan. Ikuslea deseroso sentiaraztearen nahi horrek, ekoizpen oso interesgarri batean bilakatu dutelarik. Gizarte kritika ziztatzailea eta ezohikoa -mutil baten ustezko bortxaketa- kalitatezko ekoizpen bati lotua egon daitekeenaren froga nabarmena. Arrazismoa, homosexualitatea, nerabetasuna, drogak, heziketa-sistema, politika, klasismoa, komunikabideak eta ustelkeria bezalako gaiak, bikain uztartu dituen bigarren denboraldi bati esker.
Kaixo Gaizka!
Orain dela gutxi Twitter bidez ikusi nuen telesail honi buruz justu kontrakoa esaten zuen mezu bat, hau da, agian hobe dela ez ikustea. Hemen uzten dizut mezua, nik azaldu beharrean zuk zeuk irakur dezazun: https://twitter.com/Valzoak/status/851130006625558528
Ze iritzi honi buruz? Entzuna zeneukan telesailari buruzko ikuspuntu hau?
Gero irakurriko dut, eskerrik asko Aiora!! ;D