The Goonies pelikulan Freddy Krueger sartu da
“Aux yeux des vivants” bi zuzendarien film kaskarrena dela esateak, ez du gehiegi esan nahi. Lehena – À l’intérieur- beldurrezko generoaren barruan kultuzkoa bilakatu delako, klasiko bat eta bigarrena -Livide- nahiko ongi zegoelako.
Lan berri honetan, Livide pelikulan ikusi genituen akats berdinak aurki ditzakegu baina bi aldiz biderkatuak. Ekoizpen nahiko indartsua, dekoratu/lokalizazio oso zainduak eta argazkiaren arloan lan bikaina. Zein da orduan hutsegite nagusia? Oinarrizkoa izan beharko lukeen zerbait, gidoia. Filmaren lehen zatia nahiko koherentea dela uste dut, erritmo eta ekintza aproposekin ahokatua eta pertsonaia landuekin (1986 urteko Stand by Me filma etorri zait burura). Hemendik aurrera ordea, istorioa pikutara doa, bisualki irabaziaz baina gidoiari guztiz uko eginez. Imajinatu, 80garren hamarkadan hainbestetan ikusi genituen umeen istorio horietan -E.T, Goonies, eta abar- Freddy Krueger edo Jason Vorhees sartzen direla tonua guztiz aldatuz eta sarraski bat eginez, bai istorioan eta bai gidoian.
Lastima, Bustillo eta Maury talentu handiko bi zuzendari direla uste dudalako. Ezin da alde batetik, estetika eta forma izugarri zaindu eta bestetik gidoiari jaramonik ere ez egin. Bien arteko oreka bat egon behar du beti eta bat sakrifikatzekotan ez dadila inoiz gidoia izan. “French extremity” bat egin nahi izan dute Ipar-Ameriketako zinemaren estetika batekin nahastuz eta gauzak ez du batere ongi funtzionatzen. Desengainu oso handia dudarik gabe.
XXV Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea
Aux yeux des vivants
Urtea: 2014
Zuzendariak: Alexandre Bustillo, Julien Maury
Aktoreak: Anne Marivin, Francis Renaud, Béatrice Dalle, Chloé Coulloud, Nicolas Giraud, Zacharie Chasseriaud, Damien Ferdel, Théo Fernandez
Frantzia
90minutu.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks